Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

14. KAPITULUA

Nola izan daiteke zoriontsu zure familia?

Nola izan daiteke zoriontsu zure familia?
  • Nola izan zaitezke senar ona?

  • Zer egin behar duzu emazte ona izateko?

  • Zertan datza guraso ona izatea?

  • Zer egin dezakete seme-alabek familia zoriontsua izaten laguntzeko?

1. Zein da familia-bizitza zoriontsuaren gakoa?

JEHOBAK zure familia-bizitza zoriontsua izatea nahi du eta, horregatik, familia-kide bakoitzari zeregin bat eman dio. Biblian zeregin hauek betetzeko jarraibideak azaltzen dira. Familia-kide bakoitzak bere eginkizunak ondo betetzen baditu, emaitza ezin hobea izango da. Izan ere, Jesusek honakoa esan zuen: «Zorionekoak Jainkoaren hitza entzun eta betetzen dutenak!» (Lukas 11:28).

2. Zer onartu behar dugu familia zoriontsua izateko?

2 Familia zoriontsua izateko, Jehobak sortu zuela onartzea oso garrantzitsua da. Horregatik deitu zion «gure Aita» Jesusek Jainkoari (Mateo 6:9). Gure Aitari, Jehobari esker existitzen da lurrean dagoen familia oro. Hau dela eta, berak badaki zer egin behar dugun zoriontsu izateko (Efesoarrei 3:14, 15). Zer irakasten du Bibliak familia-kide bakoitzaren eginkizunari buruz?

JEHOBAK SORTU ZUEN FAMILIA

3. Nola izan zen familiaren sorrera Bibliaren arabera? Nola dakigu hau egia dela?

3 Jehobak aurreneko gizakiak sortu zituen, Adam eta Eba, eta senar-emazte gisa bateratu zituen. Paradisu zoragarri batean jarri zituen, Edengo baratzean, eta honakoa esan zien: «Sor itzazue umeak eta ugaldu, bete lurra eta izan haren nagusi» (Hasiera 1:26-28; 2:18, 21-24). Hau ez da ipuin edo mito bat, izan ere, Jesusek berak azaldu zuen Hasiera liburuan familiaren sorrerari buruz idatzia dagoena egia dela (Mateo 19:4, 5). Nahiz eta orain arazo asko jasan behar ditugun eta bizitza ez den Jainkoak nahi zuen bezalakoa, familiak zoriontsuak izan daitezke. Ikus dezagun zergatik.

4. a) Nola lagundu dezake familia-kide bakoitzak familia zoriontsua izaten? b) Zergatik da hain garrantzitsua Jesusen eredua ikastea familiaren zoriontasunerako?

4 Familia-kide bakoitzak familia-bizitza zoriontsua izaten lagundu dezake. Horretarako, Jainkoaren eredua jarraituz, maitasuna azaldu behar diote elkarri (Efesoarrei 5:1, 2). Baina nola jarraitu dezakegu Jainkoaren eredua ikusi ezin badugu? Egia da ezin dugula ikusi. Halere, Jainkoak nola jokatzen duen jakin dezakegu bere Seme bakarra lurrean egon zelako (Joan 1:14, 18). Izan ere, bere seme Jesu Kristok hain ondo jarraitu zuen bere Aitaren eredua lurrean, non Jesus ikustea eta entzutea, Jehoba ikustea eta entzutea bezala baitzen (Joan 14:9). Beraz, Jesusek azaldu zuen maitasunaz ikasiz eta bere eredua jarraituz, gutako bakoitzak familia-bizitza zoriontsuagoa izaten lagundu dezakegu.

SENARRENTZAT EREDUA

5, 6. a) Zein eredu ezarri zuen senarrentzat Jesusek kongregazioa tratatu zuen erak? b) Zer egin behar da bekatuen barkamena lortzeko?

5 Bibliaren arabera, nola tratatu behar dituzte senarrek beraien emazteak? Jesusek bere jarraitzaileak tratatu zituen era berdinean. Azter dezagun biblia-aholku hau: «Senarrok, maita itzazue zeuen emazteak, Kristok ere Eliza [kongregazioa] maitatu eta beronen alde bere burua eman zuen bezala. [...] Era berean, senarrek ere beren gorputza bezalaxe maitatu behar dituzte emazteak. Emaztea maite duenak bere burua maite du. Ez du inork bere gorputza gorrotatzen, baizik eta jaten eman eta zaindu egiten du, Kristok Elizarekin egiten duen bezala» (Efesoarrei 5:23, 25-29).

6 Jesusek kongregazioari azaldu zion maitasuna eredu ezin hobea da senarrentzat. Jesusek «bete-betean maitatu zituen» bere jarraitzaileak azken-arte, bere bizia beraien alde eskainiz, nahiz eta hauek perfektuak ez izan (Joan 13:1; 15:13). Era berean, senarrei honakoa eskatzen zaie: «Senarrok, maitatu emazteak eta ez izan horiekin zakar» (Kolosarrei 3:19). Zerk lagunduko dio senarrari hau betetzen, bereziki emazteak zuhurtziaz jokatzen ez badu? Berak ere hutsegiteak egiten dituela gogoratzeak. Gainera, Jainkoaren barkamena jasotzearren zer egin behar duen ere kontuan izan behar du. Izan ere, Jainkoak barka dezan, bere aurka bekatu egiten dutenak barkatu behar ditu lehendabizi, hauen artean bere emaztea. Eta noski, emazteak ere berdin jokatu behar du (Irakurri Mateo 6:12, 14, 15). Ez da harritzekoa, beraz, ezkon-bizitza arrakastatsua barkatzen dakiten bi pertsonen batura dela esatea.

7. Zer hartu zuen Jesusek kontuan, senarrei eredua ezarriz?

7 Senarrek, Jesus bere jarraitzaileez arduratu zela ere gogoratu behar dute. Izan ere, beraien mugak eta beharrak kontuan hartu zituen. Esaterako, nekaturik zeudenean honakoa esan zien: «Zatozte zuek bakarrik leku gorde batera, eta hartu atseden pixka bat» (Markos 6:30-32). Emazteek ere arreta handia merezi dute. Bibliak «emakumea izatez bigunagoa dela» eta senarrak «dagokion errespetua» zor diola dio. Zergatik? Senarrak «bezalaxe, betiko biziaren dohaina hartuko baitu» emazteak ere (1 Pedro 3:7). Senarrek gogoan izan behar dute Jehobaren aurrean baliotsu egiten gaituena leialtasuna dela eta ez gizon edo emakume izatea (Habakuk 2:4).

8. a) Zergatik esan daiteke «emaztea maite duenak bere burua maite du[ela]»? b) «Bat baino» ez izateak zer esan nahi du senar-emazteentzako?

8 «Emaztea maite duenak bere burua maite du[ela]» esaten du Bibliak. Hala da hau, senar-emazteak «aurrerantzean ez dir[elako] bi, bat baino» (Mateo 19:6). Beraz, ez dute beste inorengan arreta sexualik ipini behar (Esaera Zaharrak 5:15-21; Hebrearrei 13:4). Berekoiak ez badira eta batak bestearen beharrak kontuan hartzen badituzte, hau egitea lortuko dute (1 Korintoarrei 7:3-5). Aipagarria da honako aholkua: «Ez du inork bere gorputza gorrotatzen, baizik eta jaten eman eta zaindu egiten du». Beraz, senarrak bere burua maite duen adina maite behar du bere emaztea. Izan ere, beraren buru den Jesu Kristoren aurrean erantzun beharko du emaztearekin jokatzeko duen eragatik (Efesoarrei 5:29; 1 Korintoarrei 11:3).

9. Filipoarrei 1:18⁠an Jesusen zein bertute aipatzen da? Zergatik da garrantzitsua senarrentzat beraien emazteei bertute hau erakustea?

9 Paulo apostoluak «Jesu Kristoren maitasun eztiar[i]» buruz hitz egin zuen (Filipoarrei 1:8). Jesu Kristoren bihozberatasuna oso erakargarria izan zen denentzat, baita bere jarraitzaile izan ziren emakumeentzat ere (Joan 20:1, 11-13, 16). Era berean, emazteek ere biziki nahi dute beraien senarren maitasun eztia.

EMAZTEENTZAT EREDUA

10. Zergatik da Jesus eredu ona emazteentzat?

10 Familia erakunde bat da eta, ondo jarduteko, zuzentzen duen burua behar du. Jesus ere agindupean dago. «Kristoren buru Jainkoa» da eta «emakumearen buru gizona» (1 Korintoarrei 11:3). Jesus Jehobaren agindupean egotea guztiontzat da eredu ona, denok baitugu gure gainetik buru bat.

11. Nolako jarrera izan behar du emazteak senarrarekin eta zein ondorio izan ditzake honek?

11 Gizonezkoak bekatariak direnez huts egiten dute eta, beraz, ez dira familia-buru perfektuak. Orduan, zer egin behar du emazteak? Berak ez luke bere senarrak egiten duena gutxietsi behar edo bere familia zuzentzen saiatu behar. Emazteek, espiritu gozo eta baketsua balio handikoa dela Jainkoarentzat gogoratu behar dute (1 Pedro 3:4). Honako espiritua adierazten badu, errazagoa izango zaio Jainkoak ezartzen duen aginpidea jarraitzea, baita arazoak daudenean ere. Izan ere, Bibliak hauxe dio: «Emazteak izan biezaio begirune senarrari» (Efesoarrei 5:33). Baina, zer gertatzen da senarrak ez badu Jesus bere buru gisa onartzen? Bibliak hurrengoa esaten die emazteei: «Zuek ere, emazteok, izan zaitezte zeuen senarren menpeko; horrela, horietakoren batzuek salbamen-mezua onartzen ez badute ere, emazteen jokabideak, eta ez hitzek, salbamenerako irabaz ditzan, zuen jokabide garbi eta errespetuzkoa ikusteak, alegia» (1 Pedro 3:1, 2).

12. Zergatik ez dago gaizki emazteak bere iritzia errespetuz azaltzea?

12 Bere senarra fede-laguna izan edo ez, emazteak bere iritzia errespetuz azaltzeak ez du esan nahi ez diola begirunerik. Emaztearen ikuspuntua zuzena eta familia osoarentzat onuragarria izan daiteke. Adibidez, Sarak etxeko arazo batentzako konponbide bat gomendatu zuenean, Abraham ez zegoen ados. Baina Jainkoak honakoa esan zion: «Egiozu jaramon Sarak esaten dizun guztiari» (Irakurri Hasiera 21:9-12). Jakina, senarrak Jainkoaren nahiaren aurka ez dagoen erabaki bat hartzen duenean, emazteak erabakiaren alde egingo du. Honela, Jainkoak ezarri duen aginpidea errespetatzen duela azalduko du (Eginak 5:29; Efesoarrei 5:24).

Zergatik izan zen Sara eredu ona emazteentzat?

13. a) Zer esaten die Titori 2:4, 5⁠ak emakume ezkonduei? b) Zer esaten du Bibliak banaketa eta dibortzioari buruz?

13 Emazteak bere eginkizuna betetzea ezinbestekoa da familia ongi zaindua egoteko. Esaterako, Bibliak emakumeek «beren senarrak eta haurrak maitat[u]» behar dituztela «eta zentzudun, garbi, etxekoandre on eta beren senarren menpeko» ere izan behar dutela dio (Titori 2:4, 5). Honela jokatzen duen emazte eta amak bere familiaren maitasuna eta begirunea lortuko du (Irakurri Esaera Zaharrak 31:10, 28). Ezkontza, halere, perfektuak ez diren bi pertsonen lotura denez, egoera larri batzuen ondorioz, bikotea banatu edo dibortziatu egin daiteke. Nahiz eta Bibliak egoera batzuetan banaketa onartu, hori ez da arinki hartu behar den erabakia. Izan ere, Bibliak hau dio: «Emaztea ez dadila banandu senarrarengandik [...]. Eta senarrak ez dezala zapuztu emaztea» (1 Korintoarrei 7:10, 11). Gainera, Bibliak moralgabekeria sexuala dela dibortziatzeko oinarri bakarra azaltzen du (Mateo 19:9NW).

GURASOENTZAT EREDU PERFEKTUA

14. Nola tratatu zituen Jesusek haurtxoak? Eta zer behar dute haurrek gurasoek egin dezaten?

14 Jesusek, umeak tratatu zituen erarekin, eredu perfektua ezarri zuen gurasoentzat. Batzuk umeak Jesusengana joatea oztopatzen saiatu zirenean, honakoa esan zien: «Utzi haurrei niregana etortzen, ez galarazi». Orduan, Jesusek «haurtxoak magalean hartu eta bedeinkatu» egin zituen (Markos 10:13-16). Jesusek haurtxoentzako denbora hartu bazuen, ez al zenuke zuk ere berdina egin behar zure seme-alabengatik? Zuk beraiekin denbora pasatzea behar dute eta ez une txiki batzuk soilik. Eta gainera, zure seme-alabei irakasteko denbora hartu behar duzu, hau baita Jehobak gurasoei agintzen diena (Irakurri Deuteronomioa 6:4-9).

15. Zer egin dezakete gurasoek beraien umeak babesteko?

15 Mundua geroz eta maltzurrago bihurtzen den heinean, umeek babesa emango dieten gurasoak behar dituzte. Hau bereziki garrantzitsua da beraiei kalte egin nahi dietenengatik, esaterako, harrapari sexualengandik babesteko. Gogoan izan Jesusek bere jarraitzaileak nola babestu zituen. Izan ere, berak maitasunez «semetxook» deitu zien. Hau dela eta, atxilotua eta hiltzeko zorian zegoenean, beraiek ihes egiteko era bilatu zuen (Joan 13:33; 18:7-9). Guraso izanik, Deabruak zure txikiak kaltetzeko egiten dituen saiakerei adi-adi egon behar zara. Ezer gertatu baino lehen, aholku eman behar diezu * (1 Pedro 5:8). Inoiz ez du beraien segurtasun fisiko, espiritual eta moralak horrenbesteko mehatxurik jasan.

Zer ikasi dezakete gurasoek Jesusek umeak tratatzeko eratik?

16. Zer ikasi dezakete gurasoek Jesusek bere jarraitzaileekin jokatzeko eratik?

16 Jesus hil zuten aurreko gauean, bere jarraitzaileak elkarren artean zein ote zen garrantzitsuena eztabaidatzen hasi ziren. Baina beraiekin haserretu ordez, Jesusek maitasunez irakatsi zien, bai hitzez, baita eredua ezarriz ere (Lukas 22:24-27; Joan 13:2-8). Gurasoa bazara, nola jarraituko duzu Jesusen eredua zure umeak zuzentzerakoan? Egia da beraiek diziplina behar dutela, baina «merezi du[ten] neurrian», ez amorru bizian emandakoa. Ez ezazu inoiz pentsatu gabe hitz egin, «mihia ezpata zorrotza» balitz bezala erabiliz (Jeremias 30:11; Esaera Zaharrak 12:18). Era egokian diziplinatu behar da. Honela zure haurrek, denborarekin, beharrezkoa izan zela ikusiko dute (Efesoarrei 6:4; Hebrearrei 12:9-11).

SEME-ALABENTZAT EREDUA

17. Nola ezarri zuen Jesusek eredu paregabea umeentzat?

17 Ikas al dezakete umeek Jesusen eredutik? Bai horixe! Jesusek, bere ereduarekin, umeek beraien gurasoen esana bete behar dutela azaldu zuen. «Aitari ikasia bakarrik esaten du[t]» esan zuen Jesusek; honekin batera, «hark atsegin duena egiten [d]ut beti» aipatu zuen (Joan 8:28, 29). Jesusek bere Aitak esandakoa bete zuen beti. Eta Bibliak seme-alabei beraien gurasoen esana bete behar dutela esaten die (Irakurri Efesoarrei 6:1-3). Jesus ume perfektua izan arren, bere giza gurasoek, Jose eta Mariak esandakoa bete zuen beti, nahiz eta hauek perfektuak ez izan. Honek, seguraski, Jesusen familia osoa zoriontsu izaten lagundu zuen! (Lukas 2:4, 5, 51, 52).

18. Zergatik bete zuen Jesusek beti bere Aitaren esana? Eta nortzuk dira zoriontsu umeek beraien gurasoen esana betetzen dutenean?

18 Nola jarraitu dezakete umeek Jesusen eredua eta, honela, beraien gurasoak zoriontsu egin? Egia da batzuetan gurasoek esandakoa betetzea zaila izan daitekeela, baina hori da Jainkoak umeek egitea nahi duena (Esaera Zaharrak 1:8; 6:20). Jesusek bere Aitaren esana bete zuen beti, baita egoera zailenetan ere. Behin, Jainkoak Jesusentzat oso zaila zen betekizun bat egiteko esan zion. Orduan, Jesusek honakoa erran zion: «Urrun ezazu niregandik edari samin hau». Hau da, eginkizun hartatik libratzea eskatu zion. Hala ere, Jainkoak esandakoa bete zuen Jesusek, bere Aitak onena zer zen bazekiela ulertzen zuelako (Lukas 22:42). Esanekoak izaten ikasiz, umeek beraien gurasoak eta beraien zeruko Aita zoriontsu egingo dituzte * (Esaera Zaharrak 23:22-25).

Zer da gaztetxoek pentsatu behar dutena gaizki dagoena egitera bultzatzen dituztenean?

19. a) Nola tentatzen ditu Satanasek umeak? b) Zer nolako eragina izan dezake seme-alaben jokabide txarrak gurasoengan?

19 Deabruak Jesus tentatu zuen eta ziur gaude gure gazteak ere gaizki dagoena egitera bultzatuko dituela (Mateo 4:1-10). Satanasek beste gaztetxoen presioa erabil dezake eta hau jasatea zaila izan daiteke. Ezinbestekoa da, beraz, umeek lagun txarrak ez izatea (1 Korintoarrei 15:33). Adibidez, Jakoben alaba Dinak Jehoba gurtzen ez zuten lagunak izateak arazo ugari sortu zituen (Hasiera 34:1, 2). Pentsa ezazu familia-kide bat moralik gabeko sexu-harremanetan nahasteak familiari sortu liezaioken minean! (Esaera Zaharrak 17:21, 25).

FAMILIA ZORIONTSUA IZATEKO GAKOA

20. Familia zoriontsua izateko, zer egin behar du familia-kide bakoitzak?

20 Biblia-aholkuak jarraitzean familia-arazoei aurre egitea errazagoa da. Izan ere, aholku hauek jarraitzea familia zoriontsua izateko gakoa da. Beraz, senar, maitatu zure emaztea eta tratatu ezazu Jesusek kongregazioa tratatu zuen modu berean. Emazte, jarraitu zure senarren gida eta Esaera Zaharrak 31:10-31n azaltzen den emazte jatorraren eredua jarraitu. Gurasook, hezi itzazue zuen umeak (Esaera Zaharrak 22:6). Aitok, zuen etxea ongi gobernatu (1 Timoteori 3:4, 5; 5:8). Eta seme-alabok, bete ezazue zuen gurasoen esana (Kolosarrei 3:20). Familia-kide bakoitzak hutsegiteak egiten ditu, inor ez baita perfektua. Beraz, apalak izan, batak besteari barkamena eskatuz.

21. Zein da gure aurrean dugun etorkizun zoragarria? Eta nola izan dezakegu gaur egun familia-bizitza zoriontsua?

21 Bibliak familia-bizitzari buruz balio handiko aholkuak ditu. Gainera, Jainkoaren mundu berriari buruz eta etorkizunean lurrean egongo den paradisua Jehobaren zerbitzari zoriontsuz beteta egongo dela irakasten digu (Apokalipsia 21:3, 4). Etorkizun zoragarria dugu gure aurrean! Eta gaur egun ere, familia-bizitza zoriontsua izan dezakegu Jainkoak emandako biblia-aholkuak jarraitzen baditugu.

^ § 15 Haurrak babesteko laguntza gehiago nahi izanez gero, jo Aprendamos del Gran Maestro edo Écoute le grand Enseignant liburuaren 32. kapitulura, Jehobaren lekukoek argitaratua.

^ § 18 Aitak edo amak Jainkoren legea haustea eskatzen diotenean umeari, orduan bakarrik dauka beraien esana ez betetzeko eskubidea (Eginak 5:29).