Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

ERANSKINA

Jaunaren Afaria: Jainkoari ohore ematen dion ospakizuna

Jaunaren Afaria: Jainkoari ohore ematen dion ospakizuna

JESU KRISTOREN heriotzaren oroitzapena ospatzea agintzen zaie kristauei. Ospakizun honi «Jaunaren afaria» ere deitzen zaio (1 Korintoarrei 11:20). Zergatik da ospakizun hau hain garrantzitsua? Noiz eta nola ospatu behar da?

Kristo ondorengo 33. urteko juduen Pazko-egunean, eguzkia sartu eta gero ezarri zuen Jesu Kristok oroitzapen hau. Urtean behin ospatzen zen Pazkoa, judutarren Nisan hilabetearen 14. egunean. Zein egunetan ospatu behar zen? Hau jakiteko, judutarrek, antza, udaberri-garaira itxaroten zuten, gutxi gorabehera 12 orduko iluntasuna eta 12 orduko argitasuna dagoen egunera. Egun horretatik gertuen ikusi zitekeen ilargi berriarekin hasten zen Nisan hilabetea. Eta Pazkoa 13 egun geroago hasten zen.

Jesusek bere apostoluekin Pazkoa ospatu eta Judas Iskariote agurtu ondoren ezarri zuen Jaunaren Afaria. Afari honek juduen Pazkoa ordezkatu zuen eta horregatik urtean behin bakarrik ospatu behar da.

Honakoa dio Mateoren ebanjelioak: «Ogia hartu zuen Jesusek eta, bedeinkazioa esan ondoren, zatitu eta ikasleei eman zien, esanez: “Hartzazue eta jan, hau nire gorputza da [esan nahi du]”. Gero, kopa hartu eta, esker oneko otoitza egin ondoren, eman egin zien, esanez: “Edan guztiok honetatik, hau nire odola baita [esan nahi baitu], Jainkoarekiko ituna berrituko duena, bekatuak barkatzeko guztien alde isuria”» (Mateo 26:26-28).

Batzuek, Jesusek ogia bere haragi eta ardoa bere odol bihurtu zituela uste dute. Baina Jesusen hezur-haragizko gorputza oso-osorik zegoen ogia eskaini zuenean. Jesusen gorputza eta odola jan eta edaten ari al ziren benetan bere apostoluak? Ez, noski! Giza haragia jatea Jainkoaren legearen haustea da (Hasiera 9:3, 4; Lebitarrena 17:10, 14). Lukas 22:20⁠aren arabera, honakoa esan zuen Jesusek: «Kopa hau itun berria da, zuentzat isurtzen den nire odolaz Jainkoak ezarria». Kopa itun berria bihurtu al zen benetan? Hau ezinezkoa zen, itun bat hitzarmen bat baita, uki ezin daitekeen zerbait.

Beraz, bai ogia eta bai ardoa ikurrak soilik dira. Ogiak, Jesu Kristoren gorputz perfektua irudikatzen du. Pazko-afarian soberan gelditu zen ogi bat erabili zuen Jesusek, legamiarik gabe egina zena (Irteera 12:8). Legamia, bekatu edo ustelkeria irudikatzeko erabiltzen da askotan Biblian. Beraz, ogiak Jesusek eskaini zuen gorputz perfektua irudikatzen du, bekaturik gabea (Mateo 16:11, 12; 1 Korintoarrei 5:6, 7; 1 Pedro 2:22; 1 Joan 2:1, 2).

Ardo beltzak Jesusen odola irudikatzen du. Odol horrek itun berria balioztatzen du eta Jesusek «bekatuak barkatzeko» isuri zela esan zuen. Honela, gizakiak Jainkoaren aurrean garbi egon daitezke eta Jehobarekin batera itun berriaren parte izateko aukera dute (Hebrearrei 9:14; 10:16, 17). Itun edo hitzarmen honek, 144.000 kristau leial zerura joatea egiten du posible. Han errege eta apaiz izango dira gizadi guztiaren onurarako (Hasiera 22:18; Jeremias 31:31-33; 1 Pedro 2:9; Apokalipsia 20:6; 14:1-3).

Nortzuk dira ogia jan eta ardoa edaten dutenak Oroitzapenean? Ikusi dugunaren arabera, itun berriaren parte direnak soilik, hau da, zerura joateko itxaropena dutenak. Jainkoaren espiritu santuari esker, ziur daude zeruan errege izateko hautatuak izan direla (Erromatarrei 8:16). Hauek, Jesusekin batera, Jainkoaren Erreinuko itunaren parte ere badira (Lukas 22:29).

Eta, zer egiten dute lurrean izango den paradisuan bizitzeko itxaropena dutenek? Jesusen agindua bete eta errespetuz Jaunaren Afaria ospatu, begirale soilak izanez. Hori dela eta, ez dute ez ogirik ezta ardorik ere jan eta edaten. Urtean behin, Nisanaren 14⁠an eguzkia sartu ostean, Jehobaren lekukoek Jaunaren Afaria ospatzen dute. Nahiz eta munduan zehar milaka gutxi batzuk zerura joateko itxaropena dutela esan, kristau guztientzako da baliotsua oroitzapen hau. Izan ere, egun honetan Jehoba eta Jesu Kristok azaldutako maitasun gorenean gogoeta egin dezakegu guztiok (Joan 3:16).