Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

ERANSKINA

Zer esan nahi dute «arima» eta «espiritu» hitzek?

Zer esan nahi dute «arima» eta «espiritu» hitzek?

ZER datorkizu burura «arima» eta «espiritu» hitzak entzutean? Askok, gure barruan dagoen zerbait dela sinesten dute, ikusezina eta hilezkorra dena. Hil ondoren, gizakiaren atal honek gorputza utzi eta norabait doala pentsatzen dute. Sinesmen hau ohizkoa da. Horregatik hau ez dela Bibliak irakasten duena pertsona askok jakiten dutenean, harritu egiten dira. Orduan, zer dira arima eta espiritua Bibliaren arabera?

ZER DA «ARIMA» BIBLIAREN ARABERA?

Lehenengo, azter dezagun zer den arima. Gogoratu Biblia, bere jatorrian, hebreeraz eta grekoz idatzi zutela. Arimari buruz idazterakoan, biblia-idazleek bi hitz erabili zituzten: neʹphesh hebrear hitza eta psy·kheʹ hitz grekoa. 800 aldiz baino gehiagotan azaltzen dira bi hitz hauek Biblian. «Arima» edo «arimak» Biblian nola erabiltzen den aztertzean, argi eta garbi dago hitz honek honakoa esan nahi duela: 1) pertsona, 2) animaliak edo 3) pertsona batek edo animalia batek duen bizia. Azter ditzagun hiru esanahi desberdin hauek erabiltzen dituzten biblia-txatal batzuk.

Pertsona. «Noeren egunetan, [... ] ontzian banaka batzuk bakarrik, zortzi lagun [arima (psy·kheʹ)] guztira, izan ziren uretan zehar salbatuak» (1 Pedro 3:20). Hemen «arima» hitzak argi eta garbi pertsonei buruz hitz egiten du: Noe, bere emaztea, bere semeak eta bere errainak. Bestalde, Irteera 16:16⁠ak israeldarrei mana jasotzeari buruz emandako argibideak azaltzen ditu: «Bakoitzak bil dezala jateko behar adina, lau litro bakoitzeko, nork bere etxolan dituen lagunen [arimen (neʹphesh)] arabera». Beraz, jaso zezaketen mana kopurua familia osatzen zuen pertsonen arabera oinarritzen zen. Neʹphesh edo psy·kheʹ (arima) hitzak nola itzultzen diren ikusteko, Bibliako beste adibide hauek irakur itzazu: Hasiera 46:18, Josue 11:11, Eginak 27:37 eta Erromatarrei 13:1.

Animaliak. Biblian aurkitzen dugun sorkuntzaren pasartean honakoa irakurtzen dugu: «Jainkoak esan zuen: “Egin bezate urek borbor bizidunez [neʹphesh]; egin bezate hegan hegaztiek lurraren gainean, airean. [... ] Eman bitza lurrak orotariko bizidunak [neʹphesh]: abereak, piztiak eta narrastiak”. Eta hala izan zen» (Hasiera 1:20, 24). Pasarte honetan arrainak, abereak eta basapiztiak, denak hitz berdinarekin adierazten dira: neʹphesh (arima). Hegaztiak eta gainontzeko animaliei ere neʹphesh hitzarekin deitzen zaie honako pasarteetan: Hasiera 9:10, Lebitarrena 11:46 eta Zenbakiak 31:28.

Pertsona batek duen bizia. Batzuetan, neʹphesh hebrear hitzak eta psy·kheʹ hitz grekoak pertsona baten bizia esan nahi dute. Honela dio Bibliak: «Izaki ororen bizia [neʹphesh] odolean baitago. Horregatik agindu die Jaunak israeldarrei inolako izakiren odolik ez jateko, izaki ororen bizia odolean dagoelako; jaten duena herritik bota egingo dute» (Lebitarrena 17:14). Txatal honek bizidun guztien biziari buruz hitz egiten du, pertsonak barne. Kontuan hartu Jesusen hitzak ere: «Zertarako du gizakiak mundu guztia irabaztea, bere bizia [psy·kheʹ] galtzen badu? Eta zer eman dezake gizakiak berriro bizia bereganatzeko?» (Mateo 16:26). Txatal honek pertsonaren biziari buruz argi eta garbi hitz egiten du. Hortaz, pasarte hauek adierazten duten bezala, neʹphesh hebrear hitzak eta psy·kheʹ greko hitzak pertsona baten biziaz hitz egiten dute. Adibide gehiago aurkituko dituzu ondorengo txataletan: Mateo 10:39, Joan 15:13 eta Eginak 20:10.

Biblia gehiago ikasten zoazen heinean, Biblia osoan ez direla inoiz neʹphesh edo psy·kheʹ hitzak «hilezkorra» edo «betiko» hitzekin lotzen ohartuko zara. Izan ere, arima hilkorra dela, hau da, hil egiten dela esaten du Bibliak (Ezekiel 18:4, 20).

ZER DA «ESPIRITUA» BIBLIAREN ARABERA?

Azter dezagun orain zer den «espiritua». Pertsona batzuek «espiritu» eta «arima» hitzek esanahi berdina dutela pentsatzen dute. Horrela ote da? Bibliak argi eta garbi esaten du «espiritu» eta «arima» bi gauza desberdin direla. Zertan bereizten dira?

Biblia-idazleak ruʹach hebrear hitza eta pneuʹma hitz grekoa erabili zituzten «espirituari» buruz idatzi zutenean. Bibliak berak erakusten digu hitz hauen esanahia. Adibidez, 104. Salmoa 29⁠ak honakoa dio: «Zuk [Jehobak] arnasa [espiritua (ruʹach)] kentzean, hil egiten eta hauts bihurtzen [dira]». Eta Santiago 2:26⁠ak hau dio: «Arnasarik [espiriturik (pneuʹma)] ez duen gorputza hila dago». Txatal hauetan, orduan, ruʹach edo pneuʹma gorputzari bizia ematen diona da. Espiriturik edo bizi-arnasarik gabe, gorputza hilik dago. Adibidez, Noeren garaiko uholdeari buruz, Jainkoak honakoa esan zuen: «Nik uholdea bidaliko dut mundura, zerupeko bizidun [bizi-arnasa (ruʹach) duten] guztiak suntsitzeko» (Hasiera 6:17; 7:15, 22). Ruʹach, beraz, ikusezina den indarra edo bizi-txinparta da. Eta indar honek bizia ematen die bizidun guztiei.

Hortaz, arima eta espiritua ez dira gauza berbera. Irrati batek ibiltzeko elektrizitatea behar duen bezalaxe, gorputzak ere espiritua behar du. Pentsa ezazu alde batetik bestera erraz eraman daitekeen irrati batean. Pilak jarri eta pizten duzunean, piletan gordeta dagoen elektrizitateari esker irratia martxan jartzen da. Pilarik gabe, irratia ez dabil. Eta berdina gertatzen zaio entxufeari konektatua ez dagoen irratiari ere. Era berean, espiritua gure gorputzari bizia ematen dion indarra da. Eta noski espiritua, elektrizitatea bezala, sentimendu eta pentsamendurik gabea da, giza ezaugarririk gabeko indarra. Beraz, espiritu edo bizi-indarrik gabe, gure gorputza «hil egiten eta hauts bihurtzen [da]» salmogileak esan zuen bezala.

Gizakiaren heriotzaz hitz egiterakoan, Kohelet 12:7⁠ak honakoa dio: «[Bere gorputzaren] hautsa lurrera itzuliko duk, handik sortua denez. Bizi-arnasa [ruʹach] Jainkoarengana bihurtuko duk, berak emana denez». Espiritua edo bizi-indarra gorputzetik ateratzen denean, gorputza hil egiten da eta sortutako lekura, lurrera, bueltatzen da. Era berean, bizi-indarra bere iturburura bueltatzen da, hau da, Jainkoarengana (Job 34:14, 15; 36. Salmoa 10 [36:9NW]). Honek ez du esan nahi bizi-indarra zerura joaten denik. Zer esan nahi du orduan? Pertsona bat hiltzean, etorkizunean biziko den edo ez Jehobak erabakiko duela. Jainkoaren eskuetan dago bere bizia. Izan ere, Jainkoaren botereak bakarrik itzul diezaioke espiritua edo bizi-indarra. Honi esker soilik bizi daiteke berriro pertsona bat.

Jainkoak «hilobieta[n]» daudenaz gogoratu eta bizia itzuliko diela jakiteak bihotza baretzen digu! (Joan 5:28, 29). Berpizkundearen garaian, Jehobak hildakoei gorputz berria sortu eta berpiztu egingo ditu, espiritua edo bizi-indarra emanez. Egun pozgarria izango da benetan!