Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

27. PASARTEA

Jehobaren aurkako matxinada

Jehobaren aurkako matxinada

Beranduago, israeldarrak basamortuan zirelarik, Moises eta Aaronen aurka matxinatu ziren Kore, Datan eta Abiram beste 250 israeldarrekin batera. Honakoa esan zioten Moisesi: «Aspertu gara zuetaz! Zergatik izan behar duzu zuk gure buruzagia eta Aaronek apaiz nagusia? Jehoba ez dago Aaron eta zurekin bakarrik, guztiokin dago». Jehoba ez zegoen pozik gertatzen ari zenarekin. Izan ere, gizon hauen jokaera beraren aurkako matxinada zen.

Moisesek Kore eta bere alde zeudenei esan zien: «Etor zaitezte bihar tabernakulura eta ekarri zuekin errautsontziak intsentsuz beteta. Jehobak azalduko digu nor aukeratu duen».

Hurrengo egunean, Kore eta 250 gizonak Moisesekin elkartzeko asmotan joan ziren tabernakulura. Han, intsentsua erre zuten apaizak izango balira bezala. Jehobak, orduan, esan zien Moises eta Aaroni: «Aldendu Kore eta bere gizonen ondotik».

Nahiz eta Kore Moisesekin tabernakuluan egon, Datan, Abiram eta hauen familiak ez zuten joan nahi izan. Orduan, Jehobak «aldendu Kore, Datan eta Abiramen dendetatik» esatean, israeldarrak urrundu egin ziren. Datan, Abiram eta hauen familiak denden kanpoaldean zeuden zutik. Bat-batean, oinazpian lurra ireki eta irentsi egin zituen! Tabernakulura, berriz, sua jaitsi zen zerutik eta Kore eta bere 250 gizonak erreta hil ziren.

Jehobak, orduan, Moisesi esan zion: «Ekar dezala tribu bakoitzeko buruzagiak makila bat eta idatz ezazu bere izena bertan. Lebiren tribuaren makilan, ordea, ipini ezazu Aaronen izena. Gero, jarri itzazu tabernakuluan eta aukeratu dudan gizonaren makila lorez beteko da».

Hurrengo egunean, Moisesek makilak hartu eta buruzagiei erakutsi zizkien. Aaronen makila lorez beteta zegoen eta almendra helduak zituen. Era honetara azaldu zuen Jehobak Aaron aukeratu zuela apaiz nagusia izateko.

«Egin zeuen zuzendarien esanak eta izan horien menpeko» (Hebrearrei 13:17).