Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

23. PASARTEA

Jehobari egindako promesa

Jehobari egindako promesa

Egiptotik irten eta bi bat hilabetera, israeldarrak Sinai mendira iritsi eta bertan ipini zuten kanpalekua. Jehobak Moisesi mendira igotzeko eskatu eta han esan zion: «Israeldarrak salbatu ditut. Nik esandakoa eta nire legeak betetzen badituzte, nire herri berezi bihurtuko dira». Moises herriarengana jaitsi eta Jehobak esandakoaren berri eman zion. Zer esan zuten? «Jehobak agindu digun guztia egingo dugu».

Moises mendira igo zen berriro eta Jehobak esan zion: «Etzi israeldarrekin hitz egingo dut. Esaiezu Sinai mendira igotzen ez saiatzeko». Beraz, Moises israeldarrengana jaitsi eta Jehobaren esana entzuteko prest egoteko esan zien.

Hirugarren eguna argitzean, israeldarrek laino ilun bat eta tximistak ikusi zituzten mendi gainean. Trumoiak eta turuta-hots ozena ere entzun zituzten. Ondoren, Jehoba su artean jaitsi zen mendira. Lurrikara bortitz bat gertatu eta ketan bildu zen mendia. Turuta-hotsa geroz eta ozenagoa zen. Hau dena ikusirik, israeldarrak beldurrez dar-dar zeuden. Orduan, Jainkoak esan zien: «Jehoba naiz. Ni bakarrik gurtu behar nauzue, ez gurtu beste jainkorik».

Moises mendira igo zen berriz eta Jehobak herriarentzako legeak eman zizkion. Jehoba gurtzeko moduari eta beraien jokabideari buruzkoak ziren hauek. Moisesek legeak idatzi eta israeldarrei irakurri zizkien gero. Herriak honakoa promestu zuen: «Jehobak agindu digun guztia egingo dugu». Baina, beteko ote zuten Jainkoari egin zioten promesa?

«Maita ezazu Jauna, zeure Jainkoa, bihotz-bihotzez, gogo osoz eta adimen guztiz» (Mateo 22:37).