Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

30. PASARTEA

Rahabek espioiak ezkutatu zituen

Rahabek espioiak ezkutatu zituen

Israeldar espioiak Jerikora joan zirenean, Rahab izeneko emakumearen etxean gelditu ziren. Jerikoko erregeak honen berri izan zuenean, soldaduak bidali zituen Rahaben etxera. Rahabek bi espioiak teilatupean ezkutatu eta soldaduak beste bide batetik joanarazi zituen. Espioiei esan zien: «Lagundu egingo zaituztet Jehoba zuen alde dagoela eta lurralde hau emango dizuela baitakit. Baina promes egidazue, arren, nire familia salbatuko duzuela».

Espioiek esan zioten Rahabi: «Hitz ematen dizugu zure etxe barruan egongo den inork ez duela kalterik izango». Horretarako, honakoa eskatu zioten: «Lotu soka gorri bat zure leihoan eta zure familia salbu izango da».

Rahabek leihotik soka baten bidez jaisten lagundu zien espioiei. Josuerengana itzuli aurretik, bi gizonak mendira joan eta bertan ezkutatu ziren hiru egunez. Gero, Jordan ibaia zeharkatu eta lurraldea menpean hartzeko prestatu ziren israeldarrak. Gaindituko zuten lehendabiziko hiria izango zen Jeriko. Jehobak hiria sei egunez inguratzeko esan zien, egunero hiriari itzuli bakar bat eginez. Zazpigarren egunean zazpi aldiz inguratu behar zuten hiria. Orduan, apaizek turutak jo eta soldaduek izugarrizko irrintzia egin zuten. Une horretantxe, hiriko harresiak behera etorri ziren! Baina Rahaben etxea, nahiz eta harresian egon, zutik geratu zen. Rahabek Jehobarengan konfiantza izan zuenez, bera eta bere familia salbatu egin ziren.

«Ez ote zuen Jainkoak zuzenetsi egin zuenagatik, hebrear ikertzaileak etxean hartu eta, gero, beste bide batetik joanarazi zituelako, alegia?» (Santiago 2:25).