Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

54. PASARTEA

Jehobak pazientzia izan zuen Jonasekin

Jehobak pazientzia izan zuen Jonasekin

Ninive izeneko hiri asiriarrean jendea oso gaiztoa zen. Beraz, Jehobak Jonas bere profetari hara joateko eta hango jendeari jokabidez aldatu behar zuela ohartarazteko esan zion. Jonas, ordea, kontrako norabiderantz ihesi joan zen Tarsisera zihoan ontzi batean.

Ontzia itsasoan barrena zihoala, ekaitz zakar bat hasi eta marinelak erabat izutu ziren. Bakoitzak bere jainkoari otoitz egin eta galdetu zuten: «Zergatik ari da hau gertatzen?». Azkenean, Jonasek esan zien: «Ni naiz erruduna. Jehobak esan didana egitetik nabil ihesi. Bota nazazue itsasora eta ekaitza gelditu egingo da». Marinelek ez zuten Jonas bordatik bota nahi, baina Jonasek botatzeko esan zien behin eta berriz. Itsasora bota zutenean, ekaitza gelditu egin zen.

Jonasek hiltzera zihoala pentsatu zuen. Itsaso sakonean hondoratzen zihoan bitartean, Jehobari otoitz egin zion. Orduan, Jehobak arrain izugarri bat bidali zuen Jonas irensteko, baina ez zen hil. Arrainaren barrenetik, otoitz egin zuen: «Zure esana beti egingo dudala promesten dizut». Jehobak Jonas arrainaren barruan salbu eduki zuen hiru egunez eta, gero, arrainak lehorrera bota zezan egin zuen.

Jehobak Ninivera joateko esan zion berriro Jonasi. Oraingo honetan, bai, Jonasek obeditu egin zuen. Ninivera joan eta hango jende gaiztoari esan zion: «40 egun barru Ninive suntsitua izango da». Baina, orduan, ezusteko bat gertatu zen. Niniveko jendeak mezua entzun eta jokabidez aldatu zuen. Erregeak herriari esan zion: «Erregutu Jainkoari eta damutu. Agian ez gaitu suntsituko». Jehobak damutu egin zirela ikustean, ez zuen Ninive suntsitu.

Jonas haserre zegoen hiria ez zelako suntsitua izan. Pentsatu: Jehobak pazientzia eta errukia izan zion Jonasi, baina Jonas ez zen errukitsua izan Niniveko jendearekin. Honen ordez, hiriaren kanpoaldean eseri zen kalabaza landare baten itzalpean kopeta ilun-ilun zuelarik. Orduan, landarea ihartu egin zen Jonas berriz haserretuz. Beraz, Jehobak esan zion: «Erruki handiagoa izan diozu landareari Niniveko jendeari baino. Ni, ordea, beraietaz errukitu naiz eta bizirik jarraitzen dute». Zer irakatsi nahi izan zion? Niniveko jendea landareak baino garrantzitsuagoa zela.

«Gertatzen dena da [Jehobak] pazientzia duela zuekin, ez baitu inor galtzerik nahi, denok bihozberritzea baizik» (2 Pedro 3:9).