Axola ote du sinesten duzunak?
Ba ote du helbururik bizitzak? Zer uste duzu zuk? William B. Provine eboluzionistak honakoa esaten du: «Eboluzio-prozesuari buruz ikasi dugunak izugarrizko eragina dauka guregan, bizitzaren zentzuari buruz dugun ikuspuntuan eragina izanez». Zein da bere ondorioa? «Ez diot giza existentziari zentzurik ikusten Unibertsoan».32
Azter dezagun hitz hauen esanahia. Bizitzak zentzu jakinik ez balu, bizitzan izango zenukeen helburu bakarra ekintza onen bat egitea eta hurrengo belaunaldiari zure bereizgarri genetikoak ematea izango litzateke. Hil ondoren betiko desagertuko zinateke. Zure garuna —pentsatzeko, arrazoitzeko eta bizitzaren zentzuan hausnartzeko gaitasunarekin— naturaren ustekabeko gertaera soila izango litzateke.
Baina hau ez da guztia. Eboluzioan sinesten duten askok, Jainkoa ez dela existitzen edota gizakien gorabeheretan ez duela esku hartuko esaten dute. Nolanahi ere, gure etorkizuna politiko, erlijio-buru eta intelektualen esku egongo litzateke. Baina hauek aurretik egindakoa ikusiz, gizadiak nahaste, gatazka eta ustelkeriaz josita jarraituko luke. Izan ere, eboluzioa egia izango balitz, arrazoi osoa izango genuke honako lema ezkorraren arabera bizitzeko: «Jan dezagun eta edan, bihar hil behar dugu eta» (1 Korintoarrei 15:32).
Honekin alderatuta, Bibliak honakoa irakasten du: «Zuregan da biziaren iturria» (36. Salmoa 10 [36:9, NW]). Hitz hauek garrantzi handia dute.
Bibliak esaten duena egia baldin bada, bizitzak zentzua dauka. Gure Kreatzaileak asmo maitagarria dauka bere nahiaren arabera bizi nahi dutenentzat (Kohelet 12:13). Bere asmoa mundua nahaste, gatazka eta ustelkeriatik, baita heriotzatik ere askatzea da (37. Salmoa 10, 11; Isaias 25:6-8).
Munduan zehar milioika lagunek arrazoi osoz sinesten dute honakoa: ezerk ez diola bizitzari hainbesteko zentzua ematen Jainkoari buruz ikasteak eta bere esana betetzeak baino (Joan 17:3). Hori sinestea ez da ameskerian erortzea. Frogek argi uzten dute: bizia sortua izan zen.