Zientzia eta Hasiera liburuko narrazioa
Jende askoren ustez, Bibliak kreazioari buruz dioena gezurra dela frogatu du zientziak. Hala ere, kontraesanik handiena ez dago zientzia eta Bibliaren artean, zientzia eta erlijio-talde kreazionisten iritzien artean baizik. Talde hauetariko batzuen iritziz, duela 10.000 bat urte Unibertso fisikoa, 24 orduko sei egunetan sortu zela esaten du Bibliak.
Hala ere, Bibliak ez du pentsamolde hori defendatzen. Egingo balu, azken 100 urteetako aurkikuntza zientifikoek Bibliaren sinesgarritasuna zalantzan jarriko lukete. Bibliaren testuaren azterketa arretatsuak, egiaztatutako froga zientifikoekin desadostasunik ez dagoela azaltzen du. Horregatik, Jehobaren lekukoak ez datoz bat erlijio-talde kreazionistekin. Jarraian, Bibliak gai honi buruz benetan irakasten duena aztertuko dugu.
Hasiera liburuak ez du irakasten duela milaka urte gutxi batzuk Lurra eta Unibertsoa 24 orduko sei egunetan sortuak izan zirenik
Noiz izan zen «hasiera»?
Hasiera liburuko narrazioa esaldi sinple baina indartsu honekin hasten da: «Hasieran, Jainkoak zeru-lurrak egin zituen» (Hasiera 1:1). Esaldi honek deskribatzen duen ekintza, 3. bertsetetik aurrera narratzen diren kreazio egunen ezberdina da biblia-aditu batzuen ustez. Honek garrantzi handia du. Bibliaren hasierako hitzen arabera, Unibertsoa, gure planeta barne, mugatu ezin daitekeen denboran existitzen zen, kreazio egunak hasi aurretik.
Geologoen arabera Lurrak 4 mila milioi urte ditu; Unibertsoak, berriz, 15 mila milioi urte izan ditzakeela kalkulatu dute astronomoek. Gezurra dela frogatzen ote dute aurkikuntza hauek edo etorkizunean egin daitezkeenek Hasiera 1:1? Ez, Bibliak ez baitu zehazten zeru-lurren benetako adina. Beraz, zientzia ez dago Bibliak dioenarekin desadostasunean.
Zenbat iraun zuten kreazio egunek?
Zer esan daiteke kreazio egunen iraupenari buruz? 24 ordukoa izan al zen egun bakoitza? Moisesek, Hasiera liburuaren idazleak, 6. kreazio egunaren ondorengo atseden eguna larunbateroko atsedenaren edo Sabbataren eredu zela esan zuen. Horregatik, kreazio egun bakoitza 24 ordukoa izan beharko zuela esaten dute batzuek (Irteera 20:11). Babesten al dute Hasiera liburuko hitzek ondorio hau?
Ez. «Egun» itzultzen den hebrear hitzak denbora tarte ezberdinak adierazi ditzake, ez soilik 24 orduko tartea. Adibidez, Jainkoaren kreazio lana laburtzean, Moisesek 6 kreazio egunak egun bakar bat bezala deskribatu zituen (Hasiera 2:4, Bible Saindua). Gainera, lehenengo kreazio egunean Jainkoak «argiari “egun” eman zion izen eta ilunpeei “gau”» (Hasiera 1:5). Hemen, 24 orduko aldiaren zati bakar bati esaten zaio «egun». Argi dago kreazio egun bakoitza 24 ordukoa dela esateko ez dagoela biblia-oinarririk.
Zenbat iraun zuten, hortaz, kreazio egunek? Bibliak ez du esaten. Hala ere, Hasiera liburuko lehen eta bigarren kapituluetako hitzek denboraldi luzeak izan zirela azaltzen dute.
Sei kreazio aldi
Moisesek bere narrazioa hebreeraz eta lurrean dagoen pertsonaren ikuspuntutik idatzi zuen. Gainera, Unibertsoa kreazio aldien edo egunen hasiera baino lehenago existitzen zela jakinda, kreazioaren narrazioaren inguruko eztabaidaren gehiengoa ezabatzen da. Nola, ordea?
Hasiera liburuko narrazioaren azterketa arretatsuak, «egun» batean zehar hasitako gertakariek hurrengo «egun» edo «egunetan» ere jarraitu zutela azaltzen du. Adibidez, lehenengo kreazio «eguna» hasi aurretik, jada Eguzkia existitzen zen; baina zerbaitek, ziurrenik hodei-multzo trinkoak, Eguzkiaren argia lurrazalera heltzera galarazten zuen (Job 38:9). Lehenengo «egunean» zehar, traba hau garbitzen hasi zen, argi-izpi ahulak atmosferara sartzen utziz. a
Bigarren «egunean», atmosfera garbitzen joan zen, hodei-multzo trinko eta ozeanoaren tartean espazio bat sortuz. Laugarren «egunean», pixkanaka-pixkanaka atmosfera horrenbeste garbitu zen, Eguzkia eta Ilargia «zeru-sabaian» nabarmen egin zirela (Hasiera 1:14-16). Beste era batera esanda, lurrean dagoen pertsonaren ikuspegitik, Eguzkia eta Ilargia ikusgai egin ziren. Gertakizun hauek apurka-apurka gertatu ziren.
Atmosfera garbitzen joan zen heinean, izaki hegalariak, intsektuak eta mintz-hegaldun izakiak barne, bosgarren «egunean» azaltzen hasi zirela ere esaten du Hasiera liburuko narrazioak.
Bibliako hitzak kontuan hartuz, egun edo kreazio aldi bakoitzeko gertakari nagusi batzuk, bat-batean beharrean, pixkanaka-pixkanaka gertatu izan zitezkeen. Eta, behar bada, hauetariko batzuk hurrengo kreazio egunetan zehar luzatu ziren. b
«Bere motetan»
Zer esan nahi du, hortaz, landare eta animalia hauek pixkanaka-pixkanaka azaltzeak? Eboluzioaz baliatu ote zen Jainkoa izaki bizidun anitzak sortzeko? Ez. Narrazioak argi esaten du oinarrizko landare eta animalia «mota» guztiak Jainkoak sortu zituela (Hasiera 1:11, 12, 20-25, BS). Programatuak al zeuden jatorrizko landare eta animalia «mota» hauek ingurumeneko aldaketetara egokitzeko gaitasunarekin? Zerk zehazten ditu «moten» mugak? Bibliak ez du esaten. Hala ere, izaki bizidunak «bere motetan» sortuak izan zirela esaten du (Hasiera 1:21, BS). Honek «mota» baten barruan bariazio kopuru mugatua gerta daitekeela esan nahi du. Erregistro fosilak eta gaur egungo ikerketek, landare eta animalien oinarrizko kategoriak denboraldi luzetan zehar gutxi aldatu direla adierazten dute.
Erlijio-talde kreazionista batzuek ez bezala, Hasiera liburuak ez du irakasten Unibertsoa —Lurra eta bertako izaki bizidun guztiak barne— denboraldi motz batean sortua izan zenik hain urrun ez dagoen iraganean. Ostera, Hasiera liburuko Unibertsoaren kreazioaren eta Lurrean bizia agertzearen deskribapenaren alderdi batzuek, bat egiten dute zientzia-aurkikuntza berriekin.
Zientzialari askok, beraien filosofia-sinesmenengatik, Bibliaren adierazpena baztertzen dute, hau da, Jainkoak gauza guztiak sortu zituela. Interesgarria da, hala ere, antzinako Hasiera biblia-liburuan Moisesek idatzi zuena: Unibertsoak hasiera izan zuela eta bizia faseka, pixkanaka-pixkanaka azaldu zela denboralditan zehar. Nola lortu zuen Moisesek duela 3.500 bat urte hain informazio zientifiko zehatza? Zentzuzko arrazoi bakarra dago: zeru-lurrak sortzeko boterea eta jakinduria izan zuenak emango zion, zalantzarik gabe, ezagutza aurreratu hori. Honek pisua ematen dio Bibliak berak esaten duenari: «Jainkoak inspiratua» den liburua dela (2 Timoteori 3:16). c
Honakoa galdetuko diozu agian zeure buruari: «Axola ote du Bibliako kreazioaren narrazioan sinesten dudan ala ez?». Azter itzazu hainbat argudio zer-nolako garrantzia duen jakin dezazun.
a Lehenengo «egunean» gertatu zenaren deskribapenean, argia esateko erabiltzen den hebrear hitza ’ohr da; hitz honek argia modu orokorrean adierazten du. Baina laugarren «egunari» buruz hitz egitean, erabiltzen den hitza ma·’ohrʹ da; hitz honek argiaren iturria adierazten du.
b Adibidez, seigarren kreazio egunean zehar, Jainkoak honakoa agindu zien gizakiei: «Sor itzazue umeak eta ugaldu, bete lurra eta izan haren nagusi» (Hasiera 1:28, 31). Baina, gertakari hau ez zen hurrengo «egunera» arte hasi ere egin (Hasiera 2:2).
c Gehiago jakiteko, ikusi Nola egon gaitezke ziur Bibliak dioena egia dela? bideo laburra jw.org webgunean.