Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

2. GALDERA

Existitzen al dira benetan sinpleak diren bizi-formak?

Halabeharrez sortu ahal izango ziren zure gorputza osatzen duten 200 mota baino gehiagoko zelulak?

Existitzen al dira benetan sinpleak diren bizi-formak?

Giza gorputza unibertsoko egiturarik konplexuenetako bat da. 100 bilioi (1014) zelula txiki inguruz osatuta dago, esaterako, hezur-zelulak, odol-zelulak eta garun-zelulak.7 Izan ere, gure gorputzean 200 zelula mota desberdin baino gehiago daude.8

Zelulek beraien tankeran eta funtzioetan aniztasun txundigarria izan arren, sare-integratu konplexua osatzen dute. Internetek, milioika ordenagailu eta datuen abiadura handiko transmisio-lineak izanda, traketsa dirudi sare honen ondoan. Zelularik sinpleenetan ere argi eta garbi ikusten da aparteko teknika eta ez dago honekin konparatu daitekeen gizakiak egindako asmakuntzarik. Nola iritsi ziren existitzera giza gorputzeko zelulak?

Zer esaten dute zientzialari askok? Zelulak bi taldetan banatzen dira: nukleoa dutenak eta nukleorik ez dutenak. Gizaki, animalia eta landareen zelulek nukleoa dute; bakterio-zelulek, ordea, ez. Nukleoa duen zelulari eukariotoa deitzen zaio; nukleorik ez duen zelulari, berriz, prokariotoa. Zelula prokariotoak eukariotoak bezain konplexuak ez direnez, askoren ustez, animalia eta landareen zelulek bakterio-zeluletatik eboluzionatu zuten.

Are gehiago, milioika urtetan zehar, zelula prokarioto «sinple» batzuk beste zelula batzuk irentsi zituztela baina ez zituztela dijeritu irakasten dute askok. Hala ere, teoria horren arabera, irentsiak izandako zelulen funtzioa erabat aldatzeko modua lortu zuen adimenik gabeko «naturak». Gainera, erreplikatzeko momentuan, aldatutako zelulak zelula «ostalarien» barruan mantentzea lortu zuen «naturak».9 a

Zer esaten du Bibliak? Bibliak lurrean dagoen bizia izate adimentsu baten ekintza dela dio. Ikus ezazu Bibliaren logika argia: «Edozein etxek du bere egilea; baina gauza guztien egilea Jainkoa da» (Hebrearrei 3:4). Honakoa dio beste biblia-pasarte batek: «Bai ugariak, Jauna, zuk eginak! Denak jakinduriaz egin dituzu, zure sorkariz betea da lurra. [...] Hor dabiltza borbor, ezin konta ahala, piztia txiki eta handiak» (104. Salmoa 24, 25).

Agertu ahal izango zen bizirik gabeko konposatu kimikoetatik zelula «sinple» bat?

Zer erakusten dute frogek? Mikrobiologian egindako aurrerapenek ezagutzen diren zelula prokarioto sinpleenen barnealde harrigarria ezagutzea posible egin dute. Zientzialari eboluzionistek lehenengo zelula bizidunak hauen antzekoak izango zirela uste dute.10

Eboluzioaren teoria egia bada, lehenengo zelula «sinplea» halabeharrez nola sortu zen azaldu beharko luke modu sinesgarrian. Bestalde, bizia sortua izan bazen, izakirik txikienean ere, diseinu adimentsuaren frogak egon beharko lirateke. Zer iruditzen zaizu zelula prokarioto baten barnean bisitaldi bat egiten badugu? Bisitan zehar, galdetu zeure buruari horrelako zelula bat halabeharrez sortu ahal izan zitekeen.

HORMA BABESGARRIA

Zelula prokariotoan bisita egiteko, esaldi honen amaieran dagoen puntua baino ehunka aldiz txikiagoa egin beharko zenuke zeure burua. Mintz elastiko eta gogor batek barrura sartzea oztopatzen digu, lantegi baten inguruan dagoen hormak egiten duen antzera. Mintz honen 10.000 geruza beharko lirateke paperezko orri baten lodiera lortzeko. Baina zelula baten mintza horma bat baino askoz ere sofistikatuagoa da. Zer zentzutan?

Lantegia inguratzen duen hormak bezala, mintzak zelularen barruan dagoena kaltegarria izan daitekeen ingurugirotik babesten du. Baina mintza ez da solidoa. Zelulari «arnasten» uzten dio, oxigenoa bezalako molekula txikiei sartzen eta irteten utziz. Kaltegarriak izan daitezkeen molekula konplexuagoei, ordea, ez die sartzen uzten zelularen baimenik gabe. Gainera, erabilgarriak diren molekulei ez die zelulatik irteten uzten. Nola lortzen du ekintza harrigarri horiek egitea?

Pentsatu dezagun berriro lantegian. Seguruenik hormaren ateetan produktuen joan-etorria kontrolatzen duten segurtasun-guardiak egongo dira. Era berean, zelularen mintzaren parte diren proteina-molekula berezi batzuek, ate eta segurtasun-guardien funtzioa betetzen dute.

Zelularen mintzak substantzia zehatzei bakarrik sartzen edo irteten uzten dieten «segurtasun-guardiak» ditu

Proteina horietako batzuek (1) barrunbe edo zulo bat dute erdian eta molekula zehatz batzuei bakarrik uzten diete irteten eta sartzen. Beste proteina batzuk, zelularen mintzaren alde batetik irekita daude (2) eta beste aldetik itxita. Hauek substantzia zehatz batekin elkartzeko eta lotura egiteko toki bat dute (3) . Proteinak substantzia hartzen duenean, itxita dagoen aldea ireki eta mintzetik igarotzen uzten dio (4). Hau guztia zelularik sinpleenaren gainazalean ere gertatzen da.

LANTEGIKO BARNEALDEA

Demagun «segurtasun-guardiak» pasatzen utzi dizula eta, orain, zelularen barruan zaudela. Zelula prokarioto baten barnealdea mantenugai, gatz eta beste substantzia batzuetan aberatsa den likido urtsu batez beteta dago. Zelulak oinarrizko osagai hauek erabiltzen ditu behar dituen produktuak ekoizteko. Baina prozesu hori ez da halabeharrez gertatzen. Ongi zuzendutako lantegi batek bezala, zelulak milaka erreakzio kimiko antolatzen ditu, ordena eta ordutegi zehatz batean gertatu daitezen.

Zelulak denbora asko ematen du proteinak egiten. Nola egiten du hori? Lehenengo, 20 bat aminoazido desberdin ekoizten ikusi dezakezu. Gero, proteinen oinarrizko bloke hauek erribosometara (5) bidaltzen ditu. Makina automatikoekin konparatu daitezkeen erribosomek, aminoazidoak sekuentzia zehatz batean lotzen dituzte proteina jakin bat ekoizteko. Lantegi baten lanak programa informatiko zentral baten bidez zuzendu daitezkeen bezala, zelularen funtzio asko «programa informatiko» edo kode baten bidez zuzentzen dira. Kode honi DNA deitzen zaio (6). DNAk erribosomei argibide zehatz batzuen zerrenda bat ematen die, zer proteina egin eta nola egin esanez (7).

Gero gertatzen dena miresgarria da! Proteina bakoitza tolesten joaten da hiru dimentsioko forma berezi bat izan arte (8). Forma honek proteinak egingo duen funtzio espezializatua zehazten du. b Pentsatu dezagun motorren produkzio-kate batean. Piezak zehatz-mehatz egin behar dira motorrak funtzionatu dezan. Era berean, proteinak ere zehatz-mehatz egin behar dira eta forma jakin bat izan behar dute beraien funtzioa modu egokian betetzeko. Bestela, zelula kaltetu ere egin dezakete.

Zelula «lantegia». Proteinen ekoizpena: Automatizatutako lantegi baten antzera, produktu konplexuak elkartu eta bidaltzen dituzten makinaz beteta dago zelula

Nola iristen dira proteinak ekoiztuak izan diren lekutik beharrezkoak diren lekura? Bakoitzak «entrega-helbidearen etiketa» bat darama. Horrela, minutuero milaka egin eta bidaltzen diren arren, ez da bat ere galtzen; guztiak heltzen dira helbidera.

Zergatik dira garrantzitsuak gauza hauek? Izaki bizidun sinpleenaren molekula konplexuak ezin dira bakarrik ugaldu. Zelulatik kanpo desegin egiten dira. Zelula barruan, berriz, beste molekula konplexu batzuen laguntza behar dute ugaltzeko. Adibidez, entzimak beharrezkoak dira adenosina trifosfato (ATP) izeneko energia molekula berezia sortzeko; baina ATParen energia beharrezkoa da entzimak sortzeko. Era berean, entzimak egiteko DNA behar da; baina DNA egiteko entzimak behar dira (DNA molekula 3. ikasgaian aztertuko dugu). Gainera, beste proteina batzuk zelulak bakarrik ekoiztu ditzake; baina zelula bat proteinekin bakarrik egin daiteke. c

Radu Popa mikrobiologoak ez du Bibliako sorkuntzaren pasartea onartzen. Hala ere, 2004⁠an honakoa galdetu zuen: «Nola sortu dezake naturak bizia, guk baldintza esperimental guztiak kontrolpean izanda porrot egin badugu?».13 Hau ere esan zuen: «Zelula bizi baten funtzionamendurako beharrezkoak diren mekanismoak hain konplexuak dira, non denak momentu berean eta halabeharrez agertzea ezinezkoa dirudi».14

Oinarri sendoak ez dituen etxe orratza zutik ezin badaiteke egon, mantenduko ote da zutik eboluzioaren teoria biziaren jatorria azaldu ezin badu?

Zer uste duzu? Eboluzioaren teoria, lurreko biziaren jatorria Jainkoaren parte-hartzerik gabe azaltzen saiatzen da. Hala ere, zientziak biziari buruz zenbat eta aurkikuntza gehiago egin, halabeharrez agertzeko probabilitatea orduan eta txikiagoa dela dirudi. Dilema hori saihesteko, zientzialari batzuek eboluzioaren teoria eta biziaren jatorriaren gaia banandu nahi dituzte. Baina arrazoizkoa iruditzen al zaizu hori?

Eboluzioaren teoria, biziaren hasiera zorioneko kointzidentzia-kate luze baten ondorioa dela esaten duen ideian oinarritzen da. Gero, beste kointzidentzia multzo batek izaki bizidun guztien aniztasun eta konplexutasun txundigarria sortu zuela proposatzen du. Baina teoriak ez badu oinarririk, zer gertatuko da uste horretan eraikitako beste teoriekin? Oinarririk gabeko etxe orratzak zutik egon ezin duen bezala, biziaren jatorria azaldu ezin duen eboluzioaren teoria ere ezingo da zutik mantendu.

Zelula «sinple» baten egitura eta jarduera laburki aztertu eta gero, zer ikusten duzu? Kointzidentzia askoren froga ala diseinu harrigarriarena? Oraindik ez bazaude ziur, ikusi dezagun gertuagotik zelula guztien jarduerak kontrolatzen dituen «programa nagusia».

a Esperimentuek ez dute gertakari hau posible dela azaltzen duen frogarik eman.

b Entzimak zelulak egindako proteinen adibide bat dira. Entzima bakoitza modu berezi batean tolesten da erreakzio kimiko zehatz bat bizkortzeko. Ehunka entzima elkarlanean aritzen dira zelularen jarduerak erregulatzeko.

c Giza zelula batzuk 10.000 milioi bat proteina molekulaz11 osatuta daude. Gainera, molekula hauek milaka mota desberdinekoak dira.12