1. GALDERA
Nor naiz?
ZER EGINGO ZENUKE?
Imajina ezazu honakoa: Garazi adin txikikoa da eta duela gutxi iritsi da festa batera. Orduan, ahots ezagun bat entzuten du:
«Zeri begira zaude hor geldirik?»
Garazik atzera begiratu eta Leire ikusten du bi garagardo botila ireki berrirekin. Bat eskaintzen dio esanez: «Zer, txikiegia al zara ondo pasatzeko?».
Garazik ez du alkoholik hartu nahi, baina Leire bere laguna da eta ez du aspergarria dela pentsatzerik nahi. Gainera, Leire neska jatorra da. Beraz, edaten ari bada, ez da hain txarra izango. «Garagardoa besterik ez da, ez da drogak hartzea bezala», pentsatzen du Garazik.
Garaziren egoeran egongo bazina, zer egingo zenuke?
ITXARON ETA PENTSATU!
Honelako egoera batean erabaki zuzena hartzeko, nortasuna behar duzu. Nortasuna nor zaren eta zeren alde egiten duzun esaten dizun barneko zentzua da. Jakintza hori izanda, zure bizitza menperatu ahal izango duzu, besteek menpera dezaten utzi beharrean (1 Korintoarrei 9:26, 27).
Nola lortu dezakezu era honetako indarra? Hasteko, erantzun itzazu hurrengo galderak.
1 ZEINTZUK DIRA NIRE INDARGUNEAK?
Zure gaitasun eta trebeziak ezagutzeak zure buruan duzun konfiantza indartuko du.
BIBLIA-EREDUA: Paulo apostoluak honakoa idatzi zuen: «Mintzatzen motela banaiz ere, ez jakintzan» (2 Korintoarrei 11:6). Paulo tinko mantendu zen besteek botatako erronken aurrean Idazkiei buruz zuen ulermen sakonari esker. Ez zuen utzi beraien adierazpen negatiboek bere konfiantza ahuldu zezaten (2 Korintoarrei 10:10; 11:5).
AZTERTU ZEURE BURUA: Idatz ezazu zure gaitasun edo trebeziaren bat.
Azaldu ezazu duzun ezaugarri aipagarriren bat (Esaterako, maitekorra, eskuzabala, fidagarria edo puntuala al zara?).
2 ZEINTZUK DIRA NIRE AHULGUNEAK?
Etxeak behera egin dezake horma nagusietako bat gaizki eraikita badago. Era berean, zure nortasunak momentu batean okerrera egin dezake ahuleziei zure bizitza menperatzen uzten badiezu.
BIBLIA-EREDUA: Paulok bere ahuleziak ezagutzen zituen. Hau idatzi zuen: «Neure barruan atsegin zait Jainkoaren legea; baina neure gorputzean beste lege bat ikusten dut, nire adimenaren legeari borroka egiten diona, eta niregan ari den bekatuaren lege horrek preso hartua nauka» (Erromatarrei 7:22, 23).
AZTERTU ZEURE BURUA: Zein ahulezia ikasi behar duzu menperatzen?
3 ZEINTZUK DIRA NIRE HELBURUAK?
Taxi bat hartu eta esango al zenioke gidariari auzoan bueltaka ibiltzeko gasolina gastatu arte? Hori tontakeria galanta eta oso garestia izango litzateke, ezta?
Zer ikasten dugu? Helburuei esker bizitzan norabide bat izango duzula eta ez zarela bueltaka ibiliko. Argi izango duzu nora joan, baita hara iristeko plangintza ere.
BIBLIA-EREDUA: Paulok honakoa idatzi zuen: «Ni ere hala aritzen naiz; ez lasterka itsu-itsuan» (1 Korintoarrei 9:26). Bizitzan gauzak besterik gabe gertatzen utzi ordez, Paulok helburuak ezarri zituen eta hauen arabera bizi izan zen (Filipoarrei 3:12-14).
AZTERTU ZEURE BURUA: Idatz itzazu hurrengo urtean lortu nahi dituzun hiru helburu.
4 ZEINTZUK DIRA NIRE SINESMENAK?
Sinesmenik gabe, zalantzatia izango zara. Kameleoiaren antzera, kolorez aldatuko duzu zure lagunekin bat egiteko. Hau nortasunik ez duzunaren seinale nabarmena izango da.
Bestalde, zure ekintzak dituzun sinesmenetan oinarritzen badira, nortasuna mantenduko duzu besteek egiten dutena axola gabe.
BIBLIA-EREDUA: Oraindik gaztetxoa zelarik, Daniel profetak Jainkoaren legeak obedituko zituela «erabakia zuen» bihotzean, nahiz eta bere familiarengandik banatuta izan (Daniel 1:8). Horrela bere buruarekin zintzo jokatu zuen. Bai, Daniel bere sinesmenen arabera bizi izan zen.
AZTERTU ZEURE BURUA: Zeintzuk dira zure sinesmenak? Esaterako, sinesten al duzu Jainkoarengan? Zergatik? Zerk sinestarazten dizu existitzen dela?
Uste al duzu Jainkoaren lege moralak zure onerako direla? Zergatik?
Azken finean, nolakoa izan nahi duzu? Haize bolada arin batek daraman hostoa bezalakoa ala ekaitz bortitzen aurrean tinko dagoen zuhaitza bezalakoa? Sendotu nortasuna eta zuhaitz horren modukoa izango zara. Honek Nor naiz? galdera erantzuten lagunduko dizu.