Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

15 IKASGAIA

Nor da Jesus?

Nor da Jesus?

Jesus historiako pertsonaiarik ezagunenetako bat da. Gehienek Jesusen izena ezagutzen dute, baina ez dakite asko berari buruz. Gainera, Jesusi buruzko ideia desberdin asko daude. Baina, zer esaten du Bibliak berari buruz?

1. Nor da Jesus?

Jesus zeruan bizi den espiritu boteretsu bat da. Jainko Jehobak gauza guztien aurretik sortu zuen. Horregatik, «izaki guztietan lehen-sortua» deitzen zaio (Kolosarrei 1:15). Bibliak Jesus Jainkoaren «Seme bakarra» dela esaten du (Joan 3:16). Izan ere, Jehobak zuzenean sortu zuen izaki bakarra da. Jesus bere aitarekin, Jehobarekin, estu-estu lanean aritu zen beste gauza guztiak sortzen (Irakurri Esaera Zaharrak 8:30). Jesusek Jehobarekin harreman estua izaten jarraitzen du. Jesusi «Hitza» deitzen zaio, Jainkoa zerbitzatzen duelako bozeramaile lanetan. Lan hau egiteko, Jainkoaren mezuak eta argibideak zabaltzen ditu (Joan 1:14).

2. Zergatik etorri zen Jesus lurrera?

Duela 2.000 urte inguru, Jehobak mirari bat egin zuen. Jehobak bere espiritu santua erabiliz, Jesusen bizia zerutik Mariaren umetokira eraman zuen. Maria birjina zen emakume gazte bat zen. Horrela, Jesus gizaki moduan jaio zen (Irakurri Lukas 1:34, 35). Zertarako etorri zen Jesus lurrera? Promestutako Mesias edo Kristo izateko eta gizakiak salbatzeko a. Mesiasi buruzko Bibliako profezia guztiak Jesusengan bete ziren. Honi esker, Jesus Mesias eta «Jainko biziaren Semea» zela identifikatu ahal izan zuten (Mateo 16:16).

3. Non dago Jesus orain?

Jesusen giza bizitza amaitu zenean, Jainkoak espiritu bezala berpiztu zuen eta zerura itzuli zen. Bertan, «denen gainetik goratu zuen Jainkoak» (Filipoarrei 2:9). Orain Jesusek autoritate handia du. Jehobak bakarrik du berak baino autoritate handiagoa.

SAKONDUZ

Ikusi Jesus benetan nor den eta zergatik den garrantzitsua berari buruz ikastea.

4. Jesus ez da Jainko Ahalguztiduna

Jesus zeruan bizi den izaki boteretsu bat da. Baina Bibliak argi uzten du bere Jainko eta Aitaren menpe dagoela. Zergatik esan dezakegu hau? Ikusi BIDEOA, Bibliaren arabera, Jesus eta Jainko Ahalguztiduna desberdinak direla ikusteko.

Ondorengo pasarteek, Jehoba eta Jesusen arteko harremana ulertzen laguntzen digute. Irakurri pasarte bakoitza eta aztertu elkarrekin:

Irakurri Lukas 1:30-32.

  • Nola deskribatu zuen aingeruak Jesusen eta Jehobaren, «Goi-goikoaren», arteko harremana?

Irakurri Mateo 3:16, 17.

  • Jesus bataiatu zenean, zer esan zuen zerutik entzun zen ahotsak?

  • Zure ustez, noren ahotsa zen?

Irakurri Joan 14:28.

  • Nor da zaharragoa eta nork du autoritate gehiago: aita batek ala seme batek?

  • Jesusek Jehobari «Aita» deitu zion. Zer ikasten dugu honetatik?

Irakurri Joan 12:49.

  • Jesusek bera eta bere Aita pertsona berbera direla pentsatzen al zuen? Eta zuk, zer uste duzu?

5. Zerk frogatu zuen Jesus Mesias zela?

Mesias da Jainkoak gizakiak salbatzeko aukeratu zuena. Bibliak Mesias horri buruzko profezia asko ditu. Profezia hauek jendeari Mesias nor zen bereizten lagunduko zioten. Ikusi BIDEOA Jesusek lurrera etorri zenean bete zituen profezia batzuk aztertzeko.

Irakurri Bibliako profezia hauek eta aztertu elkarrekin:

Irakurri Mikeas 5:1 [5:2, NWT] Mesias non jaio behar zen ikusteko. b

  • Bete al zuen Jesusen jaiotzak profezia hau? (Mateo 2:1)

Irakurri 34. Salmoa 21 [34:20, NWT] eta Zakarias 12:10 Mesiasen heriotzari buruz profetizatu ziren xehetasunak ikusteko.

  • Bete al ziren profezia hauek? (Joan 19:33-37)

  • Zure ustez, manipulatu ahal zitzakeen Jesusek gertaerak profezia hauek betetzeko?

  • Zer erakusten dizu honek zuri Jesusi buruz?

6. Asko laguntzen gaitu Jesusengandik ikasteak

Bibliak Jesusi buruz eta bere eginkizunari buruz ikastearen garrantzia azpimarratzen du. Irakurri Joan 14:6 eta 17:3 eta aztertu elkarrekin:

  • Zergatik da guztiz beharrezkoa Jesusi buruz ikastea?

Jesusek Jainkoaren lagunak izateko bidea ireki zuen. Berak Jehobari buruzko egia irakatsi zuen, eta berari esker betirako bizia lortu dezakegu.

ZER DIO JENDEAK? «Jehobaren lekukoek ez dute Jesusengan sinesten».

  • Zer erantzungo zenuke?

LABURPENA

Jesus espiritu boteretsua da. Gainera, Jainkoaren Semea eta Mesias da.

Berrikuspena

  • Zergatik esaten da Jesus izaki guztietan «lehen-sortua» dela?

  • Zer egin zuen Jesusek lurrera etorri aurretik?

  • Nola dakigu Jesus Mesias dela?

Helburuak

GEHIAGO IKASTEKO

Aztertu Jesus Mesias dela adierazten duten frogak.

«Frogatzen al dute profezia mesianikoek Jesus Mesias zela?» (Web artikulua)

Gizakiek haurrak dituzten antzera, Jainkoa Jesusen aita izan al zen? Aztertu Bibliak honen inguruan dioena.

«Zergatik deitzen zaio Jesusi Jainkoaren Semea?» (Web artikulua)

Aztertu zergatik ez den trinitatea Bibliako irakaspen bat.

«Jainkoa al da Jesu Kristo?» (La Atalaya edo La Tour de Garde, 2009 apirilak 1)

Ikusi nola aldatu zen emakume baten bizitza, Bibliak Jesusi buruz dioena aztertu ondoren.

«Emakume judutar batek bere fedea zergatik aztertu zuen azaltzen du» (¡Despertad! edo Réveillez-vous !, 2013 maiatza)

a 26. eta 27. ikasgaietan gizakiek zergatik behar duten salbamena eta nola salbatu gaituen Jesusek aztertuko da.

b Ikusi 2. oharra Jesus lurrean azalduko zen unea zehatz-mehatz adierazten zuen profezia bat aztertzeko.