Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

7. IKASGAIA

Sentitu al zara noizbait bakarrik eta beldurtuta?

Sentitu al zara noizbait bakarrik eta beldurtuta?

Begiratu irudiko mutikoa. Bakarrik eta beldurtuta dagoela dirudi, ezta? Sentitu al zara noizbait horrela?... Guztiok sentitu gara horrela noiz behinka. Biblian, bakarrik eta beldurtuta sentitu ziren Jehobaren lagunei buruzko istorioak aurkitu ditzakegu. Horietako bat Elias zen. Ikas dezagun gehiago berari buruz.

Jezabelek Elias hil nahi zuen

Duela asko, Jesus jaio baino lehen, Elias Israelen bizi izan zen. Akab eta Jezabel Israelgo errege-erreginak izan ziren. Beraiek benetako Jainkoa, Jehoba, gurtu beharrean, Baal sasijainkoa gurtzen zuten. Israeldar gehienak Baal gurtzen hasi ziren. Jezabel erregina oso maltzurra zen eta Jehoba gurtzen zuten guztiak hil nahi zituen. Elias ere hil nahi zuen! Ba al dakizu zer egin zuen Eliasek?...

Eliasek ihes egin zuen! Basamortuan barrena, urrutira joan eta kobazulo batean ezkutatu zen. Zergatik uste duzu egin zuela ihes?... Bai, beldurtuta zegoelako. Baina Eliasek ez zuen beldur izateko arrazoirik. Zergatik? Jehobak lagunduko ziola bazekielako. Aurretik erakutsia zion bere boterea Jehobak Eliasi. Behin, Jehobak zerutik sua bidaliz, Eliasen otoitza erantzun zuen. Oraingo honetan ere, Jehobak noski lagunduko zuela Elias!

Nola lagundu zion Jehobak Eliasi?

Elias kobazuloan zegoen bitartean, Jehobak galdetu zion: «Zertan ari zara hemen?» Eliasek erantzun zion: «Zu gurtzen zaituen azkena naiz. Bakarrik nago eta hil egingo nauten beldur naiz». Eliasek Jehoba gurtzen zuten guztiak hilik zeudela pentsatzen zuen. Baina Jehobak esan zion: «Hori ez da egia. Oraindik ni gurtzen nauten beste 7.000 lagun badaude. Ausarta izan! Lan gehiago daukat zuretzat!» Hori entzuteaz pozik zegoela uste al duzu Elias?...

Zer ikas dezakezu Eliasi gertatu zitzaionagatik?... Ez duzu inoiz bakarrik eta beldurtuta sentitu behar. Jehoba maite duten eta zu maite zaituzten lagunak dituzu. Gainera, Jehoba oso indartsua da eta beti lagunduko dizu. Beraz, ez zaude inoiz bakarrik! Pozten al zaitu hori jakiteak?...

IRAKURRI ZURE BIBLIAN

  • 1 Erregeak 19:3-18

  • 145. Salmoa 18

  • 1 Pedro 5:9