Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

13. KAPITULUA

Atsegin ote ditu Jainkoak ospakizun guztiak?

Atsegin ote ditu Jainkoak ospakizun guztiak?

«Azter ezazue zer zaion Jaunari atsegin» (EFESOARREI 5:10).

1. Zer egin behar dugu gure adorazioa Jehobari atsegin zaiola ziurtatzeko eta zergatik?

 JESUSEK hau esan zuen: «Egiazko adoratzaileek Aita egiaren arabera eta Espirituak eraginda adoratuko dute[...]; horrela adora dezaten nahi du Aitak» (Joan 4:23; 6:44). Gutako bakoitzak «zer zaion Jaunari atsegin» aztertu behar du (Efesoarrei 5:10). Hau egitea ez da beti erraza. Izan ere, Satanas gu engainatzen saiatzen da Jehobari atsegin ez zaiona eginarazteko (Apokalipsia 12:9).

2. Azaldu ezazu zer gertatu zen Sinai mendi inguruan.

2 Nola saiatzen da Satanas gu engainatzen? Adibidez, zuzena eta okerra nahasten. Azter dezagun Israel herriari Sinai mendi inguruan gertatu zitzaiona. Moises mendira igo eta herria itxaroten gelditu zen kanpalekuan. Azkenean, itxarotez nekatu eta Aaroni jainko bat egiteko eskatu zioten. Zekor itxurako urrezko idolo bat egin zuen. Ondoren, herriak jaia ospatu zuen zekorraren inguruan dantza eginez eta hau adoratuz. Zekorra adoratzean Jehoba gurtzen ari zirela uste zuten. Baina «Jaunaren ohorez» ospatutako jaia izateak ez zuen ospakizuna zuzena egin. Jehobarentzat idolatria izan zen eta, ondorioz, israeldar asko hil ziren (Irteera 32:1-6, 10, 28). Zer ikasten dugu? Ez gaitezen engainatzen utzi. «Ez ukitu ezer kutsaturik» eta utzi Jehobari zuzena eta okerra zer den irakasten (Isaias 52:11; Ezekiel 44:23; Galaziarrei 5:9).

3, 4. Zergatik aztertu behar ditugu ohiko ospakizun batzuen jatorria?

3 Jesus lurrean egon zenean, gurtza garbiaren eredu izateko prestatu zituen apostoluak. Jesus hil ondoren, apostoluek Jehobaren printzipioak irakasten jarraitu zuten ikasle berriek ezagutu zitzaten. Baina apostoluak hil zirenean, maisu faltsuak ideia okerrak eta ospakizun eta ohitura paganoak kongregazioan sartzen hasi ziren. Ospakizun hauei izen berriak jarri zizkieten kristau itxura emateko (Eginak 20:29, 30; 2 Tesalonikarrei 2:7, 10; 2 Joan 6, 7). Ospakizun hauetako asko oso zabalduak daude gaur egun ere eta sinesmen faltsuak bultzatzen dituzte, baita deabruekin zerikusia duten praktikak ere * (Apokalipsia 18:2-4, 23).

4 Mundu osoan zehar ospakizun eta jaiek jendearen bizitzan garrantzi handia dute. Hala ere, Jehobaren ikuspuntua zein den aztertzen duzun heinean, beharbada ospakizun jakin batzuei buruz duzun ikuspuntua aldatu beharko duzu. Agian ez zaizu erraza izango, baina ziur egon Jehobaren laguntza izango duzula. Aztertu ditzagun ohiko ospakizun batzuen jatorria Jehobak horiei buruz duen ikuspuntua ulertzeko.

ZEIN DA EGUBERRIEN JATORRIA?

5. Zerk erakusten du Jesus ez zela abenduaren 25⁠ean jaio?

5 Munduko leku askotan Eguberriak abenduaren 25⁠ean ospatzen dira, jende askok Jesu Kristo egun horretan jaio zela pentsatzen baitu. Bibliak ez du esaten Jesus zein egun edo hilabetetan jaio zen, baina urteko garaiaz hitz egiten digu. Lukasen hitzen arabera, Jesus Belenen jaio zenean artzainak «kanpoan bizi» ziren artaldeak zaintzen (Lukas 2:8-11, EABLB). Abenduan Belenen hotza, euria eta, noizean behin, elurra ere egiten du. Beraz, artzainek ez lukete gaua kanpoan artaldearekin pasako. Zer ikasten dugu orduan? Jesus eguraldia epela zenean jaio zela. Hortaz, ezin izan zen abenduan jaio. Bibliak eta froga historikoek Jesus iraila eta urria artean jaio zela argi uzten dute.

6, 7. a) Zer jatorri dute Eguberrietako ohiturek? b) Zer arrazoi izan behar genuke opariak egiteko?

6 Zer jatorri dute, hortaz, Eguberriek? Jai paganoetatik datoz, esaterako, Saturnalia izeneko jai erromatarretik. Ospakizun hau Saturno, nekazaritzaren jainkoaren ohorean egiten zen. Gran Referencia Anaya entziklopediak jai hau abenduaren erdialdean ospatzen zela azaltzen du. Honetan «kandelak eta tortxak erabili, jan⁠-⁠edan handiak egin eta opariak ematen ziren». Ohitura guzti hauek «Eguberritako ospakizunen barne geratu ziren». Gainera, Mitra izeneko eguzki⁠-⁠jainko persiarraren urtebetetzea abenduaren 25⁠ean ospatzen zen.

7 Hala ere, gaur egun Eguberriak ospatzen dituen jende gehiena ez da jatorri paganoetan pentsatzen ari. Eguberriak familiarekin egoteko, janariaz gozatzeko eta opariak egiteko garaia besterik ez da hauentzat. Noski, familia eta lagunak maite ditugu. Gainera, Jehobak bere zerbitzariak bata bestearekin eskuzabalak izatea nahi du. Izan ere, 2 Korintoarrei 9:7⁠ak esaten digun bezala, «alai ematen duena maite baitu Jainkoak». Baina Jehobak ez du egun berezietan soilik eskuzabalak izan gaitezen nahi. Bere herrian opariak emateaz eta familia eta lagunekin egoteaz gozatzen dugu urteko edozein egunetan, ordainean ezer jasotzea espero gabe. Elkarri diogun maitasuna da eskuzabalak izatera bultzatzen gaituena (Lukas 14:12-14).

Ospakizunen jatorria ezagutzeak ospatu ala ez erabakitzen lagunduko digu

8. Jaioberria zenean eman al zizkioten astrologoek opariak Jesusi? Azaldu.

8 Eguberrietan opariak ematea onargarri egiteko, jende askok sortaldeko hiru errege magok Jesus jaioberriari ukuiluan opariak ekarri zizkiotela esaten du. Egia da gizon talde batek Jesusi bisita egin eta opariak egin zizkiotela. Biblia garaian, ohikoa zen pertsona garrantzitsuei opariak eramatea (1 Erregeak 10:1, 2, 10, 13). Baina ba al zenekien Bibliako pasarte hori idatzitako hizkuntzaren arabera gizon horiek astrologoak zirela eta Jehoba ez zutela gurtzen? Gainera, ez zuten Jesus jaioberria zenean bisitatu; beranduago egin zuten, Jesus etxe batean bizi zenean. Astrologo hauek seguruenik hilabeteak pasako zituzten beraien lurraldetik Belenera bidaiatzen eta, hara iristerako, Jesus ez zen ordurako jaioberria izango (Mateo 2:1, 2, 11).

ZER DIO BIBLIAK URTEBETETZEEI BURUZ?

9. Zer urtebetetze festa aipatzen dira Biblian?

9 Haur bat jaiotzen den eguna oso ederra da (127. Salmoa 3). Baina honek ez du esan nahi urtebetetzeak ospatu behar ditugunik. Pentsa ezazu honetan: Biblian bi urtebetetze festa besterik ez dira aipatzen, bat Egiptoko faraoi batena eta bestea Herodes Antipas erregearena (Irakurri Hasiera 40:20-22; Markos 6:21-29). Agintari hauek ez ziren Jehobaren zerbitzariak. Are gehiago, Biblian ez dugu inon aurkitzen Jehobaren adoratzaileren batek urtebetetzeak ospatu zituenik.

10. Zer ikuspuntu zuten lehen kristauek urtebetetzeak ospatzeari buruz?

10 Entziklopedia baten arabera, lehenengo kristauek «inoren urtebetetzea ospatzea ohitura paganoa zela uste zuten» (The World Book Encyclopedia). Izan ere, horrelako ohiturak sinesmen faltsuetan oinarriturik zeuden. Adibidez, antzinako greziarrek gizaki bakoitza bere jaiotzan egondako espiritu batek babesten zuela sinesten zuten. Espiritu horrek egun berean jaiotako jainko batekin lotura omen zuen eta bizitza osoan zehar babesa jasotzeko urtebetetzeak ospatu behar zituztela uste zuten. Horrelako sinesmen paganoekin lotura izateaz gain, urtebetetzeek astrologia eta horoskopoarekin dute harremana.

11. Zer pentsatzen du Jehobak eskuzabaltasunari buruz?

11 Jende askoren ustez, urtebetetze eguna maitasun eta estimua erakusteko aukera ematen duen egun berezia da. Baina familia eta lagunak urte osoan zehar maite ditugula erakutsi dezakegu, ez egun zehatz batean soilik. Jehobak beti atseginak eta eskuzabalak izan gaitezen nahi du (Irakurri Eginak 20:35). Egunero eskertzen diogu Jehobari bizia eman izana, ez gure urtebetetze egunean bakarrik (8. Salmoa 4, 5 [8:3, 4, NW ]; 36. Salmoa 10 [36:9, NW ]).

Elkarri diogun maitasunak bultzatzen gaitu benetako kristauoi eskuzabalak izatera

12. Nolatan izan daiteke gure heriotza⁠-⁠eguna jaioteguna baino hobea?

12 Kohelet 7:1⁠ak hau dio: «Hobe izen ona, lurrin gozoa baino. Hobe heriotza⁠-⁠eguna, jaioteguna baino». Nolatan izan daiteke heriotza⁠-⁠eguna jaioteguna baino hobea? Jaiotzen garenean ez dugu izan bizitzan oraindik ezer egiteko aukerarik, ez onerako, ezta txarrerako ere. Baina gure bizitza Jehoba zerbitzatzeko eta besteen alde gauza onak egiteko erabiltzean, «izen ona» irabazten dugu. Horrela, nahiz eta hil, Jehoba gutaz gogoratuko da (Job 14:14, 15). Jehobaren zerbitzariok ez dugu gure urtebetetzea edo Jesusena ospatzen. Gainera, Jesusek ospatzeko agindu zuen egun bakarra bere heriotzaren oroitzapena da (Lukas 22:17-20; Hebrearrei 1:3, 4).

INAUTERIEN JATORRIA

13, 14. Zein da inauterien jatorria?

13 Albisteetako berri batzuek hau diote inauteriei buruz: «Jendetza izugarri zaratatsua», «Lau eguneko mozkorraldia eta gaupasa», «Inauterietan parrandan ibili direnei ajeak egun asko irauten die». Harluxet Hiztegi Entziklopedikoak inauteriek Saturnalia izeneko antzinako erromatar festa paganoarekin lotura dutela dio. Beraz, nahiz eta beste garai batekoak izan, Saturnaliaren espiritu berbera dute, hau da, parranda egitea. Honetaz gain, Bako jainkoaren ohorez ospatutako festa erromatarraren oso antzekoak dira. Jainko hau Dionisos ardoaren jainkoaren parekoa zen greziarrentzat.

14 Poztuko al litzateke Jehoba horrelako ospakizunetan parte hartuko bagenu? Ez, noski (2 Korintoarrei 6:17, 18).

ZER DA HALLOWEEN?

15. Zein da Halloween ospakizunaren jatorria?

15 Halloween edo Santu Guztien bezperako gauak sorgin, iratxo, intxixu eta mamuekin lotura du. Ospakizun hau ez da berria. Azaroak 1⁠etik gertuen dagoen ilargi beteko gauean, antzinako Britainia eta Irlandako zeltek Samhain izeneko festa ospatzen zuten. Jai honetan zehar hildakoen espirituak lurrera itzultzen zirela sinesten zuten. Jendeak janaria eta edaria eskaintzen zieten espirituei kalterik ez egiteko. Gaur egun, jende asko Halloween ospatzeko festetara joaten da sorgin, banpiro edo mamuz mozorroturik. Gehienak ez dira konturatzen festa honek eta deabrukeriarekin lotura zuen antzinako festak harremana dutela.

JAINKOAK ATSEGIN DITUEN EZKONTZAK

16, 17. Zertan pentsatu behar dugu ezkontza prestatzean?

16 Ezkontza eguna une zoriontsua da eta ospatzeko modu asko daude munduan zehar. Normalean jendeak ez du ezkontza ohituren jatorriari buruz pentsatzen eta, ondorioz, ez daki ohitura batzuek jatorri paganoa dutela. Baina ezkontza prestatzen ari den bikote kristauak Jehobaren onespena izango duela ziurtatu behar du. Ezkontza ohituren jatorria ezagutuz gero, erabaki onak hartuko dituzte (Markos 10:6-9).

17 Jendeak ezkontza ohitura batzuek bikoteari zorte ona ekarriko diotela uste du (Isaias 65:11). Adibidez, toki batzuetan arroza edo antzeko gauzaren bat botatzen diete ezkonberriei. Honelako gauzak egiteak bikoteari haurrak, zoriontasuna eta bizitza luzea ekarriko diela eta gaitzetik babestuko dituela uste dute. Baina kristauek erlijio faltsuarekin lotura duten ohitura guztiak baztertzen dituzte (Irakurri 2 Korintoarrei 6:14-18).

18. Zer beste biblia⁠-⁠printzipio jarraitu behar dira ezkontzetan?

18 Bikote kristauak ezkontza une pozgarria, duina eta gonbidatuentzat atsegina izatea nahi du. Gonbidatuek ez dizkiete ezkonberriei edo beste gonbidatuei hitz desatseginik, lizunik edo errespetu gaberik esan behar (Esaera Zaharrak 26:18, 19; Lukas 6:31; 10:27). Gainera, ezkontza kristauak ez du «aberastasunen harrokeria» azaldu behar (1 Joan 2:16). Beraz, ezkontza prestatzen ari bazara, atzera begiratzen duzunean oroitzapen atseginak izango dituzula ziurtatu (Ikusi 28. oharra).

TOPA EGITEAREN JATORRIA

19, 20. Zer jatorri du topa egiteak?

19 Topa egitea ezkontzetan eta beste une batzuetan izan ohi den ohitura da, hau da, norbaitek desira bat eskatzea besteek kopak altxatzen dituzten bitartean. Zer ikuspuntu dute kristauek honi buruz?

20 Alkohola eta kulturari buruzko eskuliburu baten arabera, topa egitea jainko faltsuei odola edo ardoa eskaintzeko antzinako ohitura paganotik dator seguruenik. Eskaintza hau «desira baten truke egiten zen, “Zure osasunera!” edo “Luze bizi!” hitzak erabiliz» (International Handbook on Alcohol and Culture). Antzina, jendeak kopak altxatzen zituen jainkoei bedeinkapena eskatzeko. Baina hau ez da Jehobak gizakiak bedeinkatzeko erabiltzen duen modua (Joan 14:6; 16:23).

«GORROTA EZAZUE GAIZKIA, MAITA ONGIA»

21. Zer beste ospakizun baztertu behar dituzte kristauek?

21 Ospakizun batean parte hartu ala ez erabakitzen ari zarenean, pentsatu zer⁠-⁠nolako jarrera eta jokaerak bultzatzen dituen. Adibidez, ospakizun eta festa batzuetan dantza erotikoak egin, neurrigabe edan eta moralgabe ere jokatzen da. Horrelako ospakizunek bizimodu homosexuala edo abertzaletasuna sustatu dezakete. Mota honetako ospakizunetan parte hartzen badugu, Jehobak gorroto duena gorrotatzen ariko ote gara? (1. Salmoa 1, 2; 119. Salmoa 37; Amos 5:15).

22. Zerk lagunduko digu kristauoi ospakizun batean parte hartu ala ez erabakitzen?

22 Kristauak Jainkoari ohore ematen ez dion edozein ospakizun baztertu behar du. Paulo apostoluak honakoa idatzi zuen: «Nahiz jan, nahiz edan, nahiz beste edozer egin, egizue dena Jainkoaren aintzarako» (1 Korintoarrei 10:31; ikusi 29. oharra). Noski, ospakizun guztiek ez dute moralgabekeria, erlijio faltsua edo abertzaletasunarekin zerikusirik. Ospakizunak ez badu biblia⁠-⁠printzipiorik hausten, norberak erabakiko du parte hartuko duen ala ez. Era berean, gure erabakiak besteengan izango duen eragina kontuan hartuko dugu.

JEHOBARI OHORE EMAN HIZKERA ETA EKINTZEKIN

23, 24. Nola adieraziko diezu modu aproposean Lekukoak ez diren senitartekoei jai batzuk ez dituzula ospatuko?

23 Seguruenik Jehobari ohore ematen ez dioten ospakizunak dagoeneko ez dituzu ospatzen. Horregatik Jehobaren lekukoak ez diren senitarteko batzuek beraiekin egon nahi ez duzula edo atsegin ez dituzula pentsa dezakete. Familia osoa jaiegunetan bakarrik elkartu daitekeela uste dute agian. Zer egin dezakezu orduan? Maite dituzula eta zuretzat garrantzitsuak direla adierazteko modu asko dago (Esaera Zaharrak 11:25; Kohelet 3:12, 13). Adibidez, beste egun batean elkarrekin egotera gonbidatu ditzakezu.

24 Senitartekoek jai batzuk zuretzat onargarriak zergatik ez diren jakin nahi badute, gure argitalpenetan eta jw.org⁠-⁠n informazioa bilatu dezakezu beraiekin arrazoitzeko. Erakutsi iezaiezu zure asmoa ez dela inolako eztabaidarik irabaztea edo zuk bezala pentsaraztea. Gainera, ondo aztertu ostean zuk zeuk hartu duzun erabakia dela adierazi. Lasai egon eta hizkera «atsegina eta gatzduna» erabili ezazu beti (Kolosarrei 4:6).

25, 26. Zer egin dezakete gurasoek seme⁠-⁠alabei Jehobaren arauak maitatzen laguntzeko?

25 Oso garrantzitsua da ospakizun jakin batzuetan zergatik parte hartzen ez dugun argi eta garbi ulertzea (Hebrearrei 5:14). Gure helburua Jehobaren onespena izatea da. Gainera, gurasoak bagara, biblia⁠-⁠printzipioak ulertzen eta maitatzen lagundu behar diegu gure seme⁠-⁠alabei. Jehoba benetakoa dela ulertzen dutenean, beraiek ere poztu nahi izango dute (Isaias 48:17, 18; 1 Pedro 3:15, 16).

26 Jehoba poztu egiten da bera garbi eta «egiaren arabera» gurtzeko ahal dugun guztia egiten dugunean (Joan 4:23). Baina gezurra hain ohikoa den mundu honetan zintzo jokatzea ezinezkoa dela uste du jende askok. Horrela ote da? Aztertu dezagun hurrengo kapituluan.

^ Ospakizun zehatz bati buruz informazio gehiago nahi baduzu jo Watchtower ONLINE LIBURUTEGIA⁠-⁠ra eta jw.org⁠-⁠ra.