Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

3. KAPITULUA

Jainkoa maite duten lagunak aukeratu

Jainkoa maite duten lagunak aukeratu

«Zuhurrekin ibiltzen dena zuhur bihurtzen da» (ESAERA ZAHARRAK 13:20).

1-3. a) Zer ikasi dezakegu Esaera Zaharrak 13:20⁠tik? b) Zergatik aukeratu behar ditugu zentzuz lagunak?

 IKUSI al duzu inoiz nola begiratzen dien haurtxo batek bere gurasoei? Hitz egiten hasi baino lehen, ikusten eta entzuten duen guztia xurgatzen du esponjaren antzera. Hazten doan heinean, ohartu gabe bere gurasoak imitatzen hasten da. Era berean, pertsona helduek ere norbaitekin denbora asko pasatzen badute, seguruenik horrek bezala pentsatu eta jokatuko dute.

2 Esaera Zaharrak 13:20⁠ak dio: «Zuhurrekin ibiltzen dena zuhur bihurtzen da». Hemen, norbaitekin ibiltzeak harekin denbora gehiago igaro nahi izatea esan nahi du. Norbaiten ondoan egotea baino gehiago da. Biblia⁠-⁠aditu batek norbaitekin ibiltzea pertsona hori maitatzea eta berarengandik gertu sentitzea dela esan zuen. Denbora norekin pasa, haren eragina izango dugu gehienbat, bereziki berarengandik gertu sentitzen bagara.

3 Gure lagunek eragin ona edo txarra izan dezakete gugan. Esaera Zaharrak 13:20⁠ak honela jarraitzen du: «Zentzugabeekin elkartzen dena galbidean jartzen». Hebrear hizkuntzan, norbaitekin elkartzeak horren laguna izatea adierazi dezake (Esaera Zaharrak 22:24; Epaileak 14:20). Jainkoa maite duten lagunek Jainkoari leial izatera animatuko gaituzte. Gure lagunak zentzuz aukeratzen laguntzeko, ikus dezagun zer⁠-⁠nolako lagunak aukeratzen dituen Jehobak.

NORTZUK DIRA JAINKOAREN LAGUNAK?

4. a) Zergatik da ohore izugarria Jainkoaren laguna izatea? b) Zergatik deitu zion Jehobak Abrahami «adiskide»?

4 Jehobak, unibertsoaren Subiranoak, bere lagunak izateko aukera ematen digu. Ohore izugarria da hau. Jehobak kontu handiz aukeratzen ditu bere lagunak. Izan ere, bera maite dutenak eta berarengan fedea ipintzen dutenak aukeratzen ditu. Abrahamengan pentsatu. Jainkoaren alde edozer gauza egiteko prest egon zen. Behin eta berriz leiala eta esanekoa zela erakutsi zuen. Adibidez, bere seme Isaak erre oparitzat eskaintzeko prest ere egon zen. Abrahamek «Jainkoa gauza dela hilak pizteko ere» sinesten zuen (Hebrearrei 11:17-19; Hasiera 22:1, 2, 9-13). Leiala eta esanekoa zenez, Jehobak «adiskide» deitu zion (Isaias 41:8; Santiago 2:21-23).

5. Zer iritzi du Jehobak bere lagun leialei buruz?

5 Jehobarentzat lagunak oso baliotsuak dira eta hauentzat Jehobari leial izatea beste ezer baino garrantzitsuagoa da (Irakurri 2 Samuel 22:26). Jainkoa maite dutenez, leialak eta esanekoak dira. Bibliak dio Jainkoak «bere konfiantza [...] zuzenari» ematen diola (Esaera Zaharrak 3:32). Jehobak gonbidapen bikaina luzatzen die bere lagunei: bere «etxean» gonbidatu bereziak izatea. Edozein unetan bera gurtzera eta otoitz egitera gonbidatzen ditu (15. Salmoa 1-5).

6. Nola erakutsi dezakegu Jesus maite dugula?

6 Jesusek hau esan zuen: «Maite nauenak onartuko du nire mezua; nire Aitak maite izango du» (Joan 14:23). Jehobaren lagun izan nahi badugu, Jesus ere maitatu behar dugu eta berak esandakoa bete. Esaterako, berri onak zabaltzeko eta ikasleak egiteko Jesusen agindua betetzen dugu (Mateo 28:19, 20; Joan 14:15, 21). Jesus maite dugunez, bere «urratsei jarraituz» gabiltza (1 Pedro 2:21). Jehoba asko pozten da gure hitz eta ekintza guztiekin Jesus imitatzeko ahal dugun guztia egiten dugula ikusten duenean.

7. Zergatik ziurtatu behar dugu gure lagunak Jehobaren lagunak direla?

7 Jehobaren lagunek bere Semea maitatu eta fedea dute. Gainera, leialak eta esanekoak dira. Aukeratzen al dugu guk Jehobak aukeratzen duen lagun mota berdina? Jesus imitatu eta Jainkoaren Erreinuari buruz irakasten lanpetuta dauden lagunak badituzu, zure izaera hobetzen eta Jehobari leial mantentzen lagunduko dizute.

BIBLIAKO EREDUETATIK IKASI

8. Zer gustatzen zaizu Rut eta Noemiren arteko adiskidetasunetik?

8 Biblian adiskidetasun eredu ugari azaltzen dira, adibidez Rut eta bere amaginarreba Noemiren artekoa. Emakume hauek herri eta jatorri desberdinetakoak ziren eta Noemi Rut baino askoz ere zaharragoa zen. Baina lagun minak ziren, biek Jehoba maite baitzuten. Noemik Moab lurraldea atzean utzi eta Israelera itzuli nahi izan zuenean, Rut «amaginarrebarekin gelditu zen». Hauxe esan zion Noemiri: «Zure herria zein, huraxe izango da nirea ere; zure Jainkoa zein, huraxe nirea ere» (Rut 1:14, 16). Rut oso ona izan zen Noemirekin. Israelera iristean Rutek gogor egin zuen lan bere laguna zaintzeko. Noemik asko maite zuen Rut eta aholku onak eman zizkion. Rutek hauek jarraitu zituen eta, honen ondorioz, biek bedeinkapen ugari jaso zituzten (Rut 3:6).

9. Zer da deigarria Jonatan eta Dabiden arteko adiskidetasunean?

9 Jehobari leial izan ziren lagunen beste adibide bat Dabid eta Jonatan izan ziren. Jonatanek Dabidek baino 30 urte gehiago zituen eta, gainera, Israelgo hurrengo erregea izatekoa zen (1 Samuel 17:33; 31:2; 2 Samuel 5:4). Hala ere, Jehobak Dabid errege izateko aukeratu zuela jakin zuenean, ez zen jeloskortu eta lehia bizian hasi. Horren ordez, Jonatanek Dabid laguntzeko edozer gauza egin zuen. Esaterako, Dabid arriskuan zegoenean, Jonatanek Jehobarengan konfiantza izaten lagundu zion. Bere bizia Dabiden alde arriskuan ipintzera iritsi zen (1 Samuel 23:16, 17). Dabid ere lagun leiala izan zen. Jonatanen familiaz arduratuko zela promestu zuen eta, Jonatan hil ondoren ere, promesa horri eutsi zion (1 Samuel 18:1; 20:15-17, 30-34; 2 Samuel 9:1-7).

10. Zer ikasi dezakezu adiskidetasunari buruz hiru hebrearren eredua aztertzean?

10 Xadrak, Mexak eta Abed⁠-⁠Nego gazte hebrearrak haurtzaroan Babiloniara eramandako hiru lagun ziren. Nahiz eta familia urrun izan, Jehobari leial izaten lagundu zioten batak besteari. Heldutasunera iristean, haien fedea probapean ipini zen: Nabukodonosor erregeak urrezko irudi bat gurtzeko agindu zien. Xadrak, Mexak eta Abed⁠-⁠Negok ez zuten irudia gurtu nahi izan eta honakoa esan zioten erregeari: «Jakin ezazu, errege jauna, ez ditugula zerbitzatuko zure jainkoak, ezta gurtuko ere zuk eraiki duzun urrezko irudia». Haien fedea probapean ipintzean, hiru adiskide hauek Jainkoari leial mantendu ziren (Daniel 1:1-17; 3:12, 16-28).

11. Zegatik ziren Paulo eta Timoteo lagun minak?

11 Paulo apostoluak Timoteo gaztea ezagutu zuenean, Jehoba maite zuela eta kongregazioaz bene⁠-⁠benetan arduratzen zela ikusi zuen. Hortaz, leku askotako anai⁠-⁠arrebak laguntzeko trebatu zuen (Eginak 16:1-8; 17:10-14). «Berri onaren zerbitzuan» berarekin batera gogor lan egin zuela esan zuen Timoteori buruz. Paulok, gainera, bazekien Timoteo anai⁠-⁠arreben alde «benetan arduratzen» zela. Paulo eta Timoteok gogor egin zuten lan elkarrekin Jehoba zerbitzatzen eta lagun min bihurtu ziren (Filipoarrei 2:20-22; 1 Korintoarrei 4:17).

NOLA AUKERATU DITZAKEGU LAGUNAK?

12, 13. a) Zergatik aukeratu behar ditugu lagunak kontu handiz kongregazioan ere? b) Zergatik eman zuen Paulo apostoluak 1 Korintoarrei 15:33⁠ko abisua?

12 Kongregazio barruan, gure anai⁠-⁠arrebengandik ikasi dezakegu, baita leial izaten elkarri lagundu ere (Irakurri Erromatarrei 1:11, 12). Kontuz ibili behar dugu gure lagun minak nortzuk izango diren erabakitzean, baita kongregazioan ere. Kultura eta jatorri askotako anai⁠-⁠arreben artean lagunak egiteko aukera polita dugu. Batzuk berriak dira kongregazioan; beste batzuek Jehoba urte askotan zehar zerbitzatu dute. Fruituek heltzeko denbora behar duten bezala, Jehobarekin dugun harremana estutzeko ere denbora pasa behar da. Beraz, pazientzia eta maitasuna erakutsi behar diogu elkarri eta lagunak beti zentzuz aukeratu behar ditugu (Erromatarrei 14:1; 15:1; Hebrearrei 5:12–6:3).

13 Noizean behin egoera larriren bat gerta daiteke kongregazioan eta kontu handia izan behar genuke. Agian anaia edo arrebaren bat Bibliaren arabera gaizki dagoena egiten dabil. Edo beste norbait beti kexaka ibili daiteke kongregazioari min eginez. Gauza hauek ez gaituzte harritzen, lehen mendeko kongregazioetan ere noizbehinka arazoak baitzeuden. Hortaz, Paulo apostoluak abisu hau eman zien kristauei: «Lagun txarrek ohitura onak usteldu egiten dituzte» (1 Korintoarrei 15:12, 33). Paulok Timoteori ere bere lagun minak nortzuk izango ziren erabakitzean kontuz ibiltzeko eskatu zion. Berdin⁠-⁠berdin egin behar genuke gaur egun (Irakurri 2 Timoteori 2:20-22).

14. Zer eragin dute aukeratzen ditugun lagunek Jehobarekin dugun harremanean?

14 Jehobarekin dugun harremana babestu behar dugu, izan dezakegun altxorrik baliotsuena baita. Horregatik gure fedea ahuldu eta harreman hori hondatu dezaketenen lagun minak ez izatea erabakitzen dugu. Beteko ote da esponja bat urez ozpinean sartuz gero? Ez, noski. Era berean, gauza txarrak egiten dituzten lagunak baditugu, ez zaigu erraza egingo ongi jokatzea. Hortaz, beharrezkoa dugu lagun minak kontuz aukeratzea (1 Korintoarrei 5:6; 2 Tesalonikarrei 3:6, 7, 14).

Jehoba maite duten lagun onak aurki ditzakezu

15. Zer egin dezakezu kongregazioan lagun onak izateko?

15 Kongregazioan Jehoba benetan maite duen jendea topatuko duzu. Zure lagun minak izatera iritsi daitezke (133. Salmoa 1). Ez bilatu zure adineko edo zure jatorri berbera duten lagunak bakarrik. Gogora ezazu Jonatan Dabid baino askoz ere zaharragoa eta Rut Noemi baino askoz ere gazteagoa zela. Bibliako aholku hau jarraitu nahi dugu: «Zabaldu zuek ere zeuen bihotzak» (2 Korintoarrei 6:13; irakurri 1 Pedro 2:17). Jehoba gero eta gehiago imitatzen baduzu, askok zure lagun izan nahiko dute.

NOLA JOKATU DEZAKEGU ARAZOAK SORTZEAN?

16, 17. Kongregazioko norbaitek huts egiten badigu, zer ez genuke egin behar?

16 Familia guztietan izaera, iritzi eta jokaera desberdinak daude. Berdin⁠-⁠berdin gertatzen da kongregazioan ere. Aniztasun honek bizitza interesgarria egiteaz gain, elkarrengandik ikasteko aukera ematen digu. Hala ere, desberdintasun hauek gure anai⁠-⁠arrebekin gaizki ulertuak sortu ditzakete eta beraiekin haserretzea gerta daiteke. Batzuetan irainduta edo minduta sentitu gaitezke (Esaera Zaharrak 12:18). Atsekabetuta sentitu edo kongregaziotik aldendu behar al ginateke arazo hauengatik?

17 Ez. Nahiz eta norbaitek modu batera edo bestera huts egin, ez gara kongregaziotik aldenduko. Ez da Jehoba izan mindu gaituena. Bizia eta beste gauza guztiak eman dizkigunez, gure maitasuna eta leialtasuna merezi du (Apokalipsia 4:11). Fede sendoa izaten laguntzeko Jehobak eman digun oparia da kongregazioa (Hebrearrei 13:17). Opari hau ez genuke sekula baztertu behar norbaitek huts egin digulako soilik (Irakurri 119. Salmoa 165).

18. a) Zerk lagunduko digu gure anai⁠-⁠arrebekin ongi moldatzen? b) Zergatik da beharrezkoa barkatzea?

18 Anai⁠-⁠arrebak maite ditugunez, hauekin ongi moldatu nahi dugu. Jehobak ez du gizakiok perfektu izaterik espero eta guk ere ez genuke besteengandik hori espero behar (Esaera Zaharrak 17:9; 1 Pedro 4:8). Denok egiten ditugu akatsak, baina maitasunak batak besteari barkatzen lagunduko digu (Kolosarrei 3:13). Maitasunak ez du utziko gaizki ulertze txiki bat arazo larri bihurtu dadin. Norbaitek mindu gaituenean egia da zaila izan daitekeela horretan pentsatzen ez jarraitzea. Erraza da harekin haserretzea eta ezinikusia izatea, baina horrela jokatzeak triste eta saminduta sentitzea besterik ez du lortuko. Bestalde, mindu gaituena barkatzen badugu, barneko bakea, kongregazioan batasuna eta, garrantzitsuena, Jehobarekin harreman ona izango dugu (Mateo 6:14, 15; Lukas 17:3, 4; Erromatarrei 14:19).

NOLA JOKATU BEHAR DUGU NORBAIT KANPORATUA IZATEAN?

19. Noiz utzi behar diogu kongregazioko norbaitekin elkartzeari?

19 Elkar maite duten familietan kide bakoitza besteak zoriontsu egiten saiatzen da. Baina pentsa ezazu kideetako bat errebelde bilakatzen dela. Guztiak saiatzen dira hari behin eta berriro laguntzen, baina berak uko egiten dio laguntzari. Etxetik joatea erabaki dezake edo familiaburuak etxetik joateko eska diezaioke. Antzeko zerbait gerta daiteke kongregazioan. Anaia edo arreba batek Jehobari gustatzen ez zaizkion gauzak egitea aukeratu dezake, kongregazioari kalte eginez. Ematen zaion laguntza ukatu eta bere ekintzen bidez aurrerantzean ez duela kongregazioaren parte izan nahi erakusten du. Kongregazioa uztea erabaki dezake edo kanporatua izan daiteke. Honelakorik gertatzen bada, Bibliak argi dio hauekin «ez elkartzeko» (Irakurri 1 Korintoarrei 5:11-13; 2 Joan 9-11). Hau egitea oso zaila izan daiteke kanporatua laguna edo senitartekoa bada. Halako egoeratan, Jehobari diogun leialtasuna beste inori dioguna baino sendoagoa izan behar da. (Ikusi 8. oharra).

20, 21. a) Nola erakusten du maitasuna kanporatzearen antolaketak? b) Zergatik da garrantzitsua lagunak kontu handiz aukeratzea?

20 Kanporatzea Jehobak maitasunez antolatutako neurria da. Kongregazioa bere arauak obeditzen ez dituztenengandik babesten du (1 Korintoarrei 5:7; Hebrearrei 12:15, 16). Jainkoaren izen sakratuari, bere arau gorenei eta Jehoba berari maitasuna erakusten laguntzen digu (1 Pedro 1:15, 16). Kanporatzearen antolaketak dagoeneko kongregazioaren parte ez den pertsonari ere erakusten dio maitasuna. Diziplina sendo honek gaizki jokatzen ari dela konturatzen lagundu diezaioke, behar diren aldaketak egitera bultzatuz. Kanporatuak izan diren asko denborarekin Jehobarengana itzuli dira eta harrera beroa eman zaie kongregazioan (Hebrearrei 12:11).

21 Modu batera edo bestera, lagunek eragina dute gugan. Beraz, lagunak kontu handiz aukeratzea garrantzitsua da. Jehobak maite dituenak maite baditugu, berari betiko leial izaten lagunduko digun jendeaz inguratuko gara.