Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

7. KAPITULUA

Jainkoak ematen dion balioa ematen al diozu biziari?

Jainkoak ematen dion balioa ematen al diozu biziari?

«Zuregan da biziaren iturria» (36. SALMOA 10 [36:9, NW ]).

1, 2. a) Zer opari baliotsu egin digu Jehobak? b) Zer eman digu Jehobak bizitzarik hoberena izan dezagun?

 JEHOBAK opari zoragarria egin digu guztioi: bizia (Hasiera 1:27). Bere nahia guk bizitzarik hoberena izatea denez, erabaki onak hartzen irakasten diguten printzipioak eman dizkigu. Printzipio hauek «ona eta txarra bereizteko» erabili behar genituzke (Hebrearrei 5:14). Hau egiten dugunean, Jehobak zuzen pentsatzen irakasten digu. Jainkoaren printzipioak jarraitzean bizitza hobetzen digutela nabari dugun heinean, benetan baliotsuak direla ikusten dugu.

2 Bizitza oso zaila izan daiteke. Askotan gerta liteke biblia⁠-⁠legeek egoera baten aurrean zer egin ez zehaztea. Esaterako, odolaren erabilerarekin lotutako medikuntza⁠-⁠tratamenduei dagokienez, nola hartu ditzakegu Jehobak atsegin dituen erabakiak? Jehobak bizia eta odolari buruz duen ikuspuntua erakusten duten printzipioak daude Biblian. Hauek ulertzen baditugu, erabaki onak hartu eta kontzientzia garbia izango dugu (Esaera Zaharrak 2:6-11). Azter ditzagun printzipio horietako batzuk.

ZER IKUSPUNTU DU JAINKOAK ODOLA ETA BIZIARI BURUZ?

3, 4. a) Nola erakutsi zuen Jainkoak odolari buruz duen ikuspuntua? b) Zer irudikatzen du odolak?

3 Bibliak odola sakratua dela irakasten du bizia irudikatzen baitu. Bizia Jehobarentzat oso baliotsua da. Kainek anaia hiltzean, Jehobak honakoa esan zion: «Hire anaiaren odola lurretik oihuka ari zaidak» (Hasiera 4:10). Abelen odolak bere bizia irudikatzen zuenez, Kainek Abel hil zuenean bizia kendu zion.

4 Noeren garaiko uholdearen ondoren, Jainkoak haragia jan zezaketela esan zien gizakiei. Baina honakoa zehaztu zien: «Ez duzue haragia odolarekin jango» (Hasiera 9:4). Agindu hau Noeren ondorengo guztiok bete behar dugu. Argi dago, Jehobarentzako odolak bizia irudikatzen du eta odolari buruzko ikuspuntu bera izan behar dugu guk ere (36. Salmoa 10 [36:9, NW ]).

5, 6. Nola erakutsi zuen Moisesen Legeak Jehobak bizia eta odolari buruz duen ikuspuntua?

5 Jehobak Moisesi eman zion legean «norbaitek odola jaten» bazuen, honi aurre egin eta bizia kenduko ziola esan zuen. Izan ere, «haragiaren bizia odolean da» (Lebitarrena 17:10, 11, BS).

6 Norbaitek animalia bat jateko hiltzen bazuen, odola lurrera isuri behar zuela agintzen zuen Moisesen Legeak. Animaliaren odola sakratua zela eta Jehobarena zela erakusten zuen ekintza honek (Deuteronomioa 12:16; Ezekiel 18:4). Baina Jehobak ez zuen espero israeldarrek animaliak odolustean azken tanta ere kentzea. Odolusteko ahal zuten dena eginez gero, haragia kontzientzia garbiarekin jan ahal izango zuten. Animalien odola errespetatzen zutela erakustean, biziaren emaileari, Jehobari ere errespetua erakusten zioten. Gainera, Legeak animaliak eskaintzeko agintzen zien israeldarrei bekatuak barkatuak izateko (Ikusi 19. eta 20. oharrak).

7. Nola erakutsi zuen Dabidek odola errespetatzen zuela?

7 Ikus dezagun odolak duen balioa Dabidi filistearren aurka borrokan ari zela gertatutakoa aztertuz. Bere gizonek egarri zela ikustean, etsaien kanpalekura joan eta biziak arriskatu zituzten ura lortzeko. Baina ura eraman ziotenean, Dabidek ez zuen edan nahi izan eta «isuri egin zuen Jaunarentzako eskaintza bezala». Hau esan zuen: «Libra nazala Jaunak ur hau edatetik! Gizon horien odola edatea izango litzateke, beren bizia arriskatuz joan baitira». Dabidentzako urak bere gizonen bizia irudikatzen zuen. Hortaz, bizia eta odola Jainkoarentzat oso baliotsuak direla ulertu zuen (2 Samuel 23:15-17).

8, 9. Zer ikuspuntu dute gaur egungo kristauek odolari buruz?

8 Lehen kristauen garairako ez zegoen animaliak eskaintzeko beharrik. Baina odolari buruzko ikuspuntu zuzena izaten jarraitu behar zuten. Jehobak Legearen zenbait zati obeditzen jarraitzeko agindu zien, hauen artean: «Ez dezazuela jan [...] odolik». Moralgabekeria eta idolatria baztertzea bezain garrantzitsua zen lege hura (Eginak 15:28, 29).

Nola azalduko dut odol⁠-⁠frakzioei buruz hartu dudan erabakia?

9 Gaur egun ere, kristauok Jehoba biziaren iturria dela eta bizi guztiak bereak direla dakigu. Era berean, odola sakratua dela eta bizia irudikatzen duela dakigu. Beraz, odolaren erabilerarekin lotutako medikuntza⁠-⁠tratamenduei buruzko erabakiak hartzean, biblia⁠-⁠printzipioak aztertu behar ditugu.

ODOLAREN ERABILERA MEDIKUNTZAN

10, 11. a) Zer ikuspuntu dute Jehobaren lekukoek odolaren edo odolaren lau osagai nagusien transfusioei buruz? b) Zer erabaki hartu behar ditu kristau bakoitzak?

10 «Ez dezazuela jan [...] odolik» aginduaren esanahia odolik ez jatea baino zabalagoa dela ulertzen dute Jehobaren lekukoek. Agindu honen barne honakoak daude: odol⁠-⁠transfusiorik ez onartzea, odolik ez ematea eta geure buruari beranduago transfusioa egiteko gure odola ez biltegiratzea. Gainera, odolaren lau osagai nagusien transfusiorik ez onartzea ere esan nahi du, hau da, globulu gorriak, globulu zuriak, plaketak eta plasma.

11 Odolaren lau osagai nagusi hauek odol⁠-⁠frakzio deitzen zaien zati txikiagotan banandu daitezke. Kristau bakoitzak erabaki behar du odol⁠-⁠frakzio horiek onartu ala ez. Berdin gertatzen da gaixoaren odola erabiltzen duten medikuntza⁠-⁠prozedurekin. Bakoitzak erabaki behar du ebakuntza, medikuntza proba edo tratamenduan zehar bere odola nola erabiliko den (Ikusi 21. oharra).

12. a) Zergatik dira garrantzitsuak Jehobarentzat kontzientzia⁠-⁠gaietan hartzen ditugun erabakiak? b) Nola hartu ditzakegu erabaki onak medikuntza⁠-⁠tratamenduen inguruan?

12 Axola al zaizkio Jehobari kontzientzia⁠-⁠gaietan hartzen ditugun erabakiak? Bai. Zergatik? Bihotzean duguna erakusten dutelako eta Jehobak pentsatzen eta sentitzen dugunari buruz interes bizia duelako (Irakurri Esaera Zaharrak 21:2; 24:12). Beraz, medikuntza⁠-⁠tratamendu bati buruzko erabakia hartu behar dugunean, Jehobari otoitz egin behar diogu gida eskatuz eta, ondoren, tratamendua aztertu. Gero, Bibliak trebatutako kontzientzia erabiliko dugu erabakia hartzeko. Ez diogu beste inori galdetuko gure tokian balego zer egingo lukeen eta inork ez luke gure erabakian eraginik izaten saiatu behar. Izan ere, kristau bakoitzak «bere zama eraman beharko baitu» (Galaziarrei 6:5; Erromatarrei 14:12).

JEHOBAREN LEGEEK DIGUN MAITASUNA ERAKUSTEN DUTE

13. Zer irakasten digute Jehobari buruz odolarekin lotutako bere lege eta printzipioek?

13 Jehobak egiteko eskatzen digun guztia gure onerako da eta maite gaituela erakusten du (19. Salmoa 8-12 [19:7-11, NW ]). Hala ere, ez dugu obeditzen bere aginduak gure onerako direlako soilik. Maite dugulako obeditzen dugu eta maitasun horrek odol⁠-⁠transfusiorik ez hartzera bultzatzen gaitu (Eginak 15:20). Hau egiteak, gainera, gure osasuna zaintzen du. Izan ere, askok odol⁠-⁠transfusioen zenbait arrisku ezagutzen dituzte eta mediku askok ebakuntzak odolik gabe egitea gaixoaren osasunarentzat hobea dela pentsatzen dute. Beraz, argi dago Jehobak gurekin duen jokabidea maitekorra eta zuhurra dela (Irakurri Isaias 55:9; Joan 14:21, 23).

14, 15. a) Zer lege eman zituen Jehobak bere herria babesteko? b) Nola jarraitu ditzakezu lege horiei lotutako printzipioak?

14 Jainkoaren legeak bere herriaren onerako izan dira beti. Jehobak istripu larrietatik babesteko legeak eman zizkien israeldarrei. Esaterako, etxeko jabeek etxe gainean babes edo horma txiki bat eraiki behar zuten inor ez erortzeko (Deuteronomioa 22:8). Beste lege bat animaliei buruzkoa zen. Norbaitek adarkatzen zuen idia izanez gero, kontrolpean izateko ardura zuen inor eraso edo hil ez zezan (Irteera 21:28, 29). Israeldarren batek lege horiek ez bazituen betetzen, norbait hilez gero, bere errua izango zen.

15 Lege hauen bidez bizia Jehobarentzat oso baliotsua dela ikusi dezakegu. Zer eragin izan behar luke gugan hau jakiteak? Bizia errespetatzen dugula erakutsi behar genuke etxea eta ibilgailua ondo zainduz, kontu handiz gidatuz eta aisialdia ondo aukeratuz. Batzuei, gazteei batez ere, ezer txarrik ez zaiela gertatuko iruditzen zaie eta euren burua arriskuan jartzen dute kalteetan pentsatu gabe. Baina Jehobak ez du guk horrela jokatzerik nahi. Gure bizia eta besteena balioestea nahi du (Kohelet 11:9, 10).

16. Zer iruditzen zaio Jehobari abortua?

16 Gizaki guztien bizia garrantzitsua da Jehobarentzat. Haur jaiogabea ere oso baliotsua da beretzat. Moisesen Legearen arabera, norbaitek nahigabe haurdun zegoen emakume bati min egin ondoren emakumea edo haurra hiltzen bazen, Jehobarentzat pertsona hori nahigabe eginiko gizahilketaren erruduna zen. Nahiz eta istripua izan, norbait hil zenez, bizia biziaren ordain eman beharra zegoela esan nahi zuen lege horrek (Irakurri Irteera 21:22, oharra, 23). Jainkoarentzat haur jaiogabea gizaki biziduna da. Hori jakinda, zer sentituko ote du abortuari buruz? Zer sentituko ote du urtero milioika haur jaiogabe hiltzen dituztela ikustean?

17. Zerk kontsolatu dezake Jehoba ezagutu aurretik abortatu zuen emakumea?

17 Zer gertatzen da emakume batek Jehobaren ikuspuntua ezagutu aurretik abortatu bazuen? Ziur egon daiteke Jehobaren barkamena lortu dezakeela Jesusen eskaintzan oinarrituta (Lukas 5:32; Efesoarrei 1:7). Benetan damuturik badago, ez du errudun sentitzen jarraitu beharrik iraganeko akats horregatik. «Bihozbera eta errukiorra da Jauna [...]. Nola ekialdea mendebaldetik urruti, hala ditu hark gure hobenak [bekatuak] beregandik urruntzen» (103. Salmoa 8-14).

BOTA GORROTOA BIHOTZETIK

18. Zergatik egin behar dugu ahal dugun guztia bihotzetik gorrotoa kentzeko?

18 Jehobak eman digun opariari, hau da, biziari diogun errespetua bihotzean hasten da. Besteekiko sentimenduekin lotuta dago. Joan apostoluak honakoa idatzi zuen: «Bere senideari gorroto diona giza hiltzaile da» (1 Joan 3:15). Ohartu baino lehen, gustuko ez dugun pertsona gorrotatzera iritsi gaitezke. Gorrotoak eraginda, besteei errespetu falta erakutsi, salaketa faltsuak egin edota besteak hilda egon nahi izatera iritsi gaitezke. Jehobak badakizki besteekiko ditugun sentimenduak (Lebitarrena 19:16; Deuteronomioa 19:18-21; Mateo 5:22). Norbait gorrotatzen dugula nabari badugu, gorrotoa bihotzetik kentzeko gogor egin behar dugu lan (Santiago 1:14, 15; 4:1-3).

19. Zer eragin izan behar luke gugan Jehobak indarkeriari buruz duen ikuspuntuak?

19 Bizia balioesten dugula erakusteko beste modu bat badago. Jehobak «gogorkeria⁠-⁠zalea bihotzez gorrotatzen» duela dio 11. Salmoa 5⁠ak. Indarkeria duen aisialdia aukeratzen badugu, indarkeria gustatzen zaigula erakutsiko dugu. Zergatik bete nahiko genuke burua indarkeria duten hitz, ideia edo irudiz? Kontrara, burua pentsamendu garbi eta baketsuz bete nahi dugu (Irakurri Filipoarrei 4:8, 9).

EZ IZAN BIZIARI ERRESPETURIK EZ DIOTEN ERAKUNDEEN PARTE

20-22. a) Zer pentsatzen du Jehobak Satanasen munduari buruz? b) Nola erakusten du Jehobaren herriak ez dela mundukoa?

20 Satanasen munduak ez du bizia errespetatzen eta, hortaz, Jehobak odola isurtzearen, hau da, asasinatzearen errudun dela dio. Mendeetan zehar indar politikoek milioika lagunen heriotza eragin dute, baita Jehobaren lekuko askorena ere. Biblian indar politiko edo gobernu horiek piztia basati eta bortitzekin konparatzen dira (Daniel 8:3, 4, 20-22; Apokalipsia 13:1, 2, 7, 8). Gaur egun, armen salmenta negozio galanta da. Jendeak etekin izugarriak ditu hiltzeko soilik balio duten arma hauek saltzen. Argi dago «mundu osoa Gaiztoaren esku dagoela» (1 Joan 5:19).

21 Baina egiazko kristauak «ez dira mundukoak». Jehobaren herria gerretan eta politika kontuetan neutrala da. Ez du inor hiltzen, ezta hilketekin harremanik duten erakundeen alde egiten ere (Joan 15:19; 17:16). Pertsegitzen dituztenean, kristauek ez dute indarkeriarekin erantzuten. Izan ere, Jesusek etsaiak ere maitatu behar ditugula irakatsi zuen (Mateo 5:44; Erromatarrei 12:17-21).

22 Erlijioa ere milioika lagunen heriotzaren erruduna izan da. Bibliak hau esaten dio Babilonia Handiari, erlijio faltsuaren mundu inperioari: «Zikindua zaude profeta, fededun eta lurrean hilak izan diren guztien odolaz». Ulertzen al duzu Jehobak zergatik agintzen digun «irten Babiloniatik, ene herri»? Jehoba zerbitzatzen dutenak ez dira erlijio faltsuaren parte (Apokalipsia 17:6; 18:2, 4, 24).

23. Zer esan nahi du «irten Babiloniatik» aginduak?

23 «Irten Babiloniatik» aginduak erlijio faltsuaren parte ez garela argi uztea esan nahi du. Adibidez, gure erlijioa zenaren kideen zerrendatik gure izena kentzea eskatu beharko dugu agian. Honetaz gain erlijio faltsuaren ekintza txarrak gorrotatu eta baztertu behar ditugu. Izan ere, moralgabekeria, politika eta diru⁠-⁠gosea onartu eta bultzatzen ditu (Irakurri 97. Salmoa 10; Apokalipsia 18:7, 9, 11-17). Hauen ondorioz milioika lagun hil dira urteetan zehar.

24, 25. Zergatik izan ditzakegu bakea eta kontzientzia garbia Jehoba ezagutzean?

24 Jehoba ezagutu aurretik denok geunden, modu batera edo bestera, Satanasen munduko ekintza txarren alde. Orain ez, ordea. Erreskatea onartu eta bizia Jehobari eskaini diogu. Gainera, «Jaunaren kontsolazio⁠-⁠garaia» gozatzen ari gara. Jehobak atsegin duena egiten ari garela dakigunez, bakea eta kontzientzia garbia ditugu (Eginak 3:19, 20; Isaias 1:18).

25 Biziak errespetatzen ez dituzten erakundeen parte noizbait izan bagara ere, Jehobak erreskatean oinarrituta barkatu ahal izango digu. Bihotzez estimatzen dugu Jehobak emaniko oparia, bizia. Estimu hori besteen alde ahal dugun guztia eginez erakutsi dezakegu. Horretarako, Jehobari buruz ikasten, Satanasen mundua uzten eta Jainkoarekin adiskidetasun estuaz gozatzen lagundu behar diegu (2 Korintoarrei 6:1, 2).

HITZ EGIN BESTEEI ERREINUARI BURUZ

26-28. a) Zer eginkizun berezi eman zion Jehobak Ezekieli? b) Zer egiteko eskatzen digu Jehobak?

26 Antzinako Israelen, Jehobak Ezekiel profetari Jerusalem laster suntsitua izango zela ohartarazteko agindu zion. Gainera, herriari bizirauteko egin behar zuena irakatsi behar zion. Ezekielek ez bazituen ohartarazten, Jehobak bizitza horien erantzule egingo zuen (Ezekiel 33:7-9). Ezekielek mezu garrantzitsu hori zabaltzeko ahal zuen guztia egitean, bizia estimatzen zuela erakutsi zuen.

27 Jehobak guri ere eginkizun hau eman digu: Satanasen mundua laster suntsitua izango dela ohartaraztea. Gainera, Jehoba ezagutzen eta mundu berrian egoteko bizirauten lagundu behar diegu (Isaias 61:2; Mateo 24:14). Mezu hori besteei zabaltzeko ahal dugun guztia egin nahi dugu. Paulo apostoluak denen odoletik garbi zegoela esan zuen, ez baitzion «inoiz uko egin Jainkoaren asmoa oso⁠-⁠osorik» adierazteari. Guk ere horixe esan nahi dugu (Eginak 20:26, 27).

28 Garbiak izan behar dugun beste alderdi batzuk ere badaude. Hurrengo kapituluan aztertuko ditugu.