Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

16. KAPITULUA

Egiozu aurre Deabruari

Egiozu aurre Deabruari

«Egiozue aurre deabruari, eta ihes egingo du zuengandik» (SANTIAGO 4:7).

1, 2. Zer ezagutu behar dugu Satanas eta bere deabruez?

 JEHOBAREN mundu berrian bizitza zoragarria izango da. Jainkoak nahi bezala biziko gara azkenik. Baina momentuz Satanas eta deabruen menpean dagoen munduan bizi gara (2 Korintoarrei 4:4). Nahiz eta ez ikusi, hor daude eta oso boteretsuak dira.

2 Kapitulu honetan, Jehobarengandik gertu mantentzen eta Satanasengandik babesten ikasiko dugu. Jehobak lagunduko gaituela promesten digu. Baina Satanas eta deabruek engainatzeko eta erasotzeko erabiltzen dituzten moduak ezagutu behar ditugu.

«GOSEAK DAGOEN LEHOIA BEZALA»

3. Zer lortu nahi du Deabruak?

3 Gizakiek Jehoba arrazoi berekoiengatik gurtzen dutela dio Satanasek. Gainera, gauzak okertzen direnean bera zerbitzatzeari utziko diogula esaten du (Irakurri Job 2:4, 5). Norbaitek Jehobari buruz ikasi nahi duela erakusten duenean, Satanas eta deabruak konturatu eta hori galarazten saiatzen dira. Eta pertsonaren bat Jehobari eskaini eta bataiatzen den bakoitzean haserre bizian jartzen dira. Bibliak Deabrua «goseak dagoen lehoia» bezalakoa dela dio, «nor irentsiko» zain (1 Pedro 5:8). Satanasen helburua Jehobarekin dugun adiskidetasuna suntsitzea da (7. Salmoa 2, 3 [7:1, 2, NW ]; 2 Timoteori 3:12).

Satanas haserre bizian dago Jehobari geure burua eskaintzen diogunean

4, 5. a) Zer da Satanasek ezin duena egin? b) Zer esan nahi du Deabruari aurre egiteak?

4 Baina ez dugu Satanas eta bere deabruen beldur izan beharrik. Jehobak mugak jarri dizkio gure aurka egin dezaketenari. «Gizatalde handi bat [...] larrialdi handitik» irtengo dela promesten du Jehobak (Apokalipsia 7:9, 14). Deabruak ezin du deus ere egin hori ez gertatzeko, Jehoba bere herria babesten ari delako.

5 Jehobarengandik hurbil mantentzen bagara, Satanasek ezingo du harreman hori hautsi. Bibliak ziurtatzen digu: «Zuek Jaunarekin bat eginik bazaudete, bera ere zeuekin izango duzue» (2 Kronikak 15:2; irakurri 1 Korintoarrei 10:13). Antzinako gizon⁠-⁠emakume leial askok, Abel, Enok, Noe, Sara eta Moisesek, esaterako, Deabruari aurre egin zioten Jehobarekin zuten harremana mantenduz (Hebrearrei 11:4-40). Berdin egin dezakegu guk ere. Jainkoaren Hitzak hau promesten du: «Egiozue aurre deabruari, eta ihes egingo du zuengandik» (Santiago 4:7).

BORROKAN GAUDE

6. Nola egiten digu eraso Satanasek?

6 Nahiz eta Satanasek Jehobak jarri dizkion mugak ezagutu, ahal duen guztia egingo du Jainkoarekin dugun harremana ahultzeko. Gaur egun, Deabruak hainbat modutan egiten du eraso eta milaka urtetan erabili dituen tranpez baliatzen da. Zeintzuk dira hauetako batzuk?

7. Zergatik ari da erasotzen Satanas Jehobaren herria?

7 «Mundu osoa Gaiztoaren esku dagoela» esan zuen Joan apostoluak (1 Joan 5:19). Satanasek mundu gaizto hau menpean du eta Jehobaren herria ere menperatu nahi luke (Mikeas 4:1; Joan 15:19; Apokalipsia 12:12, 17). Denbora gutxi duela dakienez, saiakera handiak egiten ditu gutako bakoitza Jainkoari desleial izateko. Batzuetan bere erasoak argi ikusi ditzakegu, baina beste batzuetan ez dira hain agerikoak.

8. Zertaz jabetu behar da kristau bakoitza?

8 Efesoarrei 6:12⁠an hau irakurtzen dugu: «Gure borroka, izan ere, ez da hezur⁠-⁠mamizko arerioen aurkakoa, goiko espiritu gaiztoen aurkakoa baizik». Kristau bakoitzak Satanas eta bere deabruen aurkako borroka du. Jehobari geure burua eskaini diogun guztiok borroka honetan gaudela jabetu behar gara. Paulo apostoluak Efesoarrei hiru aldiz azpimarratu zien sendo mantentzeko (Efesoarrei 6:11, 13, 14).

9. Zer egiten saiatzen dira Satanas eta deabruak?

9 Satanas eta deabruak hainbat modutan saiatzen dira gu engainatzen. Satanasi horietako modu batean aurre egiteko gai izateak ez du esan nahi beste batean garaile aterako garenik. Gu harrapatzeko tranpa aproposak aukeratu ahal izateko, Deabrua gure ahuleziak aurkitzen saiatzen da. Baina Bibliak Deabruaren tranpak aldez aurretik erakusten dizkigu horietan ez erortzeko (2 Korintoarrei 2:11; ikusi 31. oharra). Hauetako bat deabrukeria da.

DEABRUENGANDIK URRUN MANTENDU

10. a) Zer da deabrukeria? b) Zer iritzi du Jehobak deabrukeriari buruz?

10 Deabrukeria deabruekin harremanetan jartzea da. Nola jarri gaitezke harremanetan deabruekin? Hainbat praktikaren bidez: etorkizuna igartzea, sorginkeria, aztikeria, hildakoekin hitz egiten saiatzea... Bibliaren arabera, deabrukeria «higuingarri zaio» Jainkoari eta ezin dugu deabrukerian parte hartu eta, era berean, Jehoba gurtu (Deuteronomioa 18:10-12; Apokalipsia 21:8). Kristauek deabrukeria guztiz baztertu behar dute (Erromatarrei 12:9).

11. Zertara bultza gaitzake naturaz gaindiko gauzen jakin⁠-⁠minak?

11 Satanasek badaki naturaz gaindiko gauzen jakin⁠-⁠mina badugu, erraz eroriko garela deabrukeriaren tranpan. Edozein deabrukeria motak Jehobarekin dugun adiskidetasuna suntsituko luke.

SATANAS GU ENGAINATZEKO AZPIKERIATAN DABIL

12. Zer eragin izan nahiko luke Satanasek gure pentsaeran?

12 Satanas jendearen pentsaera nahasten saiatzen da. Apurka⁠-⁠apurka zalantzak sortzen ditu eta, azkenean, jendeak «gaitzari on eta onari gaitz» esaten dio (Isaias 5:20). Deabruak Bibliako aholkuak baliagarriak ez direla eta Jainkoaren arauak ez jarraitzeak zoriontsuago egingo gaituela pentsarazi nahi digu.

13. Nola saiatu da Satanas zalantzak sortzen?

13 Zalantzak zabaltzea Satanasen metodo eraginkorrenetako bat izan da. Denbora luzez ibili da hau erabiltzen. Edengo baratzean, Ebari zalantzak sortarazten saiatu zen hau galdetzean: «Jainkoak esan ote dizue: Ez jan baratzeko zuhaitz guztietatik?» (Hasiera 3:1, IZB). Aurrerago, Joben garaian, Satanasek Jehobari aingeruen aurrean galdetu zion: «Hutsaren truke errespetatzen zaituelakoan ala?» (Job 1:9). Jesus bataiatu ondoren Satanasek erronka bota zion: «Jaungoikoaren semea bazara, esan ezazu, harri horiek ogi egin daitezela» (Mateo 4:3, BJU).

14. Zer egiten du Satanasek jendeari deabrukeria arriskutsua ez dela pentsarazteko?

14 Gaur egun, Deabruak zalantzak sortzen jarraitzen du. Jendeak deabrukeria hain txarra ez dela pentsatzeko, kaltegabeko itxura ematen die deabrukeria mota batzuei. Kristau batzuek ere ez dute arriskurik ikusten (2 Korintoarrei 11:3). Zer egin dezakegu babesteko eta Satanasen azpikeriatan ez erortzeko? Ikusi ditzagun Deabruak engainatzeko erabiltzen dituen bi arlo: aisialdia eta sendabideak.

AISIALDIA ETA SENDABIDEAK

15. Nola jarri gaitezke deabruekin harremanetan aisialdiaren bidez?

15 Gaur egun, bideo, telebistako programa, film, bideo⁠-⁠joko eta webgune askok deabruak, magia eta paranormala dena erakusten dute. Askok gauza hauek dibertigarriak besterik ez direla uste dute eta ez dute ikusten deabruak beraien bizitzan sartzen uzteak duen arriskua. Horoskopoa, eskuak irakurtzea, tarot kartak eta kristalezko bolen bidez nahastu daiteke jendea deabrukerian. Deabruak arriskua ezkutatu eta misteriotsuak edo dibertigarriak direnaren itxura ematen die. Norbaitek zera pentsatu dezake: «Paranormala dena ikustea ez da kaltegarria. Ni ez nabil deabrukeria praktikatzen». Zergatik da pentsaera hau hain arriskutsua? (1 Korintoarrei 10:12).

16. Zergatik baztertu behar dugu paranormala dena erakusten duen aisialdia?

16 Satanas eta deabruek ezin dituzte gure pentsamenduak irakurri. Nola jakin dezakete, orduan, zer pentsatzen eta atsegin dugun? Guretzat eta gure familiarentzat aukeratzen dugunaren bidez, esaterako, zer aisialdi mota aukeratzen dugun ikusiz. Demagun film, musika edo liburu bat aukeratu behar dugula. Zer gertatu daiteke medium, sorgin, banpiro, deabrudun eta honelakoei buruzkoa bada? Satanas eta deabruek beraiei buruzko jakin⁠-⁠mina dugula ikusiko dutela eta, gero, deabrukeria praktikatzera eraman gaitzaketela (Irakurri Galaziarrei 6:7).

17. Nola erabili dezake Satanasek osasuntsu egoteko nahia?

17 Satanas osasuntsu egoteko nahiaz baliatu daiteke. Mundu honetan jende askok osasun eskasa du. Batzuk hainbat sendabiderekin saiatu dira ezertxo ere lortu gabe (Markos 5:25, 26). Etsi⁠-⁠etsian, edozer egiteko prest egon daitezke osasuna berreskuratzeko. Baina kristauok kontuz ibili behar dugu, ez baitugu inongo «aztikeria eta sorginkeria» motarik sendabidetzat aukeratu nahi (Lebitarrena 19:26).

Izan konfiantza Jehobarengan gaixo zaudenean

18. Zer sendabide baztertu behar ditu kristauak?

18 Israelen baziren «aztikeria eta sorginkeria» erabili zituzten batzuk. Jehobak esan zien: «Zuek otoitzerako eskuak altxatzean, beste aldera begira jartzen naiz; nahiz eta zuek eskariak ugaldu, ez dizuet entzuten» (Isaias 1:15). Pentsa, Jehobak ez zituen beraien otoitzak entzun ere egiten! Ez dugu Jehobarekin dugun harremana kaltetu eta bere laguntza galarazi dezakeen ezer egin nahi, gaixo gaudenean bereziki (41. Salmoa 4 [41:3, NW ]). Beraz, sendabide bat aukeratzean, deabrukeria edo naturaz gaindiko botereekin zerikusirik duen ikertu behar dugu (Mateo 6:13). Gauza horiekin lotura izateko arriskurik badu, baztertu dezagun! (Ikusi 32. oharra).

DEABRUEI BURUZKO ISTORIOAK

19. Zerk egin du jende askok Deabruari beldur izatea?

19 Batzuek Satanas eta deabruak ez direla existitzen uste dute; beste batzuek, berriz, izan dituzten bizipenengatik benetakoak direla uste dute. Jende askok espiritu maltzurrei sekulako beldurra die eta superstizio askoren menpean bizi dira. Beste batzuek deabruei beldurra izatea zabaltzen dute gizakiei egindako gauza ikaragarriak kontatuz. Askotan jendea istorio hauekin liluratu eta besteei kontatzeko irrikan izaten da. Honen ondorioz jendeak beldur dio Deabruari.

20. Nola zabaldu ditzakegu Satanasen gezurrak?

20 Zer nahiko luke Satanasek? Jendeak berari beldur izatea (2 Tesalonikarrei 2:9, 10). Gezurtia da eta badaki deabrukeriari buruzko jakin⁠-⁠mina dutenak nola engainatu. Faltsuak izan daitezkeen istorioak sinestarazten dizkie. Pertsona horiek ustean ikusi edo entzun dutena kontatzen dute. Istorio horiek zenbat eta gehiago errepikatu, orduan eta errazagoa izango da hauek puztea. Ez diogu Satanasi lagundu nahi beldurra eragiten duten istorio horiek zabalduz (Joan 8:44; 2 Timoteori 2:16).

21. Deabruei buruzko istorioak kontatu beharrean, zertaz hitz egin dezakegu?

21 Jehobaren zerbitzari batek deabruekin lotutako bizipenen bat izan badu, ez du istorio hori errepikatu behar besteak entretenitzeko. Jehobaren herriak ez du beldurrik izan behar Satanas eta deabruek egin dezaketenari buruz. Horren ordez, Jesusengan eta Jehobak berari eman dion boterean jarri behar dugu arreta guztia (Hebrearrei 12:2). Jesusek ez zituen bere ikasleak deabruei buruzko istorioekin entretenitu. Erreinuaren mezuan ipini zuen arreta eta «Jainkoaren egintza miragarriak» goraipatu zituen (Eginak 2:11; Lukas 8:1; Erromatarrei 1:11, 12).

22. Zer egiteko prest zaude?

22 Ez dezagun ahaztu Satanasen helburua Jehobarekin dugun adiskidetasuna suntsitzea dela. Edozer gauza egiten saiatuko da bere helburua lortzeko. Baina Deabruaren azpikeriak ezagutzen ditugu eta deabrukeria mota guztiei aurre egiteko prest gaude. Ez diogu Deabruari «inolako aukerarik» emango gure erabaki sendoa ahultzeko (Irakurri Efesoarrei 4:27). Aurre egin Deabruari! Horrela egiten badugu, ziur egon ez garela bere tranpetan eroriko eta Jehobaren babesa jasoko dugula (Efesoarrei 6:11).