Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

10. KAPITULUA

Ezkontza Jainkoaren oparia da

Ezkontza Jainkoaren oparia da

«Hiru hariko soka etetea gaitz» (KOHELET 4:12).

1, 2. a) Zer espero izaten dute ezkonberriek? b) Zer galdera aztertuko ditugu kapitulu honetan?

 IMAJINATU senar⁠-⁠emaztegai zoriontsuak ezkon⁠-⁠egunean. Pozez gainezka daude hastear duten bizitzan pentsatzean, esperantza eta ametsez beteta. Ezkon⁠-⁠bizitza luze eta zoriontsua izatea espero dute.

2 Tamalez, honela hasten diren ezkontza askok ez dute hain ongi jarraitzen. Izan ere, bikoteak Jainkoaren gida behar du ezkontza iraunkor eta zoriontsua izateko. Beraz, azter ditzagun ondorengo galderei Bibliak ematen dien erantzuna: Zer onura ditu ezkon⁠-⁠bizitzak? Nola aukeratu dezakezu ezkontide aproposa? Nola izan zaitezke senar edo emazte ona? Zerk lagundu dezake ezkontza iraunkorra izaten? (Irakurri Esaera Zaharrak 3:5, 6).

EZKONDU BEHAR AL NINTZATEKE?

3. Zoriontsu izateko ezkontzea beharrezkoa dela uste al duzu? Azaldu.

3 Batzuen ustez ezin dugu zoriontsu izan ezkontzen ez bagara. Baina hau ez da horrela. Ezkongabe izatea oparia izan daiteke. Jesusen hitzetan Jainkoak ematen duen gaitasuna da (Mateo 19:11, 12). Gainera, Paulo apostoluaren arabera, ezkongabe izateak abantailak ditu (1 Korintoarrei 7:32-35). Baina zure erabakia da ezkonduko zaren ala ez. Ez utzi lagunek, familiak edo kulturak ezkontzera bultzatu zaitzaten.

4. Zeintzuk dira ezkon⁠-⁠bizitzaren abantaila batzuk?

4 Ezkon⁠-⁠bizitza ere Jainkoaren oparia dela eta abantaila batzuk badituela esaten du Bibliak. Honakoa esan zion Jehobak Adami, lehenengo gizonari: «Ez da on gizona bakarrik egotea; egin diezaiodan berari dagokion laguna» (Hasiera 2:18). Jehobak Eba sortu zuen Adamen emaztea izateko eta, ondorioz, lehen giza familia bihurtu ziren. Bikoteak haurrak baditu, ezkon⁠-⁠bizitzak hauek hezteko giro egonkorra sortu dezake. Baina haurrak izatea ez da ezkontzaren helburu bakarra (127. Salmoa 3; Efesoarrei 6:1-4).

5, 6. Nola izan daiteke ezkon⁠-⁠harremana «hiru hariko soka»?

5 Salomon erregeak hau esan zuen: «Hobe, bi elkarrekin ari izatea bakarka baino, elkartze horretatik etekin hobea aterako baitute. Bietarik bat eroriko balitz, besteak jasoko luke; baina urrikalgarri [errukarri] bakarrik dagoena; eroriko balitz, ez bailuke izango nork jaso. [...] Hiru hariko soka etetea gaitz» (Kohelet 4:9-12).

6 Senar⁠-⁠emazteak elkarren artean lagundu, kontsolatu eta babesten badira, lagunik minenak izango dira. Maitasunak ezkon⁠-⁠harremana sendotu dezake, baina senar⁠-⁠emazteek Jehoba gurtzen badute, harreman hori sendoagoa izango da. Horrela, euren ezkon⁠-⁠bizitza estu korapilatutako «hiru hariko soka» bilakatu daiteke. Honelako soka bi harikoa baino askoz ere sendoagoa da. Ezkon⁠-⁠bizitza honelakoa izango da Jehoba hirugarren haria bada.

7, 8. Zer aholku eman zuen Paulok ezkontzeari buruz?

7 Ezkondu eta gero, bikoteak bata bestearen sexu⁠-⁠desirak asetzeaz gozatu ahal izango du (Esaera Zaharrak 5:18). Hala ere, norbait desira horiek asetzeko soilik ezkontzen bada, bikotea zentzuz ez aukeratzea gerta daiteke. Horregatik hobe da sexu⁠-⁠desira bereziki indartsua den garaia pasa ondoren ezkontzea (1 Korintoarrei 7:36NW ). Hobe da sentimendu horiek lasaitu arte itxarotea. Horrela argiago pentsatzeko gai izango da eta hobeto aukeratuko du (1 Korintoarrei 7:9; Santiago 1:15).

8 Ezkontzeko asmoa baduzu, ona da errealista izatea eta ezkon⁠-⁠bizitza guztietan erronkak izango direla kontuan hartzea. Ezkontzen direnek «haragian estutasunak» izango dituztela esan zuen Paulok (1 Korintoarrei 7:28, BJU). Ezkon⁠-⁠bizitza onenak ere momentu zailak izango ditu. Beraz, ezkontzea erabakitzen baduzu, ziurtatu ezazu ezkontidea zentzuz aukeratzen duzula.

NOLA AUKERATU DEZAKET EZKONTIDE APROPOSA?

9, 10. Zer gertatu daiteke Jehoba gurtzen ez duen norbaitekin ezkontzen bagara?

9 Hona hemen ezkontidea aukeratzeko biblia⁠-⁠printzipio garrantzitsu bat: «Ez zaiteztela sinesgabekoekin uztartu» (2 Korintoarrei 6:14, IZB). Adibide hau baserriko ohitura batean oinarritzen da. Bi aberek neurri edo indar oso desberdinak badituzte, lan egiterakoan baserritarrak ez ditu uztarri berberean lotuko. Egoera hau ez litzateke ona izango animalientzat, biek sufrituko bailukete. Era berean, ezkontide batek Jehoba gurtzen badu eta besteak ez arazo asko izan ditzakete. Horregatik, aukeratutako bikotea «kristaua» izatea aholkatzen digu Bibliak (1 Korintoarrei 7:39).

10 Jehoba gurtzen ez duen norbaitekin ezkontzea bakarrik egotea baino hobea dela pentsatu izan dute kristau batzuek. Baina Bibliako aholkuari kasurik ez egiteak mina eta zorigaitza ekartzen ditu askotan. Jehobaren adoratzaileontzat, bera zerbitzatzea da bizitzako gauzarik garrantzitsuena. Orduan, nola sentituko zara zure bikoteak ez badu zure bizitzako atalik garrantzitsuenean parte hartzen? Askok ez ezkontzea erabaki dute Jehoba maitatu eta gurtzen ez duen norbaitekin ezkondu baino (Irakurri 32. Salmoa 8).

11. Nola aukeratu dezakezu ezkontide aproposa?

11 Honek ez du esan nahi Jehoba gurtzen duen edonor senar edo emazte aproposa izango denik. Ezkondu nahi baduzu, ziurtatu bilatuko duzun bikotea benetan gustatzen zaizula eta elkarrekin ondo konpontzen zaretela. Bizitzan dituzun helburu berberak izateaz gain, Jainkoa zerbitzatzeari lehentasuna ematen dion norbait aurkitu arte itxaron. Morroi leialak ezkon⁠-⁠bizitzarekin lotutako aholku lagungarriak ematen dizkigu argitalpenetan. Beraz, hauek irakurri eta hausnartzeko denbora hartu (Irakurri 119. Salmoa 105).

12. Zer irakasten digu Bibliak hitzartutako ezkontzei buruz?

12 Kultura batzuetan gurasoek seme⁠-⁠alabentzat bikoterik egokiena zein izango den badakitela uste izaten da. Horregatik, gurasoek aukeratzen dute ezkontidea. Biblia garaian ere ohitura hau arrunta zen. Zure familiak ohitura hau jarraitzea erabakitzen badu, Bibliak ezaugarri aproposak dituen bikotea bilatzen lagunduko die gurasoei. Adibidez, semearentzako emaztea aukeratzeko orduan, Abrahamen lehentasuna ez zen dirua edo gizarte⁠-⁠maila altua izatea, Jehoba maitatzea baizik (Hasiera 24:3, 67; ikusi 25. oharra).

NOLA PRESTATU NAITEKE EZKON⁠-⁠BIZITZARAKO?

13-15. a) Nola presta daiteke gizona senar ona izateko? b) Nola presta daiteke emakumea emazte ona izateko?

13 Ezkontzeko asmoa al duzu? Galdetu orduan zeure buruari: «Prest ote nago?». Hala dela uste baduzu, ikus dezagun ezkontzeko prest izateak benetan zer esan nahi duen. Erantzunak harritu zaitzake.

Ezkon⁠-⁠bizitzari buruz Jainkoaren Hitzak ematen dituen aholkuak irakurri eta hausnartzeko denbora hartu

14 Senar⁠-⁠emazteek familian eginkizun ezberdinak betetzen dituztela erakusten du Bibliak. Beraz, gizonek eta emakumeek ezkon⁠-⁠bizitzarako prestaketa ezberdinak egin beharko dituzte. Gizonezkoa den batek ezkontzeko asmoa badu, bere buruari galdetu beharko dio familia⁠-⁠burua izateko prest dagoen ala ez. Senarrak emaztea eta seme⁠-⁠alabak fisikoki eta emozionalki zaintzea espero du Jehobak. Are gehiago, senarrak Jainkoa zerbitzatzeko egiten dituzten jardueretan aurrea hartu behar du. Familia zaintzen ez duena «sinesgabea baino okerragoa» dela esaten du Bibliak (1 Timoteori 5:8). Ezkontzeko asmoa duen gizona bazara, pentsa ezazu biblia⁠-⁠printzipio hau nola jarraitu dezakezun: «Ziurtatu zeure ogibidea, lortu eta hasi lantzen zeure soroak, eta gero eraikiko duzu etxea». Hau da, ezkondu aurretik ziurtatu Jehobak espero duen senar mota izan zaitezkeela (Esaera Zaharrak 24:27).

15 Ezkontzeko asmoa duen emakumeak bere buruari galdetu behar dio emazte edo, agian, ama izateko ardurak betetzeko prest dagoen ala ez. Emazte onak senarra eta seme⁠-⁠alabak zaintzeko hainbat modu aipatzen ditu Bibliak (Esaera Zaharrak 31:10-31). Gaur egun, gizon⁠-⁠emakume askok ezkontideak beraien alde egin dezakeen gauzetan soilik jartzen dute arreta. Baina ezkontidearen alde gu geuk zer egin dezakegun pentsatzea nahi du Jehobak.

16, 17. Zertan hausnartu beharko zenuke ezkontzeko asmoa baduzu?

16 Ezkondu aurretik, hausnartu senar⁠-⁠emazteei buruz Jehobak dioena. Familiaburua izateak ez du esan nahi gizonak fisikoki edo emozionalki familia gaizki tratatu dezakeenik. Familiaburu onak Jesus imitatzen du, zainpean dituenekin goxoa eta atsegina izanez (Efesoarrei 5:23). Bestalde, emakumeak senarraren erabakien alde egiteak eta elkarlanean aritzeak zer esan nahi duen pentsatu behar du (Erromatarrei 7:2). Gainera, zera galdetu behar dio bere buruari: «Zoriontsu izateko gai ote naiz inperfektua den gizon baten aginpidea onartuz?». Ezingo duela uste badu, oraingoz ez ezkontzea hobea dela erabaki dezake.

17 Senar⁠-⁠emazteek ezkontidearen zoriontasunean pentsatu behar dute norberarenean baino (Irakurri Filipoarrei 2:4). Paulok idatzi zuen: «Zuetariko bakoitzak maita beza emaztea bere burua bezala, eta emazteak izan biezaio begirune senarrari» (Efesoarrei 5:21-33). Bai gizonak, baita emakumeak ere, maitatuak eta errespetatuak izateko beharra dute. Ezkon⁠-⁠bizitzak arrakasta izan dezan, gizonak emazteak errespetatzen duela jakiteko beharra du batez ere eta emakumeak senarrak maitatzen duela jakitekoa.

18. Zergatik ibili behar dira kontuz bikoteak ezkondu aurreko garaian?

18 Ezkondu aurreko garaia momentu atseginak izateko eta elkar hobeto ezagutzeko izan behar da. Bikotea errealista eta zintzoa izatea garrantzitsua da bizitza elkarrekin igaro nahi duten ala ez erabaki ahal izateko. Ezkongai diren garaian, gizonak eta emakumeak elkar⁠-⁠komunikatzen ikasten dute, bata bestearen bihotzean dagoena ezagutuz. Beraien harremana sakontzen den heinean, naturala da elkarrenganako erakarpen fisikoa sentitzea. Hala ere, ezkondu aurretik sentimenduak adierazteko modua kontrolpean izatea beharrezkoa da, moralgabea den ezer ez egiteko. Benetako maitasunak nork bere burua kontrolatzen lagunduko die. Jehobarekin duten harremana eta euren artekoa ez kaltetzea ere lortuko du maitasun honek (1 Tesalonikarrei 4:6).

Ezkongai diren garaian, gizonak eta emakumeak elkarrekin komunikatzen ikasi dezakete

ZER EGIN DEZAKET EZKON⁠-⁠BIZITZAK IRAUTEKO?

19, 20. Zer ikuspuntu dute kristauek ezkon⁠-⁠harremanari buruz?

19 Liburu eta film asko ezkontza egun hunkigarri eta zoriontsuarekin amaitzen dira. Baina, errealitatean, ezkontza eguna hasiera baino ez da. Izan ere, Jehobak ezkon⁠-⁠bizitzak betiko irautea nahi zuen (Hasiera 2:24).

20 Gaur egun, askorentzat ezkon⁠-⁠bizitza denboraldi baterako kontua besterik ez da. Ezkontzea erraza da, baita dibortziatzea ere. Batzuen ustez, arazoak sortzen direnean, ezkontidea utzi eta ezkon⁠-⁠bizitza amaitzeko unea da. Baina gogoan al duzu elkarren artean estu korapilatutako hiru hariko sokari buruzko adibidea? Tentsio handia jasanda ere, horrelako soka ez da hausten. Era berean, Jehobaren laguntza bilatzen dugunean, ezkon⁠-⁠harremanak iraun egingo du. Jesusek honakoa esan zuen: «Jainkoak uztartu duena ez beza gizakiak aska» (Mateo 19:6).

21. Zerk lagunduko ditu senar⁠-⁠emazteak elkar maitatzen?

21 Guztiok ditugu bertuteak eta ahuleziak. Oso erraza da besteen ahulezietan arreta jartzea, bereziki gure bikotearenetan. Baina hau egiten badugu ez gara zoriontsu izango. Bestalde, gure ezkontidearen ezaugarri ederretan arreta jartzen badugu, ezkon⁠-⁠bizitza zoriontsua izan dezakegu. Posible ote da inperfektua den ezkontideari buruzko horrelako ikuspegirik izatea? Bai, noski! Jehobak inperfektuak garela jakinda ere, gure bertuteetan jartzen du arreta. Eta eskerrak horrela egiten duen! Salmogileak honakoa esan zuen: «Erruak kontuan badituzu, Jauna, oi Jauna, nork iraun bizirik?» (130. Salmoa 3). Senar⁠-⁠emazteek ezkontidearen ezaugarri ederretan arreta jartzean eta barkatzeko prest izatean Jehoba imitatu dezakete (Irakurri Kolosarrei 3:13).

22, 23. Zer eredu ezarri zuten Abraham eta Sarak ezkonduentzat?

22 Urteekin ezkon⁠-⁠harremana sendoagoa bilakatu daiteke. Abraham eta Sarak ezkon⁠-⁠bizitza luzea eta zoriontsua izan zuten. Jehobak Abrahami Ur hiriko etxetik joateko esan zionean, seguruenik Sarak 60 urte baino gehiago zituen. Pentsa ezazu zein zaila izango zitzaion Sarari bere etxe erosoa utzi eta kanpadendetan bizitzea. Baina Sara Abrahamen kide eta lagun ona zen, eta bere senarra asko errespetatzen zuen. Abrahamen erabakien alde egin eta emaitza ona izan zezaten lagundu zuen (1 Pedro 3:6).

23 Noski, ezkon⁠-⁠bizitza ona izateak ez du esan nahi senar⁠-⁠emazteak gauza guztietan ados egongo direnik. Behin, Abrahamek Sararekin bat egin ez zuenean, Jehobak esan zion: «Egiozu jaramon». Abrahamek horrela egin eta emaitza onak izan zituzten (Hasiera 21:9-13). Batzuetan bikotearekin ados ez bazaude, ez bihozgabetu. Bat ez egitean ere, funtsezkoa da elkar maitatu eta errespetatzea.

Hartu ezazu kontuan hasiera⁠-⁠hasieratik Jainkoaren Hitza ezkon⁠-⁠bizitzan

24. Nola emango dio ohore Jehobari gure ezkon⁠-⁠bizitzak?

24 Kristau kongregazioan zoriontsu diren milaka senar⁠-⁠emazte daude. Ezkontzeko asmorik baduzu, gogoan izan bikotea aukeratzea bizitzan egingo duzun erabakirik garrantzitsuenetarikoa izango dela. Erabaki honek zure bizitza osoan izango du eragina. Beraz, Jehobaren gida jarraitu. Horrela, ezkontidea zentzuz aukeratzeko eta ezkon⁠-⁠bizitzarako ongi prestatzeko gai izango zara. Gainera, maitasunean oinarritutako lotura sendoa lortuko duzu. Guzti honek Jehobari ohore emango dio.