Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

11. KAPITULUA

Ezkontza eguna eta gero

Ezkontza eguna eta gero

«Maitasuna ez da behin ere itzaltzen» (1 KORINTOARREI 13:8).

1, 2. Ezkon⁠-⁠harremanak huts egin duela esan nahi al du arazoak izateak? Azaldu.

 EZKON-BIZITZA Jehobaren oparia da. Opari honek ezkondutako pertsona zoriontsuagoa izatea lor dezake. Halere, bikote guztiek arazoak izango dituzte. Batzuetan arazoz itota daudela eta behin izandako harreman estua ahultzen ari dela ere senti dezakete.

2 Ez gaitu harritu behar gure ezkon⁠-⁠harremanean noizean behin arazoak izateak. Hala ere, zailtasunak izateak ez du esan nahi gure ezkon⁠-⁠harremanak huts egin duenik. Arazo larriak izan dituzten bikoteek ere harremana konpontzeko modua aurkitu eta ezkon⁠-⁠bizitza sendotu ahal izan dute. Nola?

ESTUTU ELKARREN ARTEKO HARREMANA ETA JEHOBAREKIN DUZUNA

3, 4. Zer gertatu daiteke batzuetan ezkon⁠-⁠harremanean?

3 Ezkon⁠-⁠harremanak ezberdinak diren bi pertsona lotzen ditu, bakoitza bere gustu, ideia eta gauzak egiteko moduarekin. Gainera, senar⁠-⁠emazteak jatorri eta kultura ezberdinetakoak izan daitezke. Bikoteak denbora eta ahalegina behar izaten du elkar ondo ezagutu eta ulertzeko.

4 Denbora pasa ahala, ezkontideak norbere kontuetan erabat murgildurik egon daitezke eta, ondorioz, elkarrengandik urrundu. Bakoitza bere aldetik bizi denaren itxura izan dezake. Zerk lagunduko die harremana estutzen?

Bibliaren aholkua ezinbestekoa da ezkon⁠-⁠bizitza zoriontsua izateko

5. a) Zerk lagunduko dio kristauari bikotearekin duen harremana estutzen? b) Hebrearrei 13:4⁠aren arabera, nola ikusi beharko genuke ezkon⁠-⁠harremana?

5 Jehobak bikoteen arteko harremana eta berarekin duguna estutzeko aholku bikainak ematen dizkigu (25. Salmoa 4; Isaias 48:17, 18). Jainkoak horrela dio: «Hartzazue denok ezkontza errespetu handiz» (Hebrearrei 13:4). Errespetua azaldu ohi diogu guretzat preziatua denari. Babestu eta duen garrantzia ematen diogu. Guk ezkon⁠-⁠harremanari garrantzi berbera ematea nahi du Jehobak.

JEHOBA MAITATZEAK EZKON⁠-⁠BIZITZAN LAGUNDU ZAITZAKE

6. Zer esaten digu Mateo 19:4-6 pasarteak Jehobak ezkon⁠-⁠bizitzari buruz duen ikuspuntuaz?

6 Jehobak aurreneko ezkontza eratu zuen. Bere Semeak, Jesusek, horrela esan zuen: «Ez al duzue irakurri Liburu Santuek diotena? Egileak hasieran “gizaseme eta emakume egin zituela”, alegia, eta esan ziela: “Horregatik, gizasemeak bere aita⁠-⁠amak utziko ditu eta emazteari elkartuko zaio, eta biak bat izango dira”. Beraz, aurrerantzean ez dira bi, bat baino. Horrela, bada, Jainkoak uztartu duena ez beza gizakiak aska» (Mateo 19:4-6). Hasiera⁠-⁠hasieratik, Jehobaren helburua ezkon⁠-⁠bizitza iraunkorra izatea zen. Familiak harreman estua eta zoriontsua izatea nahi zuen, baita elkarrekin bizitzaz gozatzea ere.

7. Nola sendotu dezakete senar⁠-⁠emazteek ezkon⁠-⁠harremana?

7 Gaur egun, ordea, ezkontideek inoiz baino kezka eta presio gehiagori egin behar diote aurre. Batzuetan, presio handiaren eraginez, ezkon⁠-⁠harremana salba ezina dela pentsatu eta amore ematen dute. Baina Jehobak ezkon⁠-⁠bizitzari buruz duen ikuspuntua ulertzeak lagundu gaitzake (1 Joan 5:3).

8, 9. a) Noiz jarraitu beharko genuke Jehobaren gida ezkon⁠-⁠harremanean? b) Nola erakutsi dezakegu ezkon⁠-⁠bizitza preziatua dela guretzat?

8 Jehobaren gida gure onerako da beti. Ikusi dugun bezala, berak horrela aholkatzen gaitu: «Hartzazue denok ezkontza errespetu handiz» (Hebrearrei 13:4; Kohelet 5:3 [5:4, NW ]). Jehobaren gida zaila denean ere segitzen badugu, gure onerako izango da zalantzarik gabe (1 Tesalonikarrei 1:2-3; Hebrearrei 6:10).

9 Guretzat ezkon⁠-⁠bizitza baliotsua denez, ez dugu harremana kaltetu dezakeen ezer egin edo esan nahi; sendotu egin nahi dugu. Nola lortu dezakegu?

OHORE EMAN EZKON⁠-⁠BIZITZARI ESAN ETA EGITEN DUZUNAREKIN

10, 11. a) Zer arazo larri gertatzen dira ezkontide batzuen artean? b) Zergatik da garrantzitsua gure senar edo emazteari hitz egiten diogun modua?

10 Ezkontideari min egiteko modu ugari daude. Kristauok argi dugu ez dugula inoiz ezkontidea jo edo fisikoki kaltetu behar. Hala ere, gure hitzekin min egin dezakegu. Hitzak arma bilakatu daitezke. Emakume batek honela esan zuen: «Nire senarrak hitzekin jipoitzen nau. Agian ez dut begi bistako ubeldurik, baina bere etengabeko hitz iraingarriek, adibidez, “Zama baino ez zara niretzat!” edo “Ez duzu ezertarako balio”, nire bihotza zauritu dute». Senar batek emazteak bere hitz eta irainekin etengabe umiliatzen zuela esan zuen. «Esaten dizkidan gauzak oso itsusiak dira eta horregatik ezin dut berarekin hitz egin. Lanean berandu arte geratzea nahiago dut. Han etxean baino seguruago nago». Gaur egun sufrimendu emozionala eragiten duten hitz iraingarri, krudel eta zakarrak erabiltzea arrunta da.

11 Senar⁠-⁠emazteak elkarri krudeltasunez hitz egitean, sendatzeko errazak ez diren zauri emozionalak sortu daitezke. Zalantzarik gabe, Jehobak ez du senar⁠-⁠emazteek elkarri horrelako traturik ematea nahi. Baina bikotea konturatu gabe mindu dezakezu. Berarekin atsegina zarela pentsatu arren, nola sentitzen da bera? Zuk esandako zerbaitek mintzen badu, aldatzeko prest egongo al zinateke? (Galaziarrei 5:15; irakurri Efesoarrei 4:31).

12. Zerk kaltetu dezake ezkonduek Jehobarekin duten harremana?

12 Jehobak jendaurrean eta bakarka gure bikoteari hitz egiten diogun moduari garrantzia ematen dio (Irakurri 1 Pedro 3:7, 12). Santiago 1:26⁠ak honako hau gogorarazten digu: «Norbaitek, bere burua erlijiozaletzat jotzen badu, baina mihiari eusten ez badaki, bere burua engainatzen du, eta horren erlijioak ez du ezertarako balio».

13. Nola mindu dezake norbaitek bere ezkontidea?

13 Bikoteak batak bestearen sentimenduak kontuan hartzeko beste modu batzuk daude. Adibidez, nola sentituko litzateke zure bikotea gizon edo emakumeren batekin denbora asko igarotzen hasiko bazina? Itxuran arrazoia ona izanda ere, esaterako, predikatze⁠-⁠lanean aritzea edo arazo batekin laguntzea, ez al litzateke minduko? Emazte batek horrela esan zuen: «Mina sentitzen dut nire senarrak kongregazioko beste arreba bati denbora eta arreta asko ematen diola ikusten dudanean. Besteak baino gutxiago naizela sentiarazten dit».

14. a) Zer oinarrizko egia ikasten dugu Hasiera 2:24⁠an? b) Zer galdetu beharko genioke geure buruari?

14 Kristauok guraso eta kongregazioko anai⁠-⁠arrebez arduratu behar dugu. Hala ere, ezkontzean, senar edo emaztea da dugun ardurarik garrantzitsuena. Senar⁠-⁠emazteak «bat bera» izango direla esan zuen Jehobak (Hasiera 2:24). Bikotearen sentimenduek garrantzi handia izan behar dute guretzat. Galdegiozu zeure buruari: «Ematen al diot nire bikoteari behar eta merezi duen denbora, arreta eta maitasuna?».

15. Zergatik ez luke ezkontideak bere senar edo emaztea ez den norbaitekin harreman estuegirik izan behar?

15 Gure ezkontidea ez denarekin harreman estuegia izaten badugu, honek tentsioak sor ditzake gure ezkon⁠-⁠bizitzan. Pertsona horrekin lotura emozionala sortu eta sentimendu erromantikoak garatu genitzake (Santiago 1:14, 15) Sentimendu horiek handitu eta gure ezkon⁠-⁠bizitzari ohorea kendu diezaioken zerbait egin genezake.

«IZAN GARBI EZKONTZA⁠-⁠HARREMANETAN»

16. Zer agindu ematen du Bibliak ezkontza⁠-⁠harremanei buruz?

16 «Ezkontza errespetu handiz» hartzeko esan eta gero, Bibliak dio: «Izan garbi ezkontza⁠-⁠harremanetan, epaitu egingo baititu Jainkoak lizunak eta adulteriogileak» (Hebrearrei 13:4). Hemen, «ezkontza⁠-⁠harremanak» esaten duenean, sexuarekin lotutako senar⁠-⁠emazteen arteko harremanaz ari da (Esaera Zaharrak 5:18). Zer egin dezakegu harreman honi errespetua azaltzeko eta garbi mantentzeko?

17. a) Zer uste dute adulterioari buruz pertsona askok? b) Nola ikusi beharko lukete adulterioa kristauek?

17 Gaur egun pertsona batzuek ez dute uste bikoteari desleial izatea gaizki dagoenik. Ezin dugu utzi jarrera horrek eragin gaitzan. Jehobak argi eta garbi uzten du sexu moralgabekeria eta adulterioa gorroto dituela (Irakurri Erromatarrei 12:9; Hebrearrei 10:31; 12:29). Gure senar edo emaztea ez den batekin sexu⁠-⁠harremanak izaten baditugu, gure ezkon⁠-⁠bizitza kutsatuko dugu. Jehobaren arauak ez ditugula errespetatzen erakutsi eta berarekin dugun harremana hondatuko genuke. Beraz, ez dugu adulteriora zuzendu gaitzakeen lehen pausorik ere eman nahi, esaterako, beste pertsona bati buruzko pentsamendu desegokiak izatea (Job 31:1).

18. a) Zergatik dira parekoak adulterioa eta jainko faltsuak gurtzea? b) Zer ikuspuntu du Jehobak adulterioari buruz?

18 Antzinako israeldarren garaian, Moisesen Legearen arabera adulterioa bekatu oso larria zen, jainko faltsuak gurtzea bezain larria. Bi kasuetan zigorra heriotza zen (Lebitarrena 20:2, 10). Baina nola parekatu zitekeen adulterioa jainko faltsuen gurtzarekin? Israeldar batek jainko faltsuak gurtzen bazituen, Jehobari leiala izateko hitza hautsiko zuen. Era berean, adulterioa egiten bazuen, bikoteari leiala izateko hitza hautsiko zuen (Irteera 19:5, 6; Deuteronomioa 5:9; irakurri Malakias 2:14). Argi dago iraganean Jehobarentzat adulterioa bekatu oso larria zela.

19. Zerk lagundu gaitzake adulterioa ez egiteko erabaki sendoa hartzen?

19 Eta gaur egun? Nahiz eta Moisesen Legepean ez gauden, Jehobak adulterioari buruz duen ikuspuntua ez da aldatu. Garbi dago ez genukeela inoiz jainko faltsu bat gurtuko, ezta? Era berean, ez ginateke gure bikoteari inoiz desleial izango (51. Salmoa 3, 6 [51:1, 4, NW ]; Kolosarrei 3:5). Desleialak izango bagina, ohorea kenduko genieke bai Jehobari, baita gure ezkontideari ere (Ikusi 26. oharra).

EZKON⁠-⁠HARREMANA SENDOTZEKO MODUA

20. Nola lagundu gaitzake zuhurtziak ezkon⁠-⁠harremanean?

20 Nola sendotu dezakezu ezkon⁠-⁠harremana? Jainkoaren Hitzak hau dio: «Zuhurtziaz eraikitzen da etxea, zentzuaz sendotu egiten» (Esaera Zaharrak 24:3). Ezkon⁠-⁠harremana etxe bat bezalakoa izan daiteke, hotza eta hutsa, edo goxo, eroso eta egonkorra. Zuhurra dena ezkon⁠-⁠harremana egonkorra, erosoa eta zoriontsua izateaz ziurtatzen da.

21. Nola sendotu dezake jakintzak ezkon⁠-⁠harremana?

21 Etxearen adibidearekin jarraituz, Bibliak dio: «Jakintzaz janzten dira gelak mota guztietako ondasun baliotsu eta atseginez» (Esaera Zaharrak 24:4). Biblian ikasitakoak zure ezkon⁠-⁠bizitza hobetu dezake (Erromatarrei 12:2; Filipoarrei 1:9). Biblia eta gure argitalpenak bikotearekin irakurtzean, hitz egin ikasitakoa praktikan nola jarri dezakezuen. Maitasuna eta errespetua azaltzeko moduak aurkitu, baita goxo eta ulerkor izatekoak ere. Ezkon⁠-⁠harremana sendotzeko eta ezkontideak gu gehiago maitatzeko ezaugarriak behar ditugu. Eskatu Jehobari horiek garatzeko laguntza (Esaera Zaharrak 15:16, 17; 1 Pedro 1:7).

Jehobaren gida bilatu familia⁠-⁠gurtzan

22. Zergatik azaldu behar diogu maitasuna, errespetua eta ohorea gure ezkontideari?

22 Ahal dugun guztia egin behar dugu senar edo emazteari maitasuna, errespetua eta ohorea azaltzeko. Horrela, gure ezkon⁠-⁠harremana sendoagoa eta estuagoa bilakatuko da. Eta are garrantzitsuagoa dena, Jehoba poztuko dugu (147. Salmoa 11; Erromatarrei 12:10).