Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

12. KAPITULUA

Sendotu zure hitzekin

Sendotu zure hitzekin

«Ez bedi atera zuen ahotik hitz zakarrik, baizik eta, [...] ona eta egokia eta entzun dezatenen onerako izan dadila» (EFESOARREI 4:29).

1-3. a) Zein da Jehobak eman digun opari bikainetako bat? Nola erabili genezake era okerrean? b) Nola erabili behar dugu hitz egiteko gaitasuna?

 AITAK semeari bizikleta berria oparitzen dionean poz handia sentitzen du halako opari ederra egiteagatik. Baina imajinatu semeak burugabe ibiltzeagatik norbait harrapatu eta min egiten diola. Nola sentituko ote da aita?

2 «Dohain bikain oro» Jehobarengandik dator (Santiago 1:17). Ematen digun dohain edo oparietako bat hitz egiteko gaitasuna da. Opari honen bidez, pentsamenduak eta sentimenduak adierazi ditzakegu. Jendeari lagundu eta ongi sentiarazten dioten gauzak ere esan ditzakegu. Baina, era berean, esaten dugunak besteak kaltetu eta mindu ditzake.

3 Hitzek eragin handia dutenez, Jehobak hizkera ongi erabiltzen irakasten digu. Hau esaten digu: «Ez bedi atera zuen ahotik hitz zakarrik, baizik eta, zerbait esan behar baduzue, ona eta egokia eta entzun dezatenen onerako izan dadila» (Efesoarrei 4:29). Nola erabili dezakegu opari hau Jainkoaren atseginekoa izateko eta besteak animatzeko? Aztertu dezagun.

KONTUZ IBILI ZURE HIZKERAREKIN

4, 5. Zer irakasten digute Bibliako esaera zaharrek hizkeraren eraginari buruz?

4 Hitzek eragin handia dute, beraz, kontu handia izan behar dugu zertaz eta nola hitz egiten dugun. Esaera Zaharrak 15:4⁠ak hau dio: «Mihi eztia bizia ematen duen arbola da, mingain gaiztoak barne⁠-⁠barnean egiten du min». Arbola handi baten itzala freskagarria eta bizigarria den moduan, hitz atseginek freskatu eta indarberritu egiten dute. Bestalde, hitz zakarrek besteak mindu eta gaizki sentiarazten dituzte (Esaera Zaharrak 18:21).

Hitz atseginek freskatu eta indarberritu egiten dute

5 «Berritsuen mihia ezpata zorrotza» dela dio Esaera Zaharrak 12:18⁠ak. Pentsatu gabeko hitz zakarrek min emozionala sortu eta harremanak desegin ditzakete. Agian gogoan duzu norbaitek hitz zakarrak esan eta mindu zintuen momenturen bat. Baina esaera zahar honek zuhurren mihia «osasunbidea» dela ere esaten du. Ongi pentsatutako hitzek bihotz mindua sendatu eta gaizkiulertuek kaltetu dituzten adiskidetasunak konpondu ditzakete (Irakurri Esaera Zaharrak 16:24). Gure hitzek besteengan eragina dutela gogoratzen badugu, kontuz erabiliko ditugu.

6. Zergatik da zaila esaten duguna menpean edukitzea?

6 Hizkerarekin kontuz ibiltzeko beste arrazoi bat denok inperfektuak garela da. Bihotzaren joera «okerrera jarria» dago eta gure hitzek askotan bihotzean duguna adierazten dute (Hasiera 8:21; Lukas 6:45). Zaila izan daiteke esaten duguna menpean edukitzea (Irakurri Santiago 3:2-4). Baina besteei hitz egiten diegun modua hobetzen segi behar dugu.

7, 8. Zer eragin izan dezakete gure hitzek Jehobarekin dugun harremanean?

7 Gainera, kontu handia izan behar dugu esaten dugunarekin eta esateko moduarekin, horren erantzule garelako Jehobaren aurrean. Santiago 1:26⁠ak honakoa dio: «Norbaitek, bere burua erlijiozaletzat jotzen badu, baina mihiari eusten ez badaki, bere burua engainatzen du, eta horren erlijioak ez du ezertarako balio». Hortaz, konturik izan gabe hitz egiten badugu, Jehobarekin dugun harremana kaltetu eta guztiz desegin dezakegu (Santiago 3:8-10).

8 Argi dugu, beraz, esaten dugunarekin eta esateko moduarekin kontuz ibiltzeko arrazoi onak ditugula. Baina hitz egiteko gaitasuna Jehobak nahi bezala erabiltzeko, baztertu beharreko hizkerak zeintzuk diren ere jakin behar dugu.

SUNTSITU EGITEN DUTEN HITZAK

9, 10. a) Zer hizkera mota erabiltzeko ohitura du jendeak? b) Zergatik baztertu behar dugu hizkera lizuna?

9 Gaur egun oso arrunta da hizkera lizun edo zikina erabiltzea. Askok esaten dutenari indarra emateko biraoak eta gustu txarreko hitzak erabili behar dituztela uste dute. Umoristek ere txiste zikinak eta hizkera lizuna erabiltzen dute jendeak barre egin dezan. Hala ere, Paulo apostoluak horrela esan zuen: «Bazter itzazue horiek guztiak, hau da, haserrea, gorrotoa, gaiztakeria, irainak eta hizkera gordina [lizuna]» (Kolosarrei 3:8). Honetaz gain, benetako kristauen artean «ateraldi gordin, zoro edo arruntik», hau da, txantxa lizunik ere ez aipatzeko esan zuen (Efesoarrei 5:3, 4, EABLB).

10 Hizkera lizuna higuingarria eta zikina da Jehoba eta bera maite dutenentzat. «Giza grinetatik sortzen diren» ekintzen artean «zikinkeria» aurkitzen dela dio Bibliak (Galaziarrei 5:19-21). Zikinkeriaren artean bekatu ugari daude eta ohitura zikin batek beste batera zuzendu gaitzake. Norbaitek guztiz zikin eta lizuna den hizkera erabiltzeko ohitura badu eta erabiltzeari utzi nahi ez badio, agian ezingo du kongregazioaren parte izaten jarraitu (2 Korintoarrei 12:21; Efesoarrei 4:19; ikusi 23. oharra).

11, 12. a) Nola bihurtu daitezke elkarrizketak esamesa? b) Zergatik baztertu behar dugu kalumnia?

11 Esamesak ere baztertu behar ditugu. Besteenganako interesa izatea eta lagun eta familiartekoei buruz hitz egitea normala da. Lehen mendeko kristauek ere anai⁠-⁠arrebak nola zeuden eta beraien alde zer egin zezaketen jakin nahi izan zuten (Efesoarrei 6:21, 22; Kolosarrei 4:8, 9). Baina oso erraza da besteei buruzko elkarrizketak esamesa kaltegarri bihurtzea. Esamesak errepikatzen baditugu, egia ez dena edo beste inork jakin behar ez lukeena esan genezake. Kontuz ibiltzen ez bagara, hizkera kaltegarri hau salaketa faltsu edo kalumnia bihurtu daiteke. Fariseuek Jesus salatu zuten egin ez zituen gauzak leporatuz (Mateo 9:32-34; 12:22-24). Eztabaidak eta mina sortu, izen ona kaltetu eta adiskidetasunak hausten ditu kalumniak (Esaera Zaharrak 26:20).

12 Jehobak gure hitzekin besteak lagundu eta animatzea nahi du, ez lagunak etsai bihurtzea. «Senide arteko liskarren sortzailea» gorrotatzen du (Esaera Zaharrak 6:16-19). Lehen kalumniatzailea Deabrua izan zen. Jainkoaren aurka egin zuen salaketa faltsua (Apokalipsia 12:9, 10). Gaur egun, ohikoa da batak bestearen aurka gezurrak esatea. Hau ez da kristau kongregazioan gertatu behar (Galaziarrei 5:19-21). Beraz, hitz egin aurretik kontuz ibili eta bitan pentsatu behar dugu esaten duguna. Norbaiti buruzko zerbait errepikatu aurretik, galdetu hau zeure buruari: «Egia al da esatera noana? Atsegina edo lagungarria al da? Norbaiti buruz zerbait esatera banoa, nahiko al nuke berak entzutea? Nola sentituko nintzateke beste norbaitek gauza hori bera esango balu niri buruz? (Irakurri 1 Tesalonikarrei 4:11).

13, 14. a) Zer eragin izan dezake hizkera mingarriak jendearengan? b) Zer dira irainak eta zergatik baztertu behar ditu kristauak?

13 Guztiok damutu izan gara noiz edo noiz esandakoaz. Baina ez dugu besteak kritikatzeko edota zakarrak edo krudelak diren hitzak esateko ohitura izan nahi. Hizkera mingarria guztiz baztertu behar dugu. Izan ere, jendeari duintasuna kentzen dio eta ez duela ezertarako balio sentiarazten du. Batez ere haurren kasuan ibili behar dugu kontu handiz, oso erraza baita gure hitzekin bihozgabetzea (Kolosarrei 3:21).

14 Bibliaren arabera, hizkera mingarriaren barne irainak esatea dago. Paulok esan zuen: «Ez bedi izan zuen artean zakarkeriarik, ez haserrerik, ez gorrotorik, ez garrasirik, ez irainik» (Efesoarrei 4:31). Irainak norbait kaltetzeko esaten diren hitzak dira. Tamalgarria izango litzateke norbaitek ezkontideari edo bere haurrei honela hitz egitea! Izan ere, irainak esateari utzi nahi ez dionak ezin du kongregazioaren parte izaten jarraitu (1 Korintoarrei 5:11-13; 6:9, 10). Ikusi dugun bezala, lizunkeriak, faltsukeriak edo gauza zakarrak esaten baditugu, Jehobarekin eta besteekin dugun harremana kaltetuko dugu.

ONERAKO DIREN HITZAK

15. Zer hizkera motak sendotzen ditu harremanak?

15 Nola erabili dezakegu hitz egiteko gaitasuna Jehobak nahi bezala? Bibliak ez digu esaten zehazki zer esan behar dugun eta zer ez. Hala ere, esaten duguna entzuten dutenen «onerako izan dadila» aipatzen du (Efesoarrei 4:29). Nolakoa da onerako den hizkera? Garbia, atsegina eta egiazkoa. Gure hitzak besteak animatu eta laguntzeko erabiltzea nahi du Jehobak. Zaila izan daiteke hau, ahalegin handiagoa egin behar izaten baitugu gauza onak esateko, krudelak eta pentsatu gabekoak esateko baino (Titori 2:8). Azter dezagun zer esan dezakegun besteen onerako.

16, 17. a) Zergatik zoriondu behar ditugu besteak? b) Nor zoriondu dezakegu?

16 Jehoba eta Jesus eskuzabalak dira zoriontzean eta guk ere horrelakoak izan nahi dugu (Mateo 3:17; 25:19-23; Joan 1:47). Animatzeko asmoarekin norbait zoriondu nahi dugunean, hitz egin aurretik ongi pentsatu eta interesa azaldu behar dugu. «Bai ona hitz egokia bere garaian!» dio Esaera Zaharrak 15:23⁠ak. Gogor lan egin ondoren zoriontzen gaituztenean animatuak sentitzen gara, baita egin dugun zerbaitegatik esker ona azaltzen digutenean ere (Irakurri Mateo 7:12; ikusi 27. oharra).

17 Besteen gauza onetan erreparatzeko ohitura izaten baduzu, errazagoa izango zaizu bihotzez zoriontzea. Adibidez, prestatzen al ditu kongregazioko norbaitek hitzaldiak ondo edo saiatzen al da iruzkinak egiten? Egin al du gazteren batek egiaren alde eskolan? Aritzen al da maiz adinekoa den norbait predikatze⁠-⁠lanean? Zure estimu hitzak izan daitezke orduantxe behar dutena. Senarrak emazteari maitatzen eta balioesten duela esatea ere oso garrantzitsua da (Esaera Zaharrak 31:10, 28). Landareek argia eta ura behar duten bezala, gizakiok ere besteen estimua sentitzea behar dugu, haurrek batik bat. Dituzten ezaugarri onengatik eta egiten dituzten ahaleginengatik zoriontzeko aukerak bilatu. Zoriontzeak ausardia handitu eta konfiantza emango die. Horrela, ondo dagoena egiten jarraitzeko indarra izango dute.

Besteak animatu eta kontsolatu ditzakegu esaten dugunarekin, baita esateko moduarekin ere

18, 19. a) Zergatik egin behar dugu ahal dugun guztia besteak animatzeko eta kontsolatzeko? b) Nola egin dezakegu hori?

18 Besteak animatzen eta kontsolatzen ditugunean Jehobaren eredua jarraitzen dugu. Izan ere, asko arduratzen da «atsekabeturik eta lur jota» daudenez (Isaias 57:15). Jehobak elkarri adore emateko esaten digu, baita bihozgabetuak animatzeko ere (1 Tesalonikarrei 5:11, 14). Honela egiten saiatzen garenean, gure ahaleginak ikusi eta estimatzen ditu.

19 Zer esan dezakezu kongregazioan adoregabetuta edo lur jota dagoenari laguntzeko? Ziurrenik ezingo duzu bere arazoa konpondu, baina bai arduratzen zarela erakutsi. Adibidez, elkarrekin denbora pasatzeko planak egin ditzakezu. Gainera, biblia⁠-⁠aipu animagarriak irakurri eta elkarrekin otoitz egin dezakezue (34. Salmoa 19 [34:18, NW ]; Mateo 10:29-31). Ziurtatu iezaiozu kongregazioko anai⁠-⁠arrebek maite dutela (1 Korintoarrei 12:12-26; Santiago 5:14, 15). Eta hitz egiten duzun moduak esaten duzuna benetan sentitu eta sinesten duzula azaldu behar du (Irakurri Esaera Zaharrak 12:25).

20, 21. Zerk errazten du aholkuak onartzea?

20 Aholku onak ematea ere besteen onerako da. Inperfektuak garenez, guztiok behar izaten ditugu aholkuak noizean behin. Esaera Zaharrak 19:20⁠ak hau dio: «Aditu aholkua, onartu zentzarazpena, zuhur izatera irits zaitezen». Arduradunak ez dira aholku eta zuzenketa eman dezaketen bakarrak. Gurasoek seme⁠-⁠alabak gidatu behar dituzte (Efesoarrei 6:4). Eta arrebek batak besteari eman behar diote aholku (Titori 2:3-5). Anai⁠-⁠arrebak maite ditugunez, ez ditugu gaizki sentiarazi nahi aholkuak emateko moduarekin. Zerk lagunduko digu aholkuak ondo ematen?

21 Eman al dizu norbaitek onartzeko erraza izan zaizun aholkuren bat? Zergatik izan zen erraza onartzea? Seguruenik aholkua eman zizuna zutaz benetan arduratzen zela sentitu zenuen. Agian modu atsegin eta goxoan egin zuen (Kolosarrei 4:6). Aholkua Biblian zegoen oinarrituta ziurrenik (2 Timoteori 3:16). Bibliako hitzak zuzenean aipatu ala ez, ematen ditugun aholku guztiek Biblian oinarrituta egon behar dute. Inork ez ditu bere iritziak inposatu behar, ezta bere iritziei oinarri emateko biblia⁠-⁠aipuak okertu behar ere. Aholkua eman zizuten modua gogoratzeak besteei aholkuak ematen lagunduko dizu.

22. Nola erabili nahi duzu hitz egiteko gaitasuna?

22 Hitz egiteko gaitasuna Jainkoak emandako oparia da. Berari diogun maitasunak modu aproposean erabiltzera bultzatu behar gaitu. Gogoratu: hitzek suntsitzeko edo sendotzeko ahalmena dute. Beraz, ahal dugun guztia egin dezagun hitzekin besteak sendotu eta indartzeko.