Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

9. KAPITULUA

Egizu ihes sexu moralgabekeriatik!

Egizu ihes sexu moralgabekeriatik!

«Hilaraz itzazue, beraz, zeuen baitan mundu honen araberako jarrerak: lizunkeria, zikinkeria, irrits eta grina txarrak eta idolatria den diru⁠-⁠gosea» (KOLOSARREI 3:5).

1, 2. Nola saiatu zen Balaam Jehobaren herria kaltetzen?

 PENTSA ezazu gizon bat arrantzara doala. Nahi dituen arrainak harrapatzeko janari edo amuzki aproposa aukeratu eta uretara jaurtitzen du. Pazientziaz itxaroten du eta arrainak amua irensten duenean, haritik tira egin eta arraina jasotzen du.

2 Era berean, jendea ere harrapatua izan daiteke. Adibidez, Israeldarrak promestutako lurraldera iristear zirenean Moabeko lautadan kanpatu zuten. Moabeko erregeak Balaam izeneko gizon bati israeldarrak madarikatzeko eskatu zion diru truke. Azkenean, israeldarrek euren burua madarikatzeko modua aurkitu zuen Balaamek. Kontu handiz aukeratu zuen amuzkia: Moabeko neska gazteak bidali zituen Israelgo kanpalekura gizonak seduzitzeko (Zenbakiak 22:1-7; 31:15, 16; Apokalipsia 2:14, oharra).

3. Nola irentsi zuten Balaamen amua israeldarrek?

3 Izan al zuen arrakastarik Balaamen amuzkiak? Bai. Israelgo milaka gizonek sexu harremanak izan zituzten emakume moabdarrekin. Honetaz gain, Moabeko jainko faltsuak hasi ziren gurtzen, Baal⁠-⁠Peor sexuaren jainko higuingarria barne. Honen ondorioz, 24.000 israeldar hil ziren promestutako lurraldearen atean (Zenbakiak 25:1-9).

4. Zergatik erori ziren milaka israeldar sexu moralgabekerian?

4 Zergatik erori ziren hainbeste israeldar Balaamen azpijokoan? Euren desiretan soilik pentsatu eta Jehobak haien alde egindako dena ahaztu zutelako. Baina Israeldarrek arrazoi asko zuten Jainkoari leial izateko: Egipton esklabo izatetik askatu, basamortuan elikatu eta promestutako lurraldera gidatu zituen kalterik jaso gabe (Hebrearrei 3:12). Hala ere, sexu moralgabekeriak seduzitu zituen. Paulo apostoluak idatzi zuen: «Ez dezagun haragikeriara jo, haietako batzuek bezala» (1 Korintoarrei 10:8).

5, 6. Zer ikasten dugu Moabeko lautadan gertatu zenari buruz?

5 Mundu berria oso gertu dugu. Beraz, israeldarrak bezala, promestutako lurraldearen atean gara (1 Korintoarrei 10:11). Gaur egungo gizartea moabdarrak baino itsutuago dago sexuarekin. Honek Jehobaren herriarengan eragina izan dezake. Izan ere, Deabruak erabiltzen duen amuzki eraginkorrena sexu moralgabekeria da (Zenbakiak 25:6, 14; 2 Korintoarrei 2:11; Judas 4).

6 Zer nahiago dugun galdetu behar diogu geure buruari: denbora labur batez plazeraz orain gozatu ala mundu berrian betiko bizitzaz gozatu. «Egizue ihes haragikeriatik» agindua betetzeko edozein ahalegin egiteak merezi du, ezta? (1 Korintoarrei 6:18).

ZER DA SEXU MORALGABEKERIA?

7, 8. a) Zer da sexu moralgabekeria? b) Zergatik da hain larria?

7 Jende askok jarrera lotsagabea eta errespetu falta erakusten die Jainkoaren sexu⁠-⁠arauei. Zer da Biblian aipatzen den sexu moralgabekeria? Biblia⁠-⁠arauen arabera ezkonduta ez daudenen arteko sexu jarduerak dira. Genero berdineko gizakien arteko edota gizaki eta animalien arteko sexu jarduerak hartzen ditu barne. Sexu jardueren artean honakoak daude: sexu harremanak, aho nahiz uzki bidezko sexua edo beste pertsona baten sexu⁠-⁠organoak ukitzea sexu gozamena izateko edo emateko (Ikusi 23. oharra).

8 Bibliak argi uzten du norbaitek moralgabea den sexu jardueraren bat egiten badu eta ez bada damutzen, ezin duela kongregazioaren parte izaten jarraitu (1 Korintoarrei 6:9; Apokalipsia 22:15). Gainera, moralgabea denak bere buruari dion errespetua galtzeaz gain, besteek berarengan duten konfiantza ere galtzen du. Moralgabekeriak beti ekartzen ditu arazoak. Askotan errudun sentiarazten duen kontzientzia uzten du eta, maiz, nahi ez diren haurdunaldiak, senar⁠-⁠emazteen arteko arazoak, gaixotasunak edo heriotza ere ekarri ditzake (Irakurri Galaziarrei 6:7, 8). Moralgabekeriak dakartzan ondorioetan ondo pentsatuz gero, ziurrenik inork ez luke moralgabe jokatu nahiko. Baina zerk eramaten du norberaren grinetan soilik pentsatzera eta, ondorioz, moralgabe jokatzera? Lehen pausoa askotan pornografia izaten da.

PORNOGRAFIA DA LEHEN PAUSOA

9. Zergatik da pornografia arriskutsua?

9 Pornografiaren helburua sexu grinak piztea da. Edozein lekutan aurkitu dezakegu: aldizkarietan, liburuetan, musikan, telebistan, baita Interneten ere. Askok ez dela kaltegarria pentsatzen dute, baina oso arriskutsua da. Izan ere, sexuaren menpe egotea eta grina zikinak garatzea eragin dezake. Behin norbait pornografian nahastu denean, masturbatzeko ohitura edota ezkon⁠-⁠bizitzan arazoak izan ditzake. Dibortziatzera ere heldu daiteke (Erromatarrei 1:24-27; Efesoarrei 4:19; ikusi 24. oharra).

Interneten nabigatzean kontuz ibili behar dugu

10. Nola laguntzen digu Santiago 1:14, 15⁠ean aurkitzen dugun printzipioak moralgabekeria baztertzen?

10 Sexu moralgabekeriak nola erakarri gaitzakeen ulertzea garrantzitsua da. Ikus ezazu Santiago 1:14, 15⁠ean aurkitzen den abisua: «Nor bere grina txarrek tentatzen dute, horiek dute liluratzen eta erakartzen. Grina txarrek, erne eta gero, bekatua sortzen dute, eta bekatuak, burutu eta gero, heriotza dakar». Beraz, pentsamendu txarrak burura etortzen zaizkizunean, segituan baztertu! Irudi erotikoak nahi gabe ikusiz gero, beste alde batera begiratu, itzali ordenagailua edo katez aldatu. Ez utzi grina txarrei zure bihotzean sartzen. Bestela, grina txar horiek indartsu bihurtu eta kontrolatzeko oso zailak izango dira (Irakurri Mateo 5:29, 30).

11. Nola laguntzen gaitu Jehobak pentsamendu txarrak ditugunean?

11 Jehobak guk baino hobeto ezagutzen du geure burua eta badaki zein inperfektuak garen. Baina, era berean, grina txarrak menpera ditzakegula daki. Honakoa esaten digu: «Hilaraz itzazue, beraz, zeuen baitan mundu honen araberako jarrerak: lizunkeria, zikinkeria, irrits eta grina txarrak eta idolatria den diru⁠-⁠gosea» (Kolosarrei 3:5). Nahiz eta hau egitea erraza ez den, Jehobak pazientzia erakusten digu eta laguntza emateko prest dago (68. Salmoa 20 [68:19, NW ]). Anaia gazte bat pornografia eta masturbazioaren tranpan erori zen. Eskolako lagunek gauza hauek denek egiten zituztela esan zioten. Baina honakoa esan zuen: «Nire kontzientzia mindu zuen eta bizimodu moralgabea izatera eraman ninduen». Bere grinak kontrolatu behar zituela konturatu zen eta, Jehobaren laguntzarekin, ohitura horiek alde batera uzteko gai izan zen. Pentsamendu moralgabeak burura etorriz gero, eskatu Jainkoarengandik datorren ezohiko «indarra» pentsamendu garbiak izateko (2 Korintoarrei 4:7; 1 Korintoarrei 9:27).

12. Zergatik zaindu behar ditugu «arreta osoz gogo⁠-⁠bihotzak»?

12 Salomonek honakoa idatzi zuen: «Zaindu arreta osoz gogo⁠-⁠bihotzak, berauengandik sortzen baita bizia» (Esaera Zaharrak 4:23). «Gogo⁠-⁠bihotzak» aipatzean Jehobak ikusten duenaz ari da Biblia, gure barneko pertsonaz. Begiekin ikusten dugunak guregan eragin handia izan dezake. Job gizon leialak hau esan zuen: «Agindua nion neure buruari ez niela irrikaz begiratuko neskatxei» (Job 31:1). Jobek bezala, guk ere ikusten eta pentsatzen duguna kontrolpean izan behar dugu. Salmogilearen antzera egin behar dugu otoitz: «Urrundu nire begiak huskerietatik» (119. Salmoa 37).

DINAK OKER AUKERATU ZUEN

13. Zer⁠-⁠nolako lagunak aukeratu zituen Dinak?

13 Gure lagunek eragin handia izan dezakete gugan, bai onerako, baita txarrerako ere. Jainkoaren arauak jarraitzen dituzten lagunak aukeratuz gero, berdina egiten lagunduko digute (Esaera Zaharrak 13:20; irakurri 1 Korintoarrei 15:33). Dinari gertatutakoak lagunak ongi aukeratzeak duen garrantzia azpimarratzen du. Jakoben alabetako bat zenez, Jehoba zerbitzatzen zuen familian hazi zen. Dina ez zen moralgabea, baina Jehoba gurtzen ez zuten neska kanaandarren lagun mina egin zen. Jainkoaren herriaren aldean, kanaandarrek sexuari buruzko ikuspuntu guztiz ezberdina zuten eta moralgabeak izateagatik ziren ezagunak (Lebitarrena 18:6-25). Dina lagunekin zegoela, Sikem izeneko gazte kanaandarra ezagutu zuen eta Sikemi neska erakargarria iruditu zitzaion. Sikem «bere aitaren etxean ohoragarriena» zen. Baina ez zuen Jehoba maite (Hasiera 34:18, 19).

14. Zer gertatu zitzaion Dinari?

14 Sikemek naturala eta onargarria iruditzen zitzaiona egin zuen. Dina erakargarria iruditzen zitzaionez, «heldu» eta «bortxatu egin zuen» (Irakurri Hasiera 34:1-4). Delitu honen ondorioz sortutako gertakariek Dina eta bere familiari min handia eragin zieten (Hasiera 34:7, 25-31; Galaziarrei 6:7, 8).

15, 16. Zer egin behar dugu zuhur izateko?

15 Ez ditugu zertan Dinaren akats berdinak egin behar Jehobaren arau moralak guretzako onak direla jakiteko. «Zuhurrekin ibiltzen dena zuhur bihurtzen da, zentzugabeekin elkartzen dena galbidean jartzen» (Esaera Zaharrak 13:20). Arlo guztietan «ongi jokatzen» ikastea izan behar da gure helburua. Honela, beharrezkoa ez den mina eta sufrimendua saihestuko ditugu (Esaera Zaharrak 2:6-9; 1. Salmoa 1-3).

16 Zuhur izateko Jainkoaren Hitza aztertu, erabakiak hartu aurretik otoitz egin eta morroi leial eta zentzudunak ematen dizkigun aholkuak jarraitu behar ditugu (Mateo 24:45; Santiago 1:5). Noski, badakigu denok ahulak eta akastunak garela (Jeremias 17:9). Nola erantzungo zenuke, orduan, norbaitek moralgabe jokatzeko arriskuan zaudela esango balizu? Haserretuko al zinateke? Edo onartuko al zenuke apaltasunez laguntza? (2 Erregeak 22:18, 19).

17. Nola lagundu gaitzake beste kristau baten aholkuak? Aipatu adibide bat.

17 Imajinatu ondorengoa: gizon batek arreta berezia eskaintzen dio arreba bati lantokian eta berarekin ateratzera gonbidatzen du. Ez du Jehoba zerbitzatzen, baina oso jatorra eta atsegina dirudi. Beste arreba batek elkarrekin ikusten ditu eta, geroago, arriskuaz abisatzen saiatzen da. Nola erantzungo du arrebak? Haserretu egingo al da ala ulertuko al du aholkua zentzuduna dela? Seguruenik Jehoba maite duenez, zuzena dena egin nahiko du. Baina gizonarekin ateratzen jarraitzen badu, «ihes haragikeriatik» agindua betetzen ala «bere buruaz fidatzen» ariko ote da? (Esaera Zaharrak 22:3; 28:26; Mateo 6:13; 26:41).

JOSEREN EREDUAZ IKASI DEZAGUN

18, 19. Azaldu Josek moralgabekeriatik nola egin zuen ihes.

18 Gaztea zenean Jose esklabo zen Egipton. Bere nagusiaren emazteak sexu harremanak izateko eskatzen zion egunero, baina bazekien hori egitea gaizki zegoela. Jehoba maite zuenez, poztu egin nahi zuen. Emakumea Jose seduzitzen saiatzen zen bakoitzean, honek ezetz esaten zion. Esklaboa izanda, ezin zuen bere nagusia utzi. Behin, nagusiaren emazteak sexu harremanak izatera behartu nahi izan zuen eta Josek «ihes egin zuen etxetik» (Irakurri Hasiera 39:7-12).

19 Jose pentsamendu moralgabeak izaten edo emakumearekin amesten ibili izan balitz, aurreko egoerak amaiera guztiz ezberdina edukiko zukeen. Jehobarekin zuen adiskidetasuna beste edozer gauza baino garrantzitsuagoa zen Joserentzat. Hortaz, emakumeari esan zion: «Nire nagusiak [...] ez dit ezer galarazi zeu izan ezik, bere emazte zaituelako. Nolatan egin, bada, halako gaiztakeriarik? Nolatan egin bekatu Jainkoaren aurka?» (Hasiera 39:8, 9).

20. Zergatik zegoen Jehoba pozik Joserekin?

20 Nahiz eta Jose etxekoengandik urrun egon, Jainkoari leial izan zitzaion beti. Beraz, Jehobak bedeinkatu egin zuen (Hasiera 41:39-49). Jehoba oso pozik zegoen Jose leiala zelako (Esaera Zaharrak 27:11). Moralgabekerian ez erortzea zaila izan daitekeen arren, oroitu hitz hauek: «Gaitzari gorroto diotenak maite ditu Jaunak, bere fededunen bizia zaintzen du: gaiztoen eskutik libratuko ditu!» (97. Salmoa 10).

21. Nola imitatu zuen anaia gazte batek Joseren eredua?

21 Egunero Jehobaren zerbitzariek ausardiaz erakusten dute honako agindua betetzen dutela: «Gorrota ezazue gaizkia, maita ongia» (Amos 5:15). Zure adina edozein izanda ere, leiala zarela erakutsi dezakezu. Eskolan anaia gazte baten fedea probapean jarri zen. Neska batek berarekin sexu harremanak edukiko zituela esan zion matematikako azterketarekin laguntzen bazion. Zer egin zuen anaiak? Joseren antzera jokatu zuen. Honakoa dio: «Zuzenean ezetz esan nion. Leiala izanez, ez nituen galdu ez duintasuna, ezta nire buruari diodan errespetua ere». Moralgabekeriak eskaintzen dituen «bekatuaren atsegin iragankorrak» askotan mina eta atsekabea sortzen ditu (Hebrearrei 11:25). Jehoba obeditzeak poza emango digu beti (Esaera Zaharrak 10:22).

UTZI JEHOBAK LAGUNDU ZAITZAN

22, 23. Nola laguntzen gaitu Jehobak bekatu larria egiten badugu?

22 Satanasek gu harrapatzen saiatzeko sexu moralgabekeria erabiliko du eta hau erronka handia izan daiteke. Ziurrenik guztiok ditugu noizbehinka pentsamendu okerrak (Erromatarrei 7:21-25). Jehobak hau ulertzen du eta «hautsa besterik ez garela» gogoratzen du (103. Salmoa 14). Baina zer gertatuko litzateke kristau batek bekatu moralgabe larria egingo balu? Esperantzarik gabeko egoera al da? Ez. Benetan damutuz gero, Jehobak bere laguntza eskainiko dio «barkabera» baita (86. Salmoa 5; Santiago 5:16; irakurri Esaera Zaharrak 28:13).

23 Jehobak «dohainak» eman dizkigu: maitasunez zaintzen gaituzten kongregazioko arduradunak (Efesoarrei 4:8, 12; Santiago 5:14, 15). Berarekin genuen adiskidetasuna berreskuratzeko eman dizkigu (Esaera Zaharrak 15:32).

ERABILI ZENTZU ONA

24, 25. Nola laguntzen digu zentzu onak moralgabekeria baztertzen?

24 Erabaki egokiak hartzeko, Jehobaren legeak gure onerako direla ulertu behar dugu. Ez dugu Esaera Zaharrak 7:6-23 pasartean deskribatzen den gaztea bezalakoak izan nahi. Zentzugabe jokatu zuenez, sexu moralgabekeriaren tranpan erori zen. Zentzuduna izatea buruargia izatea baino gehiago da. Zentzu ona dugunean, Jainkoaren pentsamoldea ulertzen eta bizitzan praktikan jartzen saiatzen gara. Gogoratu jakinduriaz beteriko hitz hauek: «Zentzu ona lortu eta berari eusten dionak maite du bere burua eta izango du zoriona» (Esaera Zaharrak 19:8).

25 Ziur al zaude Jainkoaren arauak onak direla? Benetan uste al duzu hauek jarraitzeak zoriontsu egingo zaituela? (19. Salmoa 8-11 [19:7-10, NW ]; Isaias 48:17, 18). Oraindik ziur ez bazaude, gogoratu itzazu Jehobak zure alde egindako gauza on guztiak. «Dasta eta ikus zein ona den Jauna» (34. Salmoa 9 [34:8, NW ]). Jehobak zure alde egindako gauzetan gero eta gehiago hausnartu, orduan eta gehiago maitatuko duzu. Maitatu maite duena eta gorrotatu gorroto duena. Egiazko, zuzen, garbi, maitagarri eta bertutetsuak diren pentsamenduez bete ezazu burua (Filipoarrei 4:8, 9). Jehobaren jakinduriak asko lagundu zion Joseri. Gu ere Jose bezalakoak izan gaitezke (Isaias 64:7 [64:8, NW ]).

26. Zer ikusiko dugu hurrengo kapituluetan?

26 Jehobak denok, bai ezkonduak, baita ezkongabeak ere, bizitzaz gozatzea eta zoriontsu izatea nahi du. Hurrengo bi kapituluetan ezkon⁠-⁠bizitza arrakastatsua izaten lagunduko dizun informazioa aurkituko duzu.