Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

17. KAPITULUA

Iraun ezazu Jainkoaren maitasunean

Iraun ezazu Jainkoaren maitasunean

«Jarrai ezazue zeuen bizitza sinesmen txit santuaren oinarri gainean eraikitzen. [...] Zaudete tinko Jainkoaren maitasunean» (JUDAS 20, 21).

1, 2. Zer egin dezakegu Jainkoaren maitasunean irauteko?

 GUZTIOK egon nahi dugu indartsu eta osasuntsu. Hortaz, ondo jaten, ariketa fisikoa egiten eta gorputza zaintzen saiatzen gara. Nahiz eta guzti honek ahaleginak egitea eskatu, emaitzak oso onak direnez ez dugu amore ematen. Baina beste modu batean ere egon behar dugu indartsu eta osasuntsu.

2 Dagoeneko Jehoba ezagutzen dugu eta hau hasiera bikaina da. Baina berarekin dugun adiskidetasuna indartzea beharrezkoa da. Judasek kristauei «zaudete tinko Jainkoaren maitasunean» esan zienean, nola egin ere azaldu zien: «Jarrai ezazue zeuen bizitza sinesmen txit santuaren oinarri gainean eraikitzen» (Judas 20, 21). Hortaz, zerk lagunduko digu gure sinesmen edo fedea eraikitzen?

SEGI FEDEA ERAIKITZEN

3-5. a) Jehobaren arauei buruzko zer iritzi izan dezagun nahi du Satanasek? b) Zer pentsatzen duzu Jehobaren lege eta printzipioei buruz?

3 Ziur egon behar duzu Jehoba obeditzea onena dela. Satanasek Jainkoaren arauen arabera bizitzea zailegia dela eta zure kabuz ona eta txarra zer den erabakiz gero zoriontsuagoa izango zarela ere pentsarazi nahi dizu. Gizakiaren historiaren hasieratik Satanas hori sinestarazten saiatu da (Hasiera 3:1-6). Oraindik ere gogor saiatzen da hori lortzeko.

4 Arrazoi al du Satanasek? Zorrotzegiak ote dira Jehobaren arauak? Ez. Ulertzeko, imajinatu parke eder batean zabiltzala. Orduan, zonalde batera joaten uzten ez dizun hesi altu batekin topo egiten duzu. «Zergatik dago hesi hau bide erdian?» pentsatzen duzu. Une horretan, lehoi bat orroka entzuten duzu beste aldean. Zer iruditzen zaizu orain hesia? Lehoiaren jana izatetik babesten zaituenez pozik zaude, ezta? Jehobaren arauak hesi horren antzekoak dira eta Deabrua lehoiaren parekoa. Bibliak dio: «Izan zaitezte neurritsu eta egon erne. Zuen etsaia, deabrua, zuen inguruan dabil, goseak dagoen lehoia bezala, nor irentsiko» (1 Pedro 5:8).

5 Jehobak bizitzarik onena izan dezagun nahi du. Ez du Satanasek gu engainatzerik nahi. Horregatik eman dizkigu babestu eta zoriontsu egiten gaituzten lege eta printzipioak (Efesoarrei 6:11). Santiagok hau idatzi zuen: «Askatasuna ematen duen lege bikaina hausnartu eta horri tinko eusten diona [...] zoriontsu izango da legea betez» (Santiago 1:25).

6. Zergatik gaude ziur Jehoba obeditzea dela onena?

6 Jehobaren gida jarraitzean, bizitza hobetu eta berarekin dugun adiskidetasuna indartu egiten da. Adibidez, sarri otoitz egiteko gonbidapena onartzea gure onerako da (Mateo 6:5-8; 1 Tesalonikarrei 5:17). Bileretan Jehoba gurtzeko eta elkar animatzeko agindua obeditzean pozik sentitzen gara. Predikatze⁠-⁠lanean eta irakaskuntzan bete⁠-⁠betean parte hartzeak ere poza ematen digu (Mateo 28:19, 20; Galaziarrei 6:2; Hebrearrei 10:24, 25). Gauza hauek gure fedea nola indartzen duten pentsatzean, gero eta argiago ikusten dugu Jehoba obeditzea dela onena.

7, 8. Zerk lagunduko digu izan ditzakegun fede⁠-⁠probei buruz ez kezkatzen?

7 Kezkatzen al zaitu fede⁠-⁠proba zailegiei aurre egin behar izateak? Inoiz horrela sentitu bazara, gogoratu hau: «Ni naiz zure Jainko Yaube, on zaizuna irakasten dizuna eta egin behar duzun bidean eramaten zaituena. Nire aginduetara erne egotekotan, zure bakea ibai bat bezala izango da eta zure zuzentasuna, itsasoa bezala» (Isaias 48:17, 18, IZB).

8 Jehobaren esana betetzean, gure bakea lehortzen ez den ibaia bezalakoa izango da eta gure zuzentasuna, berriz, hondartzara behin eta berriz iristen diren itsasoko olatuak bezala. Datorrena datorrela, leial izaten segi dezakegu. Izan ere, Bibliak honakoa promesten digu: «Jar zaitez Jaunaren eskuetan; sendo eutsiko dizu, bai, Ongileak. Ez dio sekula zintzoari erortzen utziko» (55. Salmoa 23 [55:22, NW ]).

«IZAN ZAITEZTE PERTSONA HELDUAK»

9, 10. Zer esan nahi du heldua izateak?

9 Jehobarekin duzun adiskidetasuna indartzen duzun heinean, «pertsona heldua» izatera iritsiko zara (1 Korintoarrei 14:20). Zer esan nahi du honek?

10 Urteak betetzeak soilik ez gaitu kristau heldu bilakatuko. Heldua izateko, Jehoba gure lagun mina izatera iritsi behar da eta berak bezala pentsatzen saiatu behar dugu (Joan 4:23). Paulok hau idatzi zuen: «Giza grinen arabera bizi direnek gogoak ere halakoak dituzte; Espirituaren arabera bizi direnek, berriz, gogoak ere Espirituarenak» (Erromatarrei 8:5). Pertsona helduaren lehentasunak ez dira plazerak eta ondasunak. Horren ordez, gogoa Jehoba zerbitzatzean jartzen du eta erabaki zuhurrak hartzen ditu (Esaera Zaharrak 27:11; irakurri Santiago 1:2, 3). Presioak ez du txarra dena egitera bultzatuko. Izan ere, heldua denak badaki zer dagoen ondo eta hori egiteko erabakia hartzen du.

11, 12. a) Zer esan zuen Paulok kristauen bereizteko ahalmenari buruz? b) Zergatik dira kristau heldua izateko eta atleta izateko prozesuak antzekoak?

11 Gogor saiatu behar dugu helduak izateko. Paulok idatzi zuen: «Janari sendoa, berriz, jende helduentzat da, ongia gaizkitik berexten trebatuak direnentzat» (Hebrearrei 5:14, EABLB). «Trebatuak» hitzak atleta baten entrenamendua gogorarazten digu.

12 Atleta bat lehiaketa batean ikusten dugunean, badakigu bere trebetasuna garatzeko denbora eta ahaleginak behar izan dituela. Ez zen atleta jaio. Jaioberriek ez dakite beso eta hankak nola erabili. Baina, denborarekin, gauzak nola eutsi eta ibiltzen ere ikasten du. Gaitasunak trebatuz gero, atleta bihurtu daiteke. Modu berean, denbora eta trebakuntza behar ditugu kristau helduak izatera iristeko.

13. Nola ikasi dezakegu Jehobaren pentsaera izaten?

13 Argitalpen honetan Jehobaren pentsaera izaten ikasi dugu, baita Jehobaren arauak estimatzen eta maitatzen ere. Erabakiak hartzean, honako galderak egin ditzakegu: «Bibliako zer lege eta printzipio hartu behar ditut kontuan egoera honetan? Nola jarraitu ditzaket? Zer nahiko luke Jehobak nik egitea?» (Irakurri Esaera Zaharrak 3:5, 6; Santiago 1:5).

14. Zer egin behar dugu fedea eraikitzeko?

14 Fedea eraikitzeak ez du amaierarik. Elikagai onak jateak gorputz indartsuak izaten laguntzen duen bezala, Jehobaz ikasteak fede indartsua eraikitzen laguntzen digu. Biblia aztertzen hasi ginenean, Jehobari eta bere arauei buruzko oinarrizko egiak ikasi genituen. Baina denbora igaro ahala, gauza sakonagoak ulertzea beharrezkoa da. Horixe zuen buruan Paulok honakoa esan zuenean: «Janari sendoa, berriz, jende helduentzat da». Ikasitakoa jarraitzean, jakinduria lortzen dugu. «Koralak baino hobea da jakinduria, gauzarik baliotsuena ere ez da haren pareko» dio Bibliak (Esaera Zaharrak 8:11; 1 Pedro 2:2).

15. Zer garrantzi du Jehoba eta gure anai⁠-⁠arrebak maitatzeak?

15 Indartsu eta osasuntsu izaten jarraitzeko, badakigu geure burua zaintzen segi behar dugula. Era berean, heldua denak badaki Jehobarekin duen adiskidetasuna indartsu mantentzeko gogor egin behar duela lan. «Aztertu zeuen barrua ea sinesmenean zaudeten, aztertu serioski» gogorarazi zigun Paulok (2 Korintoarrei 13:5). Hala ere, fede indartsua baino gehiago behar dugu. Jehoba eta gure anai⁠-⁠arrebei diegun maitasuna indartzen jarraitu behar dugu. Paulok honakoa esan zuen: «Nahiz eta [...] munduko jakintza guztiak ezagutu eta mendiak lekuz aldatzeko adinako sinesmena izan, maitasunik ez badut, ez naiz ezer» (1 Korintoarrei 13:1-3).

JARRI ARRETA ITXAROPENEAN

16. Zer sentiarazi nahi digu Satanasek?

16 Satanasek Jehoba poztea ezinezkoa izango zaigula, indarrik gabe gaudela eta gure arazoek irtenbiderik ez dutela pentsarazi nahi digu. Ez du guk anai⁠-⁠arrebengan konfiantza izaterik nahi, ezta zoriontsu izan gaitezen ere (Efesoarrei 2:2). Satanasek badaki pentsamendu negatiboek gu geu eta Jainkoarekin dugun adiskidetasuna kaltetu ditzaketela. Baina Jehobak pentsamendu negatiboei aurre egiteko laguntza eman digu: itxaropena.

17. Zer garrantzi du itxaropenak?

17 Bibliak 1 Tesalonikarrei 5:8⁠an itxaropena soldadu baten burua babesten duen kaskoarekin parekatzen du, kaskoari «salbamenaren itxaropena» deituz. Jehobaren promesetan esperantza izateak gure adimena babesten du eta, horrela, pentsamendu negatiboei aurre egiten laguntzen digu.

18, 19. Nola indartu zuen Jesus itxaropenak?

18 Jesusi esperantzak indarra eman zion. Lurrean bizi izan zen azken gauean, arazo zailei aurre egin behar izan zien bata bestearen atzetik. Lagun min batek saldu egin zuen. Beste batek ezagutzen zuela ere ukatu zuen. Beste batzuek bakarrik utzi eta ihes egin zuten. Bere herrikideak ere aurka ipini eta hil arte tortura zezaten eskatu zuten. Zerk lagundu zion hau dena jasaten? «Itxaro zuen zorionagatik» torturarako habean hiltzea onartu zuen, nahiz eta heriotza mota hori lotsagarria izan, «eta orain Jainkoaren tronuaren eskuinaldean eseria dago» (Hebrearrei 12:2).

19 Jesusek bazekien leial mantenduz Aitari ohore eman eta Satanas gezurtia dela frogatuko zuela. Itxaropen horrek poz handia eman zion. Laster Aitarekin zeruan bilduko zela ere bazekien eta esperantza horrek aurrera egiten lagundu zion. Jesusek bezala, arreta itxaropenean izan behar dugu. Zer gertatzen den axola gabe, edozer jasaten lagunduko digu.

20. Zerk lagunduko dizu baikorra izaten?

20 Jehobak ikusten du zure fedea eta ez duzula amore ematen (Isaias 30:18; irakurri Malakias 3:10). «Bihotzak eskatzen dizuna» emango dizula promesten dizu (37. Salmoa 4). Hortaz, jarri arreta osoa itxaropenean. Satanasek zuk esperantza galtzea nahi du eta Jehobaren promesak sekula ez direla beteko pentsarazi nahi dizu. Ez utzi pentsamendu negatiboek zapaldu zaitzaten! Itxaropena itzaltzen ari zaizula nabaritzen baduzu, eskatu Jehobari laguntza. Gogoratu Filipoarrei 4:6, 7⁠ko hitzak: «Ez eduki ezeren kezkarik, baizik eta, gorabehera guztietan, agertu Jainkoari zeuen eskabideak, otoitz eta erregu eginez eta eskerrak emanez. Eta guk pentsa dezakeguna baino handiago den Jainkoaren bakeak zainduko ditu zuen gogo⁠-⁠bihotzak Kristo Jesusen bidez».

21, 22. a) Nolakoa izango da bizitza mundu berrian? b) Zer egiteko erabakia hartu duzu?

21 Izango dugun etorkizun zoragarrian hausnartzeko ohitura izan ezazu. Laster izaki bizidun guztiok Jehoba gurtuko dugu (Apokalipsia 7:9, 14). Pentsa ezazu mundu berrian izango duzun bizitzan. Imajina dezakezun edozer baino hobea izango da! Satanas, bere deabruak eta gaiztakeria desagertu egingo dira. Ez zara gaixotuko, ezta hilko ere. Gainera, primerako sasoia izango duzu eta goizero bizirik egoteagatik pozik esnatuko zara. Guztiok elkarlanean arituko gara lurra paradisu bihurtzeko. Denok izango ditugu elikagai onak eta babesean bizitzeko etxeak. Krudelkeria eta indarkeria desagertu egingo dira eta bata bestearekin bihozberak izango gara. Denborarekin, «Jainkoaren seme⁠-⁠alaben aintzazko askatasunean» parte hartuko dute lurreko gizaki guztiek (Erromatarrei 8:21).

22 Jehobak zure lagun mina izan nahi du. Hortaz, egin ahal duzun guztia bera obeditzeko eta egunero⁠-⁠egunero berarengandik gertuago egoteko. Iraun dezagun guztiok Jainkoaren maitasunean betiko, bai horixe! (Judas 21).