Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

1. KAPITULUA

Jainkoaren maitasunak betiko iraungo du

Jainkoaren maitasunak betiko iraungo du

«Jainkoa maitatzea haren aginduak betetzea da. Haren aginduak ez dira astunak» (1 JOAN 5:3).

1, 2. Zergatik maite duzu Jehoba?

 MAITE al duzu Jainkoa? Agian dagoeneko asko maite duzunez, zeure burua berari eskaini diozu. Zure lagunik minena dela ere sentitu dezakezu. Baina zuk Jehoba maitatu baino lehenago, berak zu maitatu zaitu. Bibliak zera dio: «Beraz, maita dezagun, Jainkoak maitatu baikintuen lehenik» (1 Joan 4:19).

2 Pentsa ezazu Jehobak gure alde erakutsitako maitasunean. Lurra, gure etxe ederra, eta bizitzaz gozatzeko behar dugun guztia eman digu (Mateo 5:43-48; Apokalipsia 4:11). Berarekin harreman ona izatea nahi duenez, bera ezagutzeko aukera luzatu digu. Biblia irakurtzean, Jehobari entzuten diogu. Eta otoitz egitean, berriz, berak guri entzuten digu (65. Salmoa 3 [65:2, NW ]). Bere espiritu santu boteretsuarekin gidatzen eta indartzen gaitu (Lukas 11:13). Bere Seme maitea lurrera bidaltzera ere iritsi zen gu bekatu eta heriotzatik askatzeko (Irakurri Joan 3:16; Erromatarrei 5:8).

3. Nola mantendu dezakegu Jehobarekin harreman ona?

3 Pentsa ezazu une batez zure lagun min batengan, garai zoriontsu eta latzak zurekin igaro dituen lagun batengan. Ahalegin handia egin behar da adiskidetasun sendoa mantentzeko. Jehobarekin ere, izan dezakegun lagunik minenarekin, berdin gertatzen da. Bere lagunak izan gaitezke betiko. Beraz, Bibliak dio: «Zaudete tinko Jainkoaren maitasunean» (Judas 21). Nola egin dezakegu hau? Bibliak honakoa erantzuten digu: «Jainkoa maitatzea haren aginduak betetzea da. Haren aginduak ez dira astunak» (1 Joan 5:3).

ZER DA «JAINKOA MAITATZEA»?

4, 5. Nola hasi zen handitzen Jehobari zenion maitasuna?

4 Zertaz ari da Biblia «Jainkoa maitatzea» esaten duenean? Jainkoaren alde dugun sentimendu sakonari buruz ari da. Gogoratzen al duzu Jehoba maitatzen hasi zinen garaia?

Zeure burua Jehobari eskaintzean eta bataiatzean, diozun maitasuna eta bere esana betiko bete nahi duzula erakusten duzu

5 Atzera begiratu eta gogoratu nola sentitu zinen Jehobak bere mundu berrian zu betiko bizitzea nahi zuela jakin zenuenean. Hau posible egiteko egin duen guztia ikasi zenuen eta bere Semea lurrera bidaltzean oso opari baliotsua eman zigula ulertu zenuen (Mateo 20:28; Joan 8:29; Erromatarrei 5:12, 18). Jehobak zenbat maite zaituen konturatzen zinen heinean, zure bihotza hunkitu eta bera maitatzen hasi zinen (Irakurri 1 Joan 4:9, 10).

6. a) Nola erakusten dugu norbait maite dugula? b) Zer egitera eraman zaitu Jainkoari diozun maitasunak?

6 Baina sentimendu hori hasiera besterik ez zen izan. Esaterako, norbait maitatzen dugunean, «maite zaitut» esan baino gehiago egiten dugu. Maitasunak pertsona hori zoriontsu egiten saiatzera bultzatzen gaitu. Era berean, Jehobari diozun maitasunak berak atsegin duen moduan bizi nahi izatera bultzatu zintuen. Maitasun hori handitzen zen heinean, agian zeure burua Jehobari eskaini eta bataiatu egin zinen. Hau eginez, betiko zerbitzatuko zenuela promestu zenion (Irakurri Erromatarrei 14:7, 8). Nola bete dezakezu hitzemandakoa?

«HAREN AGINDUAK BETETZEA DA»

7. a) Jehoba maite badugu, zer egingo dugu? b) Zeintzuk dira bere aginduetariko batzuk?

7 Jainkoa maite dugunez, «haren aginduak bete» nahi ditugu. Nola egin dezakegu hau? Esanekoak izanez. Biblian Jehobak nolako bizimodua izan behar dugun azaltzen digu. Adibidez, mozkortzea, lapurtzea edo gezurrak esatea, ezkontidea ez den norbaitekin sexu harremanak izatea edo beste norbait edo zerbait gurtzea gaizki dagoela esaten digu Jehobak (1 Korintoarrei 5:11; 6:18; 10:14; Efesoarrei 4:28; Kolosarrei 3:9).

8, 9. Nola jakin dezakegu Jehobak guk zer egitea nahi duen Biblian lege zehatzik ez dagoenean? Eman adibide bat.

8 Jehoba gurekin pozik egoteko, bere aginduak bete baino gehiago egin behar dugu. Ez digu zerrenda luze bat eman bizitzan izan ditzakegun egoera guztiak azalduz. Beraz, zenbait kasutan, Bibliak ez dizkigu lege zehatzik emango zer egin behar dugun esanez. Nola hartuko ditugu, orduan, erabaki egokiak? (Efesoarrei 5:17). Biblian printzipioak aurkitzen ditugu. Oinarrizko egia hauek Jehobak gauzak nola ikusten dituen erakusten digute. Eta Biblia irakurtzen dugun heinean, Jehobaren izaera nolakoa den, bere pentsatzeko modua zein den eta zer maite eta zer gorrotatzen duen ezagutuko dugu (Irakurri 97. Salmoa 10; Esaera Zaharrak 6:16-19; ikusi liburuaren amaierako 1. oharra).

9 Esaterako, nola erabaki dezakegu telebistan edo Interneten zer ikusi? Jehobak ez digu zehatz⁠-⁠mehatz esango zer egin behar dugun. Baina ematen dizkigun printzipioek erabaki egokiak hartzen lagundu gaitzakete. Gaur egungo aisialdi gehiena indarkerian eta sexuan oinarrituta dago. Biblian, Jehobak «gogorkeria⁠-⁠zalea bihotzez gorrotatzen» duela eta «lizunak» edo sexu moralgabekerian dabiltzanak epaituko dituela dio (11. Salmoa 5; Hebrearrei 13:4). Nola lagundu gaitzakete printzipio hauek erabaki egokiak hartzen? Jehobak zerbait gorroto duela edo moralgabea iruditzen zaiola jakiten dugunean, baztertu egingo dugu.

10, 11. Zergatik gara Jehobaren esanekoak?

10 Zergatik gara Jehobaren esanekoak? Ez da zigorra edota erabaki txarrek ekarri ditzaketen arazoak saihesteko bakarrik (Galaziarrei 6:7). Ez, Jehoba maite dugulako gara bere esaneko. Haurrek aita poztu nahi duten bezala, guk ere gure zeruko Aita poztu nahi dugu. Jehoba gurekin pozik dagoela jakitea baino ezer hoberik ez da! (5. Salmoa 13 [5:12, NW ]; Esaera Zaharrak 12:2; ikusi 2. oharra).

11 Ez gara Jehobaren esanekoak erraza denean edo beste aukerarik ez dugunean soilik. Izan ere, ez dugu aukeratzen bere lege eta arauetariko zein jarraitu eta zein ez (Deuteronomioa 12:32). Horren ordez, guztiz obeditzen diogu, salmogileak egin zuen bezala: «Zure aginduetan gozatuko naiz, hain maite ditudan aginduetan» (119. Salmoa 47; Erromatarrei 6:17). Noe bezalakoak izan nahi dugu, Jehobari zion maitasuna agindutako guztia eginez erakutsi baitzuen. «Zehatz⁠-⁠mehatz» bete zuela dio Bibliak (Hasiera 6:22). Jehobak zuri buruz berdina esatea nahi al duzu?

12. Nola poztu dezakegu Jehoba?

12 Nola sentitzen da Jehoba bere esanekoak garenean? Jehoba bihotz⁠-⁠bihotzez pozten da (Esaera Zaharrak 11:20; 27:11). Pentsa ezazu horretan. Bere esanekoak izatean unibertsoaren Sortzailea poztu dezakegu! Baina berak ez gaitu sekula hori egitera behartzen. Horren ordez, aukeratzeko askatasuna eman digu. Honek ongi edo gaizki dagoena egiteko askatasuna dugula esan nahi du. Jehobak, berari diogun maitasunak bultzatuta, bizitza hoberena izateko erabaki egokiak hartzea nahi du (Deuteronomioa 30:15, 16, 19, 20; ikusi 3. oharra).

«HAREN AGINDUAK EZ DIRA ASTUNAK»

13, 14. Nola jakin dezakegu Jainkoaren aginduak ez direla betetzeko zailegiak? Adibide bat ipini.

13 Eta Jehobaren aginduak betetzeko zailegiak direla edota gure askatasuna murriztuko dutela pentsatzen badugu? Bibliak argi eta garbi dio: «Haren aginduak ez dira astunak» (1 Joan 5:3). «Astuna» itzultzen den hitz grekoa, beste aipu batzuetan, arau zentzugabeak edo besteak kontrolatu eta mintzen duen jendea deskribatzeko erabiltzen da (Mateo 23:4; Eginak 20:29, 30). Jehobaren aginduak ez dira «astunak», hau da, ez dira guk obeditzeko zailegiak. Jehoba beti zentzuduna da gugandik zerbait eskatzen duenean.

14 Demagun lagun bati etxez aldatzen laguntzen ari zarela. Bere gauza guztiak kaxetan ipini ditu. Kaxa batzuk arinak eta eramateko errazak dira, baina beste batzuk hain dira astunak, non biren artean eraman behar dituzte. Eskatuko al dizu lagunak oso astuna den kaxa bat zuk bakarrik eramateko? Ez noski! Zergatik? Ez du zuk minik hartzerik nahi. Lagun horrek bezala, Jehobak ez digu sekula zailegia den zerbait egitea eskatuko (Deuteronomioa 30:11-14). Jehobak badaki nolakoak garen: «Badaki ongi zerez garen eginak, gogoan du hautsa besterik ez garela» (103. Salmoa 14).

15. Zergatik egon gaitezke ziur Jehobaren aginduak gure onerako direla?

15 Moisesek Jehobaren aginduak «beti zoriontsu» egingo zituela esan zien israeldarrei. Gainera, esaneko izateak bizirik irauten lagunduko ziela adierazi zien (Deuteronomioa 5:28-33; 6:24). Gaur egun ere hala da. Jehobak eskatzen digun guztiak gure bizitza hobetuko du (Irakurri Isaias 48:17). Gure Aita Jehobak beti daki guretzat hoberena zer den (Erromatarrei 11:33). Bibliak dio: «Jainkoa maitasuna baita» (1 Joan 4:8). Jehobak esaten eta egiten duen guztia maitasunak eraginda dela esan nahi du honek.

16. Zerk lagunduko digu esanekoak izaten nahiz eta akastunak izan eta mundu gaizto batean bizi?

16 Jainkoaren esaneko izatea ez da beti erraza. Izan ere, Deabruaren eskuetan dagoen mundu gaiztoan bizi gara. Agintari hau jendea gaizki dagoena egitera bultzatzen saiatzen da (1 Joan 5:19). Era berean, gure pentsamendu eta sentimendu akastunen aurka borrokatu behar dugu, hauek ere Jainkoaren esaneko ez izatera eraman gaitzakete eta (Erromatarrei 7:21-25). Baina Jehobari diogun maitasunak zuzena dena egiteko indarra ematen digu. Bere esaneko izateko ahaleginak ikusten ditu eta bere espiritu santu boteretsua emanez laguntzen digu (1 Samuel 15:22, 23; Eginak 5:32). Espiritu santuak esaneko izatea errazten duten ezaugarriak garatzen laguntzen digu (Galaziarrei 5:22, 23).

17, 18. a) Zer aztertuko dugu liburu honetan? b) Zeri buruz hitz egingo dugu hurrengo kapituluan?

17 Liburu honetan zehar Jehobari atsegin zaion bizimodua ezagutzeaz gain, bere printzipio eta arau moralak gure bizitzan praktikan nola jarri ikusiko dugu. Gogoan izan Jehobak ez gaituela bere esanekoak izatera behartzen. Obeditzea aukeratuz gero, gure bizitzak hobera egingo du eta etorkizun paregabea izango dugu. Are gehiago, gure obedientziak Jainkoa zenbat maite dugun erakutsiko du (Ikusi 4. oharra).

18 Ongi eta gaizki dagoena bereizten laguntzeko, Jehobak gutako bakoitzari kontzientzia eman digu. Gure kontzientzia trebatuz, «haren aginduak betetzea» lortuko dugu. Orduan, zer da gure kontzientzia eta nola trebatu dezakegu? Ikus dezagun.