Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

5. KAPITULUA

Nola jarraitu dezakegu mundutik bananduta?

Nola jarraitu dezakegu mundutik bananduta?

«Mundukoak ez zaretelako» (JOAN 15:19).

1. Zerk kezkatzen zuen Jesus hil aurreko gauean?

 JESUS hil aurreko gaua zen. Ikasleak laster utziko zituela bazekien eta haien etorkizunaz kezkaturik zegoen. Honakoa esan zien: «Munduak gorroto dizue, mundukoak ez zaretelako» (Joan 15:19). Ondoren, Aitari otoitz egin zion haien alde esanez: «Ez dira mundukoak, neu ere mundukoa ez naizen bezala» (Joan 17:15, 16). Zer esan nahi zuen?

2. Zer da Jesusek aipatutako «mundua»?

2 Kasu honetan «mundua» Jainkoa ezagutzen ez duen eta Satanasen munduaren kontrolpean dagoen jendea da. (Joan 14:30; Efesoarrei 2:2; Santiago 4:4; 1 Joan 5:19). Zer egin behar dugu mundukoak ez izateko? Kapitulu honetan hainbat arlo aztertuko ditugu. Esaterako, Jainkoaren Erreinuari leialak garenez, neutral mantentzen gara, hau da, gai politikoetan ez dugu inoren alde egiten. Gainera, munduko espirituari aurre egiten diogu. Bestalde, egoki janzten eta apaintzen gara eta diruari buruzko ikuspuntu orekatsua dugu. Azkenik, Jainkoak ematen digun armadura ere janzten dugu (Ikusi 16. oharra).

JAINKOAREN ERREINUARI LEIALA IZAN

3. Zer ikuspuntu zuen Jesusek gai politikoei buruz?

3 Jesus lurrean egon zenean, jendeak arazo asko zituela eta haien bizitzak ez zirela errazak ikusi zuen. Jendeaz benetan kezkatu eta hauek lagundu nahian ibili zen. Buruzagi politiko bihurtu al zen orduan? Ez. Jendeak benetan behar zuena Jainkoaren Erreinua edo gobernua zela zekien. Erreinu honetako errege izango zen eta Erreinua izan zen bere predikatze⁠-⁠lanaren gai nagusia (Daniel 7:13, 14; Lukas 4:43; 17:20, 21). Beraz, Jesus ez zen gai politikoetan nahastu eta beti neutral mantendu zen. Erromako Pontzio Pilato gobernariarekin aurrez aurre egon zenean, hau esan zion: «Nire erregetza ez da mundu honetakoa» (Joan 18:36). Bere ikasleak ere neutralak izan ziren. On the Road to Civilization (Zibilizazioaren bidean) liburuak lehenengo kristauek «ez zutela kargu politikorik onartzen» azaltzen du. Gaur egun, benetako kristauok berdin jokatzen dugu. Jainkoaren Erreinuaren alde leialki egiten dugu eta mundu honetako gai politikoetan neutral mantentzen gara (Mateo 24:14).

Gai al zara Jainkoaren Erreinuaren alde zergatik egiten duzun azaltzeko?

4. Nola egiten dute Jainkoaren Erreinuaren alde benetako kristauek?

4 Enbaxadoreak gobernuaren ordezkariak dira atzerrian, beraz, ez dira lurralde horretako gai politikoetan nahasten. Gantzutuak, Jesu Kristorekin zeruan errege izateko esperantza dutenak, antzeko egoeran daude. Paulok hau idatzi zien: «Kristoren izenean enbaxadore gara» (2 Korintoarrei 5:20, TB). Gantzutuak Jainkoaren Erreinuaren ordezkariak dira. Orduan, ez dira mundu honetako gai politikoetan nahasten (Filipoarrei 3:20). Horren ordez, milioika pertsonari lagundu diote Jainkoaren Erreinuari buruz ikasten. Jainkoaren mundu berrian betiko bizitzeko esperantza duten «beste ardi batzuek» gantzutuei laguntzen diete. Hauek ere neutral mantentzen dira (Joan 10:16; Mateo 25:31-40). Argi dago, benetako kristauak ez dira mundu honetako gai politikoetan nahasten (Irakurri Isaias 2:2-4).

5. Aipatu kristauok gudan parte ez hartzeko dugun arrazoi bat.

5 Benetako kristauentzat fedekide guztiak familiartekoak dira eta, leku eta jatorri desberdinekoak izan arren, elkartuta daude (1 Korintoarrei 1:10). Gudara joango bagina, gure familiaren aurka borrokan ariko ginateke, Jesusek maitatzeko agindu zigun fedekideen aurka (Joan 13:34, 35; 1 Joan 3:10-12). Are gehiago, Jesusek ikasleei etsaiak ere maitatu behar zituztela esan zien (Mateo 5:44; 26:52).

6. Zer ikuspuntu dute Jehobaren zerbitzariek gobernuei buruz?

6 Nahiz eta kristauak izateagatik neutralak mantendu, hiritar onak izaten ahalegintzen gara. Adibidez, gobernua errespetatzen dugu legeak obeditzean eta zergak ordaintzean. Baina beti ziurtatzen gara «Jainkoarena Jainkoari» emateaz (Markos 12:17; Erromatarrei 13:1-7; 1 Korintoarrei 6:19, 20). Jainkoarenak diren gauzen artean berari diogun maitasuna, obedientzia eta adorazioa daude. Nahiago dugu gure bizitza eman Jehoba desobeditu baino (Lukas 4:8; 10:27; irakurri Eginak 5:29; Erromatarrei 14:8).

MUNDUKO ESPIRITUARI AURRE EGIN

7, 8. Zer da «munduko espiritua» eta zer eragin du jendearengan?

7 Satanasen mundutik bananduta egoteak munduko espirituak guregan kontrolik izaten ez uztea esan nahi du. Zer da espiritu hau? Satanasengandik datorren jokatzeko eta pentsatzeko modua da eta Jehoba zerbitzatzen ez dutenak kontrolpean ditu. Baina kristauek aurre egiten diote jarrera horri. Paulok esan zuenez, «guk ez dugu munduko espiritua hartu, Jainkoarengandik datorrena baizik» (1 Korintoarrei 2:12; Efesoarrei 2:2, 3; ikusi 17. oharra).

8 Munduko espirituak jendea berekoi, harro eta errebelde egiten du. Jainkoa obeditu behar ez duela pentsarazten dio. Satanasen nahia jendeak ondorioetan pentsatu gabe nahi duena egitea da. Gainera, jendeak «grina txarrak» eta «begietatik sartzen denaren gutizia» bizitzako gauzarik garrantzitsuenak direla pentsatzea nahi du (1 Joan 2:16; 1 Timoteori 6:9, 10). Deabruak ahalegin handiak egiten ditu Jehobaren zerbitzariak desbideratzeko. Guk berak bezala pentsatzea nahi du (Joan 8:44; Eginak 13:10; 1 Joan 3:8).

9. Zer eragin izan dezake guregan munduko espirituak?

9 Arnasten dugun airea bezala, munduko espiritua edonon aurki dezakegu. Ez badugu horri aurre egiteko gogor lan egiten, guregan eragina izango du (Irakurri Esaera Zaharrak 4:23). Kaltegarri ez dirudien moduan hasi daiteke, esate baterako, Jehoba gurtzen ez dutenen jarrera eta pentsamoldeak onartuz (Esaera Zaharrak 13:20; 1 Korintoarrei 15:33). Edo pornografia, apostasia eta oso lehiakorrak diren kirolen eragin txarra jaso genezake (Ikusi 18. oharra).

10. Zer egin dezakegu munduko espirituari aurre egiteko?

10 Orduan, zer egin dezakegu munduko espirituaren kontrolpean ez egoteko? Jehobarengandik hurbil mantendu eta bere jakinduriak gidatzen utzi. Gainera, bere espiritu santua etengabe eskatu eta bere zerbitzuan lanpetuta egon behar dugu. Jehoba da unibertsoko izakirik boteretsuena. Beraz, ziur gaude munduko espirituari aurre egiten lagunduko digula (1 Joan 4:4).

JAINKOA OHORATZEKO MODUAN JANTZI

11. Zer eragin du munduko espirituak jendearen janzkeran?

11 Gure apaintzeko eta janzteko moduak ere mundukoak ez garela erakusten du. Jende asko besteen arreta bereganatzeko, besteengan pentsamendu moralgabeak esnatzeko, gizartearen aurka dagoela adierazteko edo zenbat diru duen erakusteko moduan janzten da. Beste batzuei ez zaie axola zer itxura duten eta narras edo zikin janztea atsegin dute. Ezin diegu utzi jarrera horiei gure janzteko eta apaintzeko moduan eragiten.

Ohore ematen al diot Jehobari janzten naizen moduarekin?

12, 13. Zer printzipiok lagunduko digute gure janzkera aukeratzen?

12 Jehobaren zerbitzariak garenez, beti txukun, garbi, gustu onez eta egoera bakoitzerako modu egokienean jantzi nahi dugu. Apaltasunez eta zentzuz janzten gara «jainkozale» garela erakusteko (1 Timoteori 2:9, 10; Judas 21).

13 Gure janzkerak Jehoba eta bere herriari buruz besteek duten iritzian eragina izan dezake. «Dena Jainkoaren aintzarako» egin nahi dugu (1 Korintoarrei 10:31). Apaltasunez janztean besteen sentimendu eta iritziei errespetua erakusten diegu. Beraz, zer arropa jantzi eta zer itxura izan nahi dugun erabakitzean, gure aukerek besteengan eragina dutela kontuan hartzen dugu (1 Korintoarrei 4:9; 2 Korintoarrei 6:3, 4; 7:1).

14. Zer izan behar dugu kontuan jarduera espiritualetarako arropa aukeratzean?

14 Nola janzten gara bilera eta predikatze⁠-⁠lanerako? Arreta gehiegi erakartzen al diogu geure buruari? Gure arropek besteak lotsarazten al dituzte? Janzkera gure kontua dela eta besteei ez diela axola behar uste al dugu? (Filipoarrei 4:5; 1 Pedro 5:6). Noski, normala da itxura ona eduki nahi izatea, baina kristau ezaugarriak dira benetan erakargarriak egiten gaituztenak. Hauexek dira Jehobak guri begiratzen digunean ikusten dituenak. Barnean nor garen erakusten dute, ezkutuko bihotz⁠-⁠barrua, «honek balio baitu Jainkoaren aurrean» (1 Pedro 3:3, 4).

15. Zergatik ez digu esaten Jehobak zehatz⁠-⁠mehatz nola jantzi eta nolako itxura izan?

15 Jehobak ez digu eman arau zerrenda bat nola jantzi esanez. Horren ordez, erabaki onak hartzeko lagungarri diren biblia⁠-⁠printzipioak eman dizkigu (Hebrearrei 5:14). Gure erabakiak, txiki edo handiak, berari eta besteei diegun maitasunean oinarritzea nahi du (Irakurri Markos 12:30, 31). Munduan zehar, Jehobaren zerbitzariak modu desberdinetan janzten dira kultura eta gustuaren arabera. Aniztasun hau polita eta atsegina da.

DIRUARI BURUZKO IKUSPUNTU OREKATSUA

16. a) Zergatik dago munduak diruari buruz duen ikuspuntua Jesusek irakatsitakoaren aurka? b) Zer galdetu behar genioke geure buruari?

16 Satanasen helburua jendeak dirua eta ondasunei esker zoriontsuak izango direla pentsatzea da. Baina Jehobaren zerbitzariek badakite hori ez dela egia. Jesusen hitz hauetan dugu konfiantza: «Gorde diru⁠-⁠gosetik, ondasunek ez baitiote inori bizia segurtatzen, ugari izanda ere» (Lukas 12:15). Diruak ezin gaitu benetan zoriontsu egin. Ezin dizkigu benetako lagunak, barneko lasaitasuna edo betiko bizia eman. Egia da bizitzeko dirua behar dugula eta bizitzaz gozatu nahi dugula. Baina Jesusek zera irakatsi zuen: Jainkoaren adiskide izatean eta bere zerbitzua gure bizitzako gauzarik garrantzitsuena denean izango garela zoriontsu (Mateo 6:22; Lukas 11:28). Galdetu zeure buruari: «Ba al du eraginik niregan munduak diruari buruz duen ikuspuntuak? Diruari buruz pentsatzen edo hitz egiten al dut batez ere?» (Lukas 6:45; 21:34-36; 2 Joan 6).

17. Nola hobetu dezakezu bizitza munduak diruari buruz duen ikuspuntua baztertuz gero?

17 Jehobaren zerbitzuan buru⁠-⁠belarri bagabiltza eta munduak diruari buruz duen ikuspuntua baztertzen badugu, bizitza beteagoa izango dugu (Mateo 11:29, 30). Gainera, daukagunarekin pozik egongo gara eta barneko lasaitasuna izango dugu (Mateo 6:31, 32; Erromatarrei 15:13). Ondasunez gutxiago kezkatuko gara (Irakurri 1 Timoteori 6:9, 10). Emateak dakarren zoriontasuna gozatuko dugu (Eginak 20:35). Honetaz gain, gure bizimoduari esker maite ditugunekin denbora gehiago igarotzeko aukera izango dugu eta, agian, lo ere hobeto egingo dugu (Kohelet 5:11 [5:12, NW ]).

«ARMADURA GUZTIA»

18. Zertan ari da saiatzen Satanas?

18 Satanas Jehobarekin dugun harremana suntsitzen saiatzen ari da. Hori dela eta, harreman hau babesteko gure eskuetan dagoen guztia egin behar dugu. «Goiko espiritu gaiztoen aurkakoa» da dugun borroka (Efesoarrei 6:12). Ez Satanasek, ezta deabruek ere, ez dute gu zoriontsu izatea edo betiko bizitzea nahi (1 Pedro 5:8). Etsai boteretsu hauek gure aurka borrokan ari dira, baina Jehobaren laguntzarekin borroka hau irabazi dezakegu!

19. Nola deskribatzen du Efesoarrei 6:14-18 pasarteak kristauen «armadura»?

19 Antzina, soldaduek armadura janzten zuten borrokan babesa izateko. Era berean, Jehobak eman digun «armadura» jantzi behar dugu (Efesoarrei 6:13, TB). Honek babestu egingo gaitu. Efesoarrei 6:14-18 pasartean armadura honi buruz irakur dezakegu: «Zutik, beraz! Lotu gerrikotzat egia, jantzi bularrekotzat zintzotasuna eta oinetakotzat bakearen berri ona zabaltzeko ardura. Eduki beti besoan babeskitzat fedea, etsaiaren suzko geziak oro itzali ahal izateko. Hartzazue burukotzat salbamena, eta ezpatatzat Espirituaren ezpata, hau da, Jainkoaren hitza. Egin otoitz eta eskariak etengabe, Espirituaren indarrez».

20. Zer egin behar dugu «armadurak» laguntzea nahi badugu?

20 Soldadu batek armaduraren elementu bat ahaztu eta, hortaz, gorputzeko zati bat babesgabe uzten badu, etsaiak hor zauritu nahi izango du. «Armadurak» babestea nahi badugu, ezin dugu elementu bat ere ahaztu. Denbora guztian jantzi eta ondo zaindu behar dugu. Satanas eta deabruen aurka dugun borrokak mundua suntsitua izan arte eta hauek lurretik bota arte jarraituko du (Apokalipsia 12:17; 20:1-3). Beraz, desio txar edo ahultasunen baten aurka borrokan bagabiltza, ez dugu amore eman behar! (1 Korintoarrei 9:27).

21. Nola irabazi dezakegu borroka?

21 Nahiz eta gu geu Deabrua baino indartsuagoak ez izan, Jehobaren laguntzarekin borroka irabazi dezakegu! Leialtasunari eusteko, Jehobari otoitz egin, bere Hitza aztertu eta anai⁠-⁠arrebekin elkartu behar dugu (Hebrearrei 10:24, 25). Gauza hauek Jainkoari leial izaten eta gure fedea defendatzeko prest egoten lagunduko digute.

ZURE FEDEA DEFENDATZEKO PREST EGON

22, 23. a) Nola egon gaitezke beti gure fedea defendatzeko prest? b) Zer aztertuko dugu hurrengo kapituluan?

22 Gure fedea defendatzeko prest egon behar dugu beti (Joan 15:19). Gai batzuetan, Jehobaren lekukoen eta jende gehienaren pentsaera eta jokabidea ez da berdina. Galdetu zeure buruari: «Benetan ulertzen al dut gure pentsaera eta jokabidearen arrazoia? Ziur al nago Bibliak eta morroi leial eta zentzudunak diotena egia dela? (Mateo 24:45; Joan 17:17). Harro al nago Jehobaren lekuko izateaz? (34. Salmoa 3 [34:2, NW ]; Mateo 10:32, 33). Besteei sinesten dudana azaltzeko gai al naiz? (Irakurri 1 Pedro 3:15, 16).

23 Egoera askotan argi dago zer egin behar dugun mundutik bananduta egoteko. Hala ere, beste batzuetan ez da hain agerikoa. Satanasek gu engainatzeko modu asko erabiltzen ditu. Erabiltzen duen tranpetako bat aisialdia da. Nola aukeratu dezakegu zentzuz aisialdia? Hurrengo kapituluan aztertuko dugu.