Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

2. KAPITULUA

Kontzientzia ona Jainkoaren aurrean

Kontzientzia ona Jainkoaren aurrean

«Kontzientzia garbiz jokatuz» (1 PEDRO 3:16).

1, 2. a) Zergatik behar dugu gida ezagutzen ez dugun tokian gaudenean? b) Zer gida eman digu Jehobak?

 IMAJINA ezazu basamortu izugarri handi batean zabiltzala. Paisaia etengabe aldatzen ari da haize bortitzak hondarra alde batera eta bestera eramaten duelarik. Erraz galdu zaitezke. Nola jakin dezakezu norantz jo? Norbait edo zerbait behar duzu gidatzeko: iparrorratza, eguzkia, izarrak, mapa bat, GPS nabigatzaile bat edo basamortua ongi ezagutzen duen norbait. Gida edukitzea garrantzitsua da, norabide bat izateak zure bizia salba baitezake.

2 Guztiok erronka ugari izan ditzakegu bizitzan eta noizbehinka galduta sentitu gaitezke. Baina gida emateko, Jehobak gutako bakoitzari kontzientzia eman dio (Santiago 1:17). Ikus dezagun zer den kontzientzia eta nola egiten duen lan. Ondoren, kontzientzia nola trebatu dezakegun, besteen kontzientziaz zergatik arduratu behar garen eta kontzientzia garbia izateak gure bizitza nola hobetu dezakeen ere ikusiko dugu.

ZER DA KONTZIENTZIA ETA NOLA EGITEN DU LAN?

3. Zer da kontzientzia?

3 Kontzientzia Jehobaren opari ederra da, ona eta txarra bereizteko barnean dugun zentzua baita. Biblian «kontzientzia» itzultzen den hitz grekoak «norberak bere buruari buruz duen ezagutza» esan nahi du. Gure kontzientzia ondo dabilenean, benetan garena aztertzen laguntzen digu. Barne⁠-⁠barneko pentsamendu eta sentimenduekiko zintzoak izaten laguntzen digu. Kontzientziak ona egitera zuzendu eta txarra denetik aldendu gaitzake. Gainera, erabaki okerrak hartzean errudun sentiarazten gaitu eta onak hartzean, berriz, pozik (Ikusi 5. oharra).

4, 5. a) Zer gertatu zen Adam eta Ebak euren kontzientziari jaramonik ez egitean? b) Nola egin zuten lan Job eta Dabiden kontzientziek?

4 Gutako bakoitzak bere kontzientziari entzungo dion ala ez aukeratu dezake. Adam eta Ebak euren kontzientziari ez entzutea erabaki eta, honen ondorioz, bekatu egin zuten. Gero, errudun sentitu ziren baina beranduegi zen. Ordurako Jainkoa desobeditu zuten (Hasiera 3:7, 8). Nahiz eta biek kontzientzia perfektua izan eta Jehoba desobeditzea gaizki zegoela jakin, euren kontzientziari jaramonik ez egitea erabaki zuten.

5 Bestalde, gizaki inperfektu ugarik euren kontzientziari jaramon egitea erabaki dute. Honetan Job eredu ona dugu. Erabaki onak hartu zituenez, honakoa esan zuen: «Ez dut damurik bizitzako egun bakar batez ere» (Job 27:6). Dabidek, berriz, batzuetan bere kontzientziari kasurik egin gabe Jehoba desobeditzea erabaki zuen. Geroago, erru⁠-⁠sentimenduek zapaldu egin zuten eta «bihotzeko harra sentitu» zuen (1 Samuel 24:6 [24:5, NW ]). Har hori Dabiden kontzientzia bera zen, egin zuena gaizki zegoela esaten ziona. Bere kontzientziaren esana entzunez, hutsegite berdina berriro ez egiten ikasi zuen.

6. Zergatik esan dezakegu geure kontzientzia Jainkoaren oparia dela?

6 Jehoba ezagutzen ez duen jendea ere gauza onak eta txarrak daudela konturatu ohi da. Bibliak dio: «Beren kontzientziak aitortzen duen bezala, batzuetan salatu egiten baititu eta besteetan zuritu» (Erromatarrei 2:14, 15). Esaterako, jende gehienak badaki hilketa eta lapurreta gaizki daudela. Ohartu ez arren, euren kontzientziari entzuten diote, hau da, Jehobak barnean ipini dien ona eta txarra bereizteko zentzuari. Jainkoaren printzipioei ere jarraitzen diete, bizitzan erabaki onak hartzeko Jehobak eman dizkigun oinarrizko egiei, alegia.

7. Zergatik egon daiteke geure kontzientzia batzuetan oker?

7 Baina gure kontzientzia batzuetan oker egon daiteke. Adibidez, geure pentsamendu eta sentimendu inperfektuek kontzientzia desbideratu eta honek norabide okerrera bideratu gaitzake. Kontzientzia ona ez dugu automatikoki lortzen (Hasiera 39:1, 2, 7-12). Trebatu egin behar da. Horregatik, Jehobak espiritu santua eta biblia⁠-⁠printzipioak ematen dizkigu laguntzeko (Erromatarrei 9:1). Aztertu dezagun geure kontzientzia nola trebatu dezakegun.

NOLA TREBATU DEZAKEGU KONTZIENTZIA?

8. a) Zer eragin izan dezakete gure sentimenduek kontzientzian? b) Zer galdetu beharko genioke geure buruari erabakiak hartu baino lehen?

8 Batzuen iritziz kontzientziari entzutea bihotzak esaten diena jarraitzea da. Nahi dutena egin dezaketela uste dute, egindakoa ondo dagoela iruditzen bazaie behintzat. Baina gure sentimenduak inperfektuak direnez, engainatu egin gaitzakete. Indar handia izan dezakete kontzientzian eragina izanez. Bibliak dio: «Ez da ezer giza bihotza baino maltzurragorik, sendaezinagorik. Nork antzeman berari?» (Jeremias 17:9). Ondorioz, okerra den zerbait zuzena dela pentsatzen hasi gintezke. Adibidez, Paulo kristau bihurtu baino lehen, modu zitalean pertsegitu zuen Jainkoaren herria eta egindakoa zuzena zela iruditu zitzaion. Bere ustez kontzientzia ona zuen. Baina aurrerago esan zuen: «Jaunak bainau epaitzen» (1 Korintoarrei 4:4; Eginak 23:1; 2 Timoteori 1:3). Paulok bere jokabideari buruz Jehobak zuen ikuspuntua jakitean, aldaketak egin behar zituela konturatu zen. Argi dago ezer egin baino lehen geure buruari honakoa galdetu behar diogula: «Zer nahi du Jehobak nik egitea?».

9. Zer esan nahi du Jehobari beldur izateak?

9 Norbait maite dugunean ez dugu hura goibeldu nahi. Jehoba maite dugunez, ez dugu bera goibeldu dezakeen deus ere egin nahi. Jehoba nahigabetzeko dugun beldurra oso handia izan behar da. Nehemiasen ereduan ikusi dezakegu hau. Ez zuen gobernari izateko erantzukizuna aberats bihurtzeko erabili. Zergatik? «Jainkoaren beldur» zelako (Nehemias 5:15, BS). Nehemiasek ez zuen Jehoba atsekabetu zezakeen ezer egin nahi. Nehemiasen antzera, zerbait oker eginez Jehoba nahigabetzeari beldur diogu. Biblia irakurriz Jehobak atsegin duena egiten ikasi dezakegu (Ikusi 6. oharra).

10, 11. Zer biblia⁠-⁠printzipiok lagunduko digute alkoholaren inguruan erabaki onak hartzen?

10 Esate baterako, posible da kristau batek alkohola edango duen ala ez erabaki behar izatea. Zer printzipiok lagunduko dio erabaki egokia hartzen? Hona hemen batzuk. Bibliak ez du alkohola edatea gaitzesten. Gainera, ardoa Jainkoaren oparia dela dio (104. Salmoa 14, 15). Hala ere, Jesusek «mozkorkeria» baztertzeko agindu zien bere jarraitzaileei (Lukas 21:34). Eta Paulok neurrigabeko festetan eta mozkorkerian ez ibiltzeko esan zien kristauei (Erromatarrei 13:13). Mozkorrek ez zutela Jainkoaren Erreinua jasoko ere esan zuen (1 Korintoarrei 6:9, 10).

11 Kristau batek zera galdetu diezaioke bere buruari: «Zenbateko garrantzia du alkoholak niretzat? Lasaitzeko behar al dut? Neure buruarengan konfiantza handiagoa izateko behar al dut? Kopurua eta maiztasuna kontrolatu al ditzaket? * Alkoholik edan gabe ere ongi pasa al dezaket lagunekin?». Eskatu diezaiogun Jehobari erabaki zuhurrak hartzen laguntzeko (Irakurri 139. Salmoa 23, 24). Horrela, biblia⁠-⁠printzipioek guregan eragin ona izateko trebatuko dugu geure kontzientzia. Baina gehiago egin behar da, ondoren ikusiko dugun bezala.

ZERGATIK HARTU BEHAR DUGU KONTUAN BESTEEN KONTZIENTZIA?

12, 13. a) Zergatik izan daitezke geure kontzientzia eta besteenak desberdinak? b) Nola jokatu dezakegu desberdintasun hauen aurrean?

12 Guztion kontzientziak ez dira berdinak. Agian zeure kontzientziak beste bati egiten uzten ez diona egiten uzten dizu. Adibidez, alkohola edatea erabaki dezakezu eta beste batek, ordea, ez edatea. Zergatik izan dezakezue honi buruzko ikuspuntu desberdina?

Kontzientzia trebatuak alkohola edan ala ez erabakitzen lagunduko dizu

13 Norberaren ikuspuntuan hainbat gauzak izaten du eragina, esaterako, non hazi den, familiaren iritziak edota bizitzan izandako bizipenek. Agian alkoholarekin arazoak izan zituen pertsonak batere ez edatea aukeratu dezake (1 Erregeak 8:38, 39). Norbaiti alkohola eskaini eta ezetz esango balizu, nola erantzungo zenuke? Minduta sentituko al zinateke? Behin eta berriz eskainiko al zenioke? Ezetz esatearen arrazoia eskatuko al zenioke? Ez, ez zenuke horrelakorik egingo bere kontzientzia errespetatzen baituzu.

14, 15. a) Zer egoera zegoen Pauloren garaian? b) Zer aholku apropos eman zuen Paulok?

14 Paulo apostoluaren garaian, kontzientziak desberdinak izan daitezkeela erakusten duen egoera sortu zen. Adorazio faltsuan erabili eta idoloei eskaintzen zen animalien haragia azokan saltzen zen gero (1 Korintoarrei 10:25). Paulok ez zuen uste haragi hura erosi eta jatea gaizki zegoenik. Bere ustez, janari guztia Jainkoak emana zen. Baina iraganean idoloen gurtzan ibili ziren anai⁠-⁠arreba batzuek haragi hura jatea gaizki zegoela uste zuten. Pentsatuko ote zuen Paulok bere kontzientzia lasai zegoenez nahi zuena jateko eskubidea zuela?

15 Ez, Paulok ez zuen horrela pentsatu. Anai⁠-⁠arreben sentimenduak oso garrantzitsuak zirenez, bere eskubideak alde batera uzteko prest egon zen. Paulok «geuri atsegin zaiguna bilatu gabe» ibili behar dugula adierazi zuen. Honakoa ere esan zuen: «Kristok ere ez zuen bere atsegina bilatu» (Erromatarrei 15:1, 3). Jesusen antzera, besteen ongizateak bere buruarenak baino gehiago kezkatzen zuen Paulo (Irakurri 1 Korintoarrei 8:13; 10:23, 24, 31-33).

16. Zergatik ez ditugu anai⁠-⁠arrebak kontzientziak egiten uzten dienagatik epaitu behar?

16 Pentsatu norbaitek bere kontzientziaren arabera jokatu duela baina guri gaizki dagoela iruditu zaigula. Zer egingo dugu orduan? Kontuz ibili behar gara gaizki⁠-⁠esaka ez ibiltzeko eta gu zuzen gaudela eta bera oker dagoela behin eta berriro esaten ez ibiltzeko (Irakurri Erromatarrei 14:10). Jehobak gure kontzientzia geure burua epaitzeko eman zigun, ez besteak epaitzeko (Mateo 7:1). Ez dugu gure erabakiek kongregazioan tirabirarik sortzerik nahi. Horren ordez, maitasuna eta elkartasuna bultzatzeko moduak bilatzen ditugu (Erromatarrei 14:19).

KONTZIENTZIA ONA IZATEA LAGUNGARRIA DA

17. Zer gertatu zaie batzuen kontzientziari?

17 Pedro apostoluak «kontzientzia garbiz jokatuz» ibiltzeko aholkatu zuen (1 Pedro 3:16). Tamalez, jendeak Jehobaren printzipioei kasurik egiten ez dienean, haien kontzientziak abisua emateari uzten dio. Paulok, «beren kontzientzian suz markatuak» zeudela esan zuen (1 Timoteori 4:2, oharra). Izan al duzu inoiz erredura larririk? Hori gertatzean zauri⁠-⁠marka sortzen da eta azalean ez da ezer sentitzen. Pertsona batek gauza txarrak egiten jarraitzen badu, bere kontzientzia «suz markatua» geratu eta, denborarekin, ondo lan egiteari utziko dio.

Kontzientzia onak bizitzan gida, barneko bakea eta poztasuna eman ditzake

18, 19. a) Zer adierazi dezakete erru⁠-⁠ edo lotsa⁠-⁠sentimenduek? b) Zer egin dezakegu damutu garen bekatuengatik errudun sentitzen bagara?

18 Errudun sentitzen garenean agian zerbait gaizki egin dugula esaten ari zaigu kontzientzia. Honek egin genuenaz jabetzen eta egiteari uzten lagundu gaitzake. Gure akatsetatik ikasi nahi dugu, horrela berriro ez errepikatzeko. Esaterako, Dabid erregeak bekatu egitean bere kontzientziak damutzera eraman zuen. Egin zuena gorrotatu zuen eta handik aurrera Jehoba obeditzea izan zuen helburu nagusia. Dabidek bere larruan jasan zuen egoeraren ondorioz, Jehoba ona eta barkabera dela ikusi zuen (51. Salmoa 3-21 [51:1-19, NW ]; 86. Salmoa 5; ikusi 7. oharra).

19 Baina bekatu batez damutu eta handik denbora askora, norbait oraindik egindakoagatik errudun sentitu daiteke. Erru⁠-⁠sentimenduak mingarriak izan daitezke eta baliogabe sentiarazi dezakete. Noizbehin horrelako sentimenduak badituzu, gogora ezazu ezin duzula iragana aldatu. Garai hartan txarra edo ona zer zen ulertzeko gai izan ala ez, Jehobak guztiz barkatu dizu eta bekatu horiek ezabatuak izan dira. Jehobaren aurrean garbia zara eta orain zuzena dena egiten ari zarela dakizu. Agian zure kontzientziak oraindik gaitzetsi egiten zaitu, baina Bibliak Jainkoa «gure kontzientziaren gainetik» dagoela dio (Irakurri 1 Joan 3:19, 20). Bere maitasuna eta barkamena izan dezakegun edozein erru⁠-⁠sentimendu baino indartsuagoa dela esan nahi du honek. Ziur egon Jehobaren barkamena duzula. Norbaitek Jehobaren barkamena onartzen duenean, bere kontzientzia bakean egongo da eta Jainkoa poztasunez zerbitzatzeko aukera izango du (1 Korintoarrei 6:11; Hebrearrei 10:22).

20, 21. a) Zertan lagunduko dizu argitalpen honek? b) Nola erabili beharko genuke Jehobak eman digun askatasuna?

20 Argitalpen hau zure kontzientzia trebatzeko prestatu da, honek azken egun zail hauetan zehar abisua eman eta babestu zaitzan. Gainera, bizitzako egoera desberdinetan biblia⁠-⁠printzipioak praktikan jartzen lagunduko dizu. Noski, argitalpen honek ez dizu gauza guztietan zer egin jakiteko arau⁠-⁠zerrenda bat emango. «Kristoren legea» Jainkoaren printzipioetan oinarritua dago eta hau bete nahi dugu (Galaziarrei 6:2). Gai bati buruz lege zehatzik ez egoteak ez digu gauza txarrak egiteko aitzakiarik ematen (2 Korintoarrei 4:1, 2; Hebrearrei 4:13; 1 Pedro 2:16). Horren ordez, gure askatasuna Jehoba maite dugula erakusteko erabiltzen dugu.

21 Biblia⁠-⁠printzipioetan hausnartu eta hauek jarraitzean «ona eta txarra bereizteko» eta Jehobak bezala pentsatzeko gaitasuna garatzen dugu (Hebrearrei 5:14). Ondorioz, bizitzan gida izateko eta Jainkoaren maitasunean irauteko izango dugu trebatuta kontzientzia.

^ Mediku askok alkoholzaleei edaten duten kopurua kontrolpean izatea oso zaila egiten zaiela esaten dute. Medikuek alkohol tantarik ere ez edatea gomendatzen diete.