Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

6. Kapitulua

Nola aukeratu dezakegu aisialdia?

Nola aukeratu dezakegu aisialdia?

«Egizue dena Jainkoaren aintzarako» (1 KORINTOARREI 10:31).

1, 2. Zergatik aukeratu behar dugu arretaz aisialdi mota?

 PENTSATU honetan: fruta bat jateko zorian zaude eta zati bat ustelduta dagoela ikusten duzu. Zer egingo zenuke? Hala ere jan? Bota? Ala usteldutako zatia kendu eta ondo dagoen zatia jango zenuke?

2 Aisialdia, nolabait, fruta horren antzekoa da. Zati bat atsegina izan daiteke, baina beste zati handi bat ustelduta dago moralgabekeria, indarkeria edo deabruekin zerikusia baitu. Orduan, zer egiten duzu aisialdi mota aukeratzeko? Gustatzen zaizun edozein aukeratu dezakezula iruditzen al zaizu? Aisialdi mota guztiak txarrak direla pentsatzen al duzu? Edo kontuz aukeratzen duzu txarra dena baztertuz eta ona dena gozatuz?

3. Zertan pentsatu behar dugu aisialdia aukeratzean?

3 Guztiok noizbehinka aisialdia behar dugunez, ondo aukeratu nahi dugu. Aisialdiaren inguruan hartzen ditugun erabakiek Jehobari ematen diogun gurtzan zer eragin duten pentsatu behar dugu.

«EGIZUE DENA JAINKOAREN AINTZARAKO»

4. Zer biblia⁠-⁠printzipiok lagunduko digu aisialdia aukeratzen?

4 Geure burua Jehobari eskaintzen diogunean, gure bizitza berari zerbitzatzeko erabiliko dugula promesten diogu (Irakurri Kohelet 5:3 [5:4, NW ]). «Dena Jainkoaren aintzarako» egingo dugula ere hitzeman dugu (1 Korintoarrei 10:31). Jainkoari eskainita gaudela esan nahi du honek, baita atseden hartu edo aisialdiaz gozatzen dugunean ere, eta ez bileran edo predikatze⁠-⁠lanean gaudenean soilik.

5. Nolakoa izan behar da Jehobari ematen diogun gurtza?

5 Bizitzan egiten dugun guztiak Jehobari ematen diogun gurtzan eragina du. Paulok hori azaldu zuen honakoa idatzi zuenean: «Eskain ditzazuela zeuen buruak opari bizi, santu eta Jainkoarentzat atsegingarri» (Erromatarrei 12:1). Jesusek esan zuen: «Maita ezazu Jauna, zeure Jainkoa, bihotz⁠-⁠bihotzez, gogo osoz, adimen guztiz eta indar guztiz» (Markos 12:30). Jehobari onena eman nahi diogu. Antzinako Israelen Jehobari animalia osasuntsuak eskaini behar zizkioten. Jainkoak ez zituen onartzen akatsak zituzten eskaintzak (Lebitarrena 22:18-20). Era berean, baliteke Jehobak gure gurtza ez onartzea. Zergatik?

6, 7. Zer eragin izan dezake gure aisialdiak Jehobari ematen diogun gurtzan?

6 Jehobak honakoa esaten digu: «Izan santu, ni santua naiz eta» (1 Pedro 1:14-16; 2 Pedro 3:11). Jehobak gure gurtza santua edo garbia baldin bada soilik onartuko du (Deuteronomioa 15:21). Baina gure gurtza ezin da garbia izan Jehobak gorrotatzen dituen gauzak egiten baditugu, esaterako, moralgabeak, indarkeriaz beteak edo deabruekin zerikusia daukaten gauzak (Erromatarrei 6:12-14; 8:13). Era berean, Jehobari ez litzaioke gustatuko horrelako aisialdia aukeratuko bagenu. Honek Jehobari ematen diogun gurtza zikina eta onartezina bihurtuko luke eta kalte izugarria egingo lioke berarekin dugun harremanari.

7 Beraz, nola aukeratu dezakegu ondo gure aisialdia? Zer printzipiok lagunduko digute zein aisialdi mota den onargarria eta zein ez jakiten?

GORROTATU GAIZKI DAGOENA

8, 9. Zer aisialdi mota baztertzen dugu? Zergatik?

8 Gaur egun aisialdi mota asko dugu eskuragarri. Hauetako batzuk onargarriak dira kristauontzat, baina beste asko ez. Lehenik, identifikatu dezagun zer aisialdi mota baztertu behar dugun.

9 Film, webgune, telebista saio, bideo⁠-⁠joko eta abesti askok moralgabekeriarekin, indarkeriarekin edo deabruekin zerikusia dute. Askotan gauza txarrak kaltegabeak balira bezala eta, are gehiago, dibertigarriak balira bezala aurkezten dira. Baina kristauok kontuz aukeratzen dugu aisialdi mota, Jehobaren arau garbiak errespetatzen ez dituena baztertuz (Eginak 15:28, 29, oharra; 1 Korintoarrei 6:9, 10). Horrelako aisialdia baztertzen dugunean, Jehobari gaizki dagoena gorrotatzen dugula adierazten diogu (34. Salmoa 15 [34:14, NW ]; Erromatarrei 12:9).

10. Zer ondorio izan dezake aisialdia gaizki aukeratzeak?

10 Baina batzuen ustez moralgabekeriarekin, indarkeriarekin edo deabruekin zerikusia duen aisialdia ez da kaltegarria. Zera pentsatzen dute: «Zer kalte egiten du? Nik ez dut sekula horrelako gauzarik egingo». Hori uste badugu, geure burua engainatzen ari gara. Bibliak dio: «Ez da ezer giza bihotza baino maltzurragorik, sendaezinagorik» (Jeremias 17:9). Jehobarentzat onartezina den aisialdia aukeratzen badugu, nola esan dezakegu gauza horiek gorrotatzen ditugula? Zenbat eta denbora gehiago igaro gauza horiekin, orduan eta normalagoak izango dira guretzat. Azkenean, gure kontzientzia ahulduko da eta erabaki txar bat hartzear gaudenean ez digu abisurik emango (119. Salmoa 70; 1 Timoteori 4:1, 2, oharra).

11. Nola laguntzen digu Galaziarrei 6:7⁠ak aisialdia aukeratzen?

11 Jainkoaren Hitzak esaten digu: «Bakoitzak zer erein, huraxe bilduko du» (Galaziarrei 6:7). Argi dago: gauza txarrekin entretenitzen bagara, denborarekin gauza horiek egiten amaitu dezakegu. Adibidez, moralgabea den aisialdiak batzuengan hainbesteko eragina izan duenez, azkenean moralgabeak diren gauzak egin dituzte. Baina Jehobak behar dugun laguntza ematen digu aisialdia ondo aukeratzeko.

ERABILI BIBLIA⁠-⁠PRINTZIPIOAK ERABAKIAK HARTZEKO

12. Zerk lagunduko digu aisialdiari buruzko erabaki onak hartzen?

12 Aisialdi mota batzuk Jehobarentzat onargarriak ez direla argi dago eta, ondorioz, badakigu baztertu behar ditugula. Baina zer egin behar dugu hain argi ez dagoenean? Jehobak ez digu arauez beteriko zerrenda bat ematen zer egin, ikusi, entzun edo irakurri esanez. Horren ordez, Bibliaren bidez trebaturiko kontzientzia erabiltzea nahi du (Irakurri Galaziarrei 6:5). Jehobak printzipioak ematen dizkigu, hau da, bere ikuspuntua irakasten dizkiguten oinarrizko egiak. Printzipio hauek kontzientzia trebatzen laguntzen digute. Gainera, «Jaunaren nahia zein den» jakiten laguntzen digute horrela atsegin dituen erabakiak hartzeko (Efesoarrei 5:17).

Biblia⁠-⁠printzipioek aisialdia aukeratzen laguntzen digute

13. a) Zergatik hartzen dituzte kristauek aisialdiari buruzko erabaki desberdinak? b) Zeri ematen diete garrantzia kristau guztiek?

13 Askotan, kristau batek aukeratzen duen aisialdia beste batek aukeratzen duenaren desberdina izan daiteke. Zergatik? Denok ditugulako gustu desberdinak. Gainera, norbaitentzat onargarria dena beste batentzat ez izatea gerta daiteke. Hala ere, erabaki onak hartzeko kristau guztiok biblia⁠-⁠printzipioen gida jarraitu behar dugu (Filipoarrei 1:9). Jainkoarentzat onargarria den aisialdia aukeratzen lagunduko digute hauek (119. Salmoa 11, 129; 1 Pedro 2:16).

14. a) Zer aztertu behar dugu denboraren erabilerari buruz? b) Zer aholku eman zien Paulok kristauei?

14 Arretaz aztertu beharreko beste gauza bat aisialdian igarotzen dugun denbora da. Aisialdiak guretzat duen garrantzia erakutsi dezake honek. Kristauontzako Jehoba zerbitzatzea gure bizitzako gauzarik garrantzitsuena da (Irakurri Mateo 6:33). Baina, ohartu gabe, geroz eta denbora gehiago igaro dezakegu aisialdian. Paulok honako aholkua eman zien kristauei: «Kasu, bai kasu, nola zabiltzaten; ez joka ergelki, zentzuz bai; ongi balia denbora, egunak txarrak baititugu» (Efesoarrei 5:15, 16, EABLB). Hortaz, mugak jarri behar dizkiogu aisialdian igarotzen dugun denborari eta Jainkoa zerbitzatzea gure bizitzako lehen gauza dela ziurtatu behar dugu (Filipoarrei 1:10).

15. Nola babestu gaitezke Jehobarekin dugun harremana kaltetu dezakeen aisialditik?

15 Argi dago Jehobak onartzen ez duen aisialdia baztertu behar dugula. Baina zer egingo dugu zalantzak ditugun aisialdiarekin? Kontuz ibiltzen jarraitu behar al dugu? Pentsatu honetan: mendian bazabiltza eta amildegia badago, ertzetik ahal duzun gertuen ibiliko al zinateke? Noski ezetz! Bizia estimatzen baduzu, arriskutik urrun mantenduko zara. Berdin gertatzen da aisialdia aukeratzearekin. Jainkoaren Hitzak honakoa esaten digu: «Urrundu oinak gaiztakeriatik» (Esaera Zaharrak 4:25-27). Hortaz, aisialdi motaren bat txarra dela dakigunean, baztertu egiten dugu. Are gehiago, guretzako ona izango ez dela eta Jehobarekin dugun harremana kaltetuko duela susmatzen dugunean ere, horretatik urrun mantentzen gara.

IZAN EZAZU JEHOBAREN IKUSPUNTUA

16. a) Zeintzuk dira Jehobak gorrotatzen dituen gauza batzuk? b) Nola erakusten dugu Jehobak gorrotatzen duena gorrotatzen dugula?

16 Salmogileak honakoa idatzi zuen: «Gaitzari gorroto diotenak maite ditu Jaunak» (97. Salmoa 10). Bibliak Jehobaren sentimenduak eta iritzia erakusten dizkigu. Galdetu zeure buruari: «Nola lagunduko dit ikasten dudanak gauzak Jehobak ikusten dituen modu berean ikusten?». Adibidez, Jehobak honakoak gorrotatzen dituela azaltzen du Bibliak: «Mihi gezurtia, errugabearen odola isurtzen duten eskuak, asmo txarretan dabilen burua, gaiztakeria egiteko presa duten oinak» (Esaera Zaharrak 6:16-19). Gainera, «sexu moralgabekeria, idolatria, espiritismoa, jeloskorkeria, sutan jartzea, inbidia, mozkorkeria, neurrigabeko festak eta horrelakoak» baztertu behar ditugula dio (Galaziarrei 5:19-21NW ). Ikusten al duzu biblia⁠-⁠printzipio hauek nola laguntzen dizuten aisialdia aukeratzen? Gure bizitzako arlo guztietan bete nahi ditugu Jehobaren arauak, bai besteekin gaudenean, baita bakarrik gaudenean ere (2 Korintoarrei 3:18). Izan ere, bakarrik gaudenean hartzen ditugun erabakiek benetan nolakoak garen erakusten dute kasu askotan (11. Salmoa 4; 16. Salmoa 8).

17. Aisialdia aukeratu aurretik, zertan pentsatu beharko zenuke?

17 Hortaz, aisialdia aukeratzen duzunean, pentsa ezazu: «Zer eragin izango du Jehobarekin daukadan harremanean? Eta nire kontzientzian?». Azter ditzagun aisialdia ongi aukeratzen lagunduko diguten beste zenbait printzipio.

18, 19. a) Zer aholku eman zigun Paulok kristauoi? b) Zer printzipiok lagunduko digute aisialdia aukeratzen?

18 Aisialdia aukeratzen dugunean, gure burua zerekin betetzen dugun ere aukeratzen ari gara. Paulok honakoa idatzi zuen: «Gainerakoan, senideok, hartzazue aintzat egiazko, gizabidetsu, zuzen, garbi, maitagarri eta goresgarri, bertutetsu eta onargarri den guztia» (Filipoarrei 4:8). Burua honelako gauza onez betetzen dugunean, honakoa esan dezakegu: «Har itzazu atseginez nire gogoeta eta hitzak, oi Jauna» (19. Salmoa 15 [19:14, NW ]).

19 Hausnartu honetan: «Zerez betetzen ari naiz burua? Film edo saio jakin bat ikusi eta gero, pentsamendu atseginak eta positiboak al ditut? Bakean eta kontzientzia lasaiarekin sentitzen al naiz? (Efesoarrei 5:5; 1 Timoteori 1:5, 19). Jehobari otoitz egiteko eroso sentitzen naiz ala min egiten dit kontzientziak? Indarkeriaz betetako edo moralgabeak diren gauzetan pentsarazten al dit? (Mateo 12:33; Markos 7:20-23). “Mundu honen iritzietara” egokitzen al nau aukeratzen dudan aisialdiak?» (Erromatarrei 12:2). Zintzo erantzuten badugu, Jehobarekin daukagun harremana sendo mantentzeko zer egin behar dugun ikusi ahal izango dugu. Salmogileak egin zuen bezala otoitz egin nahi dugu: «Urrundu nire begiak huskerietatik» * (119. Salmoa 37).

GURE ERABAKIEK BESTEENGAN ERAGINA DUTE

20, 21. Zergatik hartu behar ditugu kontuan besteen kontzientziak aisialdia aukeratzen dugunean?

20 Kontuan hartu behar dugun beste printzipio bat honakoa da: «“Dena zilegi da”; bai, baina ez da dena elkartea eraikitzeko lagungarri. Ez bedi inor bere buruaren onaren bila ibil, besterenaren bila baizik» (1 Korintoarrei 10:23, 24). Zerbait egiteko askatasuna izateak ez du esan nahi huraxe egin behar dugunik. Gure erabakiek anai⁠-⁠arrebengan zer eragin izan dezaketen kontu handiz pentsatu behar dugu.

21 Kontzientzia guztiak ez dira berdinak. Demagun zure kontzientziak telebista⁠-⁠saio jakin bat ikusten uzten dizun bitartean, beste anaia edo arreba batenak ez diola uzten. Zer egingo duzu? Nahiz eta ikusteko eskubidea izan, agian ez ikustea erabakiko duzu. Zergatik? Zure «senideen aurka bekatu» egin nahi ez duzulako eta, are gutxiago, «Kristoren aurka» (1 Korintoarrei 8:12). Ez dugu gure anai⁠-⁠arrebei estropezu eginaraziko dien ezer egin nahi (Erromatarrei 14:1; 15:1; 1 Korintoarrei 10:32).

22. Nola erakutsi dezakegu zentzudunak garela beste kristauek hartzen dituzten erabakiei dagokienez?

22 Bestalde, zer gertatuko litzateke zure kontzientziak beste batentzat onargarria den zerbait ikusten, irakurtzen edo egiten utziko ez balizu? Zure anaia edo arreba maitatzen eta errespetatzen duzunez, ez duzu zure erabaki berdinak hartzera bultzatuko. Honela «ongi pentsatuta jokatzen» duzula erakutsiko duzu. Gidari batek badaki besteek motelago edo azkarrago gida dezaketela eta, hala ere, gidari onak izan. Era berean, onargarria den aisialdiari dagokionez, beste anaia batek eta zuk biblia⁠-⁠printzipioak jarrai ditzakezue nahiz eta dituzuen iritziak zertxobait ezberdinak izan (Esaera Zaharrak 13:16; Kohelet 7:16).

23. Zerk lagunduko digu aisialdia ondo aukeratzen?

23 Hortaz, zerk lagunduko digu aisialdia ondo aukeratzen? Biblia⁠-⁠printzipioen arabera trebatutako kontzientzia erabiltzen badugu eta gure anai⁠-⁠arrebena kontuan hartzen badugu, erabaki onak hartuko ditugu. Horrela, pozik sentituko gara «dena Jainkoaren aintzarako» egiten ari garelako.

^ Aisialdia aukeratzen lagunduko diguten printzipio gehiago hemen aurkitu ditzakegu: Esaera Zaharrak 3:31; 13:20; Efesoarrei 5:3, 4 eta Kolosarrei 3:5, 8, 20.