Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

14. KAPITULUA

Gauza guztietan zintzo jokatu

Gauza guztietan zintzo jokatu

«Gauza guztietan zintzo jokatu nahian baikabiltza» (HEBREARREI 13:18).

1, 2. Nola sentitzen da Jehoba zintzo jokatzen gogor saiatzen garenean?

 MUTIKO batek eskolatik etxera bidean diruz betetako zorroa aurkitzen du lurrean. Zer egingo du? Agian berarentzako gorde. Baina horren ordez, jabeari itzultzen dio. Mutikoaren amak zer egin duen jakiten duenean, semeaz harro⁠-⁠harro sentitzen da.

2 Guraso gehienak oso pozik sentitzen dira euren haurrak ondratuak direnean, hau da, zintzo jokatzen dutenean. Gure Aita, Jehoba, «egiaren Jaungoikoa» da eta zintzo jokatzen dugunean ere asko pozten da (30. Salmoa 6, BJU [31:5, NW ]). Jehobaren atsegineko izan eta «gauza guztietan zintzo jokatu» nahi dugu (Hebrearrei 13:18). Baina bizitzako hainbat arlotan zintzo jokatzea zaila izan daiteke. Azter ditzagun hauetako lau eta zailtasun horiei aurre egiteak nola lagunduko digun.

ZINTZO JOKATU GEURE BURUAREKIN

3-5. a) Nola engainatu dezakegu geure burua? b) Zerk lagunduko digu geure buruarekin zintzoak izaten?

3 Besteekin zintzo jokatzeko, lehenik geure buruarekin zintzo jokatu behar dugu. Hau ez da beti erraz egiten. Lehen mendean, Laodizeako kongregazioko anai⁠-⁠arrebek euren burua engainatu zuten Jainkoa pozten ari zirela pentsatuz. Baina berez ez zen horrela gertatzen ari (Apokalipsia 3:17). Guk ere geure burua engainatu dezakegu benetan nolakoa den ez ikusiz.

4 Santiagok hau esan zuen: «Norbaitek, bere burua erlijiozaletzat jotzen badu, baina mihiari eusten ez badaki, bere burua engainatzen du, eta horren erlijioak ez du ezertarako balio» (Santiago 1:26). Batzuek hau uste dute: «Gauza on batzuk egiten ditut. Beraz, Jainkoari ez zaio axola izango gezurrak edo hitz mingarri eta zakarrak esaten baditut». Honela pentsatuz gero geure burua engainatzen ariko ginateke. Zer egin dezakegu hori ez gertatzeko?

5 Ispilu batean geure burua begiratzen dugunean gure itxura ikusten dugu. Biblia irakurtzen dugunean, ordea, gure barnea ikusten dugu. Bibliak gure ezaugarri onak eta ahuleziak ezagutzen lagundu gaitzake. Gure pentsamendu, hitz eta ekintzetan egin behar ditugun aldaketak erakusten dizkigu (Irakurri Santiago 1:23-25). Baina geure buruari akatsik ez dugula esaten badiogu, ezin izango ditugu beharrezko aldaketak egin. Hortaz, Biblia behar dugu geure buruarekin ondratuak edo zintzoak izateko (Negar Kantak 3:40; Ageo 1:5). Otoitz egiteak ere benetan nolakoak garen ikusten laguntzen digu. Jehobari geure burua aztertzeko eta gure ahuleziak ikusten laguntzeko eskatzen badiogu, hauek zuzendu ahal izango ditugu (139. Salmoa 23, 24). Gogoratu dezagun: «Gorroto dio Jaunak maltzurrari, baina bere konfiantza ematen zuzenari» (Esaera Zaharrak 3:32).

ZINTZO JOKATU FAMILIAN

6. Zergatik da beharrezkoa senar⁠-⁠emazteak bata bestearekin zintzo jokatzea?

6 Zintzotasuna funtsezkoa da familian. Senar⁠-⁠emazteak elkarrekin zintzoak direnean, seguru sentitzen dira eta bata bestearengan konfiantza izango dute. Zintzo ez jokatzeko hainbat modu daude, esaterako, ezkontidea ez den beste norbaitekin maite jolasetan ibiltzea, ezkutuko harreman bat garatzea edo pornografia ikustea. Salmogileak esan zuen: «Ez naiz gezurtien mahaikide izan, ez eta itxuratiekin batera ibili» (26. Salmoa 4). Beste norbaitekiko pentsamendu moralgabeak izatea ezkontidearekin zintzo ez jokatzea da eta ezkon⁠-⁠harremana kaltetu dezake.

Ezkon⁠-⁠harremana ahuldu dezakeen guztia segituan baztertu

7, 8. Nola erabili dezakezu Biblia haurrei zintzo jokatzearen garrantzia azpimarratzeko?

7 Haurrek ere zintzo jokatzea garrantzitsua dela ikasi behar dute. Gurasoek Biblia erabili dezakete hori irakasteko. Zintzo edo ondratu izan ez zirenen eredu txarrak daude bertan: Akan, lapur bihurtu zena; Gehazi, dirua irabazteko gezurretan ibili zena; eta Judas, dirua lapurtu eta zilarrezko 30 txanponen truke Jesus saldu zuena (Josue 6:17-19; 7:11-25; 2 Erregeak 5:14-16, 20-27; Mateo 26:14, 15; Joan 12:6).

8 Bibliak eredu onak izan zirenen adibideak ere baditu: Jakob, semeei aurkitutako dirua itzultzeko eskatu ziena; Jefte eta bere alaba, Jainkoari egindako hitzari eutsi ziotenak; eta Jesus, egoera zailetan ere zintzo jokatu zuena (Hasiera 43:12; Epaileak 11:30-40 *; Joan 18:3-11). Eredu hauek zintzo jokatzearen garrantzia ulertzen lagunduko die haurrei.

9. Nola laguntzen die gurasoen ereduak haurrei zintzo jokatzen?

9 Gurasoek biblia⁠-⁠printzipio garrantzitsu honetatik asko ikasi dezakete: «Zuk, bada, besteri irakasten diozun horrek, nola ez diozu irakasten zeure buruari? Ez dela ostu behar hots egiten duzun horrek, zergatik osten duzu zeuk?» (Erromatarrei 2:21). Haurrek badakite gurasoak noiz ari diren gauza bat esaten eta bestea egiten. Zintzo jokatzeko esan, baina gu geu zintzo jokatzen ari ez bagara, nahasgarria izango da beraientzako. Gurasoak gezurretan ari direla konturatzen badira, nahiz eta gezur txikiak izan, seguruenik gauza bera egingo dute (Irakurri Lukas 16:10). Bestalde, haurrek gurasoak zintzo jokatzen dutela ikusteak, guraso fidagarriak izaten lagunduko die helduak izatean (Esaera Zaharrak 22:6; Efesoarrei 6:4).

ZINTZO JOKATU KONGREGAZIOAN

10. Nola jokatu dezakegu zintzo kongregazioko anai⁠-⁠arrebekin hitz egitean?

10 Kongregazioko anai⁠-⁠arrebekin ere zintzo jokatzea beharrezkoa da. Erraza da elkarrizketa arrunta esamesa edo kalumnia bihurtzea. Egia den ala ez jakin gabe zerbait errepikatzen badugu, agian gezurrak zabaltzen ibili gaitezke. «Mihiari eusten dakiena» izatea askoz hobea da (Esaera Zaharrak 10:19). Zintzo jokatzeak ez du esan nahi pentsatu, jakin eta entzuten dugun guztia esan behar dugunik. Nahiz eta esatera goazena egia izan, beharrezkoa al da kontatzea? Gure kontua al da? Atsegina izango ote da? (1 Tesalonikarrei 4:11). Batzuek aitzakiak ipintzen dituzte hizkera zakarra erabiltzeko honelakoak esanez: «Esaten ari naizena egia besterik ez da». Baina Jehobaren zerbitzariok beti hizkera atsegina eta goxoa izatea nahi dugu (Irakurri Kolosarrei 4:6).

11, 12. a) Zergatik esan behar du egia bekatu larria egin duen norbaitek? b) Lagun batek akats larri bat egin duela jakingo bagenu, zer ideia baztertu behar genuke eta zergatik? c) Nola jokatu dezakegu zintzo Jehobaren erakundearekin?

11 Jehobak arduradunak izendatu ditu anai⁠-⁠arrebei laguntzeko. Arduradunentzat errazagoa izango da gu laguntzea beraiekin zintzotasunez hitz egiten badugu. Zergatik? Gaixo bazaude eta sendagilearengana joaten bazara, ezkutatuko al zenizkioke sintomak? Horrela egiten baduzu, nola lagunduko dizu? Modu berean, akats larri bat egiten badugu, ez diegu gezurrik esan behar arduradunei; egia esan behar diegu (12. Salmoa 3 [12:2, NW ]; Eginak 5:1-11). Baina zer egingo zenuke lagun batek akats larri bat egin duela jakingo bazenu? (Deuteronomioa 13:9 [13:8, NW ]). Benetako laguna zarenez, ezkutuan gorde behar duzula pentsatuko al zenuke? Edo kontuan hartuko al zenuke arduradunek Jehobarekin duen harremana konpontzen eta indartzen lagunduko diotela? (Hebrearrei 13:17; Santiago 5:14, 15).

12 Jehobaren erakundearekin ere zintzo jokatu behar dugu predikatze⁠-⁠laneko txostena betetzen dugunean, baita aitzindaritza edo beste edozein zerbitzu egiteko eskaria betetzean ere (Irakurri Esaera Zaharrak 6:16-19).

13. Nola jokatu dezakegu anai⁠-⁠arrebekin zintzo negozio kontuetan?

13 Kristauek negozio eta adorazio kontuak banandu behar dituzte. Esaterako, ez dugu negoziorik egin behar bilera⁠-⁠aretoan edo predikatze⁠-⁠lanean gaudenean. Gainera, ez ditugu anai⁠-⁠arrebak erabiliko negozio kontuetan abantailak izateko. Lekukoak diren langileak badituzu, garaiz ordaindu adostutako soldata eta legeak agintzen dituen onurak eman. Honek lan kontratua egitea edo opor ordainduak ematea esan nahi dezake (1 Timoteori 5:18; Santiago 5:1-4). Bestalde, nagusia Lekukoa baduzu, ez espero tratu berezirik izatea (Efesoarrei 6:5-8). Adostutako ordu kopurua lan egin ezazu eta soldataren truke egin beharreko lana burutu (2 Tesalonikarrei 3:10).

14. Zer egin behar dute anai⁠-⁠arrebek elkarrekin negozioak egin baino lehen?

14 Eta kristau batekin negozioren bat badugu eskuartean? Agian mailegu edo inbertsio bat izan daiteke. Horrelakoetan guztiz praktikoa den biblia⁠-⁠printzipioa dugu: dena idatzita utzi. Jeremias profetak lursail bat erosi zuenean, akordioaren bi agiri idatzi zituen, ale bat lekuko batzuek sinatu zuten eta biak gorde zituen gerora kontsulta egiteko (Jeremias 32:9-14; ikusi Hasiera 23:16-20 ere). Batzuentzat akordioa idatzi behar izateak bata besteaz fio ez direla adierazten du. Baina, egia esan, akordioak idatzita izatean gaizkiulertuak, desadostasunak eta nahigabeak ez dira gertatuko. Negozioetan ere, gogoratu kongregazioaren bakea beste edozer baino garrantzitsuagoa dela (1 Korintoarrei 6:1-8; ikusi 30. oharra).

ZINTZO JOKATU BESTEEKIN

15. Zer pentsatzen du Jehobak negozioetan zintzo ez jokatzeari buruz?

15 Jende guztiarekin izan behar dugu zintzoak, baita Jehobaren lekukoak ez direnekin ere. Jehobarentzat garrantzitsua da guk zintzo jokatzea. «Gorroto ditu Jaunak engainuzko pisuak; begiko ditu, ordea, neurgailu zehatzak» (Esaera Zaharrak 11:1; 20:10, 23). Biblia⁠-⁠garaian, pisuak salerosketarako erabiltzen ziren. Baina merkatari batzuek bezeroak engainatzen zituzten adostutakoa baino gutxiago emanez edo ordaindu beharrekoa baino gehiago ordainaraziz. Gaur egun ere, ohikoa da negozioetan zintzo ez jokatzea. Jehobak jokabide hura gorroto izan zuen bezala, gaur egun ere gorroto du.

16, 17. Zer ohitura baztertu behar ditugu?

16 Egoera askotan jartzen da proban gure zintzotasuna, esaterako, lana eskatzean, gobernuko formularioak betetzean edo eskolako azterketak egitean. Askok ez dute uste gezurretan ibiltzea, esaten duguna puztea edo erantzun engainagarriak ematea oker dagoenik. Baina ez da harritzekoa, Bibliak mundu honen azken egunetan «gizakiak berekoi, diruzale [...] eta onaren etsai» izango zirela aurresan baitzuen (2 Timoteori 3:1-5).

17 Batzuetan, zintzo jokatzen ez dutenek mundu honetan arrakasta dutela dirudi (73. Salmoa 1-8). Kristauok, agian, lana galdu edo arazo ekonomikoak jasan ditzakegu edota lanean gaizki tratatuak izan gaitezke zintzo jokatzeagatik. Baina jokabide hori izateko ahalegintzeak merezi du. Zergatik?

ZINTZO JOKATZEAREN BEDEINKAPENAK

18. Zergatik da hain baliotsua izen ona izatea?

18 Zintzoa eta fidagarria izatearen ospea oso baliotsua da, baina ez da ohikoa. Hala ere, guztiok dugu izen on hori izateko aukera (Mikeas 7:2). Egia da, agian batzuek zintzo jokatzeagatik iseka egin eta ergela zarela esango dizute. Baina beste batzuek horrelakoa izateagatik zuregan konfiantza ipiniko dute. Mundu osoan zehar, Jehobaren lekukoak zintzo jokatzeagatik dira ezagunak. Nagusi batzuek, hori jakinda, Lekukoak kontratatzea nahiago dute. Bestalde, langileak zintzo ez jokatzeagatik kanporatuak izan direnean, Lekukoek beraien lanpostuak mantendu izan dituzte askotan.

Gogor lan egitean Jehoba ohoratu dezakegu

19. Zer eragin du zintzo jokatzeak Jehobarekin duzun adiskidetasunean?

19 Gauza guztietan zintzo jokatzeak kontzientzia lasaia eta barneko bakea emango dizkizu. Paulo bezalakoak izan gaitezke: «Gure ustez, garbi daukagu kontzientzia» (Hebrearrei 13:18). Eta garrantzitsuena dena: zure Aita kuttuna, Jehoba, gauza guztietan zintzo jokatzeko egiten dituzun ahaleginez konturatuko da eta biziki estimatuko ditu (Irakurri 15. Salmoa 1, 2; Esaera Zaharrak 22:1).

^ Jatorrizko idazki hebrearretan, Epaileak 11:30-40⁠ko pasarteak Jefteren alabak bizitza osoan tabernakuluan zerbitzatu zuela eta inoiz ez zela ezkondu dio.