16. IKASGAIA
Zein da kongregazioko laguntzaileen betebeharra?
Bibliak kongregazioan ardurak dituzten bi gizon-taldez hitz egiten du: arduradunak edo «elkarte-zuzendari» direnak eta kongregazioko «laguntzaile» direnak (Filipoarrei 1:1, oharra). Kongregazio bakoitzean honelako zenbait anaia izan ohi dira. Zein lan egiten dute kongregazioko laguntzaileek gure alde?
Kongregazioko arduradun-taldeari laguntzen diote. Kongregazioko laguntzaileek, gazteak eta nagusiak, Jehobarekin harreman estua dute eta arduratsu eta langileak dira. Kongregazioan ohikoak diren baina, era berean, garrantzitsuak diren eskulan eta antolatze-lanez arduratzen dira. Honi esker, arduradunak irakaskuntzan eta gainontzeko kideak sendotzen arreta jarri dezakete.
Beharrezkoa den laguntza ematen dute. Kongregazioko laguntzaile batzuk aretozainak dira eta bileretara joaten diren guztiei ongi etorria ematen diete. Beste batzuk, aldiz, soinu-aparatuez, argitalpenen banaketaz, kontuez eta kongregazioko kide bakoitzari predikatzeko eremuak egokitzeaz arduratzen dira. Honetaz gain, bilera-aretoaren mantentze-lanetan laguntzen dute. Arduradunek adinekoei laguntza emateko ere eska diezaiekete. Kongregazioko laguntzaileak eskatzen zaien edozein lan egiteko gogotsu daude. Horregatik, kongregazioak errespetatu egiten ditu beraien lan gogor nahiz jarrera prestuarengatik (1 Timoteori 3:13).
Gizon eredugarriak dira. Kongregazioko laguntzaileak ezaugarri kristauak izateagatik hautatzen dira. Horregatik, bileretako atalen bat aurkezten dutenean, gure fedea indartzen dute. Honekin batera, predikatze-lanean aurrea hartuz, berri onak zabaltzen sutsuagoak izatera bultzatzen gaituzte. Eta arduradun-taldearekin elkarlanean aritzen direnez, kongregazioan poztasuna eta batasuna egotea eragiten dute (Efesoarrei 4:16). Denborarekin, beraiek ere arduradun izateko baldintzak bete ditzakete.
-
Zein ezaugarri dituzte kongregazioko laguntzaileek?
-
Zer egiten dute kongregazioko zereginak ongi bete daitezen?