Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

1. KAPITULUA

«Zoazte, ba, eta egin dizipuluak»

«Zoazte, ba, eta egin dizipuluak»

Apostoluen Eginak liburuari buruzko informazioa eta gurekin duen zerikusia

1-6. Aipatu ezazu egoera desberdinetan predikatu duten Lekukoen bizipenen bat.

 REBECCAK, Ganako Jehobaren lekuko gazte batek, eskola bere predikazio eremu bihurtu zuen. Motxilan beti eramaten zituen Biblia argitalpenak eta hamaiketakoa egiterako garaian, ikaskideei predikatzeko aukerak bilatzen zituen. Ondorioz, Rebeccak hainbat Biblia ikastaro hasi zituen hauetako batzuekin.

2 Madagascar uhartean, Afrika ekialdean, aitzindari erregularra zen bikote batek hainbat Biblia ikastaro zituen herrixka isolatu batean. Bertara iristeko 25 bat kilometro egin ohi zituzten bero tropikala jasanez.

3 Paraguai eta Parana ibaien inguruan bizi ziren pertsonengana iristeko, Paraguaiko Lekukoek, beste 15 herrialdeetako boluntarioekin batera, errekan bidaiatzeko ontzi bat eraiki zuten. 45 tonako ontzi honetan 12 pertsona bizi daitezke. Era honetara, Erreinuaren berriemaile sutsuek berri onak zabaldu zituzten beste era batera iritsezinak ziren lekuetan.

4 Zirkulu polar artikoan, Alaskako Lekukoek ondo aprobetxatzen zuten uda-garaia predikatzeko. Egun epelenetan herrialde askotako turistez beteta zeuden ontziak iristen ziren. Beraz, bertako anai-arrebak kaian erakargarriak ziren erakusgailuak jartzen zituzten hizkuntza askotako argitalpenekin. Era berean, hegazkin txikiak behar-beharrezkoak ziren isolatutako eremuetan predikatzeko, esaterako, Aleut, Athabascan, Tsimshian eta Tlingit talde etnikoak bizi diren lekuetara iristeko.

5 Larryk, Estatu Batuetako Texaseko anaia batek, predikatzeko eremu berezi bat zuen: bizi zen erresidentzia. Bera istripu baten ondorioz gurpildun aulki batean egon arren, lanpetuta mantentzen zen. Besteekin Erreinuaren mezuaz hitz egiten zuen, besteak beste, mundu berrian berriro ibiltzeko zuen esperantzaz (Is. 35:5, 6).

6 Myanmarreko Lekuko batzuek hiru eguneko bidaia egin zuten barkuz Mandalay hiritik aterata, herrialdeko iparraldean egongo zen biltzar batera joateko. Predikatzeko irrikan zeudenez, Biblia argitalpenak hartu eta bidaiariei eskaini zizkieten. Barkua gelditzen zen herrixka bakoitzean, anai-arreba sutsuak jaitsi eta ahalik eta jende gehienari Biblia argitalpenak uzten saiatzen ziren. Bitartean, bidaiari berriak igotzen zirenez, bueltatzen zirenerako «eremu berri» bat zuten.

7. Zer metodo erabiltzen dituzte Jehobaren lekukoek Jainkoaren Erreinuari buruz predikatzeko, eta zein da euren helburua?

7 Aurretik aipatu ditugun bizipenetako anai-arrebak bezala, mundu osoko Jehobaren adoratzaile sutsuak «Jainkoaren Erreinuari buruzko testigantza osoa» ematen ari dira (Eg. 28:23). Etxez etxe predikatzen dute, baita kaleetan, gutunez eta telefonoz ere. Edozein une aprobetxatzen dute jendearekin Jainkoaren Erreinuari buruz hitz egiteko, esaterako, autobusean bidaiatzean, parkean paseatzean edo laneko atsedenaldian. Predikatzeko metodo asko daude, baina helburua bera da: jendea dagoen edozein lekutan berri onak zabaltzea (Mat. 10:11).

8, 9. a) Zergatik da harrigarria Jehobaren lekukook lortzen ari garena? b) Zer galdera suertatu daiteke, eta zer egin behar dugu erantzuna jakiteko?

8 Eta zu, irakurle maitea, 235 herrialde eta lurralde baino gehiagotan predikatzen duen berriemaileetako bat al zara? Hala bada, pozik egon zaitezke mundu osoan zehar berri onak zabaltzen laguntzeagatik! Jehobaren lekukook mundu mailan lortzen ari garena harrigarria da. Zailtasunak izan arren, esaterako, debekuak eta pertsekuzio zuzena, Jainkoaren Erreinuari buruzko testigantza osoa ematen ari gara nazio guztietako jendeari.

9 Pentsatu honetan: nahiz eta oztopo handiak izan eta Satanas gure lana geldiarazten saiatu, predikatze lanak aurrera egiten jarraitzen du. Nola da hau posible? Galdera honi erantzuteko, K.o. lehenengo mendera jo behar dugu. Azken finean, gaur egungo Jehobaren lekukook orduan hasitako lanarekin jarraitzen dugu.

Eginkizun erraldoi bat

10. Zer lan izan zen inportanteena Jesusentzat, eta zer zekien lan horri buruz?

10 Jesu Kristok kristau kongregazioa ezarri zuen, eta berarentzat lanik inportanteena Jainkoaren Erreinuari buruzko berri onak predikatzea izan zen. Behin, honakoa esan zuen: «Gainerako herriei ere adierazi behar diet Jainkoaren erregetzaren berri ona, horretarako bidali bainau Jainkoak» (Luk. 4:43). Baina Jesusek bazekien berak hasitako lana ezingo zuela bere kabuz amaitu. Izan ere, hil baino lehentxeago, Erreinuaren mezua «herri guztiei» predikatuko zitzaiela aurresan zuen (Mar. 13:10). Orduan, nork amaituko zuen lan hori? Eta nola?

«Zoazte, ba, eta egin dizipuluak herri guztietako jendearen artetik». (Mateo 28:19)

11. Zer eginkizun garrantzitsu eman zien Jesusek bere dizipuluei, eta zer laguntza jasoko zuten?

11 Berpiztu ondoren, Jesus bere dizipuluei agertu zitzaien eta eginkizun garrantzitsu bat eman zien: «Zoazte, ba, eta egin dizipuluak herri guztietako jendearen artetik, Aitaren eta Semearen eta espiritu santuaren izenean bataiatuz, eta agindu dizuedan guztia obeditzen irakatsiz. Eta gogoratu! Zuekin egongo naiz egunero sistemaren amaiera arte» (Mat. 28:19, 20). «Zuekin egongo naiz» hitzekin, Jesusek bere dizipuluei predikatzeko eta dizipuluak egiteko laguntza emango ziela ziurtatu zien. Dudarik gabe laguntza hori beharko zuten. Izan ere, Jesusek «nazio guztiek […] gorrotatuko» zituztela aurresan zuen (Mat. 24:9). Baina beste laguntza bat ere izango zuten. Zerura igo baino lehentxeago, Jesusek honakoa promestu zien: espiritu santuak «lurraren azken txokoraino» bere lekuko izateko indarra emango ziela (Eg. 1:8).

12. Zer galdera garrantzitsu suertatzen dira, eta zergatik da garrantzitsua erantzunak jakitea?

12 Serioski hartu al zuten euren eginkizuna Jesusen apostoluek eta lehen mendeko dizipuluek? Eman al zuten testigantza osoa nahiz eta talde txikia izan eta pertsekuzio bortitza jasan? Benetan izan al zuten zeruko laguntza eta Jehobaren espiritu santuarena? Galdera hauek eta beste batzuk Eginak liburuan erantzuten dira. Gainera, behar-beharrezkoa da guretzat erantzunak jakitea. Zergatik? Jesusek esan zuen bezala, lan honek «sistemaren amaiera arte» jarraituko zuelako. Beraz, eginkizun honek benetako kristau guztiekin du zerikusia, baita azken egunetan bizi garenokin ere. Horregatik da hain garrantzitsua guretzat Eginak liburua aztertzea.

Eginak liburuari buruzko informazioa

13, 14. a) Nork idatzi zuen Eginak liburua, eta nola lortu zuen informazioa? b) Zeri buruz hitz egiten du Eginak liburuak?

13 Nork idatzi zuen Eginak liburua? Liburuak ez du bere idazlearen izenik aipatzen, baina hasierako hitzetan oinarrituta, argi gelditzen da Lukas ebanjelioko idazle bera dela (Luk. 1:1-4; Eg. 1:1, 2). Hori dela eta, antzinatik Lukas, «sendagile maitea» eta historialari zehatza, Eginak liburuaren idazlea izan zela onartzen da (Kol. 4:14). Liburu honek 28 urtetan gertatutakoa azaltzen du. Kristo ondorengo 33. urtetik hasita (Jesus zerura igo zenean), gutxi gorabehera 61. urtera arte (Pauloren Erromako atxiloketaren amaiera arte). Lukas bera, aipatu zituen gertakari ugaritan egon zen. Izan ere, bere burua pasarte askotan gehitu zuen (Eg. 16:8-10; 20:5; 27:1). Ikerlari fina zenez, dudarik gabe Paulo, Bernabe, Felipe eta beste batzuekin hitz egingo zuen gertatutakoa zehatz-mehatz azaltzeko.

14 Zeri buruz hitz egiten du Eginak liburuak? Aurretik, Lukasek bere ebanjelioan Jesusek esandakoa eta egindakoa idatzi zuen. Eginak liburuan, aldiz, Lukasek Jesusen jarraitzaileek esandakoa eta egindakoari buruz idatzi zuen. Liburu honek, hortaz, lan aparta egin zuen jendeari buruz hitz egiten du, nahiz eta hauek askorentzat «eskola gutxikoak eta gizon arruntak» izan (Eg. 4:13). Laburki esanda, Eginak liburua kristau kongregazioaren hasiera eta hazkundea kontatzen duen pasarte inspiratua da. Lehen mendeko kristauen predikatzeko modua erakusten du, bai euren metodoak, baita euren jarrera ere (Eg. 4:31; 5:42). Espiritu santuak berri onak zabaltzen nola lagundu zien ere azpimarratzen du (Eg. 8:29, 39, 40; 13:1-3; 16:6; 18:24, 25). Gainera, Bibliako gai nagusia nabarmentzen du: Jesu Kristoren esku dagoen Erreinuaren bitartez Jainkoaren izena santutzea. Eta azkenik, oposizio bortitza izan arren, predikazioak aurrera nola egin zuen azaltzen du (Eg. 8:12; 19:8; 28:30, 31).

15. Nola lagunduko gaitu Eginak liburua aztertzeak?

15 Zalantzarik gabe, Eginak liburua aztertzea zirraragarria da eta fedea sendotzen du! Lehen mendeko kristau sutsu eta ausarten ereduan hausnartzeak bihotza ukituko digu, eta euren eredua imitatzera bultzatuko gaitu. Era honetara, Jesusek emandako eginkizuna betetzeko hobeto prestatuta egongo gara: «Zoazte, ba, eta egin dizipuluak». Argitalpen honek Eginak liburua sakonki aztertzen lagunduko dizu.

Biblia aztertzeko tresna

16. Zein hiru helburu ditu argitalpen honek?

16 Argitalpen honek hiru helburu ditu: 1) Jehoba, bere espiritu santuaren bitartez, berri onak predikatzen eta irakasten laguntzen ari zaigula ziurtatzea, 2) lehen mendeko kristauen eredua jarraituz, predikazioan zuten gogo bizia imitatzera animatzea, eta 3) Jehobaren erakundearengan, eta predikazioaz eta kongregazioez arduratzen direnengan dugun konfiantza handitzea.

17, 18. Nola dago antolatuta argitalpen hau, eta Biblia aztertzen lagunduko dizuten zer ezaugarri ditu?

17 Nola dago antolatuta argitalpen hau? Zortzi ataletan banatuta dago eta atal bakoitzak Eginak liburuko zati bat aztertzen du. Helburua ez da Eginak liburua bertsetaz bertset aztertzea, baizik eta pasarteetatik ikasgaiak ateratzea eta gure eguneroko bizitzan hauek praktikan jartzea. Kapitulu bakoitzaren hasieran ideia nagusia azaltzen duen esaldi labur bat agertzen da eta, ondoren, zein pasartetan oinarrituta dagoen kapitulua.

18 Argitalpen honek Biblia aztertzen lagunduko dizuten beste ezaugarri batzuk ditu. Irudi politek, adibidez, Eginak liburuko gertakari zirraragarriak imajinatzen lagunduko dizute. Gainera, kapitulu askotan informazio gehigarria duten taulak daude. Taula batzuek eredugarriak diren Biblia pertsonaien deskribapenak dituzte, eta beste batzuetan, Eginak liburuan agertzen diren leku, gertakari, ohitura edo beste pertsonaia batzuen xehetasunak agertzen dira.

Landu eman zaizun eremua predikatze lana premiazkoa dela jakinik

19. Zer aztertu beharko genuke noizbehinka?

19 Argitalpen honek zeure burua aztertzen lagundu zaitzake. Erreinuaren mezua predikatzen zenbat denbora daramazun axola gabe, ondo dago noizbehinka gelditzea eta honakoa aztertzea: bizitzan dituzun lehentasunak, eta predikazioaren eta dizipuluak egitearen inguruan duzun jarrera (2 Ko. 13:5). Galdetu zeure buruari: «Bataiatu nintzenean bezain premiazkoa ikusten al dut predikazioa gaur egun?» (1 Ko. 7:29-31). «Berri onak konbentzimendu osoz eta gogotsu predikatzen jarraitzen al dut?» (1 Tes. 1:5, 6NWT). «Predikazioan ahal dudan gehien parte hartzen saiatzen al naiz?» (Kol. 3:23).

20, 21. Zergatik da gure eginkizuna hain urgentea, eta zein izan beharko litzateke gure erabaki sendoa?

20 Ez dugu ahaztu behar eginkizun garrantzitsu bat jaso dugula: predikatzea eta dizipuluak egitea. Eginkizun hau gero eta urgenteagoa da, sistema honen amaiera azkar gerturatzen ari delako eta biziak jokoan daudelako. Zenbat lagunek izango dute jarrera egokia eta onartuko dute mezua? (Eg. 13:48). Ez dakigu, baina gure ardura da pertsona hauei laguntzea beranduegi izan baino lehen (1 Tim. 4:16).

21 Beraz, oso garrantzitsua da lehen mendeko berriemaileen eredua imitatzea. Argitalpen hau sakonki ikasteak predikazioan gogotsu eta ausardiaz aritzera bultzatuko zaitu. Gainera, «Jainkoaren Erreinuari buruzko testigantza osoa» ematen jarraitzeko duzun erabaki sendoa indartuko du (Eg. 28:23).