Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

17. KAPITULUA

«Beraiekin arrazoitu zuen Idazkiak erabiliz»

«Beraiekin arrazoitu zuen Idazkiak erabiliz»

Irakaskuntza onaren oinarria eta Bereakoen eredu bikaina

Eginak 17:1-15 pasartean oinarrituta

1, 2. Nortzuk bidaiatzen dute Filipotik Tesalonikara, eta zertan pentsatzen dute agian bidaian zehar?

 PAULO, Silas eta Timoteo 130 kilometroko bidaia egiten ari dira Filipotik Tesalonikara joateko. Erromatar ingeniari trebeek egindako galtzada hauek mendi aldapatsuak zeharkatzen dituzte, eta horietatik jende asko pasatzen da. Bide horietan zehar, hiru gizonek noizbehinka gurdien gurpilen zarata eta astoen arrantzak entzuten dituzte. Beraien ondotik mota askotako pertsonak pasatzen dira, esaterako, soldaduak, merkatariak eta artisauak, eta beraien elkarrizketa zaratatsuak entzuten dituzte. Bidaia ez da batere erraza izaten ari, batez ere Paulo eta Silasentzat. Izan ere, Filipon jasotako jipoiaren ondorioz dituzten zauriak sentitzen dituzte oraindik (Eg. 16:22, 23).

2 Aurretik bide luzea duten arren, elkarrekin hitz egiten joateak seguru bidaia arinduko diela. Oraindik gogoan izango dute Filipon izandako bizipen zoragarria. Fresko-fresko dute Filipon kartzelaria eta bere familia kristauak nola egin diren. Bizipen horrek Jainkoaren hitza predikatzen jarraitzeko indarrak eman dizkie. Hala ere, Tesalonikara gerturatzean, agian, honakoa pentsatzen dute: «Ondo tratatuko al gaituzte hango juduek? Edo astindu ederra emango digute Filipon bezala?».

3. Nola lagundu gaitzake Pauloren ereduak predikazioan ausartagoak izaten?

3 Beranduago, Tesalonikako kristauei idaztean, Paulok nola sentitu zen kontatu zien: «Sufrimenduak eta irainak jasan berriak ginen Filipon; hala ere, Jainkoak emaniko ausardiaz adierazi genizuen beraren berri ona zailtasun handien artean» (1 Tes. 2:2). Filipon gertatutakoa eta gero, badirudi Paulori Tesalonikara predikatzera joateak beldur pixka bat ematen ziola. Zu ere horrela sentitu al zara inoiz? Beldurra sentitu al duzu noizbait predikatzean? Paulok bere beldurrak gainditu zituen Jehobarengan konfiantza izanez. Pauloren eredua aztertzeak zuri ere ausarta izaten lagunduko dizu (1 Ko. 4:16).

«Beraiekin arrazoitu zuen Idazkiak erabiliz» (Eginak 17:1-3)

4. Zergatik esan dezakegu Paulok, seguruenik, hiru aste baino gehiago pasa zituela Tesalonikan?

4 Pasartearen arabera, Tesalonikan zegoenean, Paulok hiru Larunbatez predikatu zuen bertako sinagogan. Esan nahi al du horrek bertan hiru aste bakarrik egon zela? Ez. Ez dakigu hirira iritsi zenetik zenbat denbora pasako zen lehenengo aldiz sinagogara joan arte. Gainera, Paulok bere gutunetan idatzi zuen moduan, berak eta bere bidaia-lagunek Tesalonikan zeuden bitartean, lan egin zuten beraien beharrak asetzeko (1 Tes. 2:9; 2 Tes. 3:7, 8). Horretaz gain, han zegoenean, Paulok Filipoko anai-arrebengandik bi aldiz laguntza materiala jaso zuen (Flp. 4:16). Beraz, seguruenik, Tesalonikan hiru aste baino gehiago pasatuko zituen.

5. Zer egin zuen Paulok sinagogan zeudenak konbentzitzeko?

5 Paulo ausarta izan zen eta sinagogan zeudenei predikatu zien. Ohitura zuen bezala, «beraiekin arrazoitu zuen Idazkiak erabiliz. Kristok sufritu eta hildakoen artetik berpiztu behar zuela azaltzen zien eta, hori frogatzeko, pasarteak erabiltzen zituen. Esaten zien: “Predikatzen dizuedan Jesus hau, horixe da Kristo”» (Eg. 17:2, 3). Pauloren helburu nagusia ez zen beraien bihotza ukitzea, baizik eta beraiei pentsaraztea. Izan ere, bazekien sinagogara joaten zirenek Idazkiak ezagutzen eta errespetatzen zituztela; hauek ondo ulertzea besterik ez zitzaien falta. Horregatik, Idazkiak erabiliz, Nazareteko Jesus promestutako Mesias edo Kristo zela arrazoitu, azaldu eta frogatu zuen.

6. Nola arrazoitu zuen Jesusek Idazkiak erabiliz, eta zein izan zen emaitza?

6 Paulok Jesusen eredua jarraitu zuen. Izan ere, Jesusek Idazkiak erabili zituen irakasteko. Adibidez, Idazkien arabera sufritu beharko zuela, hil egingo zutela eta berpiztua izango zela kontatu zien bere jarraitzaileei (Mat. 16:21). Berpiztua izan ondoren, bere dizipuluei agertu zitzaien. Ziurrenik, Jesus berpiztua ikustea nahikoa izango zen profeziak bete zirela frogatzeko. Hala ere, Jesusek arrazoi gehiago eman zizkien Jainkoaren Hitzean konfiantza izateko. Adibidez, behin, «Moises eta Profeta guztiekin hasita, Idazki guztiek berari buruz esaten zituzten gauzak azaldu zizkien» bere dizipulu batzuei. Zein izan zen emaitza? Dizipuluek txundituta honakoa esan zuten: «Ez al genuen bihotza sutan bidean hitz egiten ari zitzaigunean eta Idazkiak argi eta garbi azaltzen zizkigunean?» (Luk. 24:13, 27, 32).

7. Zergatik da hain garrantzitsua Biblia erabiltzea predikatzen dugunean?

7 Jainkoaren Hitzak boterea du (Heb. 4:12). Gaur egun ere, kristauok, Jesus, Paulo eta beste apostoluak bezala, Biblian oinarritzen gara. Guk ere bertatik irakurtzen dugunean, honek irakasten duena azaltzen dugunean eta esaten duguna Jainkoaren Hitzean oinarritzen dela frogatzen dugunean, jendeari ondorio zuzenetara iristen laguntzen diogu. Biblia sarritan erabiltzen dugunean, jendeak argi ikusi dezake eramaten dugun mezua ez dela gurea, baizik eta Jainkoarena. Guri ere ondo etortzen zaigu gogoratzea predikatzen dugun mezua Jainkoaren Hitzean erabat oinarrituta dagoela eta, ondorioz, guztiz fidagarria dela. Ez al digu horrek konfiantza ematen Paulok bezala ausardiaz predikatzeko?

«Batzuek sinetsi egin zuten» (Eginak 17:4-9)

8-10. a) Nola erantzun zuten Tesalonikako biztanleek berri onak entzutean? b) Zergatik jarri ziren jeloskor judu batzuk? c) Zer egin zuten mezuaren aurka jarri ziren juduek?

8 Paulok, dagoeneko, pertsekuzioa jasan zuen, beraz, bazekien Jesus zuzen zegoela ondorengo hitzak esan zituenean: «Morroia ez da bere nagusia baino handiagoa. Ni pertsegitu banaute, zuek ere pertsegituko zaituztete. Niri obeditu badidate, zuei ere obedituko dizuete» (Joan 15:20). Paulok Tesalonikan Jesusek aipatutako bi erreakzio horiek ikusi zituen: batzuk bere mezua onartzeko prest egon ziren; beste batzuek, ordea, baztertu egin zuten. Lukasek hurrengoa esan zuen kristau egin zirenei buruz: «Judu batzuek sinetsi egin zuten, eta Paulo eta Silasekin elkartu ziren. Gauza bera egin zuten Jainkoa adoratzen zuen greziar talde handi batek eta emakume inportante askok» (Eg. 17:4). Seguruenik, dizipulu berri horiek oso pozik egongo ziren Idazkiak ulertzen lagundu zietelako.

9 Nahiz eta batzuei Paulok irakatsi ziena asko gustatu zitzaien, beste batzuk asko haserretu ziren. Tesalonikako judu batzuk jeloskor jarri ziren «greziar talde handi batek» Pauloren mezua onartu zuelako. Judu horiek greziar jentilak judu berri egiten saiatzen ari ziren, eta Idazki Hebrearrak irakasten zizkieten. Horregatik, beraien jabeak zirela pentsatzen zuten. Nola sentitu ziren Paulo sinagogara iritsi eta beraien dizipuluak lapurtu zizkienean? Sutan!

«Paulo eta Silasen bila ibili ziren jendetzaren aurrera ateratzeko». (Eginak 17:5)

10 Lukasek ondoren gertatu zena kontatzen digu: «Juduak jeloskor jarri ziren, eta merkatu plazan alferkerian ibiltzen ziren gizon gaizto batzuk bildu zituzten. Orduan, hirian istiluak sortzeko asmotan, jende mordoa pilatu zuten. Jasonen etxea eraso zuten, eta Paulo eta Silasen bila ibili ziren jendetzaren aurrera ateratzeko. Aurkitu ez zituztenez, Jason eta beste anaia batzuk eraman zituzten arrastaka hiriko agintarien aurrera, eta oihukatu zuten: “Toki guztietan bazterrak nahasten dituzten hauek honaino ere iritsi dira, eta Jasonek bere etxean hartu ditu. Gizon guzti hauek Zesarren aginduen aurka ari dira, beste errege bat badela esanez, Jesus”» (Eg. 17:5-7). Zer ondorio izan zezakeen horrek Paulo eta bere bidaia-lagunengan?

11. Zertaz salatu zituzten Paulo eta bere bidaia-lagunak, eta zer lege erabili nahi zuten beraien kontra? (Ikusi oharra)

11 Zein arriskutsua den haserre dagoen jendetza bat! Gainezka egiten duen ibai baten antzera, kontrolaezina da eta aurretik duen guztia suntsitzen du. Horixe da Tesalonikako juduek Paulo eta Silas gainetik kentzeko erabili zuten metodoa. «Hirian istiluak» sortu ondoren, judu horiek gobernariengana jo zuten Paulo eta bere bidaia-lagunak zigortuak izatea merezi zutela konbentzitzera. Lehenengo salaketa Paulo eta bere bidaia-lagunak «toki guztietan bazterrak nahasten» ari zirela izan zen. Baina momentu horretan hirian zegoen istilua ez zuten beraiek sortu. Bigarren salaketa askoz ere larriagoa zen, enperadorearen legeen aurka joaten ari zirela esan nahi zuelako. Izan ere, beste errege bat zegoela esaten ari ziren, Jesu Kristo. a

12. Zerk erakusten du Tesalonikako kristauen aurkako salaketek ondorio larriak ekarri ahal zizkietela?

12 Gogoratu dezagun erlijioburuek Jesusi antzeko salaketa bat leporatu ziotela. Pilatori ondorengoa esan zioten: «Gure nazioan matxinadak bultzatzen harrapatu dugu gizon hau, [...] bera Kristo, errege bat, dela esanez» (Luk. 23:2). Pilato, ziurrenik, enperadorearen beldur zen. Izan ere, Zesarrek Pilato beste errege baten alde egiten ari zela pentsatu zezakeen. Beraz, Jesus heriotzara kondenatu zuen. Era berean, Tesalonikako kristauen aurkako salaketek ondorio larriak ekarri ahal zizkieten. Eginak liburua aztertzen duen liburu batek honakoa dio: «Salaketa hori oso arriskutsua zen. Izan ere, pertsona batek enperadorea traizionatu nahi zuela susmatzen bazen, askotan, heriotzara kondenatua izaten zen». b Ikus dezagun judu horien helburu gaiztoa bete zen edo ez.

13, 14. a) Zergatik ezin izan zuen jendetzak predikatze lana geldiarazi? b) Nola jarraitu zuen Paulok Jesusen aholkua, eta nola imitatu dezakegu guk?

13 Jendetzak ezin izan zuen Tesalonikan predikatze lana geldiarazi. Zergatik? Alde batetik, ezin zituztelako Paulo eta Silas aurkitu, eta bestetik, dirudienez, hiriko gobernariek ez zutelako argi salaketa horiek egia ziren edo ez. Beraz, Jason eta beste anaiak aske utzi zituzten «fidantza ordaintzera behartu ondoren», seguruenik diru kopuru bat (Eg. 17:8, 9). Baina zer gertatu zen Paulorekin? Jesusen hurrengo aholkua jarraitu zuen: «Izan zaitezte sugeak bezala eta arriskutik urrundu; izan zaitezte usoak bezala eta ez eman inori minik» (Mat. 10:16). Beraz, arriskutik urrundu egin zen beste leku batean predikatzen jarraitu ahal izateko. Paulo ausarta zen, baina ez zen arriskuan jartzen beharrezkoa ez zenean. Nola imitatu dezakegu gaur egungo kristauok bere eredua?

14 Gaur egun, kristandadeko buruek, askotan, jendetzak Jehobaren lekukoen aurka jarri dituzte. Lekukoak gobernuaren aurka egoteaz eta beraien herrialdea traizionatzeaz salatzen dituzte agintariek pertsegitu ditzaten. Lehen mendean bezala, jeloskor daudelako jokatzen dute horrela aurkariek. Baina nola erantzuten dugu guk? Benetako kristauok ez gara arriskuan jartzen beharrezkoa ez bada. Amorratuta dagoen jende hori arrazoitzeko prest ez dagoenez, beraiekin eztabaidan aritzea saihesten dugu. Horren ordez, bakean predikatzen jarraitzeko moduak bilatzen ditugu, agian, beranduago gauzak lasaitu direnean itzuliz.

«Interes handiagoa zuten ikasteko» (Eginak 17:10-15)

15. Nola erantzun zioten Bereakoek berri onen mezuari?

15 Segurtasunagatik, Paulo eta Silas Bereara, 65 bat kilometrotara, bidali zituzten. Iritsi zirenean, Paulo sinagogara joan zen han zeudenei predikatzeko. Zein pozik jarriko zen entzuteko prest zeuden pertsonak aurkitzean! Lukasek honakoa idatzi zuen Bereako juduei buruz: «Tesalonikakoek baino interes handiagoa zuten ikasteko, irrika handiz onartu baitzuten hitza. Eta Idazkiak kontu handiz aztertzen zituzten egunero, entzundakoa egia ote zen jakiteko» (Eg. 17:10, 11). Horrek ez du esan nahi Tesalonikan egia onartu zutenek jarrera ona ez zutenik. Izan ere, beranduago Paulok honakoa idatzi zien: «Etengabe ematen dizkiogu eskerrak Jainkoari; zeren, Jainkoaren mezua hots egin genizuenean, zuek onartu egin baitzenuten: ez zenuten hartu giza hitz huts bezala, Jainkoaren hitz bezala baizik. Hala da izan ere, eta lan ederra ari da egiten zuengan, sinesten duzuenongan» (1 Tes. 2:13). Nola erakutsi zuten Bereakoek hain interes handia zutela?

16. Zergatik esan zen Bereakoek hain «interes handia» zutela?

16 Bereakoentzat entzuten ari zirena berria izan arren, ez zuten Paulo eta bere mezua kritikatu, ezta dena frogarik gabe sinetsi ere. Hasteko, Paulok Idazkiek ziotena azaldu zienean, arreta handiz entzun zioten. Ondoren, Paulok esandakoa egia zela ziurtatzeko, Jainkoaren Hitza kontu handiz aztertu zuten, ez Larunbatetan bakarrik, egunero-egunero baizik. Gainera, «irrika handiz» egin zuten hori. Denbora atera zuten ikasitakoa Idazkiekin alderatzeko. Azkenik, «haietako batzuek sinetsi egin zuten», eta apalak zirela eta aldaketak egiteko prest zeudela erakutsi zuten (Eg. 17:12). Beraz, ondo ulertzen dugu zergatik esan zuen Lukasek hain «interes handia» zutela!

17. Zergatik dira Bereakoak eredu ona guretzat, eta nola jarraitu dezakegu beraien eredua imitatzen egian denbora asko eraman arren?

17 Bereakoek ez zuten imajinatuko Biblian agertuko zirenik. Berri onei erantzun zieten modua eta beraien jarrera ona guretzako eredu bikaina dira. Bereakoek justu Paulok espero zuena eta Jehobak nahi zuena egin zuten. Era berean, gaur egun guk ere jendea gauza bera egitera animatzen dugu, hau da, Biblia arreta handiz aztertzera euren fedea Jainkoaren Hitzean sendo oinarrituta egoteko. Baina egia onartu ondoren, beharrezkoa al da jarrera hori izaten jarraitzea? Noski! Are garrantzitsuagoa da Jehobari buruz ikasten jarraitzeko eta ikasitakoa praktikan jartzeko desioa izatea. Horrela, bere nahiaren arabera gu moldatzen eta trebatzen uzten diogu (Is. 64:7 [64:8, NWT]). Era horretara, gure zeruko Aitaren eskuetan erabilgarriak izango gara eta bera poztuko dugu.

18, 19. a) Zergatik joan zen Paulo Bereatik? Baina zer jarraitu zuen egiten eta nola imitatu dezakegu? b) Nortzuk izango ziren bere hurrengo entzuleak?

18 Paulo ez zen Berean denbora asko gelditu. Pasarteak honakoa dio: «Baina Tesalonikako juduek Paulo Berean ere Jainkoaren hitza predikatzen ari zela jakin zutenean, jende artean iskanbila eta nahaspila sortzera etorri ziren. Horregatik, anaiek berehala Paulo itsasorantz bidali zuten, baina Silas eta Timoteo han geratu ziren. Hala ere, Paulori bidaian laguntzera joan zirenek Atenaseraino eraman zuten. Gero, itzultzean, Silas eta Timoteorentzat agindu hau eraman zuten: lehenbailehen Paulorekin elkartu zitezela» (Eg. 17:13-15). Zein burugogorrak ziren berri onen etsaiak! Ez zuten nahikoa Paulo Tesalonikatik botatzearekin; Berearaino joan ziren arazo berdinak sortzeko asmoarekin. Baina ez zuten beraien helburua lortu. Paulok bazekien bere eremua oso handia zela, beraz, beste leku batera joan zen predikatzera. Gaur egun ere ez diogu inori predikazioa geldiarazten utziko!

19 Tesalonika eta Bereako juduei testigantza osoa eman ondoren, ziurrenik ausardiaz predikatzea eta Idazkiak erabiliz arrazoitzea zein garrantzitsua zen ikasi zuen Paulok. Guk ere gauza bera ikasten dugu. Hala ere, orain Paulok entzule oso ezberdinak izango zituen: Atenaseko jentilak. Nola joango zitzaion hiri hartan? Hurrengo kapituluan ikusiko dugu.

a Biblia aditu baten arabera, zesarrak ezarritako lege batek «errege edo erreinu berri bat etorriko zela» aurresatea debekatzen zuen, «bereziki, orduan zegoen enperadorea ordezkatuko edo epaituko zuela esaten bazen» (The Acts of the Apostles: A Socio-Rhetorical Commentary, Ben Witherington). Pauloren aurkariek, agian, Pauloren hitzak manipulatu zituzten lege hori hautsi zuela erakusteko. Ikusi  «Apostoluen garaiko zesar batzuk» taula.

b The Spirit, The Church, and The World: The Message of Acts, John Stott.