Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

18. KAPITULUA

«Jainkoa bilatu [...] eta benetan aurkitu»

«Jainkoa bilatu [...] eta benetan aurkitu»

Paulok bere predikatzeko metodoak moldatu eta bere entzuleei interesatzen zaienari buruz hitz egiten du

Eginak 17:16-34 pasartean oinarrituta

1-3. a) Zergatik ez zitzaion Paulori Atenasen ikusitakoa batere gustatu? b) Zertan lagunduko digu Pauloren eredua aztertzeak?

 PAULO Atenasen dago, Grezian. Hiri hau oso ezaguna da hezkuntza arloan. Izan ere, Sokrates, Platon eta Aristoteles filosofoek bertan beraien ideiak irakatsi zituzten. Paulori ez zaio batere gustatzen han ikusten duena. Bertako jendea oso erlijiozalea da eta jainko asko adoratzen ditu. Hiria idoloz josita dago, ez bakarrik tenpluetan, baita plazetan eta kaleetan ere. Paulok Jehobak idolatriari buruz duen ikuspuntua ezagutzen du eta berak ere ikuspuntu bera du: idolatria gorroto du! (Irt. 20:4, 5).

2 Merkatu plazara edo agorara iristean, ikusten duenak zur eta lur uzten du. Ipar-mendebaldeko izkinean, sarrera nagusiaren ondoan, Hermes jainkoaren estatua lizun asko ikusten ditu. Gainera, plaza osoa santutegiz beteta dago. Zer egingo du Paulok pertsona hauei predikatzeko? Lasai mantenduko al da eta errespetua erakutsiko al du? Aurkituko al du denek onartzen duten gairik horri buruz hitz egiteko? Lortuko al du norbaiti benetako Jainkoa aurkitzen laguntzea?

3 Eginak 17:22-31 pasartean, Paulok Atenaseko eskola handiko gizonei emandako hitzaldia irakurri dezakegu. Eredu bikaina utzi zigun. Izan ere, konbentzimendu osoz eta errespetuz hitz egin zuen, eta bereizmena erakutsi zuen. Pauloren eredua aztertzeak bai guk, bai gure entzuleek onartzen ditugun gaiak aurkitzen eta beraiekin arrazoitzen lagunduko digu.

«Merkatu plazan» irakatsi zuen (Eginak 17:16-21)

4, 5. Non predikatu zuen Paulok Atenasen, eta zer motatako pertsonak zeuden han?

4 Paulok Atenas bere bigarren misiolari bidaian bisitatu zuen, K.o. 50. urte inguruan. a Ohitura zuen moduan, «sinagogan juduekin [...] arrazoitzen hasi zen» Silas eta Timoteo Bereatik iristeko itxaroten zegoen bitartean. Horretaz gain, «merkatu plazan» predikatu zuen juduak ez ziren atenastarrei hitz egin ahal izateko (Eg. 17:17). Plaza hori Akropoliaren ipar-mendebaldean zegoen eta bost hektareako zabalera zuen. Agora merkatu soil bat baino gehiago zen; jendea biltzeko lekurik garrantzitsuena zen. Liburu baten arabera, leku hau «merkatariak, politikariak eta filosofoak biltzeko tokirik inportanteena zen». b Atenastarrei asko gustatzen zitzaien bertan biltzea eta eztabaida intelektualak izatea.

5 Ez zen erraza izango Paulorentzat han aurkituko zituen pertsonekin arrazoitzea. Bertan, epikurearrak eta estoikoak egongo ziren, sinesmen oso ezberdinak zituzten bi eskola filosofikoren kideak. c Alde batetik, epikurearrek bizia ustekabean sortu zela pentsatzen zuten. Hau sinesten zuten: «Ez zaio Jainkoari beldurrik izan behar. Heriotzan ez da ezer sentitzen. Ona dena lortu daiteke. Sufrimenduaren aurrean iraun daiteke». Bestetik, estoikoek ezagutza eta ulermena lortzea oso garrantzitsua zela sinesten zuten. Gainera, ez zuten Jainkoa pertsona bat zenik sinesten. Estoikoak eta epikurearrak ez zeuden ados Jesusen dizipuluek irakatsitako berpizkundearen irakaspenarekin. Zalantzarik gabe, bi talde hauen pentsaerak eta Paulo predikatzen ari zen egiazko kristautasunaren egiak guztiz kontrakoak ziren.

6, 7. Nola erantzun zioten eskola handiko gizon greko batzuek Pauloren mezuari, eta nola erantzuten diote gaur egun batzuek irakasten dugunari?

6 Nola erantzun zioten eskola handiko gizon grekoek Pauloren irakaskuntzari? Batzuek Paulori «berritsu» deitu zioten. Hitz greko horrek «hazi biltzaile» ere esan nahi du (Ikusi Eginak 17:18​ko ikasketarako oharra gaztelaniaz edo frantsesez, nwtsty). Hitz greko honen inguruan, aditu batek honakoa idatzi zuen: «Hasiera batean, hitz hau haziak biltzen zituen txori txiki bati buruz hitz egiteko erabiltzen zen. Beranduago, merkatuan janari hondarrak eta jendeak botatzen zituen gauzak biltzen zituzten pertsonei buruz hitz egiteko erabili zen. Denborarekin, ideia solteak bilatzen joaten ziren pertsonei —bereziki ondoren hauek modu logikoan lotzeko gai ez zirenei— buruz hitz egiteko erabili zen». d Gizon horiek Paulo tentela zela eta entzundakoa besterik gabe errepikatzen ari zela esaten ari ziren. Hala ere, ikusiko dugun moduan, Paulo ez zen kikildu irain horren aurrean.

7 Gaur egun gauza bera gertatzen da. Jende askok gutaz barre egiten du Jehobaren lekukoak garelako eta Biblian sinesten dugulako. Adibidez, irakasle batzuek eboluzioa frogatutako egia bat dela irakasten dute, eta zentzudunak bagara onartu beharko genukeela esaten dute. Beraientzat eboluzioan sinesten ez dutenak ergelak dira. Eskola handiko gizon hauen helburua gu jendearen aurrean tenteltzat uztea da. Bibliak esaten duena irakasten dugulako egiten dute hori, baita naturak Sortzaile bat dagoela erakusten duela esaten dugulako ere. Baina gu ez gara kikiltzen. Ausardiaz defendatzen dugu biziak Sortzaile adimentsu bat izan duela: Jehoba (Ap. 4:11).

8. a) Nola erantzun zuten Pauloren mezua entzun zuten batzuek? b) Zer esan nahi dezake Areopago hitzak? (Ikusi oharra 142. orrialdean)

8 Paulori entzun zioten beste batzuek desberdin erantzun zuten, eta honakoa esan zuten: «Atzerriko jainkoei buruz predikatzen duela ematen du» (Eg. 17:18). Baina Paulo Atenasen beste jainko batzuen adorazioa bultzatzen aritu izan balitz, bere burua arriskuan jartzen ariko zen. Izan ere, mende batzuk lehenago Sokrates filosofoa antzeko arrazoiarengatik salatu zuten eta, ondorioz, heriotza zigorrera kondenatu zuten. Beraz, ez da harritzekoa Paulo Areopagora eramatea eta atenastarrentzat arraroak ziren sinesmen horiek azaltzeko eskatzea. e Nola defendatuko zuen Paulok bere mezua Idazkiak ezagutzen ez zituzten pertsona horien aurrean?

«Atenaseko gizonok, [...] ikusten dut» (Eginak 17:22, 23)

9-11. a) Zeri buruz hasi zen hitz egiten Paulo bere hitzaldian? b) Nola imitatu dezakegu Pauloren eredua predikazioan?

9 Gogoratu Paulori ez zitzaiola batere gustatzen ari ikusten ari zen idolatria. Hala ere, ez zen idolatriaren inguruan gaizki esaka jarri. Horren ordez, lasai mantendu zen. Errespetuz eta kontu handiz, bere entzuleen arreta irabazten saiatu zen, guztiek onartzen zuten ideia bati buruz hitz eginez. Honela hasi zuen bere hitzaldia: «Atenaseko gizonok, gauza guztietan besteak baino erlijiozaleagoak zaretela ikusten dut» (Eg. 17:22). Paulo oso azkarra izan zen eta erlijiorako joera izateagatik zoriondu zituen. Berak bazekien sinesmen faltsuengatik itsututa dauden pertsonek bihotz ona izan dezaketela. Izan ere, berak honakoa onartu zuen bere buruari buruz: «Neure sinesgabean ez bainekien zer egiten ari nintzen» (1 Tim. 1:13).

10 Gero, Paulok guztiek onartzen zuten gai bati buruz hitz egin zuen. Atenastarrak erlijiozaleak zirela argi uzten zuen gauza bat ikusi zuela aipatu zien: «Jainko Ezezagunari» eskainitako aldare bat. Honen inguruan, kontsulta liburu batek honakoa dio: «Grekoek eta beste batzuek, askotan, “jainko ezezagunei” aldareak egiten zizkieten. Beraien beldurra ezagutzen ez zuten jainko bat ez adoratzea eta, ondorioz, bera ofenditzea zen». f Horrelako aldarearekin, atenastarrak ezagutzen ez zuten Jainko bat bazegoela onartzen ari ziren, eta Paulok hori erabili zuen berri onei buruz hitz egiten hasteko: «Ezagutu gabe adoratzen duzuen horri buruz ari naiz ni hitz egiten» (Eg. 17:23). Pauloren arrazoiketa bikaina izan zen eta errespetua erakutsi zuen. Batzuek jainko berri edo kanpotar bati buruz predikatzeagatik salatu zuten. Baina berak ez zuen jainko berri bati buruz hitz egin, baizik eta ezagutzen ez zuten Jainko horri buruz, benetako Jainkoa.

11 Nola imitatu dezakegu Pauloren eredua predikazioan? Inguruan dugunari arreta jarriz. Adibidez, gure entzuleak ikur erlijiosoren bat jantzita badarama, edota etxean beste ikurren bat badu, erlijiozalea dela jakin ahalko dugu. Horrelako kasu batean, honakoa esan dezakegu: «Sinestuna zarela ikusten dut. Ze ondo gauza espiritualak estimatzen dituen pertsona batekin hitz egitea». Pertsonaren sinesmen erlijiosoak jakiten ditugunean, biok onartzen dugun gai bati buruz hitz egin ahalko dugu. Baina noski, ez dugu inor epaitu nahi bere sinesmen erlijiosoengatik. Izan ere, gaur egun gure anai-arreba diren askok lehen sinesmen faltsuak zituzten.

Bilatu besteekin zertan zauden ados eta erabili ezazu Bibliako egiak irakasteko

Jainkoa «ez dago gutako bakoitzarengandik urruti» (Eginak 17:24-28)

12. Nola egokitu zituen Paulok bere metodoak bere entzuleen beharretara?

12 Paulok berak eta bere entzuleek onartzen zuten gai bat aurkitu zuen. Baina, mantendu ahalko zuen beraien interesa? Berak bazekien bere entzuleek greziar filosofia oso ondo ezagutzen zutela, baina Idazkiak ez. Beraz, bere predikazio metodoak hainbat modutan egokitu zituen. Lehenik, Bibliako irakaspenei buruz hitz egin zuen Bibliatik zuzenean aipatu gabe. Bigarrenik, bere entzuleak bezalakoa zela eta ulertzen zituela transmititu zien «gu» eta «gutako» bezalako esamoldeak erabiliz. Eta hirugarrenik, greziar literaturatik aipamenak egin zituen, berak irakasten zituen gauzetako batzuk beraien idazkietan agertzen zirela erakusteko. Baina zer egia garrantzitsu azaldu zituen atenastarrentzat ezezaguna zen Jainkoari buruz? Aztertu dezagun Pauloren hitzaldi bikaina.

13. Zer azaldu zuen Paulok unibertsoaren jatorriari buruz, eta zer utzi zuen argi?

13 Jainkoak unibertsoa sortu zuen. Paulok esan zuen: «Mundua eta bertan dauden gauza guztiak egin zituen Jainkoa, zeru-lurren Jauna da, eta ez da giza eskuz egindako tenpluetan bizi» (Eg. 17:24). g Unibertsoa ez zen ustekabean sortu; benetako Jainkoak sortu zituen gauza guztiak (Sal. 146:6). Bera da zeru-lurren Jaun Subiranoa. Ez da Atena (Atenea) eta beste jainkoak bezalakoa. Jainko horiek aldareak eta tenpluak behar zituzten gorespena jasotzeko, baina Jehobaren aintza ez dago eskuz egindako tenpluen menpe (1 Err. 8:27). Paulok argi utzi zuen benetako Jainkoa gizakiak egindako tenpluetako idoloak baino askoz ere handiagoa dela (Is. 40:18-26).

14. Nola erakutsi zuen Paulok Jainkoa ez dagoela gizakien menpe?

14 Jainkoa ez dago gizakien menpe. Idoloak adoratzen zituztenek idoloak luxuzko arroparekin janzten zituzten eta opari garestiak, janaria eta edaria ematen zizkieten. Idoloek gauza horiek behar zituztela uste zuten! Hala ere, Pauloren entzuleen artean zeuden filosofo greko batzuek jainko batek ez duela gizakien beharrik sinestuko zuten agian. Gizon horiek Paulok Jainkoari buruz esandakoarekin ados egongo ziren: «Ez du eskatzen giza eskuen zerbitzurik, ez baitu ezeren beharrik». Hala da, gure Sortzaileak ez du guk eman ahal dizkiogun gauza materialen beharrik. Bera da behar dugun guztia ematen diguna. Izan ere, «bera da gizaki guztiei bizia, arnasa eta gauza guztiak ematen dizkiena», esaterako, eguzkia, euria eta lur emankorra (Eg. 17:25; Has. 2:7). Beraz, Jainkoa ez dago gizakien menpe; bera da guri behar dugun guztia ematen diguna.

15. Nola zuzendu zuen Paulok atenastarren ikuspuntua, eta zer ikasgai baliotsu ikasten dugu bere eredutik?

15 Jainkoak gizakia sortu zuen. Atenastarrek grekoak ez zirenak baino hobeagoak zirela pentsatzen zuten. Baina Bibliak esaten du ez garela harro sentitu behar gure nazionalitate edo arrazarengatik (Deu. 10:17). Gai hau oso delikatua zenez, Paulok kontu handiz eta errespetuz hitz egin zuen honi buruz. Paulok seguru bere entzuleei pentsarazi egingo ziela Jainkoari buruz honakoa esan zuenean: «Gizon bakar batengandik giza nazio guztiak sortu zituen» (Eg. 17:26). Hasiera liburuko pasarteari buruz ari zen, Adam —gizaki guztien lehen aita— aipatzen duen pasartea (Has. 1:26-28). Guztiok arbaso berberarengandik gatozenez, ez dago hobea den arraza edo nazionalitaterik. Zein argi azaldu zien Paulok ideia hau! Zer ikasgai baliotsu ikasten dugu Pauloren eredutik? Nahiz eta predikatzerakoan errespetuz eta kontu handiz hitz egin nahi dugun, ez dugu Bibliaren egia bigundu nahi jendearentzat onargarriago bihurtzeko.

16. Zein da gure Sortzailearen helburua gizakiontzat?

16 Jainkoak gu berarengana gerturatzea nahi du. Pauloren hitzak entzuten ari ziren filosofoek bizitzaren zentzuari buruz urteak eztabaidatzen pasako balituzte ere, ezingo zuten erantzun arrazoitsu bat aurkitu. Baina Paulok argi utzi zuen zein zen gure Sortzailearen helburua gizakientzat: Jainkoak gizakiak sortu zituela bera, itsuka bada ere, «bilatu dezaten [...] eta benetan aurkitu dezaten». Ondoren, gehitu zuen: «Izan ere, ez dago gutako bakoitzarengandik urruti» (Eg. 17:27). Beraz, atenastarrentzat ezezaguna zen Jainko hura ezagutu daiteke. Izan ere, bera bilatu eta berari buruz ikasi nahi dutenengandik gertu dago (Sal. 145:18). Gainera, Paulok «gutako» esamoldea erabili zuen. Era horretara, berak ere Jainkoa, itsuka bada ere, bilatzeko beharra zuela adierazi zuen.

17, 18. Zergatik ezagutu nahi beharko lukete gizakiek Jainkoa, eta zer ikasten dugu Paulok bere entzuleen arreta lortzeko modutik?

17 Gizakiek Jainkoa ezagutu nahi beharko lukete. Paulok esan zuen moduan, Jainkoari esker «bizi, mugitu eta existitzen gara». Aditu batzuen arabera, Paulo Epimenidesen hitzak aipatzen ari zen. Kretako poeta hori K.a. VI. mendean bizi izan zen, eta «Atenaseko erlijio ohituretan pertsona inportantea izan zen». h Paulok, ondoren, gizakiok Jainkoarengana gerturatu nahi izateko beste arrazoi bat eman zuen: «Zuen poeta batzuek esan duten bezala: “Gu ere bere seme-alabak gara”» (Eg. 17:28). Jainkoaren familiaren parte garela sentitu beharko genuke. Izan ere, Jehobak sortu zuen lehenengo gizona, eta horren ondorengoak gara guztiok. Bere entzuleen arreta lortzeko, Paulok beraiek ziurrenik errespetatzen zituzten autore grekoak aipatu zituen. i Paulok bezala, guk ere batzuetan historia liburu, entziklopedia eta errespetatuak diren beste liburu batzuen aipamenak egin ditzakegu. Adibidez, fidagarria den liburu baten aipamen batek Lekukoa ez den norbaiti erlijio ohitura faltsu baten benetako jatorria zein den argi ikusten lagundu ahal dio.

18 Hitzaldiaren une honetara arte, Paulok Jainkoari buruzko egia garrantzitsuak aipatu eta trebetasunez hitzak bere entzuleetara moldatu zituen. Zer nahi zuen Paulok atenastarrek egitea entzundakoarekin? Horixe azaldu zien berehala.

«Jende guztiari, toki guztietan, damutu behar duela esaten ari zaio» (Eginak 17:29-31)

19, 20. a) Nola azaldu zuen errespetuz Paulok gizakiak egindako idoloak adoratzea zentzugabea zela? b) Zer egin behar zuten Pauloren entzuleek?

19 Paulok bere entzuleak ekinera animatzeko momentua iritsi zen. Autore grekoen idazkiak kontuan izanda, honakoa esan zuen: «Beraz, Jainkoaren seme-alabak garenez, ez dugu pentsatu behar Izaki Jainkotiarra urrea, zilarra edo harria bezalakoa denik, gizakien arte eta diseinuaren emaitza izango balitz bezala» (Eg. 17:29). Noski, Jainkoak gizakiak sortu baditu, nola hartuko du Jainkoak gizakiek sortutako idolo baten itxura? Paulok, errespetu handiz, gizakiak egindako idoloak adoratzea zentzugabea zela azaldu zuen (Sal. 115:4-8; Is. 44:9-20). Arrazoiketan bere burua sartu zuen «ez dugu pentsatu behar» esatean. Horrela, besteei bere aholkua onartzea erraztu zien.

20 Apostoluak argi utzi zuen bere entzuleek zerbait egin behar zutela: «Jainkoak ez ditu kontuan hartu ezjakintasun garai haiek [Jainkoa idoloak adoratuz poztu zitekeela uste zen garaia], baina orain, jende guztiari, toki guztietan, damutu behar duela esaten ari zaio» (Eg. 17:30). Baliteke Pauloren entzule batzuk harrituta geratzea damutu behar zirela entzutean. Baina bere hitzaldi argiarekin, bizia Jainkoak eman ziela eta, ondorioz, bere aurrean erantzule zirela azaldu zien. Beraz, Jainkoa bilatu, berari buruzko egiak ikasi eta horien arabera bizi behar zuten. Atenastarren kasuan, idolatria bekatua zela onartu eta hori egiteari utzi behar zioten.

21, 22. Nola amaitu zuen Paulok bere hitzaldia, eta zer zerikusi dute hitz horiek gurekin?

21 Paulok bere hitzaldia amaitu zuen moduak bere entzuleei pentsarazi egingo zien: «Egun bat jarri du berak [Jainkoak] aukeratutako gizon baten bidez lurra justiziaz epaitzeko, eta gizaki guztiei garantia bat eman die gizon hori hildakoen artetik berpiztuz» (Eg. 17:31). Epai Eguna zetorren! Hori bai benetako Jainkoa bilatu eta aurkitzeko arrazoia! Paulok ez zuen Epailearen izena aipatu. Horren ordez, harrigarria zen zerbait esan zuen berari buruz: gizon bat izan zela, hil egin zela eta Jainkoak berpiztu egin zuela!

22 Hitzaldiaren amaiera zirraragarri honek zerikusi handia du gurekin. Badakigu Jainkoak izendatutako Epailea berpiztutako Jesu Kristo dela (Joan 5:22). Epai Egunak 1.000 urte iraungo dituela eta laster hasiko dela ere badakigu (Ap. 20:4, 6). Baina ez diogu egun horri beldurrik. Zergatik? Epailearen arabera leialak direnentzat bedeinkapen zoragarriak egongo direlako. Eta zer garantia dugu hau itxaroteko? Inoiz egon den miraririk handiena: Jesu Kristoren berpizkundea!

Batzuek «sinetsi egin zuten» (Eginak 17:32-34)

23. Nola erantzun zuen jendeak Pauloren hitzaldiaren aurrean?

23 Jendeak Pauloren hitzaldiaren aurrean modu desberdinetan erantzun zuen. Berpizkundeari buruz entzutean, «batzuk Paulori barre egiten hasi ziren». Beste batzuk, berriz, jatorrak izan ziren, baina ez zuten konpromisorik hartu nahi izan eta honakoa esan zuten: «Beste batean ere entzungo dizugu horri buruz» (Eg. 17:32). Baina gutxi batzuek ondo erantzun zuten: «Gizon batzuk berarekin elkartu ziren, eta sinetsi egin zuten. Hauen artean Dionisio —Areopagoko auzitegiko epailea— eta Damaris izeneko emakume bat zeuden, baita beste batzuk ere» (Eg. 17:34). Gaur egun antzekoa gertatzen da. Batzuek barre egiten digute; beste zenbaitek, berriz, gurekin jatorrak diren arren, ez dute interesik agertzen. Baina oso pozik jartzen gara batzuek Erreinuaren mezua onartu eta Lekuko egiten direnean.

24. Zer ikasten dugu Paulok Areopagoan emandako hitzalditik?

24 Pauloren hitzaldia aztertzeak argudio logiko eta sendoak ematen irakasten digu, baita gure entzuleei moldatzen ere. Sinesmen faltsuengatik itsututa daudenei pazientzia eta errespetua erakustearen beharra ere ikasten dugu. Beste ikasgai garrantzitsu bat hau da: ez dugu inoiz egia leundu behar jendeak gure mezua onartu dezan. Pauloren eredua jarraituz, irakasle hobeak izan gaitezke predikatzean, eta arduradunak ere irakasle trebeagoak izan daitezke kongregazioan. Horrela, besteei laguntzeko ondo prestatuta egongo gara «Jainkoa bilatu [...] eta benetan aurkitu dezaten» (Eg. 17:27).

b The Book of Acts in Its First Century Setting, D. W. J. Gill eta Conrad Gempf.

c Ikusi « Epikurearrak eta estoikoak» taula.

d A Handbook on the Acts of the Apostles, Barclay M. Newman eta Eugene A. Nida

e Areopagoa Akropoliaren ipar-mendebaldean kokatuta zegoen mendixka bat zen, eta bertan biltzen zen Atenaseko agintarien kontseilu edo tribunala. Beraz, «Areopago» hitzak kontseiluari edo mendixkari egin ahal dio erreferentzia. Horregatik, aditu batzuek Paulo mendixka horretara edo gertuko toki batera eraman zutela pentsatzen dute. Baina beste batzuek, aldiz, agintarien kontseilu horrekin beste toki batean biltzera eraman zutela uste dute, agian, merkatu plazan bertan.

f A Handbook on the Acts of the Apostles, Barclay M. Newman eta Eugene A. Nida.

g «Mundua» itzuli den hitz grekoa kosmos da. Grekoek hitz hori unibertso fisikoari buruz hitz egiteko erabiltzen zuten. Nahiz eta Paulok normalean ez zuen hitz hori zentzu horretan erabiltzen, beharbada, oraingoan bere entzuleek erabiltzen zuten moduan erabili zuen beraiei egokitzeko.

h A Handbook on the Acts of the Apostles, Barclay M. Newman eta Eugene A. Nida.

i Paulok Arato poeta estoikoaren Fenomenoak olerkitik egin zuen aipamena. Antzeko hitzak aurkitzen dira beste idazle greko batzuen idazkietan, esaterako, Kleantes idazle estoikoak Zeusi egindako himnoan.