Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

15. KAPITULUA

«Kongregazioak sendotuz»

«Kongregazioak sendotuz»

Arduradun ibiltariek kongregazioak bisitatzen dituzte anai-arreben fedea sendotzeko

Eginak 15:36-16:5 pasartean oinarrituta

1-3. a) Nor da Pauloren bidaia-lagun berria, eta nolakoa da? b) Zer ikasiko dugu kapitulu honetan?

 HERRI batetik bestera doazela, Paulok berarekin doan gizon gazteari begiratzen dio. Gazte hori Timoteo da. 20 urte inguru ditu eta energiaz beterik dago. Listra eta Ikoniotik aldentzeko egiten duen pauso bakoitzean, Timoteo bere etxetik urruntzen ari da. Zer espero dezakete bidaia honetan? Paulorentzat bigarren misiolari bidaia da, beraz, zailtasun eta arrisku ugari izango dituztela imajinatu dezake. Kontua da: nola erantzungo du bere bidaia-lagun berriak?

2 Paulok konfiantza handia du Timoteorengan, agian, Timoteok bere buruarengan duena baino gehiago. Duela gutxi bizitakoak argi utzi dio Paulori bidaia-lagun ona behar duela. Euren lana kongregazioak bisitatzea eta sendotzea da. Paulok badaki eginkizun hori betetzeko erabakita egon behar dutela eta batuta mantendu behar direla. Horrela pentsatzen du, beharbada, duela gutxi Bernaberekin eztabaidatu duelako eta banandu egin direlako.

3 Kapitulu honetan, eztabaidak sortzen direnean zer egin behar dugun ikasiko dugu. Paulok Timoteo berarekin bidaiatzeko zergatik aukeratu zuen ere aztertuko da. Horretaz gain, gaur egun eskualde arduradunek egiten duten lan garrantzitsua hobeto ulertuko dugu.

«Goazen berriro [...] anai-arrebak bisitatzera» (Eginak 15:36)

4. Zer helburu zuen Paulok bere bigarren misiolari bidaian?

4 Aurreko kapituluan, Paulo, Bernabe, Judas eta Silas Antiokiako kongregazioan ikusi genituen. Bertara joan ziren zirkunzisioari buruzko zuzendari batzordearen erabakia ematera eta, era horretara, kongregazioa sendotzera eta animatzera. Zer egin zuen Paulok ondoren? Honakoa esan zion Bernaberi: «Goazen berriro Jehobaren hitza predikatu genuen hiri guztietara hango anai-arrebak bisitatzera, nola dauden jakiteko» (Eg. 15:36). Pauloren helburua ez zen soilik kristau berri horiei bisita sozial bat egitea. Eginak liburuak argi uzten du zein zen Pauloren helburua bere bigarren misiolari bidaia egitean. Lehenik, zuzendari batzordeak hartutako erabakiaren berri ematen jarraitu nahi zuen (Eg. 16:4). Bigarrenik, arduradun ibiltari bezala, kongregazioko anai-arreben fedea sendotu nahi zuen (Erm. 1:11, 12). Nola jarraitzen du gaur egungo Jehobaren erakundeak apostoluen eredua?

5. Nola animatzen eta gidatzen ditu gaur egungo Zuzendari Batzordeak kongregazioak?

5 Gaur egun, Kristok Jehobaren lekukoen Zuzendari Batzordea erabiltzen du bere kongregazioa gidatzeko. Gantzututako anaia leial horiek gutunak, argitalpenak, bilerak eta beste modu batzuk erabiltzen dituzte mundu osoko anai-arrebak animatzeko eta gidatzeko. Gainera, Zuzendari Batzordea kongregazio bakoitzarekin harreman estua mantentzen saiatzen da. Nola lortzen du hori? Mundu osoan zehar, milaka adindun trebe zuzenean izendatu ditu eskualde arduradun izateko.

6, 7. Zeintzuk dira eskualde arduradunen eginkizunetako batzuk?

6 Eskualde arduradunek kongregazioko anai-arreba guztiengatik interesa erakusten dute eta beraien fedea sendotzen saiatzen dira. Nola egiten dute hori? Paulo bezalako lehen mendeko kristauen eredua jarraituz. Paulok Timoteori —beste arduradun ibiltari bati— honakoa esan zion: «Hots egin Jaunaren hitza, ekin garaia denean eta ez denean, eman arrazoiak, zentzarazi eta eman adore, zeure pazientzia guztia eta irakasteko gaitasuna erabiliz. [...] Ekin berri ona zabaltzeari» (2 Tim. 4:2, 5).

7 Pauloren aholku horiek jarraituz, eskualde arduradunek —baita beraien emazteek ere, ezkonduta badaude— kongregazioetako anai-arrebekin predikazio mota desberdinetan parte hartzen dute. Irakasle onak direnez eta predikazioa maite dutenez, eragin ona dute anai-arrebengan (Erm. 12:11; 2 Tim. 2:15). Eskualde arduradunak beraien maitasunarengatik eta besteengatik sakrifizioak egiteko prest egoteagatik dira ezagunak. Beraien denbora eta indarra gogo onez eskaintzen dute eguraldi txarrarekin leku batetik bestera bidaiatzeko, baita eremu arriskutsuetara joateko ere (Flp. 2:3, 4). Gainera, anai-arrebak Biblian oinarritutako hitzaldien bitartez animatzen dituzte, eta irakatsi eta aholku ematen diete. Guztion onerako da beraien ereduan pentsatzea eta euren fedea imitatzen saiatzea (Heb. 13:7NWT).

«Izugarrizko haserrea» (Eginak 15:37-41)

8. Nola erantzun zion Bernabek Pauloren gonbidapenari?

8 Paulok Bernaberi «anai-arrebak bisitatzera» joateko proposamena egin zion eta Bernabek onartu egin zuen (Eg. 15:36). Aurreko bidaian talde ona egin zuten elkarrekin lanean, eta bisitatzera joango ziren kongregazioetako anai-arrebak ezagutzen zituzten (Eg. 13:2-14:28). Horregatik, elkarrekin joatea ideia ona zela ematen zuen, baina arazo bat sortu zen. Eginak 15:37​ak dio: «Bernabek argi eta garbi zuen Joan —Markos ere deitua— beraiekin eraman nahi zuela». Bernabe ez zen gomendio bat ematen ari, «argi eta garbi zuen» bere lehengusua, Markos, bidaia honetan eraman nahi zuela.

9. Zergatik ez zegoen ados Paulo Bernaberekin?

9 Baina Paulo ez zegoen ados horrekin. Zergatik? Pasarteak azaltzen du: «Paulori ez zitzaion ondo iruditzen [Markos] beraiekin eramatea, zeren aurrekoan Panfilian alde egin eta ez zien lana burutzen lagundu» (Eg. 15:38). Markos Paulo eta Bernaberekin lehenengo misiolari bidaiara joan zen, baina ez zen amaiera arte gelditu (Eg. 12:25; 13:13). Izan ere, bidaiaren hasieran —oraindik Panfilian zeudenean—, Markosek bere eginkizuna utzi eta etxera bueltatu zen, Jerusalemera. Bibliak ez du azaltzen zergatik egin zuen hori, baina badirudi Paulori erabaki hori arduragabea iruditu zitzaiola. Agian, berarengan zuen konfiantza galdu zuen.

10. Zein izan zen Paulo eta Bernaberen arteko desadostasunaren ondorioa?

10 Hala ere, Bernabek Markos eramaten jarraitu nahi zuen. Paulok, ordea, ez zuen iritziz aldatu nahi. «Orduan, izugarrizko haserrea sortu zen bien artean, eta bakoitza bere aldetik joan zen», dio Eginak 15:39​ak. Bernabek Markos hartu zuen berarekin eta bere jaioterrira, Ziprera, itsasoratu ziren. Paulok bere planarekin aurrera jarraitu zuen. Pasarteak honakoa dio: «Paulok, berriz, Silas aukeratu eta martxan jarri zen, anaiek Jehobaren merezigabeko eskuzabaltasunaren esku utzi ondoren» (Eg. 15:40). Paulo, Silasekin batera, «Siria eta Zilizian barrena joan zen kongregazioak sendotuz» (Eg. 15:41).

11. Zer ezaugarri dira beharrezkoak adiskidetasuna ez galtzeko norbaitekin desadostasunen bat dugunean?

11 Pasarte honek guztiok inperfektuak garela gogoratzen digu. Ez dezagun ahaztu Paulo eta Bernabe zuzendari batzordeak aukeratu zituen ordezkariak izan zirela, eta Paulo bera, agian, zuzendari batzordearen kide izatera iritsi zela. Hala ere, kasu honetan Paulo eta Bernaberen giza inperfekzioa azaleratu zen. Utziko al zuten egoera horrek beraien adiskidetasuna suntsitu zezan? Ez. Nahiz eta inperfektuak izan, apalak ziren eta Jesus imitatzen saiatzen ziren. Zalantzarik gabe, denborarekin, batak besteari barkatu zion eta adiskidetasuna berreskuratu zuten (Efe. 4:1-3). Gainera, urteak beranduago, Paulo eta Markosek elkarrekin lan egin zuten berriro beste eginkizun batzuetan (Kol. 4:10). a

12. Paulo eta Bernaberen zer ezaugarri imitatu behar dituzte gaur egungo arduradunek?

12 Paulo eta Bernabe ez ziren haserretzeko joera izateagatik ezagunak. Bernabe, adibidez, bihotz onekoa eta eskuzabala izateagatik ezagutzen zuten. Izan ere, nahiz eta bere izena Jose izan, apostoluek Bernabe deitzen zioten, «Kontsolamenduaren Semea» esan nahi duena (Eg. 4:36). Bestalde, Paulo maitekorra eta samurra izateagatik zen ezaguna (1 Tes. 2:7, 8). Paulo eta Bernaberen eredua imitatuz, gaur egungo kristau arduradun guztiek, eskualde arduradunek barne, beti apaltasuna erakusten saiatu behar dute, baita beste adindunak eta artalde osoa maitasunez tratatzen ere (1 Ped. 5:2, 3).

«Oso ondo hitz egiten zuten berari buruz» (Eginak 16:1-3)

13, 14. a) Nor zen Timoteo eta nola ezagutu zuen Paulok? b) Zergatik erreparatu zuen Paulok Timoteorengan? c) Zer lan berezi egiteko eskatu zioten Timoteori?

13 Bere bigarren misiolari bidaian, Paulok Galazia erromatar probintziako kongregazioak bisitatu zituen. Pasartearen arabera, «Derbera iritsi zen, baita Listrara ere». Pasarteak honakoa gehitzen du: «Han, Timoteo izeneko dizipulu bat zegoen. Bere ama dizipulu judua zen, baina aita grekoa zuen» (Eg. 16:1). b

14 Badirudi Paulok Timoteoren familia K.o. 47. urte inguruan ezagutu zuela, lurralde hori lehen aldiz bisitatu zuenean. Orain, bizpahiru urte beranduago, bigarren misiolari bidaian, Timoteorengan erreparatu zuen. Zergatik? Hango anaiek oso ondo hitz egiten zutelako berari buruz. Timoteok izen ona zuen bere kongregazioan, baita inguruko kongregazioetan ere. Izan ere, Listra eta Ikonioko kristauek gauza onak esaten zituzten berari buruz, eta hori bi hiri horien artean 30 bat kilometro zeudela (Eg. 16:2). Espiritu santuak gidatuta, adindunek Timoteo gazteari lan berezi bat egiteko eskatu zioten: Paulori eta Silasi laguntzea arduradun ibiltari bezala (Eg. 16:3).

15, 16. Nola lortu zuen Timoteok hain izen ona?

15 Nola lortu zuen Timoteok hain izen ona nahiz eta gaztea izan? Azkarra izateagatik izango ote zen? Edo, agian, bere itxura edo trebetasunengatik? Gizakiok, sarri, garrantzi handia ematen diogu gauza horiei. Behin, Samuel profetak ere pertsona bat epaitu zuen bere itxuragatik, baina Jehobak gogorarazi zion: «Kontua ez da gizakiak zeri begiratzen dion, gizakiak itxurari begiratzen baitio; Jaunak, berriz, bihotzari» (1 Sam. 16:7). Anai-arreben artean Timoteok zuen izen ona ez zegoen bere trebetasunetan oinarrituta, baizik eta bere ezaugarri onetan.

16 Urteak beranduago, Paulok Timoteoren ezaugarri espiritual batzuk aipatu zituen. Adibidez, bere jarrera ona, maitasuna, sakrifikatzeko prest zegoela eta kongregazioan arduratsua zela azpimarratu zuen (Flp. 2:20-22). Gainera, benetako edo «zinezko fedea» izateagatik zen ezaguna (2 Tim. 1:5).

17. Nola imitatu dezakete Timoteo gaur egungo gazteek?

17 Gaur egun ere, gazte askok Timoteo imitatzen dute ezaugarri onak landuz. Horrela, gazte-gaztetatik Jehoba eta bere herriaren aurrean izen ona dute (Esa. 22:1; 1 Tim. 4:15). Aurpegi biko bizitza izan beharrean, benetako fedea daukate (Sal. 26:4). Ondorioz, gazte askok, Timoteok bezala, lan bikaina egiten dute kongregazioan. Zenbat pozten gaituzten berriemaileak egiten direnean eta euren burua Jehobari eskaini eta bataiatzen direnean!

«Fedean sendotzen [...] joan ziren» (Eginak 16:4, 5)

18. a) Zer egin zuten Paulok eta Timoteok arduradun ibiltari lanean? b) Nola izan ziren bedeinkatuak kongregazioak?

18 Paulo eta Timoteok elkarrekin lan egin zuten urte askotan. Arduradun ibiltari hauek zuzendari batzordeak emandako eginkizun guztiak bete zituzten: «Hiriz hiri joaten ziren bitartean, Jerusalemeko apostolu eta adindunen erabakien berri ematen zuten, anai-arrebek bete zitzaten» (Eg. 16:4). Kongregazioek argibide horiek jarraitu zituztenez, «fedean sendotzen eta egunetik egunera handitzen joan ziren» (Eg. 16:5).

19, 20. Zergatik obeditu behar ditugu kongregazioan aurrea hartzen dutenak?

19 Era berean, gaur egun ere aurrea hartzen dutenen gida jarraitzen dugunean, Jehobak bedeinkatzen gaitu (Heb. 13:17). Mundu honen eszenatokia une oro aldatzen ari denez, oso garrantzitsua da «morroi leial eta zentzuduna» ematen ari zaigun gidarekin egunean egotea (Mat. 24:45; 1 Ko. 7:29-31). Hori egiten badugu, gure fedea sendo mantenduko da eta munduko gaiztakeriarekin ez gara kutsatuko (St. 1:27).

20 Egia da gaur egungo arduradunak —Zuzendari Batzordearen kideak barne— inperfektuak direla, Paulo, Bernabe, Markos eta lehen mendeko beste adindun gantzutuak bezala (Erm. 5:12; St. 3:2). Baina Zuzendari Batzordeak gure konfiantza merezi du Biblia eta apostoluen eredua kontu handiz jarraitzen duelako (2 Tim. 1:13, 14). Ondorioz, kongregazioak indartzen eta fedean sendotzen ari dira.