Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

16. KAPITULUA

«Zatoz mazedoniara»

«Zatoz mazedoniara»

Bedeinkapenak jaso zituzten eginkizun bat onartzeagatik eta pertsekuzioari poztasunez aurre egiteagatik

Eginak 16:6-40 pasartean oinarrituta

1-3. a) Nola gidatu zituen espiritu santuak Paulo eta bere bidaia-lagunak? b) Zer aztertuko dugu kapitulu honetan?

 EMAKUME talde bat Mazedoniako Filipo hiritik ateratzen da eta Gangites ibairantz doa. Iristean, ohitura duten moduan, emakumeak ibaiaren ondoan esertzen dira Israelgo Jainkoari otoitz egiteko. Jehoba emakumeek egiten dutena ikusten ari da (2 Kro. 16:9; Sal. 65:3 [65:2, NWT]).

2 Bitartean, misiolari talde bat Galaziako hegoaldean dagoen Listra hiritik —Filipotik 800 bat kilometrotara ekialderantz— abiatzen da. Misiolari horiek Paulo, Silas eta Timoteo dira. Egun gutxi batzuk barru, mendebalderantz doan erromatar galtzada batera iristen dira. Bide horrek Asiako probintzian biztanle gehien dagoen zonaldera eramango ditu. Bide hori hartzen badute, Efesora eta jendez gainezka dauden beste hiri batzuetara iritsiko dira. Bertan, Jesu Kristori buruz entzuteko beharra duten milaka pertsona aurkituko dituzte. Beraz, hiri horietara iristeko desiratzen daude. Baina bidaia hori hasi baino lehen, espiritu santuak nolabait geldiarazten ditu eta Asian predikatzea debekatzen die. Izan ere, Jesus, Jainkoaren espiritu santua erabiliz, Paulo eta bere lagunak gidatzen ari da. Jesusek Asia Txikia eta Egeo Itsasoa zeharkatu dezaten eta, ondoren, Gangites ibaiertzera joan daitezen nahi du.

3 Ikasgai baliotsu asko ikasi ditzakegu Jesusek Paulo eta bere bidaia-lagunak Mazedoniara gidatu zituen modutik. Kristo ondorengo 49. urtean, Paulok bigarren misiolari bidaia hasi zuen. Aztertu ditzagun misiolari bidaia horretan zehar gertatu ziren gauza batzuk.

«Jainkoak [...] gonbidatu gintuela ulertu genuen» (Eginak 16:6-15)

4, 5. a) Zer gertatu zitzaien Paulori eta bere bidaia-lagunei Bitiniatik gertu zeudenean? b) Zer erabaki hartu zuten, eta zein izan zen emaitza?

4 Paulo eta bere bidaia-lagunek ezin zutenez Asian predikatu, iparralderantz jo zuten Bitiniako hirietan predikatzeko. Hara iristeko, Frigia eta Galaziako lurraldeak zeharkatu zituzten. Ziurrenik, egunak emango zituzten lurrezko bideetan barrena, jende gutxi bizi zen lekuetatik pasatzen. Hala ere, Bitiniara iristen ari zirela, berriz ere Jesusek espiritu santuaren bidez geldiarazi zituen (Eg. 16:6, 7). Ordurako, gizonak zeharo nahastuta egongo ziren. Bazekiten zer predikatu, nola predikatu, baina ez non predikatu behar zuten. Nolabait esateko, Asiako atea jo zuten, baina alferrik. Bitiniara zeraman atea ere jo zuten, baina berriro ere alferrik. Hala ere, Paulok ateak jotzen jarraitu nahi zuen baten bat ireki arte. Gizonek, orduan, zentzu handirik ez zuen erabaki bat hartu zuten: mendebaldera jo eta 550 kilometro inguru egin zituzten oinez, pasatzen zituzten hirietan predikatu gabe, Troaseko portura iritsi arte. Portu hura Mazedoniara iristeko bidea zen (Eg. 16:8). Han, hirugarren aldiz Paulok atea jo zuen eta, oraingoan bai! Jesusek atea ireki zien.

5 Lukas, Troasen, Paulo eta bere bidaia-lagunekin elkartu zen eta gertatutakoa azaldu zuen: «Gauean, Paulok ikuskari bat izan zuen: gizon mazedoniar bat bere aurrean zutik zegoen, eta erregutu zion: “Zatoz Mazedoniara eta lagundu gaitzazu”. Paulok ikuskari hau izan bezain laster, Mazedoniara joatea erabaki genuen, Jainkoak berri onak han predikatzera gonbidatu gintuela ulertu genuen eta» (Eg. 16:9, 10). a Azkenean, Paulok bazekien non predikatu. Zein pozik sentituko zen Paulo bide erdian amore ez zuelako eman! Berehala, lau gizonak Mazedoniarantz itsasoratu ziren.

«Troasen itsasoratu [...] ginen». (Eginak 16:11)

6, 7. a) Zer irakasten digu Paulori bere bidaian gertatu zitzaionak? b) Zertaz egon gaitezke ziur?

6 Zer ikasten dugu pasarte honetatik? Pentsatu honetan: Paulo Asiara abiatu ondoren bakarrik geldiarazi zuen espiritu santuak; Paulo Bitiniara gerturatu ondoren bakarrik debekatu zion han sartzea Jesusek; eta Paulo Troasera iritsi ondoren bakarrik gidatu zuen Mazedoniara Jesusek. Gaur egun ere, Jesusek, kongregazioaren Buruak, antzeko zerbait egin dezake gurekin (Kol. 1:18). Agian, denboratxo bat daramagu aitzindariak izatea edo predikatzeko beharra dagoen leku batera joatea pentsatzen. Hala ere, baliteke Jesusek guk helburu hori lortzeko pausoak eman ondoren bakarrik gidatzea. Zergatik? Jarri dezagun adibide bat: gidari batek automobila mugitzen ari bada bakarrik eraman dezake eskuinerantz edo ezkerrerantz. Era berean, Jesusek gu gidatzeko, mugimenduan jarri behar gara, hau da, ahaleginak egin eta pausoak eman behar ditugu.

7 Baina zer egin beharko genuke ez baditugu berehala gure helburuak lortzen? Amore eman beharko al genuke Jainkoaren espiritua ez dela gu gidatzen ari pentsatuz? Ez, noski. Gogoratu Paulok ere ez zituela berehala bere helburuak lortu. Hala ere, irekita zegoen ate baten bila jarraitu zuen. Gu ere ziur egon gaitezke Erreinuaren alde gehiago egiteko «ate handi eta zabal» baten bila jarraitzen badugu, Jehobak gure ahaleginak bedeinkatuko dituela (1 Ko. 16:9, Ur).

8. a) Nolakoa zen Filipo? b) Zer emaitza on izan zuen Paulok «otoitz leku» batean predikatzeak?

8 Mazedoniara iritsi ondoren, Paulo eta bere bidaia-lagunak hango hiri batera joan ziren: Filipora. Hiri horretako biztanleak harro zeuden erromatar hiritartasuna izateaz. Bertan bizi ziren erretiratutako soldadu erromatarrentzat, Filipo Italia txiki bat zen. Izan ere, hiriak Erromaren antza handia zuen. Misiolariak Larunbatez hiritik atera eta ibai txiki baten ondora joan ziren «otoitz leku bat» zegoela pentsatzen zutelako. b Bertara iritsi zirenean, Jainkoa adoratzen ari zen emakume talde bat aurkitu zuten eta beraiekin hitz egiten hasi ziren. Lidia izeneko emakume bat «entzuten ari zen», eta «Jehobak parez pare ireki zion bihotza». Misiolariek irakatsi ziotenak hunkitu egin zuen eta, ondorioz, bera eta bere etxekoak bataiatu egin ziren. Gero, Paulo eta bere bidaia-lagunei bere etxean geratzeko erregutu zien (Eg. 16:13-15). c

9. Nola imitatu dute askok gaur egun Pauloren eredua, eta nola bedeinkatu ditu Jehobak?

9 Lidiaren bataioak, zalantzarik gabe, poztasun handia sortu zuen. Zein zoriontsu egongo zen Paulo «zatoz Mazedoniara» gonbidapena onartu izanagatik! Gainera, Jehobak bera eta bere bidaia-lagunak emakume leial haien otoitzak erantzuteko erabili zituen. Zalantzarik gabe, horrek ere asko poztuko zuen. Gaur egun ere, anai-arreba asko —gazteak eta adinekoak, ezkongabeak eta ezkonduak— berriemaileen behar handiagoa dagoen lekuetara bizitzera joaten dira. Egia da zailtasunak dituztela, baina poztasunez aurre egiten diete egia onartu nahi duten Lidia bezalako pertsonak aurkitzen dituztelako. Egin al ditzakezu aldaketak behar handiagoa dagoen eremu batera joateko? Hala egiten baduzu, Jehobak bedeinkatuko zaitu. Adibidez, Aaron izeneko anaia bat Erdialdeko Amerikako herrialde batera bizitzera joan zen gaztea zenean. Honakoa dio: «Beste herrialde batean zerbitzatzeak espiritualki hazten eta Jehobarengana gerturatzen lagundu dit, eta hemen predikatzea asko gustatzen zait. Izan ere, zortzi Biblia ikastaro ditut!». Anai-arreba askok gauza bera egin dute eta berdin sentitzen dira.

Nola onartu dezakegu «zatoz Mazedoniara» gonbidapena?

«Jendea beraien aurka altxatu zen» (Eginak 16:16-24)

10. Zer egin zuten deabruek jendea Paulo eta bere bidaia-lagunen kontra jartzeko?

10 Zalantzarik gabe, Satanas haserre egongo zen. Izan ere, orain arte berak eta bere deabruek aurkaritzarik gabe menpean zuten eremu batean, jendea berri onak onartzen ari zen. Beraz, ez da harritzekoa deabruek ahal zuten guztia egitea jendea Paulo eta bere bidaia-lagunen kontra jartzeko! Adibidez, bazen Filipon espiritu baten menpe zegoen neskame bat. Bere nagusiek diru asko irabazten zuten neskatxaren iragarpenekin. Egun batean, Paulo eta bere bidaia-lagunak otoitz lekura zihoazela, berarekin topo egin zuten. Neskatxa beraiei jarraitzen hasi zen honakoa oihukatuz: «Gizon hauek Goi-goiko Jainkoaren morroi dira eta salbamenaren bidea predikatzen dizuete!». Zergatik esanarazi zion hori deabruak neskatxari? Agian, jendeak bere iragarpenak eta Pauloren irakaspenak Jainkoarengandik zetozela pentsatu zezan. Modu horretara, Jesu Kristoren benetako jarraitzaileei ez zieten hainbesteko arreta jarriko. Baina Paulok neskatxa isilarazi zuen deabrua ateraz (Eg. 16:16-18).

11. Deabrua atera ondoren, zer gertatu zitzaien Paulo eta Silasi?

11 Neskatxaren nagusiak, ezingo zutela diru gehiago irabazi konturatu zirenean, izugarri haserretu ziren eta Paulo eta Silas merkatu plazara arrastaka eraman zituzten. Bertan, epaitegi bat zegoen eta magistratuek —Erromako ordezkariak ziren funtzionarioek— epaitzen zuten. Neskatxaren nagusiek bazekiten epaile horiek juduak gorrotatzen zituztela eta erromatarrak izateaz harro zeudela. Beraz, Paulo eta Silas erromatarrek onartzen ez zituzten ohiturak irakatsiz, bakea hausten ari zirela esan zieten. Berehala, merkatu plazan zegoen jendea «beraien aurka altxatu zen» eta magistratuek Paulo eta Silasi «makilakadak emateko agindu zuten». Astindu ederra jaso ondoren, kartzelara eraman zituzten, eta kartzelariak zelda sakonenera bota zituen eta oinak zepoan lotu zizkien (Eg. 16:19-24). Kartzelariak atea itxi zuenean ilun-ilun egongo zenez, ezingo zuten elkar ikusi. Baina Jehoba guztia ikusten ari zen (Sal. 139:12).

12. a) Nola ikusten zuten Jesusen dizipuluek pertsekuzioa, eta zergatik? b) Nola egiten dute gure aurka Satanasek eta bere eraginpean dagoen jendeak?

12 Urteak lehenago, Jesusek honakoa esan zien bere jarraitzaileei: «Zuek ere pertsegituko zaituztete» (Joan 15:20). Beraz, Paulo eta bere bidaia-lagunak Mazedoniara iristean, pertsekuzioari aurre egiteko prest zeuden. Bazekiten pertsekuzioaren arrazoia ez zela Jehoba beraiekin pozik ez zegoela, baizik eta Satanas haserre zegoela. Gaur egun, Satanasen eraginpean dagoen jendeak antzeko moduan jokatzen du. Askok gezurrak esaten dituzte guri buruz eskolan eta lanean eta, ondorioz, beste asko gure aurka jartzen dira. Herrialde batzuetan, jendeak onartzen ez dituen ohiturak irakatsiz bakea hausten dugula esaten dute gure aurkari erlijiosoek auzitegietan. Beste leku batzuetan, gure anai-arrebak jipoitu eta kartzelan sartzen dituzte. Baina Jehoba guztia ikusten ari da (1 Ped. 3:12).

«Berehala [...] bataiatuak izan ziren» (Eginak 16:25-34)

13. Zer egoeraren ondorioz galdetu zuen kartzelariak zer egin behar zuen salbatzeko?

13 Ziurrenik, Paulo eta Silasek denbora behar izan zuten egun hartan gertatutakoa barneratzeko. Baina gauerdirako hobeto zeuden. Izan ere, «otoitz egiten eta Jainkoa kantuz goresten ari ziren». Orduan, bat-batean, lurrikara bat egon zen! Kartzelaria esnatu, ateak irekita zeudela ikusi eta presoek ihes egin zuten beldur izan zen. Bazekien hori gertatuz gero, zigortu egingo zutela. Horregatik, «ezpata atera» eta bere burua hiltzen saiatu zen, baina Paulok honakoa oihukatu zion: «Ez egin hori! Hemen gaude denok!». Kartzelariak, larrituta, galdetu zien: «Jaunak, zer egin behar dut salbatzeko?». Paulok eta Silasek ezin zuten ezer egin bera salbatzeko, baina Jesusek bai. Beraz, honakoa erantzun zioten: «Sinetsi Jesus Jaunarengan, eta zu eta zure etxekoak salbatuak izango zarete» (Eg. 16:25-31).

14. a) Nola lagundu zioten Paulok eta Silasek kartzelariari? b) Zer bedeinkapen jaso zuten Paulok eta Silasek pertsekuzioari poztasunez aurre egiteagatik?

14 Benetan jakin nahi al zuen kartzelariak galdera horren erantzuna? Paulok garbi ikusi zuen bere galdera zintzoa zela, baina kartzelaria jentila zen, eta ez zituen Idazkiak ezagutzen. Beraz, kristau egin aurretik, Jainkoaren Hitzeko oinarrizko egiak ikasi eta onartu behar zituen. Horregatik, Paulok eta Silasek Idazkiei buruz irakatsi zioten. Arreta osoz irakasten ari zirenez, zauriek eragindako mina ahaztuko zuten agian. Baina kartzelaria horretaz ohartu eta zauriak garbitu zizkien. Segituan, kartzelaria eta bere etxeko guztiak «bataiatuak izan ziren». Hori bedeinkapena Paulo eta Silasek jaso zutena pertsekuzioari poztasunez aurre egiteagatik! (Eg. 16:32-34).

15. a) Nola imitatu dituzte Paulo eta Silas gaur egungo Lekuko askok? b) Zergatik jarraitu behar dugu gure eremuko pertsonak bisitatzen?

15 Paulok eta Silasek bezala, gaur egun euren fedearengatik kartzelaratutako anai-arreba askok kartzelan berri onak predikatu eta emaitza bikainak lortu dituzte. Adibidez, gure jarduerak debekatuta zeuden lurralde batean, garai batean, Lekukoen % 40​k kartzelan zegoen bitartean ikasi zuen egia! (Is. 54:17). Bestalde, kartzelariak lurrikara gertatu ondoren eskatu zuen laguntza. Era berean, gaur egun, pertsona batzuek euren bizitzan «lurrikara bat» bizi ondoren onartu dezakete egia. Horregatik, gure eremuko pertsonak bisitatzen jarraitu behar dugu gure laguntza behar dutenean hor egoteko.

«Orain ezkutuan atera nahi gaituztela?» (Eginak 16:35-40)

16. Zer gertatu zen Paulo eta Silas jipoituak izan eta hurrengo egunean?

16 Jipoia jaso eta hurrengo goizean, magistratuek Paulo eta Silas kartzelatik askatzeko agindu zuten. Baina Paulok esan zien: «Zer? Gu Erromako hiritar izanda, batere epaitu gabe, denen aurrean astindu ondoren, kartzelan sartu gintuzten, eta orain ezkutuan atera nahi gaituztela? Ez horixe! Etorri daitezela beraiek gu ateratzera». Paulo eta Silas erromatar hiritarrak zirela jakin zutenean, magistratuak «izutu egin ziren» ez zituztelako euren eskubideak errespetatu. d Egoera guztiz aldatu zen. Dizipuluak jendaurrean jipoituak izan ziren, beraz, magistratuek barkamena jendaurrean eskatu behar zieten. Ondoren, Paulo eta Silasi Filipotik joateko erregutu zieten. Beraiek ados egon ziren, baina, joan aurretik, dizipulu berriak animatzeko denbora hartu zuten.

17. Zer ikasgai baliotsu ikasiko zuten dizipulu berriek Paulo eta Silasen iraupen eredua ikustean?

17 Zergatik ez zuten Paulok eta Silasek erromatar hiritarrak zirenik aurretik esan? Hori eginez gero, ziurrenik jipoia saihestuko zuten (Eg. 22:25, 26). Baina zer pentsatuko zuten dizipulu berriek? Agian, Paulok eta Silasek euren eskubideak erabiltzen ari zirela Kristorengatik ez sufritzeko. Eta, zer eragin izango zuen horrek erromatar hiritarrak ez ziren dizipuluengan? Azken finean, legeak ez zien jipoituak izatetik babestuko. Beraz, zigor hori jasatean, Paulok eta Silasek Jesu Kristoren jarraitzaileek pertsekuzioaren aurrean iraun dezaketela erakutsi zieten dizipulu berriei. Gainera, Paulok eta Silasek erromatar hiritarrak zirela beranduago esatean, magistratuek legea bete ez zutela jendaurrean onartu behar izan zuten. Era horretara, magistratuak kontu handiagoarekin arituko ziren etorkizunean kristau bat zigortu aurretik, eta anai-arrebak babestuago egongo ziren antzeko erasoen aurrean.

18. a) Nola imitatzen dute gaur egun kongregazioko arduradunek Pauloren eredua? b) Nola defendatzen eta ezartzen ditugu legalki berri onak gaur egun?

18 Gaur egun, kristau kongregazioetako arduradunek ere euren ereduarekin irakasten dute. Anai-arrebek egitea espero dutena beraiek ere egiteko prest daude. Paulok bezala, guk ere kontu handiz aztertzen dugu babesa lortzeko nola eta noiz erabili gure eskubide legalak. Beharrezkoa bada, bertako edo nazioko auzitegietara jotzen dugu, baita nazioartekoetara ere Jehoba adoratzen jarraitu ahal izateko. Gure helburua ez da legeak aldatzea. Horren ordez, Filipon preso egon eta 10 urte ondoren Paulok hango kongregazioari idatzitakoa egin nahi dugu: «berri onak defendatzen eta legalki ezartzen» jarraitu (Flp. 1:7NWT). Baina auzitegiek zer erabakitzen duten axola gabe, egin dezagun Paulo eta bere bidaia-lagunek egin zutena: Jainkoaren espirituak gidatzen gaituen edozein tokitan berri onak predikatzen segi! (Eg. 16:10).

b Agian, juduei ez zieten sinagoga bat izaten uzten hirian erretiratutako soldadu asko zeudelako. Edo sinagoga bat izateko, gutxienez 10 gizon judu behar zirenez, beharbada ez zeuden hainbeste gizon judu hiri horretan.

c Ikusi « Lidia, purpura saltzailea» taula.

d Erromatar legearen arabera, erromatar hiritar batek epaiketa justua izateko eskubidea zuen, eta ez zitzaion inoiz jendaurrean zigortu behar errudun zela epaitu arte.