19. KAPITULUA
«Ez izan beldur. Segi hitz egiten eta ez isildu»
Paulok bere burua mantentzeko lan egin behar du, baina predikatzea da bere lehentasuna
Eginak 18:1-22 pasartean oinarrituta
1-3. Zergatik joan da Paulo Korintora, eta zer erronkari egin beharko die aurre?
50. URTEAREN amaiera aldera, Paulo Korinton dago. Korinto merkatal hiri aberatsa da eta bertan greziar, erromatar eta judu asko bizi dira. a Baina Paulo ez da bertara joan salerosketan aritzeko edo lana bilatzeko. Askoz ere garrantzitsua den zerbait egitera joan da: Jainkoaren Erreinuari buruzko testigantza ematera. Noski, Korinton egoteko toki bat behar du, baina ez du besteentzat zama ekonomikoa izaterik nahi. Gainera, Jainkoaren hitza predikatzeagatik ez du besteen kontura bizi denik aditzera eman nahi. Zer egingo du orduan?
2 Paulok lanbide bat ikasi zuen: kanpadendak egitea. Dendak egitea ez da erraza, baina lan hori egiteko prest dago bere burua mantentzeko. Aurkituko al du lanik jendez gainezka dagoen hiri honetan? Lortuko al du bizitzeko lekurik? Nahiz eta erronka horiei aurre egin behar dien, Paulok ez du ahazten zein den bere lehentasuna: predikatzea.
3 Paulo Korinton denbora batez geldituko da eta bere predikazioak emaitza onak emango ditu. Ikus dezagun zer egin zuen bertan eta nola laguntzen digun bere ereduak gure eremuan Jainkoaren Erreinuari buruzko testigantza osoa ematen.
«Beraien lanbidea kanpadendak egitea zen» (Eginak 18:1-4)
4, 5. a) Non gelditu zen Paulo Korinton egon zen bitartean, eta zertan egin zuen lan? b) Nola ikasiko zuen Paulok agian kanpadendak egiten?
4 Korintora iritsi eta gutxira, Paulok oso eskuzabala zen bikote bat ezagutu zuen. «Klaudio enperadoreak judu guztiei Erromatik alde egiteko» agindu zielako bizi zen bikote hori Korinton (Eg. 18:1, 2). Akilak eta Priszilak (Priska ere deitua) beraien etxea eskaintzeaz gain, Paulori lana ere eman zioten. Bibliak honakoa dio: «Lanbide bera zutenez, beraien etxean geratu zen eta elkarrekin egin zuten lan; beraien lanbidea kanpadendak egitea zen» (Eg. 18:3). Korinton predikatzen aritu zen bitartean, Paulo bihotz oneko bikote honen etxean egon zen. Seguruenik, bertatik idatziko zituen beranduago Bibliaren parte izango ziren gutun batzuk. b
5 Nola liteke Paulo bezalako gizonak, «Gamalielen oinetan ikasia» zenak, kanpadendak egiten jakitea? (Eg. 22:3). Badirudi lehen mendeko juduentzat ez zela lotsagarria beraien haurrek lanbide bat ikastea, nahiz eta beranduago beste ikasketa batzuk egin. Gogoratu dezagun Paulo Siliziako Tarsokoa zela. Lurralde hori cilicium izeneko oihal batengatik zen ospetsua eta oihal hori kanpadendak egiteko erabiltzen zen. Beraz, seguruenik, Paulok gaztetan ikasiko zuen lanbide hori. Kanpadendak egitea ez zen batere erraza. Izan ere, langileak oihala egin, edo hau moztu eta josi egin behar zuen. Hori egitea zaila zen oihala gogorra eta latza zelako.
6, 7. a) Nola ikusten zuen Paulok bere lana, eta zergatik dakigu Akilak eta Priszilak ikuspuntu bera zutela? b) Nola imitatzen dute gaurko kristauek Paulo, Akila eta Priszilaren eredua?
6 Paulorentzat kanpadendak egitea ez zen gauzarik garrantzitsuena. Berak bere burua mantentzeko eta «Jainkoaren berri ona dohainik» zabaltzeko egiten zuen lan hori (2 Ko. 11:7). Eta nola ikusiko zuten Akilak eta Priszilak beraien lanbidea? Kristau eredugarriak zirenez, seguruenik, Pauloren ikuspuntu bera izango zuten. Izan ere, Paulok 52. urtean Korinto utzi zuenean, Akilak eta Priszilak dena utzi eta berarekin batera joan ziren Efesora. Han beraien etxea erabili zuten kongregazioa bildu zedin (1 Ko. 16:19). Beranduago, Erromara itzuli ziren eta, gero, berriro Efesora joan ziren. Beraientzat Erreinua beti izan zen lehentasuna eta besteen beharrak beraien beharren aurretik jarri zituzten. Horregatik estimatzen zituzten hainbeste «nazioetako kongregazio guztiek» (Erm. 16:3-5; 2 Tim. 4:19).
7 Gaur egungo kristauek Paulo, Akila eta Priszilaren eredua jarraitzen dute. Anai-arreba sutsuek gogor lan egiten dute inorentzat zama ekonomikoa ez izateko (1 Tes. 2:9). Aitzindari askok eredu ona jartzen dute lanaldi partziala izanez edo urtean hilabete batzuk bakarrik lan eginez euren burua mantentzeko. Baina beraien lehentasuna predikatzea da. Gainera, Akilak eta Priszilak bezala, anai-arreba askok eskualde arduradunak eskuzabaltasunez beraien etxeetan hartzen dituzte. «Hospitalitatea erakusteko ohitura» dutenek badakite zer animagarria den hori egitea (Erm. 12:13).
Eginak 18:5-8)
«Korintoar askok sinetsi» egin zuten (8, 9. Zer egin zuen Paulok juduak bere aurka jarri zirenean, eta nora joan zen gero predikatzera?
8 Paulorentzat bere lana bere burua mantentzeko modu bat besterik ez zen. Hori argi geratu zen Silas eta Timoteo Mazedoniatik Paulok behar zituen gauzak ekarriz iritsi zirenean (2 Ko. 11:9). Berehala, «Paulo buru-belarri dedikatu zen hitza predikatzera», hau da, denbora osoa eman zuen predikatzen (Eg. 18:5). Baina juduak bere aurka jarri ziren. Jesu Kristok salbatu ahal zituela esaten zuen mezua ez zuten onartu nahi. Beraz, Paulok arropak astindu zituen beraien erabakiaren erantzulea ez zela erakusteko eta honakoa esan zien: «Zuek zarete zuen heriotzaren erantzuleak, ni ez naiz erruduna. Hemendik aurrera nazioetako jendearengana joango naiz» (Eg. 18:6; Eze. 3:18, 19).
9 Orduan, non predikatuko zuen Paulok orain? Sinagogatik alde egin eta Tizio Justoren etxean predikatzen jarraitu zuen. Gizon hori seguruenik judu berria zen eta bere etxea sinagogaren ondoan zegoen (Eg. 18:7). Korinton egon zen bitartean, Akila eta Priszilaren etxean bizitzen jarraitu zuen arren, Tizio Justoren etxea predikazio gune bezala erabili zuen.
10. Zergatik dakigu Paulok judu eta judu berriei predikatzen jarraitu zuela?
10 Paulok nazioetako jendearengana joango zela esan zuenez, esan nahi al zuen horrek judu eta judu berriei predikatzeari utziko ziela, nahiz eta horiek entzuteko prest egon? Ez, noski. Adibidez, «Krispok —sinagogako buruzagiak— eta bere etxeko guztiek Jaunarengan sinetsi zuten». Badirudi sinagoga hartako judu gehiago kristau egin zirela. Izan ere, Bibliak dio: «Mezua entzun zuten korintoar askok sinetsi eta bataiatu egin ziren» (Eg. 18:8). Korintoko kristau kongregazio berria Tizio Justoren etxean biltzen hasi zen. Lukasek, ohitura zuen moduan, gertakizun horiek kronologikoki idatzi bazituen, judu edo judu berri horiek Paulok arropako hautsa astindu ondoren egingo ziren kristau. Argi dago Paulo moldakorra zela eta entzuteko prest zeudenei predikatzen ziela.
11. Nola imitatzen dugu Paulo kristauak direla esaten dutenei predikatzean?
11 Gaur egun, leku askotako jendea kristauak direla esaten duten erlijioen parte da. Urtetan, eliza horiek euren bizitzetan eragin handia izan dute eta mundu osoan zehar kristandadeko misiolariek gogor egin dute lan jarraitzaile gehiago lortzeko. Korintoko juduen antzera, gaur egun kristauak direla esaten duten asko tradizioei oso lotuta daude. Gu ere, Paulo bezala, irrikan gaude pertsona horiei Biblian irakurri dutena ulertzen laguntzeko. Nahiz eta batzuetan gure aurka jarri edo erlijioburuek gu pertsegitu, ez dugu amore ematen. Gogoratu dezagun horien artean «Jainkoari debozioa» diotenak badirela, «baina ezagutza zehatzean oinarrituta ez dagoen debozioa» (Erm. 10:2). Beraz, bilatu ditzagun bihotz oneko pertsona horiek.
«Jende asko dut hiri honetan» (Eginak 18:9-17)
12. Zer ziurtatu zion Jesusek Paulori ikuskari batean?
12 Paulok Korinton predikatzen jarraitzeko zalantzak bazituen, segituan argituko zitzaizkion Jesus ikuskari batean agertu eta honakoa esan zionean: «Ez izan beldur. Segi hitz egiten eta ez isildu, zurekin bainago. Inork ez dizu min emateko eraso egingo; nigan sinetsiko duen jende asko dut hiri honetan» (Eg. 18:9, 10). Zalantzarik gabe, ikuskari horrek asko animatuko zuen! Jesusek berak ziurtatu zion babestu egingo zuela eta hirian oraindik mezua entzutea merezi zuten pertsona asko zeudela. Zer egin zuen Paulok Jesusen mezua entzun ondoren? Bibliak honakoa dio: «Urte eta erdi eman zuen han, Jainkoaren hitza hauei irakasten» (Eg. 18:11).
13. Zer gogoratuko zuen agian Paulok epaitegira bidean, eta nola zekien ez zela Esteban bezala hilko?
13 Korinton urte bat eman ondoren, Paulok Jesusen laguntzaren beste froga bat jaso zuen. Bibliak honakoa dio: «Juduak Paulo erasotzeko elkartu ziren, eta epaitegira eraman zuten» (Eg. 18:12). Epaitegi horri bema deitzen zitzaion. Batzuen ustez, bema marmol txuri eta urdinez egindako plataforma bat zen eta harrian taillatutako irudi politak zituen. Badirudi Korintoko merkatu plazako erdigunetik gertu zegoela. Aurrealdean, jendetza bat elkartzeko nahiko toki zegoen. Historialari batzuen arabera, epaitegi hori sinagogatik eta, ondorioz, Justoren etxetik oso gertu zegoen. Bema-ra bidean, Paulok Estebanen, lehen kristau martiriaren, harrikatzea gogoratuko zuen agian. Izan ere, Paulok, lehen Saulo izenarekin ezaguna zenak, «ontzat eman zuen Estebanen hilketa» (Eg. 8:1). Antzeko zerbait gertatuko ote zitzaion Paulori orain? Ez, Jesusek inork ez ziola minik emango promestu ziolako (Eg. 18:1).
14, 15. a) Zertaz salatu zuten juduek Paulo, eta zergatik erabaki zuen Galionek ez zela epaiketarik egongo? b) Zer gertatu zitzaion Sostenesi, eta zer emaitza izan zuen berarengan agian?
14 Zer gertatu zen Paulo epaitegira eraman zutenean? Epailea Galion zen, Akaiako prokontsula eta Seneka filosofo erromatarraren anaia zaharrena. Juduek ondorengoaz salatu zuten Paulo: «Gizon hau jendea konbentzitzen saiatzen ari da, Jainkoa legearen kontrako modu batean adoratzeko» (Eg. 18:13). Beste hitz batzuetan, Paulo kristau berriak egiten saiatzeagatik legea hausten ari zela aditzera ematen ari ziren. Hala ere, Galionek Paulok ez zuela «oker» zegoen ezer edo «delitu» larririk egin esan zuen (Eg. 18:14). Galionek ez zuen juduen kontuetan sartu nahi. Beraz, Paulok ez zuen bere burua defendatu behar izan, Galionek ez zela epaiketarik egongo erabaki zuelako. Orduan, salatzaileak haserre bizian jarri ziren eta Sostenes —Sinagogako burua zen Krisporen ordezkoa zena ziurrenik—«heldu eta epaitegiaren aurrean jotzen hasi ziren» (Eg. 18:17).
15 Zergatik ez zuen ezer egin Galionek jendetza Sostenes jotzen hasi zenean? Agian Sostenes jendetza horren burua zela eta merezi zuena jasotzen ari zela pentsatu zuen. Ez dakigu Sostenes jendetzaren burua izan ote zen. Baina, beharbada, gertakari horrek emaitza ona izan zuen. Izan ere, urte batzuk beranduago, Paulok Korintoko kongregazioari lehen gutuna idaztean, Sostenes izeneko anaia bat aipatu zuen (1 Ko. 1:1, 2). Izango ote zen Korinton jo zuten Sostenes bera? Hala izan bazen, bizipen gogor horrek kristau egiten lagundu zion agian.
16. Zertara bultzatzen gaitu Jesusek Paulori egindako promesak?
16 Ikusi dugun bezala, Jesusek honakoa esan zion Paulori: «Ez izan beldur. Segi hitz egiten eta ez isildu, zurekin bainago» (Eg. 18:9, 10). Baina noiz egin zion promes hori? Juduek bere mezua baztertu zutenean. Guk ere hitz horiek gogoan izan ditzakegu bereziki gure mezua entzun nahi ez dutenean. Ez dugu inoiz ahaztu behar Jehobak bihotzak ikusten dituela eta bihotz zintzoko pertsonak berarengana erakartzen dituela (1 Sam. 16:7; Joan 6:44). Zenbat animatzen gaituen horrek predikatzen jarraitzera! Urtero milaka lagun bataiatzen dira, ehunka egunean. «Herri guztietako jendearen artetik» dizipuluak egiteko agindua obeditzen badugu, Jesusek honakoa promesten digu: «Zuekin egongo naiz egunero sistemaren amaiera arte» (Mat. 28:19, 20).
Eginak 18:18-22)
«Jehobak nahi badu» (17, 18. Zertan pentsatuko zuen ziurrenik Paulok Efesora bidaian?
17 Ez dakigu Galionen erabakiari esker izan ote zen, baina Korintoko kongregazio berriak bake garaiaz gozatu zuen. Hala ere, «Paulok egun batzuk pasa zituen han» eta, ondoren, Korintoko anai-arrebei agur esan zien. 52. urteko udaberrian, Zenkreasera joan zen —Korintotik ekialderantz 11 kilometrotara zegoen hirira— handik Siriarantz itsasontziz joateko. Baina Zenkreasetik joan aurretik, Paulok «boto bat egina zuenez, ilea motz-motz moztu zuen» (Eg. 18:18). c Gero, Akila eta Priszila hartu eta Egeo itsasoa zeharkatu zuten Asia Txikiraino, Efesoraino hain zuzen ere.
18 Bidaian, Korinton izan zituen bizipenetan pentsatuko zuen ziurrenik. Oroitzapen onak eta pozik egoteko arrazoi asko zituen. Izan ere, 18 hilabetetan zehar egin zuen predikatze lanak emaitza onak lortu zituen. Adibidez, Korintoko lehen kongregazioa eratu zen, Justoren etxean biltzen zena. Kristau egin zirenen artean Justo, Krispo eta bere etxekoak, eta beste asko zeuden. Paulok asko maite zituen anai-arreba berri haiek egia onartzen lagundu zielako. Beranduago, bere bihotzean idatzia zeraman gomendio-gutuna zirela idatzi zien. Guk ere maitasun berezia diegu egia onartzen laguntzen diegunei. Zer polita den gure «gomendio-gutuna» bezalakoak diren anai-arreba horiek ikustea! (2 Ko. 3:1-3).
19, 20. Zer egin zuen Paulok Efesora iritsi zenean, eta nola imitatu dezakegu bere eredua helburu espiritualak ipintzerakoan?
19 Efesora iritsi bezain laster, Paulok predikatze lanari ekin zion. «Sinagogara sartu eta juduekin arrazoitzen hasi zen» (Eg. 18:19). Oraingo honetan, Paulo ez zen denbora asko egon Efeson. Denbora gehiago geratzeko eskatu zioten arren, «ez zuen geratu nahi izan». Baina, agurtzean esan zien: «Jehobak nahi badu, itzuliko naiz» (Eg. 18:20, 21). Paulok bazekien Efeson oraindik predikatzeko lan handia zegoela. Beraz, itzultzeko intentzioa zuen. Baina kontua Jehobaren eskuetan utzi zuen. Ez al da eredu bikaina guretzat? Oso ondo dago helburu espiritualak ipintzea eta horiek lortzen ahalegintzea. Baina beti bilatu behar dugu Jehobaren gida eta gure ekintzek Jehobaren nahiarekin bat egiten dutela ziurtatu behar dugu (St. 4:15).
20 Akila eta Priszila Efeson utzi eta Paulo itsasontziz Zesareara joan zen. Badirudi Jerusalemera igo eta kongregazioa agurtu zuela (Eg. 18:22). Gero, bere misiolari bidaien abiapuntura itzuli zen, Siriako Antiokiara. Bere bigarren misiolari bidaiak emaitza bikainak izan zituen. Zer bizipen izango zituen bere azken misiolari bidaian? Ikus dezagun.
a Ikusi « Korinto, bi itsasoren kapitaina» taula.
b Ikusi « Pauloren inspiratutako gutun animagarriak» taula.
c Ikusi « Pauloren botoa» taula.