Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

12. KAPITULUA

«Jehobaren indarrari esker, ausardiaz hitz egin zuten»

«Jehobaren indarrari esker, ausardiaz hitz egin zuten»

Paulo eta Bernabe umilak eta ausartak dira eta tinko predikatzen jarraitzen dute

Eginak 14:1-28 pasartean oinarrituta

1, 2. Zer gertatu zen Paulo eta Bernabe Listran egon zirenean?

 A ZER iskanbila dagoen Listran! Inork ezagutzen ez dituen bi gizonek jaiotzez elbarri den gizon bat modu miragarrian sendatu dute, eta hau pozez saltoka ari da. Jendetza zur eta lur dago; Jainkoak direla pentsatzen dute. Zeusen apaizak lore-koroak edo girlandak ekartzen dizkie bi gizon hauei. Ez hori bakarrik, zezenak ekartzen ditu beraien alde sakrifizio moduan eskaintzeko. Jendetzaren iskanbilaren eta zezenen orroen artean, Paulok eta Bernabek garrasi egin behar dute jendeari hori ez egiteko erregutzeko. Gero, arropak urratu eta jendetzaren artean korrika hasten dira. Erregu asko egin ondoren, azkenean, jendea geldiaraztea lortzen dute.

2 Orduan, aurka dituzten juduak Pisidiako Antiokiatik eta Ikoniotik iristen dira. Gizon horiek Paulo eta Bernaberen aurka salaketa faltsuak egiten dituzte Listrako jendea pozoituz. Duela gutxi, Paulo adoratu nahi izan duen jendetzak, orain, bera inguratu eta harrikatu egiten du konorterik gabe uzteraino. Haserre guztia kanporatu ondoren, Pauloren odoldutako gorputza hiritik arrastaka ateratzen dute hilda dagoela pentsatuz.

3. Zer galdera erantzungo ditugu kapitulu honetan?

3 Zer gertatu zen gertakari beldurgarri horren aurretik? Zer ikasten dugu gaur egun berri onak zabaltzen ditugunok Bernabe, Paulo eta Listrako jendetza aldakorraren pasartetik? Nola imitatu dezakete adindunek «Jehobaren indarrari esker, ausardiaz» tinko predikatzen jarraitu zuten bi misiolari horien eredua? (Eg. 14:3).

«Askok sinetsi egin zuten» (Eginak 14:1-7)

4, 5. Zergatik joan ziren Paulo eta Bernabe Ikoniora, eta zer gertatu zen han?

4 Egun batzuk lehenago, Paulo eta Bernabe Pisidiako Antiokiako erromatar hirian zeuden. Bertan, judu batzuk aurka jarri zitzaizkien eta hiritik bota zituzten. Desanimatu beharrean, bi gizon horiek «beraien oinetako hautsa [hiritar] haien aurka astindu» zuten (Eg. 13:50-52; Mat. 10:14). Ondoren, Paulo eta Bernabe modu baketsuan joan ziren, eta hiri horretako biztanleak Jainkoak epaitu zitzan utzi zuten (Eg. 18:5, 6; 20:26). Bi misiolariek ez zuten poztasuna galdu eta aurrera jarraitu zuten beraien predikazio bidaiarekin. Hego-ekialderantz 150 bat kilometro egin zituzten oinez, Taurus mendien eta Sultan mendien artean zegoen goi-lautadaraino.

5 Lehenik, Paulo eta Bernabe Ikonion gelditu ziren, Galazia erromatar probintziako hiri garrantzitsuenetako bat. a Inguruko beste hiriek ez bezala, Ikoniok, oraindik, kultura grekoaren eragin handia zuen. Bestalde, judu eta judu berri asko bizi ziren bertan. Beti bezala, Paulo eta Bernabe sinagogan sartu eta predikatzen hasi ziren (Eg. 13:5, 14). Bi misiolariek «hain ongi hitz egin zutenez, judu eta greziar askok sinetsi egin zuten» (Eg. 14:1).

6. Zergatik ziren Paulo eta Bernabe hain maisu onak, eta nola imitatu ditzakegu?

6 Zergatik ziren Paulo eta Bernabe hain maisu onak? Paulok oso ondo ezagutzen zituen Idazkiak. Bibliako historia, profeziak eta Moisesen Legea oso ondo lotzen zituen Jesus promestutako Mesias zela frogatzeko (Eg. 13:15-31; 26:22, 23). Bestalde, Bernaberen hitz egiteko moduak jendeaz arduratzen zela erakusten zuen (Eg. 4:36, 37; 9:27; 11:23, 24). Eta biek «Jehobaren indarrari esker» hitz egiten zuten, beraien ezagutzan oinarritu beharrean. Nola imitatu ditzakegu bi misiolari horiek predikatzean? Ondorengoa eginez: Jainkoaren Hitza ondo ezagutuz eta jendearentzat interesgarriak diren aipuak aukeratuz; pertsonak kontsolatzeko modu praktikoak bilatuz; eta beti Jehobaren Hitzean oinarrituz, ez gure ezagutzan.

7. a) Zer efektu dute berri onek jendearengan? b) Jehoba zerbitzatzen duzulako zure familia banatuta badago, zer gogoratu behar duzu?

7 Hala ere, Lukasen arabera, Ikonioko pertsona batzuei ez zitzaien Paulo eta Bernaberen mezua gustatu: «Sinetsi ez zuten juduek nazioetako jendea aztoratu eta anaien aurka jarri zuten». Baina Paulok eta Bernabek berri onak defendatzeko bertan geratzea garrantzitsua zela ikusi zuten. Beraz, «denboratxo bat pasa zuten han eta […] ausardiaz hitz egin zuten». Ondorioz, «hiriko jendea banatuta zegoen; batzuk juduen alde zeuden, baina beste batzuk apostoluen alde» (Eg. 14:2-4). Gaur egun ere, berri onek antzeko efektua dute jendearengan; pertsona batzuk elkartu eta beste batzuk banatzen dituzte (Mat. 10:34-36). Banatuta al dago zure familia Jehoba zerbitzatzen duzulako? Hala bada, gogoratu askotan jendea gure aurka jartzen dela zurrumurru eta salaketa faltsuak sinesten dituelako. Baina zure jokabide onak zurrumurru horiek okerrak direla frogatu dezake eta, ondorioz, zure aurka daudenen jarrera aldatu daiteke (1 Ped. 2:12; 3:1, 2).

8. Zergatik joan ziren Ikoniotik Paulo eta Bernabe, eta zer ikasten dugu beraien eredutik?

8 Denbora baten ondoren, Ikonioko aurkariek Paulo eta Bernabe harrikatzeko asmoa izan zuten. Baina bi misiolariek horren berri izan zutenean, beste leku batera predikatzera joatea erabaki zuten (Eg. 14:5-7). Gaur egun, berri onak zabaltzen ditugunok ere zentzudunak izan behar dugu. Gure aurka gauza txarrak esaten dituztenean, ausardiaz hitz egiten dugu (Flp. 1:7; 1 Ped. 3:13-15). Baina egoera biolentoa bihurtzen bada, zuhurtziaz jokatzen dugu eta ez dugu gure bizitza edo gure anai-arrebena beharrik gabe arriskuan jarriko duen ezer egiten (Esa. 22:3).

«Jainko bizia adoratu» (Eginak 14:8-19)

9, 10. Non zegoen Listra, eta zer dakigu bertako biztanleei buruz?

9 Paulo eta Bernabe Listrara abiatu ziren, Ikoniotik hego-mendebalderantz 30 bat kilometrora zegoen erromatar koloniara. Hiri horrek lotura estua zuen Pisidiako Antiokiarekin, baina Listran askoz ere judu gutxiago zeuden. Nahiz eta bertako hiritarrek ziurrenik grekera hitz egingo zuten, Likaoniako hizkuntza zen euren ama-hizkuntza. Oraingoan, Paulo eta Bernabe leku publiko batean hasi ziren predikatzen, agian, sinagogarik ez zegoelako. Listran zeuden bitartean, Paulok jaiotzez herrena zen gizon bat sendatu zuen (Eg. 14:8-10). Mirari hori Pedrok Jerusalemen egin zuenaren oso antzekoa izan zen. Pedroren mirariari esker, jendetza handi bat sinesten hasi zen (Eg. 3:1-10). Baina Paulok miraria egin zuenean, jendeak zeharo desberdin erantzun zuen.

10 Listrako jendeak jainko faltsuengan sinesten zuen. Beraz, herrena izandako gizona salto batean zutitu eta ibiltzen hasi zela ikustean, Paulo eta Bernabe jainkoak zirela pentsatu zuten. Bernaberi Zeus deitu zioten, Paulori, ordea, Hermes. Greziarren arabera, Zeus jainko nagusia zen, eta Hermes Zeusen semea eta jainkoen bozeramailea (Ikusi « Listrako hiria eta Zeus eta Hermesen adorazioa» taula). Baina Bernabe eta Paulok argi utzi nahi izan zieten ez zirela jainkoak, baizik eta Jehoba, benetako Jainko bakarra, izan zela hitz egiteko autoritatea eta mirariak egiteko boterea eman ziena (Eg. 14:11-14).

«Ezertarako balio ez duten gauza hauek utzi eta Jainko bizia adoratu dezazuen, zerua, lurra, itsasoa eta hauetan dagoen guztia egin zuen Jainkoa». (Eginak 14:15)

11-13. a) Zer esan zieten Paulok eta Bernabek Listrako biztanleei? b) Zein da Paulo eta Bernaberen erantzunetik ikasten dugun lehen ikasgaia?

11 Jendearen erreakzioa okerra izan zen arren, Paulo eta Bernabek beraien bihotzetara iristen saiatu ziren. Honakoa esan zieten: «Zergatik egiten duzue hau? Gu ere gizakiak gara eta zuen ahulezia berberak ditugu. Berri onak predikatzen dizkizuegu ezertarako balio ez duten gauza hauek utzi eta Jainko bizia adoratu dezazuen, zerua, lurra, itsasoa eta hauetan dagoen guztia egin zuen Jainkoa. Iraganean, nazio bakoitzari bere bidetik joaten utzi zion eta, hala ere, nolakoa den erakutsi zizuen gauza onak eginez: zerutik euria eta uzta aberatsak emanez, janariz asez eta zuen bihotzak poztasunez betez» (Eg. 14:15-17). Lukasek idatzitako pasarte honek kristauak ez direnei predikatzeari buruzko hainbat ikasgai irakasten dizkigu.

12 Zein da lehenengo ikasgaia? Paulo eta Bernabek ez zuten uste besteak baino gehiago zirenik. Ez zituzten jainkoak ziren itxurak egin. Horren ordez, beraien entzuleek zituzten ahulezia berberak zeuzkatela onartu zuten. Egia da Paulo eta Bernabek espiritu santua jaso zutela eta irakaspen faltsuetatik askatuak izan zirela. Gainera, Jesu Kristorekin agintzeko esperantza zuten. Baina, era berean, bazekiten Listrako biztanleek Jesu Kristo obeditzen bazuten, bedeinkapen berberak jasoko zituztela.

13 Eta gure kasuan, nola ikusten ditugu predikatzen ditugun pertsonak? Gu bezalakoak direla pentsatzen al dugu? Jainkoaren Hitzaren egiak irakasten dizkiegunean, gorespenak saihesten al ditugu Paulo eta Bernabek egin zuten moduan? Charles Taze Russell anaiak eredu bikaina jarri zigun. Bera maisu paregabea izan zen, eta predikatze lana zuzendu zuen XIX. mendearen amaiera eta XX. mendearen hasiera bitartean. Honakoa idatzi zuen: «Ez dugu aintzarik eta gorespenik jaso nahi, ez guregatik, ezta idatzi dugunarengatik ere. Ez dugu guri Erreberendo edo Errabino deitzerik nahi». Russel anaiak Paulo eta Bernaberen apaltasun berdina erakutsi zuen. Era berean, predikatzean gure helburua ez da gorespenak jasotzea, baizik eta jendeari «Jainko bizia» adoratzen laguntzea.

14-16. Zer beste bi ikasgai atera ditzakegu Paulok eta Bernabek Listrako biztanleei esandakotik?

14 Azter dezagun hitzaldi horrek irakasten digun bigarren ikasgai bat. Paulo eta Bernabe moldakorrak ziren. Ikonioko juduek eta judu berriek ez bezala, Listrako biztanleek ez zekiten gehiegi Idazkiei eta Jainkoak Israelgo nazioarekin izandako harremanari buruz. Baina nekazariak zirenez, lurrak lantzeari buruz asko zekiten. Listrak klima epela eta lur emankorra zuen. Hango jendeak Sortzailearen ezaugarriak argi ikus zitzakeen uzta garai onetan, adibidez. Eta misiolariek informazio hau erabili zuten beraiei predikatzeko (Erm. 1:19, 20).

15 Izan al gaitezke gu ere moldakorrak? Nahiz eta nekazari batek hazi mota berdina lursail desberdinetan erein, ezin ditu metodo berdinak erabili lurra prestatzeko. Lur batzuk, berez, bigunak izan daitezke, ereiteko errazak. Baina beste lur batzuk gehiago landu behar dira. Antzekoa gertatzen da predikazioan. Hazia beti da berdina: Biblian aurkitzen dugun Erreinuaren mezua. Hala ere, Paulo eta Bernabe bezalakoak bagara, predikatzean, jendearen egoerak eta sinesmenak ezagutzen saiatuko gara. Ondoren, horren arabera, predikatzeko modua moldatuko dugu (Luk. 8:11, 15).

16 Ikasi dezakegun hirugarren ikasgaia honakoa da: ez gara desanimatu behar jendeak ez badu egia onartzen. Zergatik? Esfortzu handia egin arren, ereiten duguna norbaitek sustraitik atera edo harri artean erori daitekeelako (Mat. 13:18-21). Hori gertatzen bada, gogoratu dezagun Paulok Erromako dizipuluei idatzitakoa: «Guztiok [Bibliari buruz hitz egiten diogun edozeinek barne] eman beharko diogu Jainkoari nork bere buruaren kontu» (Erm. 14:12).

«Jehobaren eskuetan utzi zituzten» (Eginak 14:20-28)

17. Derben egon ondoren, nora joan ziren Paulo eta Bernabe, eta zergatik?

17 Aurretik ikusi dugun moduan, Listrako biztanleek Paulo harrikatu eta hiritik kanpora arrastaka atera zuten. Zer gertatu zen orduan? Dizipuluek Paulo erreskatatu eta hirian bertan gaua pasatzeko toki bat eman zioten. Hurrengo egunean, Paulok eta Bernabek 100 kilometroko bidaia hasi zuten Derberantz. Imajinatu zein gogorra izango zen bidaia Paulorentzat, duela ordu batzuk harrikatua izan ondoren. Hala ere, Derbera iristean, bi misiolariek predikatzen jarraitu eta «dizipulu kopuru ederra» egin zuten. Ondoren, Siriako Antiokiara itzultzeko bide laburrena hartu beharrean, «Listrara, Ikoniora eta [Pisidiako] Antiokiara itzuli ziren». Zergatik? Dizipuluak sendotzeko eta fedeari eustera animatzeko (Eg. 14:20-22). A zer eredu bikaina! Kongregazioaren beharrak beraien beharren aurretik jarri zituzten. Eta gaur egungo eskualde arduradunek eta misiolariek beraien eredua jarraitzen dute.

18. Nola izendatzen dira adindunak?

18 Beste dizipuluak hitzez eta beraien ereduarekin sendotzeaz gain, Paulok eta Bernabek «kongregazio bakoitzean adindunak izendatu zituzten». Nahiz eta misiolari bidaia egitera «espiritu santuak bidali» zituen, Paulok eta Bernabek otoitz eta barau egin zuten adindunak «Jehobaren eskuetan» utzi zituztenean (Eg. 13:1-4; 14:23). Gaur egun ere, adindunak antzeko moduan izendatzen dira. Anaia bat adinduna izateko gomendatu aurretik, kongregazioko adindun taldeak otoitz egin eta Bibliako baldintzak betetzen dituen aztertzen du (1 Tim. 3:1-10, 12, 13; Tit. 1:5-9; St. 3:17, 18; 1 Ped. 5:2, 3). Gauzarik garrantzitsuena ez da zenbat denbora daraman kristau izaten. Horren ordez, garrantzitsuagoa da anaiaren hizkeran, jokabidean eta bere izen onean espiritu santuak eragina duela argi ikustea. Arduradun izateko Bibliak ezarritako baldintzak betetzen baditu, anaiak artaldearen artzaina izateko beharrezko gaitasunak izango ditu (Gal. 5:22, 23). Eskualde arduradunak du izendapen horiek egiteko ardura (Konparatu 1 Timoteori 5:22).

19. Nori eman beharko dizkiote kontuak adindunek, eta nola imitatzen dituzte Paulo eta Bernabe?

19 Adindunek badakite kongregazioa tratatzeko moduarengatik Jainkoari kontuak eman beharko dizkiotela (Heb. 13:17). Paulo eta Bernabek bezala, adindunek predikazioan aurrea hartzen dute eta anai-arrebak beraien hitzekin sendotzen dituzte. Gainera, kongregazioaren beharrak beraien beharren gainetik jartzeko prest daude (Flp. 2:3, 4).

20. Nola laguntzen digu anai-arreben lanari buruz irakurtzeak?

20 Azkenean, Siriako Antiokiara iristean eta kongregazioa elkartzean, Paulo eta Bernabek «Jainkoak beraien bidez egindako gauza guztiak kontatu zizkieten, baita nazioei fedearen atea zabaldu ziela ere» (Eg. 14:27). Gaur egungo anai-arreben lanari buruz irakurtzean eta Jainkoaren bedeinkapena nola jasotzen duten ikustean, «Jehobaren indarrari esker, ausardiaz» hitz egiten jarraitzeko nahia handituko zaigu.

a Ikusi « Ikonio, frigiarren hiria» taula.