11. KAPITULUA
«Pozez eta espiritu santuz beterik»
Paulok predikazioaren aurka jartzen direnei aurre egiten die
Eginak 13:1-52 pasartean oinarrituta
1, 2. Zergatik izango zen desberdina Bernabe eta Sauloren misiolari lana, eta nola lagunduko zuen beraien lanak Eginak 1:8 betetzen?
SIRIAKO ANTIOKIAKO kongregazioarentzat egun zirraragarria da gaurkoa. Bertako profeta eta irakasle guztien artetik, Bernabe a eta Saulo espiritu santuz aukeratuak izan dira berri onak urruneko tokietara zabaltzeko (Eg. 13:1, 2). Ez da misiolariak predikatzera bidaltzen diren lehen aldia. Baina orain arte, dagoeneko kristauak dauden tokietara bidaliak izan dira (Eg. 8:14; 11:22). Oraingoan, ordea, Bernabe eta Saulo, Joan Markos laguntzaile dutela, jende gehienak berri onak ezagutzen ez dituen lurraldeetara joango dira.
2 14 bat urte lehenago, Jesusek honakoa esan zien bere jarraitzaileei: «Nire lekuko izango zarete Jerusalemen, Judea eta Samaria osoan, eta lurraren azken txokoraino» (Eg. 1:8). Zalantzarik gabe, Bernabe eta Saulo misiolari izateko izendatzeak Jesusen profezia betetzen izugarri lagunduko du! b
«Bernabe eta Saulo deitu ditut lan jakin batetarako. Bereiz itzazue niretzat» (Eginak 13:1-12)
3. Zergatik ziren zailak I. mendeko bidaiak?
3 Gaur egun, automobila eta hegazkina bezalako aurrerapen teknologikoei esker, pare bat ordutan distantzia luzeak egin daitezke. Baina ez zen horrela K.o. I. mendean. Garai hartan, jendea normalean oinez ibiltzen zen, eta bideak ez ziren oso onak izaten. Jendeak egun osoan ibili eta neka-neka eginda amaitu ondoren, agian 30 bat kilometro bakarrik egiten zituen! c Hala ere, nahiz eta Paulo eta Bernabe euren eginkizun berria betetzeko irrikitan egongo ziren, bazekiten lan hura burutzeko ahalegin eta sakrifizio handiak egin beharko zituztela (Mat. 16:24).
4. a) Zerk gidatu zituen Bernabe eta Sauloren izendapenak, eta nola erantzun zuten beste kristauek? b) Nola egin dezakegu eginkizun teokratikoak jaso dituztenen alde?
4 Zergatik esan zuen espiritu santuak Bernabe eta Saulo «lan jakin batetarako» bereiziak izan zitezela? (Eg. 13:2). Bibliak ez du azaltzen, baina badakigu espiritu santuak gizon horien izendapenak zuzendu zituela. Ezerk ez du adierazten Antiokiako profeta eta irakasleek erabaki hura zalantzan jarri zutenik. Horren ordez, inbidiarik erakutsi gabe, izendapen horien alde egin zuten. Izan ere, «barau eta otoitz egin ondoren, eskuak gainean ezarri zizkieten eta bidali egin zituzten» (Eg. 13:3). Ze ondo sentituko ziren Bernabe eta Saulo beraien anaien jarrerarekin! Zer ikasten dugu? Guk ere eginkizun teokratikoak jaso dituztenen alde egin behar dugula, esaterako, kongregazioko arduradunen alde. Beraiei inbidia izan beharrean, honako aholkua jarraitzen dugu: «Adierazi beraiei onespen eta maitasunik handiena, egiten dutenarengatik» (1 Tes. 5:13).
5. Azaldu nola predikatu zuten Zipren.
5 Bernabe eta Saulo Antiokiatik abiatu eta Seleuziara oinez iritsi ziren. Han, itsasontzi bat hartu eta Zipreraino joan ziren, 200 bat kilometroko bidaia eginez. d Bernabe uharte hartakoa zenez, berri onak bere jaioterrian zabaltzeko irrikitan egongo zen. Salaminara, uhartearen ekialdean zegoen hirira, iritsi orduko, denborarik galdu gabe «juduen sinagogetan Jainkoaren hitza predikatzen hasi ziren» (Eg. 13:5). e Gero, punta batetik bestera uharte osoa zeharkatu zuten, seguruenik hiri garrantzitsuenetan predikatuz. Ez dakigu zer bide jarraituko zuten, baina misiolari haiek, agian, 160 bat kilometro egingo zituzten oinez!
6, 7. a) Nor zen Sergio Paulo, eta zergatik aldendu nahi zuen Barjesusek Erreinuaren mezutik? b) Zer egin zuen Saulok Barjesusek Sergio Pauloren interesa itzali ez zezan?
6 Lehen mendeko Zipre adorazio faltsuz josita zegoen. Hau argi gelditu zen Bernabe eta Saulo Pafosera iritsi zirenean, uharteko mendebaldeko itsasertzean zegoen hirira. Han, «Barjesus izeneko gizon judu batekin egin zuten topo. Gizon hau aztia eta profeta faltsua zen, eta Sergio Paulo prokontsularekin egoten zen. Agintari hau gizon argia zen». f Lehen mendean, maila sozial altuko erromatar askok, baita Sergio Paulo bezalako gizon argiek ere, askotan, aztiengana edo astrologoengana jotzen zuten erabaki garrantzitsuak hartzeko laguntzaren bila. Hala ere, Sergio Paulok Erreinuaren mezua entzuteko interesa zuen eta «Jainkoaren hitza entzuteko irrikaz zegoen». Horrek ez zion batere graziarik egin Barjesusi, «Aztia» esan nahi duen Elimas tituluarekin ere ezaguna zena (Eg. 13:6-8).
7 Barjesus Erreinuaren mezuaren kontra jarri zen. Izan ere, Sergio Paulorengan zuen eragina mantentzeko modu bakarra «prokontsula fedetik» aldentzea zen (Eg. 13:8). Baina Saulok ez zion Barjesusi Sergio Pauloren interesa itzaltzen utziko. Beraz, zer egin zuen Saulok? Pasarteak honakoa dio: «Saulok, Paulo ere deituak, espiritu santuz beterik, aztiari begira-begira geratu, eta esan zion: “Iruzurti halakoa, gaiztakeriaz betea, deabrukumea, zuzena den guztiaren etsaia! Noiz utziko diozu Jehobaren bide zuzenak okertzeari? Begira! Jehobaren eskua zure gainean dago eta itsu geratuko zara. Denbora batez ez duzu eguzkiaren argia ikusiko”. Momentu hartantxe, laino itxia eta iluntasuna erori ziren bere gainera, eta eskutik eramango zuen norbaiten bila ibili zen inguruan». g Zein izan zen mirariaren emaitza? «Gertatutakoa ikustean, prokontsula sinesten hasi zen, Jehobaren irakaspenekin zeharo harrituta baitzegoen» (Eg. 13:9-12).
8. Nola imitatu dezakegu Pauloren ausardia gaur egun?
8 Paulo ez zen kikildu Barjesusen aurrean. Era berean, aurkariak Erreinuko mezuan interesa dutenen fedea itzaltzen saiatzen direnean, ausartak izan behar dugu egia defendatuz. Noski, gure hizkerak «beti atsegina eta gatzduna» izan beharko luke (Kol. 4:6). Baina, aldi berean, ez dugu interesa duen norbaiten aurrerapen espirituala arriskuan jarri nahi aurkariekin liskarrak saihesteagatik. Barjesusek bezala, erlijio faltsuak ez dio «Jehobaren bide zuzenak okertzeari» uzten. Beraz, ez dugu erlijio faltsua salatzeko beldurrik izan behar (Eg. 13:10). Paulok bezala, egiari buruz ausardiaz hitz egin eta gehiago jakin nahi dutenei lagundu nahi diegu. Egia da Jehobak ez digula mirariak egiteko botererik eman Paulori eman zion bezala. Baina ziur egon gaitezke Jehobak bere espiritu santua erabiliko duela bihotz onekoak egiara erakartzeko (Joan 6:44).
«Animatzeko zerbait esan» (Eginak 13:13-43)
9. Nola jarri zuten Paulok eta Bernabek eredu bikaina gaur egun kongregazioan aurrea hartzen dutenentzat?
9 Paulo, Bernabe eta Joan Markos Pafosen itsasoratu eta Pergara joan ziren, Asia Txikiko kostaldean 250 bat kilometrora zegoen hirira. Badirudi aldaketa bat gertatu zela une horretan. Izan ere, Eginak 13:13an, taldeari «Paulo eta bere bidelagunak» deitzen hasten zaio. Paulo taldean aurrea hartzen hasi zela esan nahi dezake honek. Baina Bibliak ez du esaten Bernabe jeloskor jarri zenik. Guztiz kontrakoa, elkarrekin Jainkoaren nahia betetzen jarraitu zuten. Ez al da hau eredu bikaina gaur egun kongregazioan aurrea hartzen dutenentzat? Kristauok ez gara besteak baino garrantzitsuagoak izaten saiatzen. Horren ordez, Jesusen hitzak gogoratzen ditugu: «Zuek denak anaiak zarete». Honakoa ere esan zuen: «Bere burua goratzen duena apalduko du Jainkoak, eta bere burua apaltzen duena goratuko» (Mat. 23:8, 12).
10. Nolakoa zen Pergatik Pisidiako Antiokiarako bidaia?
10 Pergara iristean, Joan Markosek Paulo eta Bernabe utzi eta Jerusalemera itzuli zen. Bibliak ez du esaten zergatik hartu zuen bat-bateko erabaki hori. Kontua da Paulo eta Bernabek oinez jarraitu zutela Pergatik Pisidiako Antiokiaraino. Hiri hori Galaziako probintzian zegoen, eta ez zen erraza bertaraino iristea. Izan ere, itsas mailatik 1.100 metro ingurura zegoen eta, hirira iristeko, bidelapurrez jositako lurralde menditsu bat zeharkatu behar zen. Hau nahikoa ez balitz, ordurako badirudi Paulok osasun arazoak zituela. h
11, 12. Pisidiako Antiokiako sinagogan hitz egin zuenean, nola piztu zuen Paulok bere entzuleen interesa?
11 Pisidiako Antiokian, Paulo eta Bernabe sinagogan sartu ziren Larunbatez. Pasarteak ondorengoa esaten du: «Legearen eta Profeten irakurketa publikoaren ondoren, sinagogako buruek norbait bidali zuten Paulo eta Bernaberi honakoa eskatzera: “Anaiok, herria animatzeko zerbait esan nahi baduzue, aurrera”» (Eg. 13:15). Orduan, Paulo altxatu eta hitz egiten hasi zen.
12 Bere entzuleak juduak eta judu berriak zirenez, honela hasi zen Paulo hitz egiten: «Israelgo gizonok eta Jainkoari errespetu handia diozuen beste guztiok, entzun» (Eg. 13:16). Gizon haiek Jesus ez zutenez oraindik Mesias gisa hartzen, nola piztu zien Paulok jakinmina? Lehenengo, Israelgo nazioaren historia aipatu zuen. Jainkoak, «Egiptoko lurraldean atzerritarrak zirela, herria boteretsu bihurtu» zuela eta, askatu ondoren, «40 bat urtez basamortuan jasan» zituela azaldu zuen Paulok. Gero, israeldarrek promestutako lurraldea nola konkistatu zuten eta Jehobak haien lurrak «herentzian» nola eman zizkien gogorarazi zien (Eg. 13:17-19). Batzuen ustez, Paulok Larunbat hartako ospakizunean, sinagogan irakurri berri ziren Idazkietako pasarteak aipatu zituen. Hori hala bada, zer erakusten digu Paulori buruz? Bazekiela «guztiengana ahalik eta gehien egokitzen» (1 Ko. 9:22).
13. Zer egin dezakegu predikatzen dugun jendearen bihotza ukitzeko?
13 Guk ere helburu bera dugu: predikatzen dugun jendearen interesa piztea. Baina nola lortu dezakegu? Adibidez, pertsonak sinesten duena jakiten badugu, errazagoa egingo zaigu interesatzen zaionari buruz hitz egitea. Bestalde, ezagutzen dituen Biblia pasarteak aipatu ditzakegu. Batzuetan, pertsonak etxean duen Bibliatik irakurtzeak eragin handiagoa izaten du. Jarraitu dezagun jendearen bihotza ukitzeko moduak bilatzen.
14. a) Nola lortu zuen Paulok aipatzen ari zen gaia Jesusekin lotzea, eta zer ohartarazi zien bere entzuleei? b) Nola erantzun zion jendetzak Pauloren hitzaldiari?
14 Gero, Paulok Israelgo erregeak Jesusen arbasoak izan zirela azaldu zuen. Gainera, Joan Bataiatzaileak herria «salbatzaile bat», Jesus, onartzeko prestatu zuela adierazi zuen. Ondoren, Jesus exekutatua eta, beranduago, berpiztua izan zela esan zien (Eg. 13:20-37). Horren ostean, honakoa aipatu zuen: «Anaiok, jakin ezazue orduan, bekatuen barkamena gizon honen heriotzari esker dela posible. Horixe da zuei esaten ari garena. […] Gizon honen heriotzari esker, Jainkoak errugabe deituko die sinesten duten guztiei». Baina honakoa ere ohartarazi zien: «Kontuz ibili Profeten liburuetan esandako hau zuei ez gertatzeko: “Burlaka ari zaretenak, begiratu, harritu eta hil. Norbaitek zehatz-mehatz azaldu arren, ezin izango baituzue inoiz sinetsi zuen garaian egiten ari naizena”». Pauloren hitzaldiari erantzun zioten modua harrigarria izan zen: «Jendeak hurrengo Larunbatean ere gauza hauei buruz hitz egiteko erregutu zien». Gainera, «sinagogako bilera bukatu zenean, Jainkoa adoratzen zuten judu eta judu berri asko Paulo eta Bernaberen atzetik joan ziren» (Eg. 13:38-43).
«Nazioetako jendearengana goaz» (Eginak 13:44-52)
15. Zer gertatu zen hurrengo Larunbatean?
15 Hurrengo Larunbatean, «ia hiri osoa» Paulo entzuteko bildu zen. Baina judu batzuei hori ez zitzaien batere gustatu eta, «blasfemiak esanez, Paulok esaten zuenaren kontrakoa esaten hasi ziren». Orduan, Paulo eta Bernabek ausardiaz honakoa erantzun zieten: «Beharrezkoa zen Jainkoaren hitza lehenengo zuei predikatzea, baina baztertu duzuenez eta ez duzuenez uste betirako bizitzea merezi duzuenik, nazioetako jendearengana goaz. Jehobak hori egiteko agindu baitigu hitz hauekin: “Nazioen argi izendatu zaitut salbamena lurraren azken txokoraino eramateko”» (Eg. 13:44-47; Is. 49:6).
16. Nola erantzun zuten juduek Paulo eta Bernaberen hitzen aurrean, eta zer egin zuten bi misiolariek hiritik bota zituztenean?
16 Entzuten ari ziren jentilak asko poztu ziren, eta «betirako bizitzeko jarrera egokia zutenak sinesten hasi ziren» (Eg. 13:48). Denbora gutxian, Jehobaren hitza lurralde osoan zehar zabaltzen joan zen. Baina juduek ez zuten berdin erantzun. Bi misiolariek berri onak lehendabizi beraiei predikatu zizkietela, baina Mesias baztertu zutela esan zieten juduei. Horregatik, Jainkoak epaitu egingo zituen. Beraz, juduek hiriko emakume ospetsuei eta gizon inportanteei burua berotu zieten eta «Paulo eta Bernaberen aurkako pertsekuzioa eragin zuten eta beraien lurraldetik bota zituzten». Zer egin zuten bi misiolariek? «Beraien oinetako hautsa haien aurka astinduta, Ikoniora joan ziren». Hor amaitu al zen kristautasuna Pisidiako Antiokian? Inola ere ez! Han gelditu ziren dizipuluek «espiritu santuz beterik jarraitu zuten» (Eg. 13:50-52).
17-19. Nola imitatu ditzakegu Paulo eta Bernaberen eredu bikainak, eta nola lagunduko digu horrek pozik jarraitzen?
17 Zer ikasten dugu Paulok eta Bernabek pertsekuzioari erantzun zioten modutik? Nahiz eta mundu honetako pertsona garrantzitsuak gu geldiarazten saiatu, predikatzen jarraitu behar dugula. Bestalde, Antiokiako jendeak mezua baztertu zuenean, Paulok eta Bernabek «beraien oinetako hautsa haien aurka astindu» zuten. Ekintza horrek ez zuen esan nahi haserre zeudenik, baizik eta ez zirela pertsona horiei gertatuko zitzaienaren erantzule. Besteak Jesusengan sinestera ezin zituztela behartu ulertu zuten, baina bazegoen egin zezaketen zerbait: predikatzen jarraitu. Horregatik, Ikoniora joan ziren!
18 Beraz, Antiokiako dizipulu berriak bakarrik gelditu ziren. Gainera, inguruko pertsonak beraien aurka zeuden. Baina euren poztasuna ez zegoen jendeak egia onartzearekin lotuta. Jesusek honakoa esan zuen: «Zoriontsuak Jainkoaren hitza entzun eta betetzen dutenak!» (Luk. 11:28). Eta horixe da Pisidiako Antiokiako kristauek egitea erabaki zutena.
19 Paulo eta Bernaberen antzera, gogoratu dezagun gure ardura berri onak predikatzea dela, baina mezua onartzearen edo baztertzearen erabakia pertsona bakoitzaren esku dago. Predikatzen dugunean jendeak entzun nahi ez badigu, imitatu ditzagun lehen mendeko kristauak. Egia estimatzen badugu eta espirituari gu gidatzen uzten badiogu, nahiz eta oposizioa jasan, gu ere zoriontsuak izango gara (Gal. 5:18, 22).
a Ikusi « Bernabe: “Kontsolamenduaren semea”» taula.
b Momentu honetarako, badaude kristau kongregazioak leku urrunetan, esaterako, Siriako Antiokian (Jerusalemdik iparralderantz 550 kilometro ingurura).
c Ikusi « Antzinako bideetan zehar» taula.
d Lehen mendean, itsasontzi batek egun batean 160 bat kilometro egin zitzakeen haizea alde bazuen. Baina eguraldi txarra egiten zuenean, bidaiek askoz ere denbora gehiago irauten zuten.
e Ikusi « Juduen sinagogak» taula.
f Zipre erromatar senatuaren agintaritzapean zegoen. Erromak gobernari bat aukeratzen zuen uhartean bere ordezkari izateko, eta prokontsul postua ematen zion.
g Pasarte honetatik aurrera, Saulori Paulo deitzen hasten zaio, hau da, bere izen erromatarra erabiltzen hasten da hebrearraren ordez. Batzuen ustez, izen hori Sergio Pauloren ohorez hartu zuen, baina, seguruenik, ez zen arrazoi horregatik izan. Izan ere, Zipretik joan eta gero izen hori erabiltzen jarraitu zuen. Erromatar hiritarra zenez, ziurrenik txikitatik izango zuen izen hori, eta «jentilen apostolu» izendatua izan zenez, izen hori erabiltzen hasi zen beharbada. Gainera, bere izen hebrearraren ahoskera, Saulo, esanahi itsusia duen hitz greko baten antzekoa da. Beraz, hau izan zitekeen bere izen hebrearra ez erabiltzeko beste arrazoietako bat (Erm. 11:13).
h Paulok urteak beranduago galaziarrei idatzi zien gutunean, honakoa esan zien: «Badakizue, gaixotasun batek eman zidala zuei lehen aldiz berri ona hots egiteko aukera» (Gal. 4:13).