Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

21. KAPITULUA

«Ez naiz inoren heriotzaren erantzule»

«Ez naiz inoren heriotzaren erantzule»

Pauloren gogo bizia predikatzean eta adindunei eman zizkien aholkuak

Eginak 20:1-38 pasartean oinarrituta

1-3. a) Nola hil zen Eutiko? b) Zer egin zuen Paulok, eta zer irakasten digu gertatu zenak Paulori buruz?

 PAULO Troasen dago, bertako anai-arrebekin etxe bateko hirugarren pisuan elkartuta. Denbora luzez hitz egiten aritu da, hau izango baita beraiekin egongo den azkenengo eguna. Dagoeneko gauerdia da. Goiko gela horretan, oliozko lanpara asko piztuta daudenez, beroa egiten du eta aire fresko gutxi dago. Eutiko izeneko gazte bat leihoan eserita dago. Paulo hitz egiten ari den bitartean, Eutiko lo seko geratu eta hirugarren pisutik behera erortzen da!

2 Lukas medikua denez, seguruenik kanpora Eutikorengana joaten lehenetariko bat izango da. Baina ez dago ezer egiterik. Eutiko «hilda» dago (Eg. 20:9). Orduan, mirari bat gertatzen da. Paulo gaztearen gainean etzan eta jendetzari honakoa esaten dio: «Lasai, bizirik dago». Paulok Eutiko berpiztu du! (Eg. 20:10).

3 Eutikoren berpizkundeak Jehobak bere espiritu santuaren bidez gauza txundigarriak egin ditzakeela erakusten du. Paulo ez zen heriotza horren erruduna. Hala ere, ez zuen nahi anai-arrebek momentu horren oroitzapen txarrik izan zezaten edo euren fedea kaltetu zedin. Eutiko berpiztuz, Paulok kongregazioa kontsolatu eta sutsu predikatzen jarraitzeko indartu zuen. Argi zuen bizia oso baliotsua dela eta horregatik honakoa esan ahal izan zuen: «Ez naiz inoren heriotzaren erantzule» (Eg. 20:26). Aztertu dezagun Pauloren eredua guk ere biziari errespetu berdina izateko.

«Mazedoniara abiatu zen» (Eginak 20:1, 2)

4. Zer bizipen beldurgarri izan zuen Paulok Efeson?

4 Aurreko kapituluan ikusi genuen bezala, Paulori Efeson bizipen beldurgarri bat gertatu zitzaion. Bertako jendea haserre bizian jarri zen bere predikazioa zela eta. Izan ere, Artemisaren idoloak saltzen zituzten zilarginek iskanbila handia sortu zuten. Pasarteak honakoa dio: «Istilua baretu zenean, Paulok dizipuluei deitu zien. Hauek animatu ondoren, agur esan eta Mazedoniara abiatu zen» (Eg. 20:1).

5, 6. a) Zenbat denbora pasatu zuen agian Paulok Mazedonian, eta zer egin zuen hango anai-arreben alde? b) Nola ikusten zituen Paulok anai-arrebak?

5 Mazedoniara zihoala, Paulo Troaseko portuan gelditu eta, bertan, denbora bat eman zuen. Tito Korintora bidalia izan zen, baina, orain, Paulok berarekin Troasen elkartzea espero zuen (2 Ko. 2:12, 13). Tito ez zela iritsiko konturatu zenean, Mazedoniara joan zen. Han, agian, urtebete inguru pasa zuen «hango dizipuluei hitz animagarri asko» esanez (Eg. 20:2). a Azkenik, Tito Paulorekin Mazedonian elkartu zen eta korintoarrek Pauloren lehenengo gutunari oso ondo erantzun ziotela kontatu zion (2 Ko. 7:5-7). Horrek bigarrengo gutun bat idaztera bultzatu zuen, 2 Korintoarrei bezala ezagutzen duguna.

6 Aipatzekoa da Lukasek «animatu» eta «animagarri» hitzak erabiltzea Paulok Efeson eta Mazedonian egindako bisitei buruz hitz egitean. Zein ondo adierazten zuten hitz horiek Paulok anai-arrebengatik sentitzen zuena! Bera ez zen besteak baino handiagoak zirela uste zuten fariseuak bezalakoa. Horren ordez, bere anai-arrebekin batera Jainkoa zerbitzatzeaz pozik zegoen (Joan 7:47-49; 1 Ko. 3:9). Paulok jarrera hori mantendu zuen aholku sendoa eman behar izan zuenean ere (2 Ko. 2:4).

7. Nola imitatu dezakete Paulo gaur egungo arduradunek?

7 Gaur egun, kongregazioko adindunak eta eskualde arduradunak Paulo imitatzen saiatzen dira. Aholku sendoa eman behar dutenean ere, beraien helburua laguntzea da. Epaitu beharrean, anai-arrebak nola sentitzen diren ulertzen eta animatzen saiatzen dira. Esperientzia handiko eskualde arduradun batek honakoa azaldu zuen: «Anai-arreben gehiengoak ondo dagoena egin nahi du. Baina, askotan, desanimatzen eta beldurtzen dituzten gauzei aurre egin behar diete, eta ez dakite zer egin». Adindunek asko sendotu ditzakete horrela sentitzen direnak (Heb. 12:12, 13).

«Bere aurka konspiratu zuten» (Eginak 20:3, 4)

8, 9. a) Zerk aldatu zuen Paulok Siriara joateko zuen plana? b) Zergatik gorrotatzen zuten agian juduek Paulo?

8 Mazedoniatik, Paulo Korintora joan zen. b Han hiru hilabete egon ondoren, Zenkreasera bidaiatzeko irrikan zegoen, handik itsasontziz Siriara joateko. Bertatik Jerusalemera joango zen anai-arreba behartsuei dohaintzak eramatera (Eg. 24:17; Erm. 15:25, 26). c Baina espero gabeko zerbaitek Pauloren plana aldatu zuen. Eginak 20:3​ak honakoa dio: «Juduek bere aurka konspiratu zuten».

9 Ez da harritzekoa juduek Paulo gorrotatzea, juduen fedea utzi zuenean beraientzat apostata bihurtu zelako. Gainera, duela denbora bat Korinton predikatzen aritu zenean, Krispo —sinagogako buruzagia— kristau egin zen (Eg. 18:7, 8; 1 Ko. 1:14). Beste batean, Korinton, juduek Galion Akaiako prokontsularen aurrean Paulo salatu zuten. Baina Galionek salaketa horrek ez zuela oinarririk esan zuen eta juduak sutan jarri ziren (Eg. 18:12-17). Judu horiek Paulok Zenkreasen itsasoratzeko asmoa zuela jakin edo imajinatu zuten, eta han hiltzeko konspiratu zuten. Zer egingo zuen apostoluak?

10. Koldarra izan al zen Paulo Zenkreasera ez joatean? Azaldu.

10 Paulok, Zenkreasera joan beharrean, Mazedoniara bueltatzea erabaki zuen. Zergatik? Bere bizia eta dohaintzak babesteko. Noski, bidaia oinez egitea ere arriskutsua zen. Izan ere, bidelapur asko egoten ziren eta ostatuak ere ez ziren batere seguruak. Baina Paulok bide hori egitea Zenkreasera joatea baino seguruagoa zela pentsatu zuen. Eskerrak ez zihoala bakarrik! Berarekin Aristarko, Gaio, Segundo, Sopatro, Timoteo, Trofimo eta Tikiko joan ziren (Eg. 20:3, 4).

11. Zer neurri arrazoitsu hartzen ditugu geure burua babesteko, eta zer eredu jarri zuen Jesusek horren inguruan?

11 Gaur egun, kristauok, Paulok bezala, predikatzean neurriak hartzen ditugu geure burua babesteko. Leku batzuetan, bakarrik joan beharrean, taldeka edo binaka joaten gara, eta pertsekuzioa jasatean ere kontuz ibiltzen gara. Nahiz eta badakigun pertsekuzioa ezin dugula saihestu, ez dugu predikatzean geure burua arriskuan beharrik gabe jartzen (Joan 15:20; 2 Tim. 3:12). Pentsatu dezagun Jesusen ereduan. Behin, Jerusalemen bere aurkariek harriak hartu zituzten Jesusi botatzeko. Baina «bera ezkutatu eta tenplutik atera zen» (Joan 8:59). Beranduago, juduek bera hiltzeko konspiratu zutenean, «Jesus ez zen gehiago agerian ibiltzen juduen artean, eta basamortutik hurbil zegoen lurraldera joan zen» (Joan 11:54). Beraz, beharrezkoa zenean, Jesusek neurri arrazoitsuak hartzen zituen bere bizia babestu eta Jainkoaren nahia bete ahal izateko. Kristauok, gaur egun, berdina egiten dugu (Mat. 10:16).

«Denak pozez gainezka zeuden» (Eginak 20:5-12)

12, 13. a) Zer eragin izan zuen Eutikoren berpizkundeak kongregazioan? b) Zer esperantzak kontsolatzen gaitu gaur egun?

12 Paulo eta bere bidaia-lagunek Mazedonian zehar bidaiatu zuten elkarrekin. Badirudi uneren batean banatu egin zirela, baina Troasen elkartu ziren berriro. d Izan ere, pasarteak honakoa dio: «Handik bost egunetara, Troasen elkartu ginen» (Eg. 20:6). e Hemen berpiztu zuen Paulok Eutiko, kapitulu honen hasieran ikusi dugun bezala. Imajinatu nola sentituko ziren anai-arrebak Eutiko berriz bizirik ikustean! Bibliak dioen bezala, «denak pozez gainezka zeuden» (Eg. 20:12).

13 Noski, gaur egun ez da horrelako miraririk gertatzen. Hala ere, maite dutenen bat heriotzan galdu dutenak «pozez gainezka» daude Biblian oinarritutako berpizkundearen esperantzarengatik (Joan 5:28, 29). Pentsatu honetan: Eutiko inperfektua zenez, berriz hil zen (Erm. 6:23). Baina Jainkoak mundu berrian berpiztuko dituenek betirako bizitzeko aukera izango dute! Are gehiago, Jesusekin zeruan agintzeko berpiztuak direnek hilezkortasuna jasotzen dute (1 Ko. 15:51-53). Gaur egun, kristauok —bai gantzutuek, bai beste ardiek— «pozez gainezka» egoteko arrazoi ona dugu (Joan 10:16).

«Publikoki eta etxez etxe» (Eginak 20:13-24)

14. Zer esan zien Paulok Efesoko adindunei Mileton elkartu zirenean?

14 Paulo eta bere bidaia-lagunek Troasetik Asosera bidaiatu zuten; ondoren, Mitilene, Kios, Samos eta Miletora. Pauloren helburua Pentekoste Jairako Jerusalemera iristea zen. Arrazoi horregatik ez zen oraingoan Efeson geratu. Baina Efesoko adindunekin hitz egin nahi zuenez, Paulok adindunei berarekin Mileton elkartzeko eskatu zien (Eg. 20:13-17). Iritsi zirenean, Paulok honakoa esan zien: «Ondo dakizue nolako bizimodua eraman dudan Asiako probintzia zapaldu nuen egunetik. Jaunarentzat apaltasun osoz egin dut lan morroi bezala, eta juduen konspirazioen ondorioz, malko artean gorriak ikusi ditut. Hala ere, ez dizuet zuen onerako den ezer ezkutatu; publikoki eta etxez etxe irakatsi dizuet. Gainera, testigantza osoa eman diet, bai juduei, bai greziarrei, damutu, Jainkoarengana itzuli eta Jesus Jaunarengan fedea izan behar dutela esanez» (Eg. 20:18-21).

15. Zer abantailak ditu etxez etxe predikatzeak?

15 Gaur egun, predikatzeko metodo desberdinak ditugu. Paulok egiten zuen bezala, jendea dagoen tokietan predikatzen saiatzen gara, adibidez, geltokietan, jende asko dagoen kaleetan eta negozioak dauden tokietan. Hala ere, Jehobaren lekukoontzat etxez etxe ibiltzea gure predikazio metodo nagusia da. Zergatik? Alde batetik, metodo honekin, pertsona guztiek noizbehinka Erreinuari buruz entzuteko aukera dutelako. Horrek Jehobaren inpartzialtasuna erakusten du. Bestetik, pertsona bakoitzaren beharretara egokitu gaitezke eta behar duen laguntza eman. Gainera, guk ere onurak ateratzen ditugu, gure fedea eta iraupena sendotzen direlako. Zalantzarik gabe, «publikoki eta etxez etxe» predikatzeak benetako kristau bezala identifikatzen gaitu.

16, 17. Nola erakutsi zuen Paulok ausarta zela, eta nola imitatzen dugu bere eredua?

16 Paulok Efesoko adindunekin hitz egiten jarraitu zuen. Pasartearen arabera, Jerusalemen zer zailtasun izango zituen ez zekiela esan zien. Ondoren, honakoa azaldu zien: «Baina niretzat nire bizia ez da inportantea; inporta duena nire ibilaldia eta Jesus Jaunarengandik jaso dudan zerbitzua bukatzea da: Jainkoaren merezigabeko eskuzabaltasunaren berri onei buruzko testigantza osoa ematea» (Eg. 20:24). Paulok ausardiaz bete zuen bere eginkizuna. Izan ere, ez zuen utzi ezerk oztopatu zezan, ez osasun arazoek, ezta pertsekuzioak ere.

17 Guk ere gaur egun zailtasun desberdin askori egin behar diogu aurre. Adibidez, batzuk gure lana debekatuta dagoen tokietan bizi dira eta pertsekuzioa jasan behar dute. Beste batzuek osasun arazo fisiko edo emozionalak dituzte, baina ausardiaz aurre egiten diete. Bestalde, gaztetxoek eskolakideen talde presioa dute. Egoera zein den axola gabe, Paulo bezala, Jehobaren lekukook tinko mantentzen gara eta «berri onei buruzko testigantza osoa» emateko erabakita gaude.

«Argi ibili zeuen buruarekin eta artalde osoa zaindu» (Eginak 20:25-38)

18. Zergatik ez zen Paulo inoren heriotzaren erantzule, eta nola imitatu zezaketen Efesoko adindunek bere eredua?

18 Ondoren, Paulok aholku argia eman zien Efesoko adindunei eta bere burua jarri zuen eredutzat. Hasteko, ziurrenik elkar ikusiko zuten azkeneko aldia izango zela aipatu zien. Gero, honakoa esan zien: «Ez naiz inoren heriotzaren erantzule, zeren ez dizuet ezer ezkutatu; Jainkoaren nahia oso-osorik azaldu dizuet». Nola imitatu zezaketen Efesoko adindunek Paulo inoren heriotzaren erantzule ez izateko? Paulok hurrengoa azaldu zien: «Argi ibili zeuen buruarekin eta artalde osoa zaindu, zeren espiritu santuak honen arduradun izendatu zaituzte, Jainkoaren kongregazioaren artzain izateko; kongregazio hau Jainkoak bere Semearen odolaz erosi zuen» (Eg. 20:26-28). Kongregazioan «otso basatiak» sartuko zirela aipatu zien eta honako ohartarazpena eman zuen: «Zuen artetik egia okertuko duten gizonak aterako dira, dizipuluak beraien atzetik eramateko». Zer egin behar zuten adindun horiek? Paulok argi utzi zien: «Esna mantendu eta gogoratu hiru urtez, gau eta egun, zuetako bakoitzari, malko artean, etengabe aholku ematen aritu naizela» (Eg. 20:29-31).

19. Zer agertu zen lehen mendearen amaieran, eta zer gertatu zen beranduago?

19 «Otso basati» horiek lehen mendearen amaieran agertu ziren. Izan ere, K.o. 98. urte inguruan, Joan apostoluak honakoa idatzi zuen: «Antikristo asko agertu da dagoeneko [...]. Gure artetik atera dira, baina ez ziren benetan gutarrak. Gutarrak izan balira, gurekin jarraituko zuketen» (1 Joan 2:18, 19). III. menderako, arduradun batzuk apostata egin ziren eta kongregazioko besteen gainetik zegoen talde berezi bat osatzen zutela pentsatzen zuten. Horrela eratu zen kristandadearen kleroa. Konstantino enperadoreak «kristautasun» ustel hori legalki onartu zuen IV. mendean. Gainera, erlijioburu apostata horiek «egia okertu» zuten. Izan ere, Bibliako irakaspenak ohitura eta sinesmen paganoekin nahastu zituzten «kristauak» ziren itsura emateko. Apostasiaren eragina argi ikusten da oraindik kristandadearen ohitura eta irakaspenetan.

20, 21. Nola erakutsi zuen Paulok besteen alde sakrifikatzeko jarrera, eta nola egiten dute adindunek gauza bera gaur egun?

20 Paulo ez zen inola ere beranduago artaldeaz aprobetxatuko ziren arduradunak bezalakoa. Izan ere, kongregazioarentzako zama ez izateko, bere burua mantentzeko lan egin zuen. Pauloren helburua anai-arrebak zerbitzatzea zen, ez beraiengandik dirua ateratzea. Eta Efesoko adindunei anai-arreben alde sakrifikatzeko jarrera erakusteko eskatu zien, honakoa esanez: «Ahulei lagundu behar diezuela erakutsi dizuet. Gogoan izan behar dituzue Jesus Jaunaren hitz hauek: “Zoriontsuago izango zara ematean, jasotzean baino”» (Eg. 20:35).

21 Paulok bezala, gaur egungo adindunek besteen alde sakrifikatzeko jarrera dute. Beraiek ez dira kristandadeko kleroa bezala. Izan ere, horiek beraien ardiei dirua ateratzen diete. Jainkoak bere «kongregazioaren artzain izateko» ardura eman diela ulertzen dute adindunek, eta eginkizun hori besteengandik ezer espero gabe betetzen dute. Kongregazioan ez dago harrokeriarentzat eta anbizioarentzat lekurik. Azkenean, harroek eta «norberaren aintza» bilatzen dutenek desohorea aurkituko dute (Esa. 11:2; Esa. 25:27NWT).

«Denek negarrari eman zioten». (Eginak 20:37)

22. Zergatik maite zuten Paulo Efesoko adindunek?

22 Paulok benetan maitatzen zituen anai-arrebak, eta horregatik bera ere maitatzen zuten. Beraz, Paulo joateko unea iritsi zenean, «denek negarrari eman zioten eta Paulori besarkadak eta muxuak ematen hasi ziren» (Eg. 20:37, 38). Kristauok, gaur egun ere, Paulo bezalakoak direnak asko estimatzen ditugu. Izan ere, anai-arreben alde beraien denbora, indarra eta baliabideak ematen dituzte. Pauloren eredu bikaina aztertu ondoren, argi dugu ez zela esajeratzen ari honakoa esan zuenean: «Ez naiz inoren heriotzaren erantzule» (Eg. 20:26).

b Seguruenik, Korintora egindako bisita horretan idatzi zuen Paulok Erromatarrei gutuna.

d Eginak 20:5, 6​an, Lukasek bere burua aipatzen du. Beraz, badirudi Paulo Lukasekin Filipon elkartu eta elkarrekin Troasera joan zirela (Eg. 16:10-17, 40).

e Filipotik Troaserako bidaiak bost egun iraun zituen. Agian, kontrako haizea izan zuten, aurreko batean bidaiak bi egun iraun baitzituen (Eg. 16:11).