22. KAPITULUA
«Bete dadila Jehobaren nahia»
Paulo Jerusalemera doa Jainkoaren nahia egiteko erabakita
Eginak 21:1-17 pasartean oinarrituta
1-4. Zergatik doa Paulo Jerusalemera, eta zer gertatuko zaio han?
PAULO eta Lukasentzat ez da batere erraza Miletotik joatea. Zein zaila egiten zaien hainbeste maite dituzten Efesoko adindunei agur esatea! Azkenean, bi misiolariak itsasontzira igotzen dira. Bidaiarako behar duten guztia daramate, baita Judeako kristau behartsuentzako bildutako dirua ere. Jerusalemera iristeko irrikan daude anai-arrebei dohaintza horiek emateko.
2 Haize leun batek belak puzten ditu eta itsasontzia portu zaratatsutik aldentzen hasten da. Paulo, Lukas eta beste zazpi bidaia-lagunek geroz eta urrunago ikusten dituzte euren lagunen aurpegi tristeak (Eg. 20:4, 14, 15). Bidaiariek agur egiten diete begi bistatik erabat desagertzen diren arte.
3 Hiru urte inguruz, Paulo Efesoko adindunekin elkarlanean aritu da. Baina orain, espiritu santuak gidatuta, Jerusalemerantz doa. Nolabait imajinatzen du zer gertatuko zaion han. Izan ere, duela gutxi honakoa esan zien Efesoko adindunei: «Espirituak bultzatuta Jerusalemera noa, han zer gertatuko zaidan ez jakin arren. Hau bakarrik dakit: hiriz hiri espiritu santuak behin eta berriz esaten didala kartzela eta zailtasunak daudela nire zain» (Eg. 20:22, 23). Arriskua egon arren, Paulok espirituak bultzatzen duela sentitzen du, hau da, espirituaren gida jarraitzeko obligazioa sentitzen du, eta hori egiteko prest dago. Bere bizia estimatzen du, baina berarentzat garrantzitsuena Jainkoaren nahia egitea da.
4 Sentitzen al zara zu ere horrela? Jehobari geure burua eskaintzen diogunean, gure bizitzako gauzarik garrantzitsuena bere nahia egitea dela promesten diogu. Beraz, Pauloren leialtasun eredua aztertzeak asko lagunduko digu.
«Zipreko uhartea» atzean utziz (Eginak 21:1-3)
5. Zer ibilbide egin zuten Paulok eta bere bidaia-lagunek Tirora joateko?
5 Paulo eta bere bidaia-lagunek «zuzenean» nabigatu zuten, hau da, haizea alde zutela eta norabidea aldatu gabe. Horrela, egun horretan bertan, Kosera iritsi ziren (Eg. 21:1). Badirudi gaua han pasa zutela eta hurrengo egunean Rodas eta Patararantz abiatu zirela. Pataran, Asia Txikiko hegoaldeko kostan, anaiak kargaontzi handi batean igo eta zuzenean Tirora, Feniziara, joan ziren. Bidean, «Zipreko uhartea urrutitik ikusi ondoren, ezkerraldetik atzean utzi» zuten (Eg. 21:3). Zergatik aipatu ote zuen Lukasek, Eginak liburuaren idazleak, xehetasun hori?
6. a) Zergatik animatuko zuen Paulo Zipre ikusteak? b) Jehobak nola bedeinkatu eta lagundu zaituen hausnartzean, zer ondoriotara iristen zara?
6 Paulok, agian, uhartea ikustean, bere lagunei han gertatutakoa kontatuko zien. Bederatzi bat urte lehenago, bere lehen misiolari bidaian, Zipren egon zen Bernabe eta Joan Markosekin batera. Bertan, Elimas aztia beraien predikazioaren aurka jarri zen (Eg. 13:4-12). Uhartea ikusteak eta hango bizipenetan hausnartzeak seguruenik Paulo animatu eta indartu egingo zuen Jerusalemen gertatuko zitzaionaren aurrean. Guri ere asko lagunduko digu Jainkoak nola bedeinkatu gaituen eta zailtasunen aurrean nola lagundu digun gogoratzeak. Hausnarketa horiek Dabiden hitzekin bat egiten lagunduko digute: «Zoritxar asko izaten du zintzoak, baina guztietatik libratzen Jaunak» (Sal. 34:20 [34:19, NWT]).
Eginak 21:4-9)
«Dizipuluen bila ibili ondoren, aurkitu egin genituen» (7. Zer egin zuten Paulok eta bere bidaia-lagunek Tirora iritsi orduko?
7 Paulok bazekien anai-arrebekin egotea oso garrantzitsua zela eta, horregatik, beraiekin egoteko desiratzen zegoen. Beraz, Tirora iritsi orduko, Lukasek honakoa egin zutela esaten du: «Dizipuluen bila ibili ondoren, aurkitu egin genituen» (Eg. 21:4). Tiron kristauak zeudela bazekitenez, hauek bilatu eta beraiekin geratu ziren. Gaur egun bedeinkapen bera dugu. Edonora goazela, ongietorria ematen diguten anai-arrebak aurkitzen ditugu. Jainkoa maitatu eta benetako adorazioa praktikatzen dutenek mundu osoan zehar lagunak dituzte.
8. Zer esan nahi dute Eginak 21:4ko hitzek?
8 Paulo eta bere bidaia-lagunak Tiron zazpi egunez egon ziren. Lukasek harrigarria dirudien zerbait gertatu zela esaten du: «Espirituak gidatuta, [Tiroko] dizipuluek behin eta berriz esaten zioten Paulori Jerusalemera ez joateko» (Eg. 21:4). Iritziz aldatu al zen Jehoba? Paulo Jerusalemera joan ez zedin nahi al zuen? Ez. Espirituak Paulori esanda zion Jerusalemen gaizki tratatuko zutela, baina ez zion ez joateko esan. Dirudienez, espiritu santuaren bidez, Tiroko kristauek Paulok Jerusalemen arazoak izango zituela ondo ulertu zuten. Baina Pauloz asko kezkatzen zirenez, ez joateko erregutu zioten. Ulertzekoa da anai-arrebek Paulo arriskutik babestu nahi izatea. Hala ere, apostolua Jehobaren nahia egiteko erabakita zegoen eta Jerusalemerantz jarraitu zuen (Eg. 21:12).
9, 10. a) Tiroko kristauen erreguak entzutean, zertaz oroituko zen Paulo agian? b) Zer nahiago dute pertsona askok gaur egun, baina zer esan zuen Jesusek?
9 Tiroko kristauek Paulori Jerusalemera ez joateko erregutu ziotenean, agian, Jesusi gertatutakoa gogoratuko zuen. Izan ere, Jesusek Jerusalemera joan, gauza asko sufritu eta hil egingo zutela esan zuenean, bere dizipuluek antzera erreakzionatu zuten. Emozioek bultzatuta, honakoa esan zion Pedrok Jesusi: «Jauna, ez izan hain gogorra zeure buruarekin. Hori ez zaizu inondik inora gertatuko». Eta Jesusek erantzun zion: «Jarri nire atzean, Satanas! Oztopo bat zara niretzat ez duzulako Jainkoak bezala pentsatzen, gizakiak bezala baizik» (Mat. 16:21-23). Jesus Jainkoaren nahia egiteko eta bere bizia sakrifizio moduan eskaintzeko erabakita zegoen. Paulok sentimendu bera zuen. Zalantzarik gabe, Tiroko kristauek —Pedrok bezala— intentzio onak izango zituzten, baina ez zuten ulertu zein zen Jainkoaren nahia.
10 Gaur egun jende askok esfortzuak egitea saihesten du. Askok beraiengandik gutxi eskatzen duen erlijio bat nahiago dute. Baina Jesusek guztiz kontrakoa den jarrera izan behar zutela esan zien bere dizipuluei: «Norbaitek nire jarraitzaile izan nahi badu, bere burua ukatu dezala, bere tortura zutoina hartu eta etengabe jarraitu nazala» (Mat. 16:24). Jesus jarraitzea biderik hoberena eta zuzenena da, baina ez errazena.
11. Nola erakutsi zuten Tiroko anai-arrebek Paulo maite zutela eta bere eginkizunarekin jarraitzea nahi zutela?
11 Laster, Paulok, Lukasek eta besteek bidaiarekin jarraitzeko garaia iritsi zen. Agurra oso hunkigarria izan zen. Horrek argi erakusten du Tiroko anai-arrebek zenbat maite zuten Paulo, baita bere eginkizunarekin jarraitzea nahi zutela ere. Denak —gizonak, emakumeak eta haurrak— Paulo eta bere bidaia-lagunekin hondartzaraino joan ziren. Bertan, guztiak belaunikatu, batera otoitz egin eta elkarri agur esan zioten. Ondoren, Paulo, Lukas eta beraien bidaia-lagunak itsasontzi batera igo eta Tolemaidaraino joan ziren. Han, egun bat pasa zuten anai-arrebekin (Eg. 21:5-7).
12, 13. a) Zer gauza egin zituen Felipek bere bizitzan zehar? b) Nola imitatu dezakete gaur egungo familiaburuek Felipe?
12 Gero, Paulo eta bere bidaia-lagunak Zesareara joan zirela kontatzen du Lukasek. Bertan, «Felipe ebanjelizatzailearen etxera» joan ziren (Eg. 21:8). a Dudarik gabe, asko poztuko ziren anaia leial hau ikusteaz. Felipek Jehoba urte askoz zerbitzatu zuen. Duela 20 bat urte, sortu berri zen kristau kongregazioan janaria banatzeko aukeratu zuten apostoluek Jerusalemen. Gainera, Felipek urte asko zeramatzan gogotsu predikatzen. Gogoratu dezagun kristauek pertsekuzioarengatik Jerusalem utzi behar izan zutenean, bera Samariara joan eta predikatzen hasi zela. Beranduago, etiopiar eunukoari predikatu zion eta bataiatu egin zuen (Eg. 6:2-6; 8:4-13, 26-38).
13 Felipek ez zuen galdu predikazioan zuen gogo bizia. Orain, Zesarean bizi zen eta predikatzen lanpetuta jarraitzen zuen. Horregatik, Lukasek «ebanjelizatzailea» deitzen dio. Gainera, ordurako, profetizatzen zuten lau alaba zituela dio Bibliak. Horrek bere aitaren pausoak jarraitu zituztela esan nahi du (Eg. 21:9). b Zalantzarik gabe, Felipek bere familiaren espiritualtasuna sendotzeko gogor egingo zuen lan. Nola imitatu dezakete Felipe gaur egungo familiaburuek? Predikazioan aurrea hartuz eta seme-alabei predikatze lana maitatzen lagunduz.
14. Zer emaitza izan zuten Paulok anai-arrebei egindako bisitek, eta zer antzeko aukera ditugu gaur egun?
14 Joaten zen toki guztietan, Paulok anai-arrebak bilatzen zituen eta beraiekin denbora pasatzen zuen. Zalantzarik gabe, bertako anai-arrebak Paulo eta bere bidaia-lagunei hospitalitatea erakusteko irrikan zeuden. Bisita horiek «elkar animatzeko» balio izan zuten (Erm. 1:11, 12). Gaur egun, antzeko aukerak ditugu batak bestea animatzeko. Gure etxea zein apala den inporta gabe, eskualde arduraduna eta bere emaztea gonbidatzean oso animatuta sentitzen gara (Erm. 12:13).
«Hiltzeko ere prest nago» (Eginak 21:10-14)
15, 16. Zer aurresan zuen Agabok, eta zer eragin izan zuen profezia entzun zutenengan?
15 Paulo Feliperen etxean zegoen bitartean, bisitari errespetatu bat iritsi zen: Agabo. Bertan elkartuta zeudenek bazekiten Agabo profeta zela. Izan ere, Klaudioren garaian gosete handi bat egongo zela aurresan zuen (Eg. 11:27, 28). Agian, euren buruari galdetuko zioten: «Zergatik etorri ote da Agabo? Zer mezu ekarriko digu?». Orduan, guztiak begira zeudela, Agabok Paulori gerrikoa kendu zion. Gerrikoa gerrian lotuta eramaten zuten oihal luze bat zen eta txanponak eta beste gauza batzuk eramateko erabiltzen zen. Orduan, oinak eta eskuak gerrikoarekin lotu zituen eta honakoa esan zuen: «Hau dio espiritu santuak: “Gerriko honen jabea horrelaxe lotuko dute juduek Jerusalemen, eta nazioetako jendeari entregatuko diote”» (Eg. 21:11).
16 Profeziak Paulo Jerusalemera joango zela baieztatu zuen. Gainera, bertako juduek Paulo «nazioetako jendeari» entregatuko ziotela adierazi zuen. Profezia entzun zutenei barrua astindu zitzaien. Lukasek honela azaltzen du: «Hau entzutean, gu eta han zeuden gainontzekoak Paulori Jerusalemera ez igotzeko erregutzen hasi ginen. Baina berak esan zigun: “Zergatik negarrez? Ni desanimatzeko asmotan, ala? Jakin ezazue ez nagoela prest lotua izateko bakarrik, Jerusalemen Jesus Jaunaren izenagatik hiltzeko ere prest nago”» (Eg. 21:12, 13).
17, 18. Nola erakutsi zuen Paulok Jainkoaren nahia egiteko erabakita zegoela, eta nola erantzun zuten bertan zeudenek?
17 Imajinatu egoera. Guztiek, Lukasek barne, Paulori Jerusalemera ez joateko erregutzen diote. Batzuk negarrez hasten dira. Hainbeste maite dutela eta berarengatik hain kezkatuta daudela ikustean, Paulok honakoa esaten die goxotasunez: «Ni desanimatzeko asmotan, ala?». Beste itzulpen batzuek honela itzultzen dute esamolde hori: «Nire bihotza puskatuaz?» (Biblia, José Antonio Uriarte). Baina bera erabakita dago. Paulok ez zien Tiroko kristauei bera konbentzitzen utzi Jerusalemera ez joateko, eta Zesareako kristauei ere ez die hori egiten utziko. Horren ordez, Jerusalemera zergatik joan behar duen azaltzen die. Zein ausarta izan zen! Jesusek bezala, Paulok, Jerusalemera joateko asmo sendoa zuen (Heb. 12:2). Pauloren helburua ez zen martiri bihurtzea. Baina Jesu Kristoren jarraitzailea izateagatik hiltzen bazuten, ohore bat bezala ikusiko zuen.
18 Nola erantzun zuten bertan zeudenek? Pasarteak honakoa dio: «Konbentzitu ezin genuela ikustean, amore eman genuen eta esan genion: “Bete dadila Jehobaren nahia”» (Eg. 21:14). Beraz, Pauloren erabakia errespetatu zuten eta ez zioten gehiago eskatu Jerusalemera ez joateko. Euren gustukoa ez izan arren, Jehobaren nahia onartu behar zutela konturatu ziren. Paulok heriotzara eraman zezakeen bide bat hartua zuen, eta errazagoa egingo zitzaion bide horretatik jarraitzea maite zutenek oztoporik jartzen ez bazioten.
19. Zer irakaspen baliotsu atera dezakegu Pauloren bizipenetik?
19 Pauloren bizipenetik irakaspen baliotsu bat atera dezakegu: ez ditzagun besteak desanimatu Jehobaren zerbitzuan sakrifizioak egin nahi badituzte. Irakaspen hori egoera desberdinetan aplikatu daiteke, ez bakarrik hil ala biziko egoeratan. Adibidez, guraso batzuei zaila egiten zaie euren seme-alabak urrunera zerbitzatzera joaten direla ikustea. Baina seme-alabak ez desanimatzeko erabakita daude. Ikus dezagun Ingalaterran bizi den Phyllis izeneko arrebaren bizipena. Bere alaba bakarra Afrikara misiolari bezala joan zenean sentitu zuena azaltzen du: «Oso gogorra izan zen niretzat. Triste nengoen oso urrun egongo zelako. Triste eta harro sentitzen nintzen aldi berean. Honi buruz asko egin nuen otoitz. Bere erabakia zen eta ez nintzen inoiz erabaki hori aldatzen saiatu. Azken finean, beti irakatsi diot Erreinua lehen lekuan jartzen. Azkenengo 30 urteetan, beste herrialde batzuetan zerbitzatu du. Egunero eskerrak ematen dizkiot Jehobari nire alaba leial mantendu delako». Zein ona den Jehobarengatik sakrifizioak egiteko prest daudenak animatzea!
Eginak 21:15-17)
«Anaiek poz-pozik hartu gintuzten» (20, 21. Nola erakutsi zuen Paulok anai-arrebekin egon nahi zuela, eta zergatik egon nahi zuen beraiekin?
20 Prestaketak egin ondoren, Paulok bidaiarekin jarraitu zuen eta Zesareako dizipulu batzuek Jerusalemera lagundu zioten. Horrela lagun leialak zirela erakusten zuten. Jerusalemerako bidaia osoan zehar, Paulo eta bere bidaia-lagunak anai-arrebekin egoten saiatu ziren. Tiron, dizipuluak bilatu eta beraiekin zazpi egunez egon ziren. Tolemaidan, anai-arrebak agurtu eta egun bat igaro zuten beraiekin. Zesarean, egun batzuk pasa zituzten Feliperen etxean. Gero, Zesarean zeudela, bertako dizipulu batzuk Paulo eta bere bidaia-lagunekin Jerusalemeraino joan ziren. Iritsi zirenean, Nasonen etxean geratu ziren. Nolako ongietorria eman zieten? Lukasek honakoa dio: «Anaiek poz-pozik hartu gintuzten» (Eg. 21:17).
21 Argi dago Paulok anai-arrebekin egon nahi zuela. Guri gertatzen zaigun bezala, Paulo ere animatuta sentitzen zen anai-arrebekin egotean. Beranduago, Paulok bera hil nahiko zuten etsaiei aurre egin beharko zien. Zalantzarik gabe, animo horrek asko lagunduko zion.
a Ikusi « Zesarea: Judea erromatar probintziako hiriburua» taula.