20. KAPITULUA
«Indar handiz zabaltzen eta nagusitzen joan zen» nahiz eta oposizioa izan
Paulok eta Apolosek berri onak zabaltzen laguntzen dute
Eginak 18:23-19:41 pasartean oinarrituta
1, 2. a) Zer egoera arriskutsuri egin behar diote aurre Paulok eta bere bidaia-lagunek Efeson? b) Zer aztertuko dugu kapitulu honetan?
EFESOKO kaleetan iskanbila izugarria dago. Jendea gora eta behera, korrika eta garrasika dabil, eta euren haserrea handitzen doa! Horietako batzuek Pauloren bi bidaia-lagun harrapatu eta arrastaka eramaten dituzte. Jendetza horrek dendaz beteriko kale zabal bat zeharkatzen du. Bertan dauden askok jendetza jarraitzen dute. Norantz doaz? Hiriko antzokira. Antzoki hori erraldoia da. Izan ere, 25.000 lagun sartzen dira. Gehienek ez dakite zer gertatzen ari den, baina susmo bat dute: Artemisa, beraien jainkosa maitea, eta bere tenplua mehatxupean daudela. Horregatik, behin eta berriz oihukatzen dute: «Handia da efesoarren Artemisa!» (Eg. 19:34).
2 Berriz ere, Satanas jendetza biolento bat erabiltzen saiatzen da berri onen zabaltzea oztopatzeko. Noski, predikatze lana gelditzeko eta lehen mendeko kristauen arteko batasuna hausteko, Satanasek beste metodo batzuk ere erabili zituen. Kapitulu honetan, metodo horietako batzuk aztertuko ditugu. Baina ikusiko dugun gauzarik garrantzitsuena honakoa da: Satanasen taktika guztiek porrot egin zutela, eta «Jehobaren hitza indar handiz zabaltzen eta nagusitzen» joan zela (Eg. 19:20). Nola lortu zuten kristau haiek eraso horri aurre egitea? Guk gaur egun lortzen dugun modu berean. Noski, gure arrakasta Jehobari esker da, ez guri esker. Hala ere, lehen mendeko kristauek bezala, guk ere gogor egin behar dugu lan. Jehobaren espirituaren laguntzarekin, predikatzen jarraitzen lagunduko diguten ezaugarriak garatu ahalko ditugu. Baina, lehenik, Apolosen eredua aztertuko dugu.
«Oso ongi ezagutzen zituen Idazkiak» (Eginak 18:24-28)
3, 4. Zertaz konturatu ziren Akila eta Priszila Apolosen inguruan, eta zer egin zuten?
3 Paulo bere hirugarren misiolari bidaian Efesorantz zihoala, Apolos izeneko judu bat hirira iritsi zen. Egiptoko Alexandria hiri ezagunetik zetorren eta ezaugarri bikainak zituen. Izan ere, «hizlari bikaina zen, eta oso ongi ezagutzen zituen Idazkiak». Are gehiago, «espirituari esker, gizon sutsua zen». Gogo biziz eta ausardiaz, sinagogan juduei hitz egin zien (Eg. 18:24-28).
4 Akila eta Priszilak Apolosen hitzaldia entzun zuten. Zein pozik jarriko ziren «Jesusi buruz zehaztasunez hitz egin eta irakasten» zuela ikustean! Jesusen inguruan esan zuena zuzena zen, baina garrantzitsua zen zerbait ez zekiela konturatu ziren. Izan ere, «Joanen bataioa bakarrik ezagutzen zuen». Apolos hizlari ona eta eskola handikoa zen. Akila eta Priszilak, aldiz, lanbide apala zuten: kanpadendak egitea. Hala ere, ez ziren beldurtu eta Apolos «beraiekin hartu eta Jainkoaren bidea are zehatzago azaldu zioten» (Eg. 18:25, 26). Eta nola erantzun zuen Apolosek? Berak egindakoarekin argi utzi zuen kristau batek izan dezakeen ezaugarririk garrantzitsuenetako bat zuela: apaltasuna.
5, 6. Zerk lagundu zion Apolosi Jehobarentzat erabilgarriagoa izaten, eta zer ikasi dezakegu bere eredutik?
5 Akila eta Priszilaren laguntza onartzeari esker, Apolos Jehobaren zerbitzari hobeagoa bihurtu zen. Beranduago, Akaiara bidaiatu zuen eta bertako kristauei «izugarri lagundu zien». Gainera, Jesus Mesias zela sinesten ez zuten inguruko juduei testigantza ona eman zien. Lukasek honakoa idatzi zuen: «Gogo handiz, juduei oker zeudela frogatzen zien argi eta garbi, Idazkien bidez Jesus benetan Kristo dela erakusten baitzien» (Eg. 18:27, 28). Zalantzarik gabe, Apolos laguntza handia izan zen kristau kongregazioarentzat. Izan ere, berari esker, jende askok «Jehobaren hitza» entzun zuen. Zer ikasi dezakegu Apolosen eredutik?
6 Apaltasuna kristau guztiok garatu beharreko ezaugarria da. Guztiok ditugu gauza onak, beharbada, gaitasun bereziak, esperientzia edo ezagutza arloren batean. Baina gure apaltasuna gure gaitasunak baino handiagoa izan behar da. Bestela, hauek ez dute ezertarako balioko. Izan ere, harroputz bihurtu ahalko ginateke (1 Ko. 4:7; St. 4:6). Apalak bagara, besteak gu baino hobeak direla ikusten saiatuko gara (Flp. 2:3). Ikasteko prest egongo gara eta ez gara haserretuko norbaitek zuzentzen gaituenean. Espiritu santuaren gidari esker erakundeak gauzak egiteko modua aldatzen duenean, ez gara burugogorrak izango gure ideiei eusten. Umilak bagara, erabilgarriak izango gara Jehoba eta bere Semearentzat (Luk. 1:51, 52).
7. Zer eredu on utzi ziguten Paulok eta Apolosek?
7 Apalak bagara, ez gara besteekin norgehiagokan arituko. Apolos eta Paulo gaitasun handiko maisu onak ziren. Imajinatu bata bestearekiko jeloskor jarri izan balira, edota kongregazioan besteak baino jarraitzaile gehiago izaten saiatu izan balira. Erraza zen hori gertatzea. Izan ere, Korintoko anai-arreba batzuk honakoa esaten hasi ziren: «Ni Paulorena naiz». Eta beste batzuk, aldiz, honakoa esaten zuten: «Ba, ni Apolosena». Satanas gogotsu zegoen kongregazioan zatiketak sortzeko. Zein pozik jarriko zen Paulo eta Apolos akats horretan erori izan balira! Baina bultzatu al zituzten Paulok eta Apolosek banaketak sortu zitzaketen sentimendu horiek? Ez, noski! Justu kontrakoa. Paulok, apaltasunez, Apolosen lana goraipatu zuen. Ez hori bakarrik, bera ohoratu zuen eginkizun gehiago emanez. Bestalde, Apolosek Pauloren argibideak jarraitu zituen (1 Ko. 1:10-12; 3:6, 9; Tit. 3:12, 13). Zein eredu bikaina guretzat apaltasunez elkarlanean aritzeko!
«Erreinuari buruz [...] jendea konbentzitzeko arrazoiketak erabiliz» (Eginak 18:23; 19:1-10)
8. Zer bide hartu zuen Paulok Efesora iristeko, eta zergatik?
8 Paulok Efesora a itzuliko zela promestu zuen, eta bere hitza bete zuen (Eg. 18:20, 21). Baina zer bide hartu zuen? Paulo Siriako Antiokian zegoen. Efesora iristeko, Seleuziara joan zitekeen —hau gertu baitzegoen— eta han barku bat hartu zuzenean Efesoraino. Baina, horren ordez, «barnealdeko lurraldeetatik» bidaiatu zuen (Eg. 19:1). Horrek esan nahi du, agian, 1.600 km inguru egin zituela oinez! Zergatik hartu zuen bide luze eta zail hori? «Dizipulu guztiak animatzen» ibili nahi zuelako (Eg. 18:23). Hirugarren misiolari bidaia hau zaila izango zen, aurreko beste biak bezala. Baina berak bazekien merezi zuela. Gaur egun ere, eskualde arduradunek eta beraien emazteek jarrera berdina erakusten dute, besteengatik sakrifizioak egiteko prest egonez eta maitasuna erakutsiz. Zenbat eskertzen dugun beraien jarrera ona!
9. Zergatik bataiatu behar ziren berriro Joanen dizipulu batzuk, eta zer ikasten dugu?
9 Efesora iristean, Paulo Joan Bataiatzailearen 12 bat dizipulurekin topatu zen. Gizon horiek Joanen bataioa jaso zuten. Baina, dagoeneko, bataio horrek ez zuen baliorik. Gainera, espiritu santuari buruz ezer ez edo oso gutxi zekiten. Paulok Jesusen izenean bataiatzearen garrantzia azaldu zien, eta beraiek Apolosen modu berean erantzun zuten: apaltasunez eta ikasteko irrikaz. Orduan, Jesusen izenean bataiatu ziren, hau da, Jesusen autoritatea eta Jehobak berari emandako posizioa onartu zuten. Ondoren, espiritu santua eta hainbat dohain miragarri jaso zituzten. Zer ikasten dugu? Jehobaren erakundearen aldaketak onartzeko prest bagaude, berak bedeinkatuko gaituela (Eg. 19:1-7).
10. Zergatik joan zen Paulo sinagogatik eskola bateko auditoriora, eta nola imitatu dezakegu predikatzean?
10 Ikus dezagun zer gertatu zen ondoren. Paulok sinagogan hiru hilabetez ausardiaz predikatu zuen. Nahiz eta «Erreinuari buruz [...] jendea konbentzitzeko arrazoiketak erabili», batzuek ez zioten entzun nahi izan eta bere aurka jarri ziren. «Bideari buruz gaizki esaka» ari zirenekin ez zuenez eztabaidatu nahi, bere hitzaldiak eskola bateko auditorioan ematea erabaki zuen (Eg. 19:8, 9). Jainkoaren Erreinuari buruz gehiago ikasten jarraitu nahi zutenak sinagogatik eskolako auditoriora joan behar izan ziren. Era berean, predikatzean entzun nahi ez badigute edo eztabaidatu besterik egin nahi ez badute, amaitu dezagun elkarrizketa. Oraindik pertsona zintzo asko daude gure mezu kontsolagarria entzuteko beharra dutenak!
11, 12. a) Nola erakutsi zuen Paulok langilea eta moldakorra zela? b) Nola erakusten dugu Jehobaren lekukook predikazioan langileak eta moldakorrak garela?
11 Baliteke Paulo eskola hartako auditorioan, goizeko 11:00etatik arratsaldeko 16:00etara irakasten ibili izana (Ikusi Eginak 19:9ko ikasketarako oharra gaztelaniaz edo frantsesez, nwtsty). Ziurrenik, ordu horiek eguneko beroenak izango ziren eta langileak deskantsatzeko eta jateko geldituko ziren. Paulok ordutegi hori bi urtez jarraitu bazuen, horrek esan nahiko luke 3.000 ordu baino gehiago emango zituela irakasten, hau da, 125 ordu hilero. b Ziur horrek Jehobaren hitza indar handiz zabaltzen eta nagusitzen lagunduko zuela. Paulo oso langilea eta moldakorra izan zen. Izan ere, bere eremuko beharretara egokitzeko bere egutegia moldatu zuen. Zein izan zen emaitza? «Asiako probintzian bizi ziren guztiek, bai juduek, baita greziarrek ere, Jaunaren hitza entzun zuten» (Eg. 19:10). Hori bai dela testigantza osoa ematea!
12 Gaur egun ere, Jehobaren lekukook langileak eta moldakorrak gara. Jendea dagoen tokietan eta orduetan predikatzen saiatzen gara. Adibidez, kaleetan, negozioetan eta jende asko dagoen lekuetan predikatzen dugu. Telefonoa eta gutunak ere erabiltzen ditugu. Gainera, jendea etxean dagoen orduetan etxez etxe predikatzen saiatzen gara.
«Zabaltzen eta nagusitzen joan zen», espiritu gaiztoen oposizioa izan arren (Eginak 19:11-22)
13, 14. a) Zer botere eman zion Jehobak Paulori? b) Zer egin zuten Eskebaren semeek, eta zer antzekotasun dute gaur egun kristandadearen parte diren askok?
13 Ondoren, Eginak liburuak Jehobak Paulori «mirari ikaragarriak» egiteko boterea eman ziola azaltzen du. Are gehiago, Paulok jantzitako zapiak eta mantalak gaixoak sendatzeko eta deabruak botatzeko erabiltzen ziren. Jende gehiena liluratuta geratzen zen espiritu gaiztoek alde egiten zutela ikustean (Eg. 19:11, 12). c Baina beste batzuei hori ez zitzaien batere gustatu.
14 «Handik eta hemendik deabruak botatzen ibiltzen ziren judu batzuk» Pauloren mirariak imitatzen saiatu ziren. Pasartearen arabera, judu horietako batzuek Jesusen eta Pauloren izenak erabiltzen zituzten deabruak botatzeko. Eskeba izeneko apaizburuaren zazpi semeak horixe egiten saiatu ziren. Espiritu gaiztoak, orduan, esan zien: «Jesus ezagutzen dut, eta badakit Paulo nor den. Baina nortzuk zarete zuek?». Ondoren, espiritu gaiztoa zuen gizonak, basapiztia baten moduan, gizon horien gainera salto egin eta eraso egin zituen. Ondorioz, gezurti horiek biluzik eta zauriturik ihes egin behar izan zuten (Eg. 19:13-16). Honek argi utzi zuen Paulok Jehobaren boterea zuela, baina erlijio faltsua praktikatzen zuten gizon horiek, aldiz, ez zutela. Horrela, «Jainkoaren hitza» nagusitzen joan zen. Gaur egun, milioika pertsonak Jehobaren onespena izateko, Jesusen izena erabiltzea edo «kristauak» direla esatea nahikoa dela uste dute. Baina Jesusek argi utzi zuen bere Aitaren nahia egiten dutenek soilik izango dutela etorkizunerako esperantza ziurra (Mat. 7:21-23).
15. Nola imitatu ditzakegu kristau egin ziren efesoarrak?
15 Efesoko jende askok magia praktikatzen zuen. Ohikoa zen sorginkeria, amuletoak eta magia liburuak erabiltzea. Baina Eskebaren semeek jaso zuten umiliazioa ikustean, hiriko asko kristau egin ziren eta ohitura horiek baztertu zituzten. Efesoar askok beraien liburuak elkartu eta denen aurrean erre zituzten, nahiz eta milaka eta milaka euroko balioa izango zuten. d Lukasek honakoa idatzi zuen: «Beraz, Jehobaren hitza indar handiz zabaltzen eta nagusitzen joan zen» (Eg. 19:17-20). Egiak faltsukeria eta espiritismoa garaitu zituen! Efesoar haiek eredu bikaina jarri ziguten. Gu ere espiritismoz jositako mundu batean bizi gara. Horregatik, espiritismoarekin lotutako zerbait dugula konturatzen bagara, imitatu ditzagun efesoarrak, eta bota edo suntsitu dezagun berehala! Zaila bada ere, mantendu gaitezen urrun gauza nazkagarri horietatik.
«Iskanbila handia sortu zen» (Eginak 19:23-41)
16, 17. a) Nola jarri zuen Demetriok jendea kristauen aurka? b) Nola erakutsi zuten efesoarrek fanatikoak zirela?
16 Lukasek Satanasen beste metodo bati buruz idatzi zuen ondoren: jendetza biolentoak. Izan ere, «iskanbila handia sortu zen Bidea zela eta». Egoera hori benetan arriskutsua zen (Eg. 19:23). e Dena Demetrio izeneko zilargin batengatik hasi zen. Berak beste artisauak bildu eta, dirua irabazten jarraitu nahi bazuten, idoloak saldu behar zituztela esan zien. Ondoren, Pauloren mezua euren negozioarentzat txarra izango zela aditzera eman zuen, kristauek ez zituztelako idoloak adoratzen. Eta, azkenik, bazekien bere entzuleak oso harro zeudela euren hiriaz eta herrialdeaz. Beraz, jendeak Paulo entzuten bazuen, euren jainkosa Artemisa eta bere tenplu famatuak ez zutela «ezertarako balio» pentsatzera iritsiko zirela ohartarazi zien (Eg. 19:24-27).
17 Demetriok nahi zuena lortu zuen. Zilarginak «Handia da efesoarren Artemisa!» oihukatzen hasi ziren. Hiri osora zabaldu zen zalaparta. Eta horrela sortu zen kapituluaren hasieran aipatutako egoera. f Paulok, beti bezain ausart, antzokira joan nahi izan zuen jendetzaren aurrean hitz egiteko. Baina dizipuluek bizia arriskuan ez jartzeko erregutu zioten. Orduan, Alexandro izeneko gizon bat jendetzaren aurrean zutitu eta hitz egiten saiatu zen. Judua zenez, beharbada judu eta kristauen arteko desberdintasuna azaldu nahi zuen. Baina jendetzak ez zion entzun nahi izan. Judua zela konturatu zirenean, isilarazi egin zuten eta bi orduz egon ziren «Handia da efesoarren Artemisa!» oihukatzen. Gaur egun, fanatismo erlijiosoak gauza bera eragiten du: jendea erabat zentzugabe bihurtzen du (Eg. 19:28-34).
18, 19. a) Nola lortu zuen hiriko administratzaileak jendetzaren haserrea baretzea? b) Nola babestu dituzte batzuetan autoritateek Jehobaren zerbitzariak, eta zer egin dezakegu horren alde egiteko?
18 Azkenean, hiriko administratzaileak jendetza isiltzea lortu zuen. Funtzionario hori arrazoitsua zen. Lehenik, kristau horiek Artemisa eta bere tenpluarentzat ez zirela arriskutsuak ziurtatu zion jendetzari. Gero, Paulok eta bere bidaia-lagunek ez zutela Artemisaren tenpluaren aurka deliturik egin esan zuen. Zerbaitez salatu nahi bazituzten, autoritateengana joan behar zutela ere aipatu zien. Baina, agian, indarrik handiena izan zuen argudioa hurrengoa izan zen: Erromako legearen arabera, protesta hori ilegala zela eta ondorio latzak jaso zitzaketela. Ondoren, jendetzari bertatik joateko esan zion. Funtzionario horren hitz arrazoitsuei esker, jendetzaren haserrea berehala itzali zen; piztu zen bezain azkar itzali zen (Eg. 19:35-41).
19 Ez zen lehen aldia autoritatea zuen pertsona zentzudun batek Jesusen dizipuluak babesten zituela, eta ez zen azkenengo aldia izango. Azken egunetan beteko zen ikuskari batean, Joan apostoluak hurrengoa ikusi zuen: mundu honetako gobernu eta instituzio judizial arrazoitsuek —lurra— Satanasek bultzatutako kristauen aurkako pertsekuzioa —ibaia— irensten zutela (Ap. 12:15, 16). Eta horixe gertatu da. Askotan, epaile arrazoitsuek Jehobaren lekukook biltzeko eta predikatzeko ditugun eskubideak babestu dituzte. Noski, gure jarrera onak eragina izan dezake epaile horiengan. Pauloren kasuan, badirudi bere jarrera onari esker, Efesoko funtzionarioen errespetua irabazi zuela eta, ondorioz, bera babestu nahi izan zutela (Eg. 19:31). Gu ere zintzoak bagara eta errespetua erakusten badugu, besteen errespetua irabaziko dugu. Batek daki zer-nolako eragina izango duen gure jarrera onak!
20. a) Nola sentitzen zara Jehobaren hitza lehen mendean nagusitzen joan zela eta gaur egun ere berdin egiten ari dela ikustean? b) Zer egiteko prest zaude?
20 Lehen mendean «Jehobaren hitza indar handiz zabaltzen eta nagusitzen» joan zen. Ez al da zirraragarria hori nola gertatu zen ikustea? Zein polita den gaur egungo antzeko arrakasten atzean ere Jehoba dagoela ikustea. Gustatuko al litzaizuke arrakasta horien parte izatea? Hala bada, hausnartu ezazu kapitulu honetan aztertu ditugun irakaspenetan: apala izan, Jehobaren erakundearen argibideak azkar obeditu, gogor lan egiten jarraitu, baztertu espiritismoa, eta saiatu errespetua erakusten eta zintzoa izaten testigantza ona emateko.
a Ikusi « Efeso, Asiako hiriburua» taula.
b Gainera, Paulok 1 Korintoarrei gutuna Efeson zegoela idatzi zuen.
c Baliteke Paulok zapi horiek kopetan lotzea izerdia begietan ez sartzeko. Eta mantalak erabiltzeak bere denbora librean —goizean goiz beharbada— kanpadendak egiten zituela esan nahi du agian (Eg. 20:34, 35).
d Lukasen arabera, liburu guzti horiek zilarrezko 50.000 txanpon balio zuten. Txanpon horiek denarioak baziren, diru kopuru hori 50.000 eguneko lanaren soldata izango zen, hau da, 137 urte inguruko lanaren soldata.
e Batzuen ustez, Paulok korintoarrei hiltzeko beldur izan zela idatzi zienean, gertakari honi buruz ari zen (2 Ko. 1:8). Baina, agian, are arriskutsuagoa zen beste gertakari bati buruz ari zen. «Efeson basapiztien aurka borrokatu» zuela idatzi zuenean, beharbada, estadio erromatar batean giza oposizioari edo animalia basatiei aurre egin behar izan ziela esan nahi zuen (1 Ko. 15:32). Bi aukerak dira posible.
f Artisau talde horiek botere handia zuten. Adibidez, 100 bat urte beranduago, okin taldeak antzeko istilu bat sortu zuen Efeson.