2. KAPITULUA
«Nire lekuko izango zarete»
Jesusek bere apostoluak predikazioan aurrea eramateko prestatzen ditu
Eginak 1:1-26 pasartean oinarrituta
1-3. Nola igo zen Jesus zerura, eta zer galdera suertatzen dira?
Apostoluentzat azken asteak emozioz beteak egon dira. Lehenik, Jesusen heriotzak lur jota utzi zituen, baina ondoren, Jesus berpiztean, pozaren pozez zeuden. Azken 40 egunetan Jesus behin baino gehiagotan agertu zaie jarraibideak eta animoa emateko. Asko disfrutatu dute Jesusekin egoteaz, eta ez dute berak alde egiterik nahi. Baina gaur, Jesus ikusiko duten azkeneko eguna izango da.
2 Apostoluak Jesusekin daude Oliamendin. Ez dute Jesusen hitzik galdu nahi. Berari entzuten denbora gehiago pasa nahiko lukete, baina dena oso azkar pasatzen ari da. Orduan, hitz egiteaz amaitzen duenean, eskuak altxatu, beraiek bedeinkatu eta zerurantz igotzen hasten da. Azkenik, hodei batek Jesus beraien begi-bistatik ezkutatzen du, baina apostoluek zerura begira jarraitzen dute (Luk. 24:50; Eg. 1:9, 10).
3 Une horrek bizitza erabat aldatu zien Jesusen apostoluei. Zer egingo dute orain, beraien maisua zerura joan dela? Ziur egon gaitezke Jesusek berak hasitako lanarekin jarraitzeko prestatu dituela. Nola prestatu zituen eginkizun garrantzitsu hau betetzeko eta nola erantzun zuten beraiek? Zer zerikusi du honek gurekin? Eginak lehen kapituluan erantzun animagarriak aurkituko ditugu.
«Froga argi asko» (Eginak 1:1-5)
4. Nola hasten du Lukasek Eginak liburua?
4 Lukasek Eginak liburua bere Ebanjelioa bezalaxe hasten du: Teofilo izeneko gizon bati zuzenduz. a Ondoren, bere Ebanjelioaren amaieran kontatutakoa laburbiltzen du beste hitz batzuk erabiliz eta xehetasun gehiago gehituz. Honek argi uzten du liburu hau bestearen jarraipena dela.
5, 6. a) Zerk mantenduko zuen Jesusen jarraitzaileen fedea indartsu? b) Zergatik esan dezakegu gaur egungo kristauon fedea «froga argi» askotan oinarritzen dela?
5 Zerk mantenduko zuen dizipuluen fedea indartsu? Eginak 1:3an honakoa esaten da Jesusi buruz: «Bizirik zegoela erakutsi zien apostoluei froga argi asko emanez». Biblian Lukasek, «sendagile maitea[k]», bakarrik erabiltzen du «froga argi» itzultzen den termino grekoa (Kol. 4:14). Termino hau testu medikoetan erabiltzen zen eta ebidentzia bat argia eta sendoa dela esan nahi du. Horrelakoak ziren Jesusek emandako frogak. Izan ere, askotan agertu zen bere dizipuluen aurrean: batzuetan bat edo biren aurrean, beste batzuetan bere apostolu guztien aurrean eta, behin, 500 dizipulu baino gehiagoren aurrean (1 Ko. 15:3-6). Froga argiak zalantzarik gabe!
6 Era berean, gaur egungo egiazko kristauon fedea «froga argi» askotan oinarritzen da. Ba al dago ebidentziarik Jesus lurrean egon zela, gure bekatuengatik hil zela eta berpiztua izan zela sinesteko? Bai, noski! Jainkoaren Hitz inspiratuan gertakari horiek euren begiekin ikusi zituzten pertsonek kontatutako pasarte fidagarriak aurkitzen ditugu. Ebidentzia hauek hain sendoak dira, nahikoa direla konbentzituta egoteko. Horregatik, pasarte hauetan sakontzean eta hauek ulertzeko otoitz egitean, gure fedea asko indartuko da. Gogoratu: benetako fedea froga sendoetan oinarritzen da. Gainera, fede mota hori behar dugu betirako bizi nahi badugu (Joan 3:16).
7. Nola imitatu dezakegu Jesusen eredua predikazioan?
7 Eginak liburuko pasarte honetan Jesus «Jainkoaren Erreinuari buruz hitz egiten» aritu zela ere aipatzen da. Adibidez, Mesiasek sufritu eta hil behar zuela erakusten zuten profeziak azaldu zituen (Luk. 24:13-32, 46, 47). Gainera, Mesias bezala zuen eginkizunari buruz hitz egitean ere, Jainkoaren Erreinuari buruz hitz egiten ari zen. Azken finean, bera Erreinu horren Erregea izango zen. Jesusentzat Erreinua bere predikazioaren gai nagusia izan zen, eta bere dizipuluok gaur egun bere eredua imitatzen dugu (Mat. 24:14; Luk. 4:43).
«Lurraren azken txokoraino» (Eginak 1:6-12)
8, 9. a) Zer bi ideia oker zituzten apostoluek? b) Nola lagundu zien Jesusek bere apostoluei ideia oker horiek zuzentzen, eta zer erakusten digu bere erantzunak?
8 Oliamendin Jesusekin izan zuten elkarrizketa hura Jesusekin lurrean egongo ziren azkeneko aldia izango zen. Irrikaz honakoa galdetu zioten: «Jauna, orain al da Israelen erreinua berriro ezarriko duzun garaia?» (Eg. 1:6). Galdera horrek apostoluek bi ideia oker zituztela argi utzi zuen. Lehenik, Jainkoaren Erreinua Israelgo nazioari berriro emango zitzaiola uste zuten. Bigarrenik, Jainkoaren Erreinua berehala agintzen hasiko zela espero zuten. Nola lagundu zien Jesusek bi ideia horiek zuzentzen?
9 Jesusek, ziurrenik, bazekien lehenengo ideia handik gutxira zuzenduko zutela. Beraz, ez zien argitu. Izan ere, hamar egun ondoren, nazio berri bat sortzen ikusiko zuten: Israel espirituala. Une horretatik aurrera, Israelek ez zuen gehiago Jainkoarekin harreman berezirik izango. Baina bigarren ideiaren inguruan, Jesusek goxotasunez honakoa gogorarazi zien: «Aitak bakarrik dauka denbora edo garaiak zeintzuk izango diren erabakitzeko eskubidea; zuek ez duzue jakin beharrik» (Eg. 1:7). Jehobak bakarrik du eskubidea bere nahia noiz beteko den erabakitzeko. Lurrean egon zenean, Jesusek sistema honen azkenaren «egunari eta orduari buruz» Semeak ere ez zekiela onartu zuen; «Aitak bakarrik» zekien (Mat. 24:36). Beraz, gu ere ez gara azkenaren data zehatzari buruz kezkatu behar, ez dugulako jakin beharrik.
10. Zer jarrera on izan zuten apostoluek, eta zergatik imitatu beharko genuke?
10 Bestalde, ez genituzke Jesusen apostoluak epaitu behar. Izan ere, fede handiko gizonak ziren, eta Jesusen zuzenketa apaltasunez onartu zuten. Gainera, ideia okerrak zituzten arren, euren galderak jarrera ona zutela erakutsi zuen. Jesusek behin baino gehiagotan esan zien: «Segi erne egoten» (Mat. 24:42; 25:13; 26:41). Espiritualki erne zeuden, Jehobak laster parte hartuko zuen ebidentziak ikusteko gogotsu. Eta horixe da gaur egun guk imitatu behar dugun jarrera. Izan ere, jarrera hau izatea inoiz baino garrantzitsuagoa da «azken egunetan» bizi garelako (2 Tim. 3:1-5).
11, 12. a) Zer eginkizun eman zien Jesusek bere dizipuluei? b) Zergatik hitz egin zien Jesusek bere dizipuluei espiritu santuari buruz predikatzeko eginkizuna eman aurretik?
11 Jesusek apostoluei beraientzat gauzarik garrantzitsuena zer izan behar zen gogorarazi zien: «Espiritu santua zuen gain etortzen denean, indarra jasoko duzue, eta nire lekuko izango zarete Jerusalemen, Judea eta Samaria osoan, eta lurraren azken txokoraino» (Eg. 1:8). Apostoluek Jesus berpiztua izan zela Jerusalemen predikatu beharko zuten lehenik, hau da, Jesus hil zuten hirian bertan. Ondoren, Judean zehar predikatu beharko zuten, gero, Samarian eta, azkenik, urrutiago zeuden eremuetan.
12 Jesusek, bere jarraitzaileak predikatzera bidali aurretik, espiritu santuaren laguntza izango zutela gogorarazi zien. «Espiritu santu» esamoldea 40 aldiz baino gehiagotan agertzen da jatorrizko hizkuntzan Eginak liburuan, eta hau da une horietako bat. Liburu zirraragarri honek behin eta berriz argi uzten du ezin dugula Jehobaren nahia bete espiritu santuaren laguntzarik gabe. Gainera, orain inoiz baino gehiago behar dugu. Horregatik da hain garrantzitsua Jainkoari egunero eskatzea! (Luk. 11:13).
13. Noraino predikatu behar dugu gaur egun, eta zergatik egon beharko ginateke murgilduta lan honetan?
13 Apostoluentzat «lurraren azken txokoraino» esamoldea munduko zonalde batzuetara mugatuta zegoen. Baina gaur egun, guretzat, esanahi zabalagoa du, mundu osoan predikatzen dugulako. Lan handia den arren, aurreko kapituluan ikusi dugun bezala, Jehobaren lekukook gogo onez onartu dugu predikatzeko eginkizuna. Izan ere, badakigu Jainkoak mota guztietako pertsonek berri onak entzun ditzaten nahi duela (1 Tim. 2:3, 4). Eta zu? Murgilduta al zaude biziak salbatzen dituen lan honetan? Ez duzu gehiago beteko zaituen lanik aurkituko! Jehobak behar dituzun indarrak emango dizkizu eginkizun hau betetzeko. Gainera, Eginak liburuak metodo egokiei buruzko eta garatu behar dugun jarrerari buruzko informazio asko duenez, trebeagoak izaten lagunduko digu.
14, 15. a) Zer esan zuten aingeruek Jesu Kristoren itzulerari buruz, eta zeri buruz ari ziren? (Ikusi oharra ere) b) Zein zentzutan etorri zen Jesu Kristo joan zen «modu berean»?
14 Kapitulu honen hasieran aipatu dugun bezala, Jesus zerura igo eta desagertu zenean, 11 apostoluak zerura begira geratu ziren. Orduan, bi aingeru agertu zitzaizkien eta esan zieten: «Galileako gizonak, zergatik zaudete zerura begira? Zuekin zegoen Jesus hau, zerura eramana izan dena, zerura joaten ikusi duzuen modu berean etorriko da» (Eg. 1:11). Zer esan nahi izan zuten? Erlijio askok erakusten duten moduan, Jesus gorputz berarekin bueltatuko zela? Ez. Nola dakigu hori?
15 Aingeruek ez zuten esan Jesus itxura berberarekin itzuliko zenik, «modu berean» itzuliko zela baizik. b Zein modutara joan zen? Alde batetik, apostoluek aingeruen hitzak entzun zituztenean jada ez zuten Jesus ikusten. Bestetik, gizon gutxi batzuk bakarrik konturatu ziren Jesusek lurra utzi zuela eta bere zeruko Aitarengana zihoala. Jesu Kristo modu berean bueltatuko zen, eta halaxe izan da. Gaur egun, ulermen espirituala dutenak soilik konturatzen dira Jesus dagoeneko Jainkoaren Erreinuko Errege bezala agintzen ari dela (Luk. 17:20). Horregatik, Jesu Kristoren presentziaren ebidentziak ikusi behar ditugu eta besteei azaldu. Era horretara, jende gehiagok Jainkoa zerbitzatzea urgentea dela ulertuko du.
Eginak 1:13-26)
«Erakutsi [...] zein aukeratu duzun» (16-18. a) Eginak 1:13, 14 pasartearen arabera, zer ikasten dugu kristau bilerei buruz? b) Zer ikasten dugu Jesusen amaren eredutik? c) Zergatik da behar-beharrezkoa gaur egun bileretara joatea?
16 Apostoluak «Jerusalemera itzuli ziren poz-pozik» (Luk. 24:52). Baina nola erantzungo zuten Jesu Kristoren gida eta jarraibideak jaso ondoren? Aztertu dezagun Eginak 1:13, 14 pasartea. Pasarte horretan garai hartako bilerak nolakoak ziren ikusi dezakegu. Bertan dio etxe bateko «goiko gela» erabili zutela biltzeko. Garai horretako Palestinako etxeek eskailerak izaten zituzten kanpotik goiko gelara igotzeko. Eginak 12:12an Markosen amaren etxea aipatzen da. Agian, kasu honetan, etxe horretako goiko gelan bilduta zeuden. Modu batera edo bestera, ziurrenik txoko sinple eta praktiko bat izango zen. Baina zeintzuk elkartu ziren bertan, eta zer egin zuten?
17 Bilera horretan ez zeuden apostoluak edo gizonezkoak bakarrik; «emakume batzuk» ere bazeuden, horien artean Maria, Jesusen ama. Hau da Maria izenez aipatzen den azkeneko aldia Biblian. Polita da Maria egoera horretan imajinatzea, bere anai-arreba espiritualekin Jehoba apaltasunez adoratzen, besteak baino garrantzitsuagoa zela pentsatu gabe. Zein kontsolagarria izango zen berarentzat bere beste lau semerekin bertan egotea. Hasiera batean ez zuten Jesusengan sinetsi, baina bera hil eta berpiztu ondoren, euren jarrera erabat aldatu zuten (Mat. 13:55; Joan 7:5; 1 Ko. 15:7).
18 Baina zertarako bildu ziren dizipulu hauek? Eginak 1:14ak honakoa dio: «Hauek guztiak gogo batez otoitzean ari ziren etengabe». Elkarrekin biltzea kristau adorazioaren funtsezko gauza bat izan da beti. Biltzen garenean elkar animatzen dugu eta jarraibideak eta aholkuak jasotzen ditugu. Baina, batez ere, elkarrekin gure zeruko Aita Jehoba adoratzeko biltzen gara. Bertan egiten ditugun otoitzek eta abesten ditugun kantek Jehoba pozten dute, eta behar-beharrezkoak dira guretzat. Bilerak sakratuak eta animagarriak dira. Beraz, ez utzi inoiz bileretara joateari! (Heb. 10:24, 25).
19-21. a) Jehobak Pedro erabiltzen jarraitu zuen. Zer ikasten dugu honetatik? b) Zergatik aukeratu behar zen Judasen ordezko bat? Zer ikasten dugu arazo hau konpondu zen modutik?
19 Garai hartan, Jesu Kristoren jarraitzaileek euren antolakuntzarekin zerikusia zuen arazo bati aurre egin behar izan zioten, eta Pedrok aurrea hartu zuen (15-26 bertsetak). Ez al da lasaigarria ikustea Jehobak Pedro apostolua berriro erabili zuela nahiz eta honek Jesus hiru aldiz ukatu? (Mar. 14:72). Bekatu egiteko joera dugunez, Jehoba bihotzez damutzen direnekin «ona […] eta barkabera» dela gogoratzea beharrezkoa dugu (Sal. 86:5).
20 Judasek Jesus traizionatu zuenez, Pedrok Judasen postua norbaitek ordezkatu behar zuela ulertu zuen. Baina nork ordezkatuko zuen? Apostolu berriak bi baldintza bete behar zituen: Jesus bere zerbitzuan zehar jarraitzea eta bere berpizkundearen lekuko izatea (Eg. 1:21, 22). Honek Jesusen hurrengo promesarekin bat egin zuen: «Niri jarraitu didazuenok 12 tronutan eseriko zarete, eta Israelgo 12 tribuak epaituko dituzue» (Mat. 19:28). Dirudienez, Jehobak 12 apostolu izan nahi zituen, etorkizunean Jerusalem Berriko «hamabi oinarri[ak]» izateko (Ap. 21:2, 14). Baina apostolu hauek Jesus bere lurreko zerbitzuan zehar jarraitu behar zuten. Beraz, Jehobak Pedrori 109. Salmoa 8ko profezia ulertzen lagundu zion: «Har beza beste batek haren kargua». Jehobari esker, Pedrok profezia horrek Judasekin zerikusia zuela ulertu zuen.
21 Nola egin zen aukeraketa? Biblian ohikoa zen metodo bat erabiliz: zotz eginez (Esa. 16:33). Hau da Biblian zotz egitea aipatzen den azkeneko aldia. Badirudi espiritu santua isuri zenetik metodo hau zaharkituta gelditu zela. Baina kontuan hartu dezagun zergatik erabiltzen zen metodo hau. Apostoluek honakoa eskatu zioten Jainkoari: «Jehoba, guztion bihotzak ezagutzen dituzu. Erakutsi bi gizon hauetako zein aukeratu duzun» (Eg. 1:23, 24). Beraz, erabakia Jehobaren eskuetan utzi nahi zuten. Eta nor irten zen aukeratua Hamabien parte izateko? (Eg. 6:2). c Matias, ziurrenik Jesusek predikatzera bidali zituen 70 dizipuluetako bat.
22, 23. Zergatik obeditu behar ditugu gaur egun kongregazioan aurrea eramaten dutenak?
22 Pasarte honek Jainkoak bere herria antolatuta egotea nahi duela gogorarazten digu. Gaur egun ere, gizon arduratsuak aukeratzen dira kongregazioan arduradun izateko. Adindunek anaia baten izendapena gomendatu aurretik Bibliako baldintzak aztertzen dituzte eta espiritu santuaren gida eskatzen dute. Ondorioz, kongregazioko guztiok anaia hori espiritu santuz izendatua izan dela onartzen dugu. Horregatik, euren autoritatea onartzen dugu eta beraien jarraibideak obeditzen ditugu. Hau egiten dugunean, beste anai-arrebak ere elkarrekin lan egitera animatzen ditugu (Heb. 13:17).
23 Aztertu dugun bezala, Jesusen dizipuluak animatuta eta sendotuta sentitu ziren Jesus berpiztua ikusteagatik eta euren lana betetzeko antolakuntzan egin ziren aldaketengatik. Orain ondo prestatuta zeuden hurrengo kapituluan aztertuko dugun gertakariari aurre egiteko.
a Lukasek bere Ebanjelioan gizon hau «Teofilo gorena» hitzekin agurtzen du. Esamolde honetan oinarrituta, pertsona batzuek uste dute Teofilo ez zela kristaua eta pertsona garrantzitsua zela (Luk. 1:3, NWT). Eginak liburuan, aldiz, Lukasek «Ene Teofilo» deitzen dio, besterik gabe. Aditu batzuen arabera, Teofilo Lukasen Ebanjelioa irakurri ondoren kristau egin zen eta, horregatik, oraingoan ez dio titulu berarekin deitzen, eta anaia espiritual bati bezala zuzentzen zaio.
b Hemen Bibliak troʹpos, «modua», hitz grekoa erabiltzen du eta ez mor·feʹ, «forma» edo «itxura».
c Paulo, beranduago, «jentilen apostolu» edo nazioentzat apostolu izateko izendatu zuten. Baina inoiz ez zen Hamabietako bat izan (Erm. 11:13; 1 Ko. 15:4-8). Berak ezin izan zuen ohore berezi hori izan ez zuelako Jesus bere zerbitzuan zehar jarraitu.