6. KAPITULUA
Esteban: «Jainkoaren laguntzaz eta boterez beterik»
Estebanek Sanedrinaren aurrean eman zuen testigantza ausartetik ikasi dezakeguna
Eginak 6:8-8:3 pasartean oinarrituta
1-3. a) Zer egoera zaili aurre egin behar izan zion Estebanek, eta nola jokatu zuen? b) Zer galdera aztertuko ditugu?
ESTEBAN errespetu handia ematen duen gela batean dago, epaileen aurrean. Gela hau, ziurrenik, Jerusalemgo tenplutik gertu dago. Estebanen inguruan Sanedrinaren 71 epaileak daude zirkulu erdi bat osatuz, bera epaitzeko prest. Gizon horiek eragin handikoak eta boteretsuak dira, eta gehienek ez dute Jesusen dizipulu hau batere atsegin. Izan ere, Kaifas apaiz nagusiak bildu ditu, duela hilabete gutxi Jesu Kristo heriotzara kondenatu zuten epaiketan buru izan zen gizon berak. Ikaratuta al dago Esteban?
2 Zerbait berezia dago Estebanen aurpegian. Izan ere, «aingeru batena bezalakoa» dela ikusten dute epaileek (Eg. 6:15). Aingeruek Jehobaren mezua eramaten dutenez, beldurrik ez izateko eta lasai egoteko arrazoiak dituzte. Eta horixe da Estebani gertatzen ari zaiona. Epaileek argi ikusten dute bere lasaitasuna, nahiz eta gorrotoak itsututa dauden. Baina nola da posible hain lasai egotea?
3 Kristauok asko ikasi dezakegu galdera horren erantzunetik. Baina, lehenik, aztertu dezagun zergatik zegoen Esteban horrelako egoera zailean. Nola defendatu zuen bere fedea egoera hori baino lehen? Eta nola imitatu dezakegu bera?
«Herria [...] aztoratu» zuten (Eginak 6:8-15)
4, 5. a) Zergatik zen Esteban oinarri baliotsua kongregazioarentzat? b) Zer eratan zegoen Esteban «Jainkoaren laguntzaz eta boterez beterik»?
4 Dagoeneko aurreko kapituluan ikusi dugun bezala, Esteban eratu berri zegoen kongregazioarentzat oinarri baliotsua zen. Izan ere, apostoluei apaltasunez laguntzeko prest egon ziren zazpi anaietako bat izan zen. Bere apaltasuna are nabarmenagoa gelditzen da Jainkoak abilezia askorekin bedeinkatu zuela jakitean. Eginak 6:8aren arabera, apostolu batzuk bezala, «gauza harrigarri eta mirari asko» egiteko gai zen. Gainera aipuak «Jainkoaren laguntzaz eta boterez beterik» zegoela esaten du. Zer esan nahi du horrek?
5 Hemen «Jainkoaren laguntza» itzuli den hitz grekoak «atsegintasuna» ere esan nahi dezake. Zalantzarik gabe, Esteban atsegina eta jatorra zen, eta jendea berarengana erakarria sentitzen zen. Bere entzuleak bere hitzak zintzoak eta lagungarriak zirela konbentzitzeko gai zen. Bestalde, pasarteak «boterez beterik» zegoela esaten du. Zergatik? Apaltasunez, espiritu santuari bere bizitzan eragina izaten uzten ziolako. Ez zen bere dohain eta abileziengatik harrotu. Horren ordez, Jehobari eman zion aintza eta jendeaz kezkatzen zela erakutsi zuen. Ez da harritzekoa, hortaz, bere aurkariek Esteban etsai arriskutsu bezala ikustea.
6-8. a) Zertaz salatu zuten Esteban, eta zergatik? b) Zergatik lagunduko digu Estebanen ereduak?
6 Gizon batzuk Estebanekin eztabaidatzera joan ziren. Baina «ezin zioten aurre egin; izan ere, jakinduriaz eta espirituz beterik hitz egiten zuen». a Zuzen zeudela frogatu ezinik, «ezkutuan, gizon batzuk konbentzitu zituzten» Jesu Kristoren jarraitzaile errugabe honen aurka salaketa faltsuak egiteko. Gainera, «herria, adindunak eta lege maisuak aztoratu zituzten eta, orduan, Esteban [...] indarrez harrapatu eta Sanedrinaren aurrera eraman zuten» (Eg. 6:9-12). Aurkariek honakoaz salatu zuten: Moisesen eta Jainkoaren aurka blasfemiak esateaz. Zergatik egin zuten salaketa hori?
7 Alde batetik, Jainkoaren aurka blasfemiak esateaz salatu zuten. Zergatik? «Toki santu honen aurka», hau da, Jerusalemgo tenpluaren aurka, hitz egin omen zuelako (Eg. 6:13). Eta bestetik, Moisesen aurka blasfemiak esateaz salatu zuten. Zer dela eta? Moisesen Legearen aurka hitz egin eta Moisesek erakutsitako ohiturak aldatzen saiatu omen zelako. Salaketa hori oso larria zen. Izan ere, garai hartako juduentzat oso garrantzitsuak ziren tenplua, Moisesen Legearen xehetasunak eta Legeari gehitu zizkioten ahozko tradizio ugariak. Horrela, Esteban hiltzea merezi zuen gizon arriskutsua zela erakutsi nahi izan zuten!
8 Tamalez, ohikoa da pertsona erlijiosoek horrelako taktikak erabiltzea Jainkoaren zerbitzariei trabak jartzeko. Gaurdaino, aurkari erlijiosoek batzuetan agintariak aztoratu eta bultzatzen dituzte Jehobaren lekukoak pertsegitzeko. Nola erantzun beharko genuke akusazio faltsuen aurrean? Estebanen ereduak lagunduko digu.
«Aintzaren Jainkoa[ren]» aldeko testigantza ausarta (Eginak 7:1-53)
9, 10. Zer esan dute aditu batzuek Estebanek Sanedrinaren aurrean egindako defentsari buruz, eta zer gogoratu behar dugu?
9 Hasieran aipatu den bezala, Estebanek bere aurkako salaketak entzuten zituen bitartean, lasai-lasai zegoenez, bere aurpegiak aingeru batena zirudien. Orduan, Kaifasek galdetu zion: «Egia al da hori?» (Eg. 7:1). Orain, Estebanen hitz egiteko txanda zen eta egoera ondo aprobetxatu zuen.
10 Aditu batzuek Estebanen hitzaldia kritikatu dute. Diotenez, nahiz eta asko hitz egin, ez zuen frogatu errugabea zenik. Baina, hala izan al zen? Ez. Izan ere, Estebanen hitzaldiak berri onak nola defendatu behar diren bikain erakutsi zuen (1 Ped. 3:15). Gogoratu dezagun zertaz salatu zuten Esteban: alde batetik, Jainkoaren aurka blasfemiak esateagatik, itxuraz tenpluaren kontra hitz egitean; bestetik, Moisesen aurka blasfemiak esateagatik, ustez Legea kritikatzean. Horregatik, Estebanek Israelgo historiaren hiru garai laburbildu zituen, hainbat ideia nagusi azpimarratuz. Azter ditzagun banan-banan hiru garai horiek.
11, 12. a) Zergatik aipatu zuen Estebanek Abraham? b) Zergatik izan zen garrantzitsua Jose aipatzea Estebanen hitzaldian?
11 Patriarken garaia (Eg. 7:1-16). Esteban Abrahami buruz hitz egiten hasi zen. Bai berak, bai beste juduek, errespetu handia zioten patriarka honi. Beraz, guztiek onartzen zuten ideia bat aprobetxatuz, Jehoba, «aintzaren Jainkoa», Abrahami Mesopotamian agertu zitzaiola azpimarratu zuen (Eg. 7:2). Promestutako lurraldean bizi izan zenean, atzerritarra izan zen eta ez zuen tenplurik izan, ezta Moisesen Legerik ere. Hortaz, nola esan zezakeen norbaitek Jainkoa zerbitzatzeko antolaketa horiek nahitaezkoak zirenik?
12 Abrahamen ondorengoa izan zen Jose ere asko estimatzen zuten Estebanen entzuleek. Joseren anaiek, Israelgo leinuen aitek, gizon zuzen hura pertsegitu eta esklabo izateko saldu zutela gogorarazi zien Estebanek. Hala ere, Jainkoak Israel gosetetik libratzeko erabili zuen. Estebanek argi ikusi zuen Jose eta Jesu Kristoren artean antzekotasunak zeudela. Baina ez zuen horri buruz hitz egin entzuleek bere hitzaldia entzuten jarraitu zezaten.
13. Nola erakutsi zuen Estebanek Moisesi buruz esan zuenak bere aurkariak oker zeudela, eta zer egia biribil utzi zuen argi?
13 Moisesen garaia (Eg. 7:17-43). Estebanek luze eta zabal hitz egin zuen Moisesi buruz. Hori egitea erabaki zuhurra izan zen. Izan ere, Sanedrinaren kide asko saduzearrak ziren eta horiek Moisesek idatzi ez zituen Biblia liburu guztiak baztertzen zituzten. Gogoratu, gainera, Esteban Moisesen aurka blasfemiak esateagatik salatu zutela. Baina, Estebanek bere hitzekin argi erakutsi zuen Moisesi eta Legeari errespetu handia ziela (Eg. 7:38). Nahiz eta Moises bere anaiak salbatzen saiatu zen, hauek baztertu egin zutela ere aipatu zuen Estebanek. Izan ere, 40 urte zituenean, israeldarrak bere aurka jarri ziren eta, 40 urte geroago, bere buruzagitza hainbatetan baztertu zuten. b Pixkanaka-pixkanaka, Estebanek egia biribil bat argi utzi zuen: Jainkoaren herriak behin eta berriz baztertzen zituela Jehobak bere herria gidatzeko aukeratzen zituen gizonak.
14. Zer bi ideia aipatu zituen Estebanek Moisesen ereduan oinarrituz?
14 Jainkoak Moises bezalako profeta bat izendatuko zuela aurresan zuen Moisesek, eta Estebanek horixe gogorarazi zien bere entzuleei. Nor izango zen profeta hura eta zer harrera egingo zioten? Estebanek erantzuna amaierarako utzi zuen. Bitartean, beste ideia nagusi bat azpimarratu zuen: Moisesek edozein lurzoru santu bihurtu daitekeela ikasi zuela. Horixe gertatu zen Jehobak sutan zegoen sasitik hitz egin zionean; lurra santu bihurtu zen. Beraz, egon al daiteke mugatuta Jehobaren adorazioa Jerusalemgo tenplua bezalako eraikin soil batera? Ikus dezagun.
15, 16. a) Zergatik aipatu zuen Estebanek tabernakulua bere arrazoiketan? b) Nola erabili zuen Estebanek Salomonen tenplua bere hitzaldian?
15 Tabernakuluaren eta tenpluaren garaia (Eg. 7:44-50). Estebanek Sanedrinari beste ideia bat gogorarazi zion. Jerusalemen tenplua izan aurretik, Jainkoak bera adoratzeko Moisesi alde batetik bestera eraman zitekeen denda bat, tabernakulua, egiteko esan zion. Moisesek berak Jehoba bertan adoratu bazuen, nor ausartuko zen tabernakuluak tenpluak baino garrantzi gutxiago zuela esatera?
16 Beranduago, Salomonek Jerusalemgo tenplua eraiki zuenean, Jehobak inspiratuta ikasgai baliotsu bat aipatu zuen otoitzean. Salomonek esandakoa honela adierazi zuen Estebanek bere hitzetan: «Goi-goikoa ez da eskuz egindako etxeetan bizi» (Eg. 7:48; 2 Kro. 6:18). Jehobak tenplu bat erabili dezake bere helburua betetzeko. Baina bera ez dago eraikin batera mugatuta. Orduan, zergatik pentsatu beharko lukete bere adoratzaileek adorazio garbia eskuz egindako etxe batera mugatuta dagoela? Estebanek amaiera bikaina eman zion bere arrazoiketari Isaias liburutik aipatuz: «Zerua da nire tronua, eta lurra nire oin aulkia. Nolako etxea eraikiko didazue?, dio Jehobak. Edo non da nire atseden lekua? Ez al ditu nire eskuak egin gauza guzti hauek?» (Eg. 7:49, 50; Is. 66:1, 2).
17. a) Nola utzi zuen Estebanek agerian bere salatzaileen jarrera okerra? b) Nola frogatu zuen bere hitzaldian errugabea zela?
17 Pentsatu dezagun Estebanek orain arte lortutakoan: bere salatzaileen jarrera okerra trebetasun handiz agerian uztea. Jehoba malgua dela eta bere helburua modu desberdinetan bete dezakeela erakutsi zuen. Ez dago Jehoba mugatu dezakeen egoerarik, ezta tradiziorik ere. Jerusalemgo tenplu ederrak eta Moisesen Legeari gehitutako gizakien tradizioek liluratuta zituzten Estebanen entzuleak. Baina ez zuten ulertzen Jehobak zergatik eman zizkien Legea eta tenplua! Esteban, nolabait, honako galdera garrantzitsua egiten ari zen: Ez al da Jehoba obeditzea Legea eta tenplua errespetatzeko modurik hoberena? Beraz, Estebanek modu paregabean defendatu zuen errugabea zela. Izan ere, Jehoba ahal zuen modurik hoberenean obeditu zuen.
18. Zer eratan imitatu behar dugu Esteban?
18 Zer ikasi dezakegu Estebanen hitzalditik? Estebanek oso ondo ezagutzen zituen Idazkiak. Era berean, guk ere «egiaren mezua zuzen irakasten duena» bezalakoak izan behar dugu, Jainkoaren Hitzaren ikasle arduratsuak izanez (2 Tim. 2:15). Bestalde, Esteban bezala, atseginak izan behar garela eta errespetua erakutsi behar dugula ikasten dugu. Bere entzuleak ezin ziren okerragoak izan! Hala ere, ahalik eta denbora gehien guztiak ados zeuden gaiei buruz hitz egitea lortu zuen, gauza horiek beraientzat garrantzitsuak zirelako. Gainera, errespetuz tratatu zituen, adinekoei «aita» deituz (Eg. 7:2). Guk ere Jainkoaren Hitzeko egiei buruz «apaltasunez eta errespetuz» hitz egin behar dugu (1 Ped. 3:15, 16).
19. Zer epai mezu eman zuen Estebanek ausardiaz?
19 Hala ere, ez diogu Bibliako egiak esateari utziko jendea haserretzeko beldur izateagatik. Gainera, ez ditugu Jehobaren epai mezuak leunduko. Estebanek honetan ere eredu ona jarri zigun. Ziurrenik, Estebanek argi ikusi zuen bere arrazoiketak ez zuela eraginik izan epaile bihotz-gogor horiengan. Beraz, espiritu santuak bultzatuta, Jose, Moises eta profeta guztiak ukatu zituzten euren arbasoak bezalakoak zirela esan zien. Horrela amaitu zuen bere hitzaldia ausardiaz (Eg. 7:51-53). Izan ere, Sanedrinaren epaile horiek izan ziren Moises eta profeta guztiek aurresandako Mesias hil zutenak. Ez zegoen Moisesen Legea hausteko modu okerragorik!
«Jesus Jauna, hartu nire espiritua» (Eginak 7:54-8:3)
20, 21. Nola erantzun zuen Sanedrinak Estebanen hitzen aurrean, eta nola indartu zuen Jehobak Esteban?
20 Estebanek esandako egiak ezin izan zituztenez ezeztatu, epaile horiek euren onetik atera ziren eta, duintasun guztia galduz, hortz karraskaka hasi ziren. Dudarik gabe, gizon leial horrek Jesus bere Jaunak bezala gupidarik ez zuela jasoko nabarituko zuen.
21 Estebanek ausardia behar zuen etorriko zitzaionari aurre egiteko eta, zalantzarik gabe, asko animatuko zuen Jehobak ikusarazi zion ikuskariak. Jainkoaren aintza eta Jesus Jehobaren eskuinaldean eserita ikusi zituen. Estebanek ikuskaria deskribatzen zuen heinean, epaileek eskuekin belarriak estali zituzten. Zergatik? Duela gutxi, Jesusek epaimahai berari Mesias zela eta laster bere Aitaren eskuinaldean egongo zela esan ziolako (Mar. 14:62). Estebanen ikuskariak Jesusek egia esan zuela frogatu zuen. Sanedrin horrek Mesias traizionatu eta hil zuen! Orduan, denek batera Esteban hartu eta harrikatzera eraman zuten. c
22, 23. Zer eratan izan zen Estebanen heriotza bere Maisuarena bezalakoa, eta zergatik izan dezakegu gaur egungo kristauok Estebanek izan zuen konfiantza berdina?
22 Esteban bere Maisua bezala hil zen: bihotza bakez eta Jehobarengan konfiantzaz beteta, eta bere hiltzaileei barkatuz. Agian, oraindik Gizonaren Semea Jehobaren ondoan ikusten jarraitzen zuen ikuskarian eta, horregatik, honakoa esan zuen: «Jesus Jauna, hartu nire espiritua». Zalantzarik gabe, Estebanek Jesusen honako hitz animagarriak ondo ezagutzen zituen: «Neu naiz piztuera eta bizia» (Joan 11:25). Azkenik, Estebanek ahots ozenez Jainkoari otoitz egin zion: «Jehoba, ez iezaiezu bekatu hau leporatu». Hau esan ondoren, lo hartu zuen heriotzean (Eg. 7:59, 60).
23 Esteban Jesu Kristoren jarraitzaileen artean Biblian aipatzen den lehen martiria da (Ikusi « Zer zentzutan izan zen Esteban “martiri”?» taula). Tamalez, ez zen azkena izango. Historian zehar gaur egun arte, fanatiko erlijioso, estremista politiko eta beste aurkari gupidagabe batzuek Jehobaren zerbitzari leialak hil dituzte. Hala ere, Estebanek bezala, Jehobarengan konfiantza izateko arrazoiak ditugu. Izan ere, dagoeneko Jesus Errege da eta Jehobak botere paregabea eman dio. Ezerk ez dio bere jarraitzaile leialak berpiztea eragotziko (Joan 5:28, 29).
24. Nola hartu zuen parte Saulok Estebanen hilketan, eta zer ondorio positibo ekarri zituen gizon leial horren heriotzak?
24 Gertatzen ari zen guztiari begira Saulo izeneko gizon gazte bat zegoen. Berak ontzat eman zuen Estebanen hilketa, eta Esteban harrikatzen ari zirenen mantuak ere gorde zituen. Handik gutxira, Saulo Jesusen dizipuluak krudelkeriaz pertsegitzen hasi zen. Baina Estebanen heriotzak luzera ondorio positiboak ekarri zituen. Bere ereduak beste kristau batzuk Jehobari heriotza arte leial mantentzeko indartu zituen. Are gehiago, Saulo, beranduago Paulo izenarekin ezagutuko zutena, Estebanen heriotzan izan zuen parte-hartzeagatik sakonki damutu zen (Eg. 22:20). Paulok berak honakoa onartu zuen: «Biraolari, pertsegitzaile eta laidoztatzaile [iraintzaile] izan nintzen» (1 Tim. 1:13). Argi dago Paulok ez zuela inoiz Esteban ahaztu, ezta egun hartan honek eman zuen hitzaldi boteretsua ere. Izan ere, Paulok bere hitzaldi eta idazki batzuetan Estebanen hitzaldiko gai batzuk jorratu zituen (Eg. 7:48; 17:24; Heb. 9:24). Denborarekin, Paulok «Jainkoaren laguntzaz eta boterez beterik» zegoen gizon haren fede eta ausardia eredua jarraitzea lortu zuen. Guk ere Esteban imitatu dezakegu!
a Aurkari horietako batzuk «Askatuen Sinagoga» deitutako sinagogako gizonak ziren. Nortzuk ziren horiek? Agian, Erromak harrapatutako eta ondoren askatutako juduak ziren; edo, beharbada, judu berri egindako eta askatutako esklabuak ziren. Batzuk ziliziarrak ziren, Tarsoko Saulo bezala. Baina pasarteak ez du aipatzen Saulo Estebanekin eztabaidan zeuden ziliziarren artean zegoenik.
b Estebanen hizketaldian, Biblian beste inon aurkitu ezin dugun informazioa dago, esaterako, zer hezkuntza jaso zuen Moisesek Egipton, zenbat urterekin egin behar izan zuen ihes Egiptotik lehen aldiz eta Madianen zenbat denbora egon zen.
c Erromatar legearen arabera, seguruenik Sanedrinak ez zuen inor heriotzara kondenatzeko eskubiderik (Joan 18:31). Nolanahi ere, Esteban ez zen arrazoi judizial batengatik exekutatua izan; amorratutako jendetza batek hil zuen.