Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

7. KAPITULUA

«Jesusi buruzko berri onak [...] predikatzen»

«Jesusi buruzko berri onak [...] predikatzen»

Felipe imitatzeko moduko ebanjelizatzailea izan zen

Eginak 8:4-40 pasartean oinarritua

1, 2. Zer gertatu zen aurkariek Jainkoaren herriari predikatzea eragozten saiatu zirenean?

 PERTSEKUZIO bolada bortitz bat sortu da kristauen aurka, eta Saulo kongregazioa «krudelkeriaz erasotzen» hasi da (Eg. 8:3). Dizipuluek Jerusalemdik ihes egin dute eta, badirudi, kristautasuna itzaltzeko Sauloren helburua beteko dela. Baina sakabanatze honen ondorioz, harrigarria den zerbait gertatzen da. Ikus dezagun gertatutakoa.

2 Handik gutxira, Jerusalemdik ihes egin duten horiek «Jainkoaren hitzari buruzko berri onak zabaltzen» hasten dira joaten diren tokietan (Eg. 8:4). Imajinatu ezazu! Pertsegitzaileek berri onak geldiaraztea lortu ordez, mezu hau zabaltzen lagundu dute! Dizipuluak sakabanatzean, pertsegitzaileek predikazioa are urrunago zabaltzea posible egiten dute. Ikusiko dugun bezala, gaur egun ere antzeko zerbait gertatu da.

«Sakabanatu» zirenak (Eginak 8:4-8)

3. a) Nor zen Felipe? b) Zergatik ez zituen Samariako jende gehienak oraindik berri onak entzun? Zer aurresan zuen Jesusek Samariari buruz?

3 Felipe a, sakabanatua izan zen horietako bat, Samariara joan zen (Eg. 8:4; ikusi « Felipe “ebanjelizatzailea”» taula). Bertako jende gehienak ez zituen oraindik berri onak entzun. Zergatik? Jesusek honakoa agindu zielako bere apostoluei: «Ez sartu Samariako hiri bakar batean ere. Horren ordez, joan behin eta berriro Israel nazioko ardi galduengana» (Mat. 10:5, 6). Hala ere, Jesusek bazekien denborarekin samariarrek testigantza osoa jasoko zutela. Izan ere, zerura igo aurretik honakoa aurresan zuen: «Nire lekuko izango zarete Jerusalemen, Judea eta Samaria osoan, eta lurraren azken txokoraino» (Eg. 1:8).

4. Nola erantzun zioten samariarrek Feliperen predikazioari, eta zergatik ez da harritzekoa horrela erantzutea?

4 Felipek Samaria «uztarako horitua» zegoela ikusi zuen (Joan 4:35). Bere mezua aire freskoa bezalakoa izan zen han bizi zirenentzat. Zergatik? Juduek ez zutelako samariarrekin harremanik eta batzuek gorrotatu ere egiten zituztelako. Gainera, fariseuek aurreiritzi asko zituzten, eta besteak baino hobeagoak zirela pentsatzen zuten. Baina Felipe oso ezberdina zen. Berri onak gogo onez predikatu zizkien guztiei bereizketarik egin gabe. Ez da harritzekoa, hortaz, samariarrak Felipek «esaten zuenari adi-adi» egotea (Eg. 8:6).

5-7. Nola lagundu izan du pertsekuzioak berri onak zabaltzen? Aipatu adibide batzuk.

5 Gaur egun, lehen mendean bezala, pertsekuzioak ezin izan du Jehobaren herriaren predikazioa geldiarazi. Izan ere, kristauak kartzelaratu edo beste lurralde batean bizitzera behartzen dituztenean, lortzen duten gauza bakarra Erreinuaren mezua leku berrietan zabaltzea da. Bigarren Mundu Gerran zehar, adibidez, Lekukoek nazien kontzentrazio eremuetan testigantza paregabea eman zuten. Eremu horietako batean Lekukoekin egon zen judu batek honakoa dio: «Preso zeuden Jehobaren lekukoen ausardiak euren sinesmenak Idazkietan oinarrituta zeudela konbentzitu ninduen. Beraz, ni ere Lekuko egin nintzen».

6 Batzuetan, pertsegitzaileek ere mezua entzun eta onartu egiten dute. Adibidez, Franz Desch izeneko Lekukoa, Austriako Gusen kontzentrazio eremura eraman zutenean, SStako ofizial batekin Biblia aztertzeko aukera izan zuen. Imajinatu beraien poza, urteak pasata, biltzar batean elkar ikusi zutenean eta biak Erreinuaren berriemaileak zirela jakitean!

7 Antzeko zerbait gertatzen da kristauek beste herrialde batera ihes egin behar dutenean pertsekuzioarengatik. 70. hamarkadan, adibidez, Malawiko Lekukoek Mozambikera ihes egin behar izan zuten eta, han, testigantza handia eman ahal izan zuten. Beranduago, nahiz eta Mozambiken ere pertsekuzioa hasi zen, predikatze lanak aurrera egin zuen. Francisco Coana anaiak honakoa kontatzen du: «Egia da, gutako batzuk hainbatetan atxilotuak izan ginen predikatzeagatik. Baina pertsona askok Erreinuaren mezua onartzean, Jainkoak lehen mendeko kristauei lagundu zien bezala, guri ere laguntzen ari zitzaigula argi ikusi genuen».

8. Zer eragin izan dute gerrek eta lan faltak predikatze lanean?

8 Noski, kristautasuna ez da hainbeste lurraldetan pertsekuzioarengatik soilik zabaldu. Azken urteotan, jende askok bere herrialdea utzi behar izan du gerragatik edo lan faltarengatik. Ondorioz, berri onak entzuteko eta Biblia aztertzeko aukera izan dute herrialde berrian. Hainbeste errefuxiaturen etorrerarekin, hizkuntza askotan predikatzeko beharra agertu da. Saiatzen ari al zara zure eremuan «nazio, arraza, herri eta hizkuntza guztietako» jendeari predikatzen? (Ap. 7:9).

«Emadazue niri ere botere hori» (Eginak 8:9-25)

«Eskuak gainean ezarriz espiritua ematen zutela ikustean, Simonek dirua eskaini zien apostoluei». (Eginak 8:18)

9. Nor zen Simon, eta, dirudienez, zerk eman zion atentzioa Feliperen inguruan?

9 Felipek Samarian mirari asko egin zituen. Adibidez, elbarriak sendatu eta espiritu gaiztoak jendearengandik atera zituen (Eg. 8:6-8). Bazen gizon bat Feliperen dohainak bereziki harritu zuena: Simon. Honek magia praktikatzen zuen, eta jendea liluratuta zegoen berarekin. Honakoa esatera ere iritsi ziren: «Gizon hau Jainkoaren Boterea da». Baina Simonek Felipe mirariak egiten ikusi zuenean, Felipe Jainkoaren benetako boterea erabiltzen ari zela konturatu zen, eta sinestuna egin zen (Eg. 8:9-13). Hala ere, beranduago, bere motibazioa probapean jarri zen. Nola?

10. a) Zer egin zuten Pedrok eta Joanek Samarian? b) Zer egin zuen Simonek Pedro eta Joanen boterea ikustean?

10 Apostoluek Samarian jende asko kristau egiten ari zela entzun zutenean, Pedro eta Joan bidali zituzten hara (Ikusi « Pedrok “Erreinuko giltzak” erabiltzen ditu» taula). Iritsi zirenean, bi apostoluek eskuak ezarri zizkieten gainean dizipulu berriei eta, gero, espiritu santua jasotzen hasi ziren. b Simonek hori ikusi zuenean, jakinmina piztu zitzaion. Beraz, honakoa esan zien apostoluei: «Emadazue niri ere botere hori, horrela, norbaiti eskuak gainean ezartzen badizkiot, espiritu santua jasoko du». Dirua ere eskaini zien gaitasun hori erosi nahian (Eg. 8:14-19).

11. Zer aholkatu zion tinkotasunez Pedrok Simoni, eta nola erantzun zuen Simonek?

11 Pedrok tinkotasunez honakoa erantzun zion Simoni: «Lehertu dadila zure zilarra zurekin batera, zeren Jainkoaren oparia diruz lortu dezakezula pentsatu duzu. Kontu honetan ez duzu zerikusirik; Jainkoaren ikuspuntutik ez duzu bihotz zintzorik». Ondoren, honakoa egitea gomendatu zion: «Damutu zure gaiztakeriaz, eta erregutu Jehobari, ahal bada, bihotzean duzun asmo txar hau barkatzeko». Antza denez, Simon ez zen gizon gaiztoa; ondo zegoena egin nahi zuen, baina, momentu horretan, bere desio txarrak jarraitu zituen. Beraz, honakoa eskatu zien apostoluei: «Erregutu Jehobari nire alde, esan didazuen ezer bete ez dadin» (Eg. 8:20-24).

12. Zer da «simonia», eta zenbateraino zabaldu zen kristautasun faltsuan?

12 Pedrok Simoni esan zizkion hitzak gaur egungo kristauontzako ohartarazpenak dira. Izan ere, «simonia» hitzaren jatorria gertakari honetan dago. Hitz honek postu erlijiosoak erosi edo saltzearen ekintza adierazten du. Kristautasun faltsuaren historia jokaera honetaz josita dago. Izan ere, aita santua aukeratzeko kardinalen bilerei buruz hitz egitean, entziklopedia famatu batek honakoa esan zuen 1878​an: «Ez da inoiz simoniarik gabeko hautaketarik egon eta, askotan, jokaera hau modu larri eta lotsagabean gertatu da inori ezkutatu gabe» (The Encyclopædia Britannica, 9. edizioa).

13. Nola baztertu dezakegu simonia?

13 Kristauok kongregazioan postuak erosi edo saltzearen bekatua baztertu behar dugu. Adibidez, ez litzateke ondo egongo ardurak dituzten anaiei opari asko egitea edo gehiegi goraipatzea gero mesedeak eskatzeko, esaterako, kongregazioan eginkizunak ematea. Bestalde, ardurak dituztenek ez dituzte hobetzat hartu behar diru asko dutenak. Bi egoerak simonia dira. Jainkoaren zerbitzari guztiek euren burua «txikiena» bezala ikusi beharko lukete, Jehobaren espirituak izendapenak egin ditzan utziz (Luk. 9:48). Lekuz kanpo dago Jainkoaren erakundean «ohore gehiegiren atzetik ibiltzea» (Esa. 25:27).

«Ulertzen al duzu irakurtzen ari zarena?» (Eginak 8:26-40)

14, 15. a) Nor zen etiopiar eunukoa, eta nola aurkitu zuen Felipek? b) Nola erantzun zion etiopiarrak Feliperen mezuari, eta nola dakigu ez zela azkarregi bataiatu? (Ikusi oharra)

14 Bueltatu gaitezen Feliperen pasartera. Jehobaren aingeruak Feliperi Jerusalemdik Gazara jaisten den bidera joateko esan zion. Felipek, agian, ez zuen jakingo zergatik joan behar zuen bide horretara. Baina bidean etiopiar eunuko bat «Isaias profetaren liburua ozen irakurtzen ari zela» ikusi zuenean, arrazoia zein zen ulertuko zuen (Ikusi « Eunukoa ala gorteko funtzionarioa?» taula). Jehobaren espiritu santuak Felipe gizon horren gurdira gerturatzera bultzatu zuen. Gurdiaren ondoan korrika zihoala, honakoa galdetu zion: «Ulertzen al duzu irakurtzen ari zarena?». Eta etiopiarrak, orduan, erantzun zion: «Nola ulertuko dut, ba, esanahia inork argitzen ez badit?» (Eg. 8:26-31).

15 Etiopiarrak Feliperi gurdira igotzeko eskatu zion. Imajinatu zer-nolako elkarrizketa izango zuten! Mendeetan zehar, Isaiasen profeziako «ardia» edo «zerbitzaria» nor izango zen misterio bat izan zen (Is. 53:1-12). Baina, bidean, Felipek etiopiarrari profezia hori Jesu Kristorengan bete zela azaldu zion. Kristo ondorengo 33. urteko Pentekostean bataiatu zirenek bezala, dagoeneko judu berria zen etiopiarrak berehala jakin zuen zer egin behar zuen. Feliperi esan zion: «Begira! Ura! Zer arrazoi daukat ez bataiatzeko?». Segituan, Felipek etiopiarra bataiatu zuen (Ikusi « Bataiatzeko “uretan sartu” zen» taula). c Gero, Jehobaren espirituak Felipe Axdodera gidatu zuen eginkizun berri batera eta, han, berri onak zabaltzen jarraitu zuen (Eg. 8:32-40).

16, 17. Nola hartzen dute parte gaur egun aingeruek predikatze lanean?

16 Gaur egun, kristauok Felipe aritu zen lan berberean aritzeko ohorea daukagu. Edozein egoeratan informalki predikatzen dugu, esaterako, bidaiatzen dugunean. Argi dago, askotan, bihotz oneko pertsonekin topo egitea ez dela kasualitatea. Hau ez da harritzekoa. Izan ere, Bibliak aingeruek predikatze lana gidatzen dutela dio, mezua «nazio, arraza, hizkuntza eta herri guztiei» zabaltzeko (Ap. 14:6). Jesusek, hain zuzen ere, horixe gertatuko zela aurresan zuen. Hazi ona eta belar txarraren konparaketan, uzta garaian, hau da, sistemaren amaieran «uzta biltzaileak, aingeruak» izango zirela esan zuen. Aingeru horiek «bekatura eramaten duten gauza guztiak eta legea hausten duten pertsonak, bere Erreinutik» aterako zituztela gehitu zuen (Mat. 13:37-41). Aldi berean, Jehoba aingeruak erabiltzen ari da zeruan agintzeko esperantza dutenak eta «gizatalde handi bat» osatzen duten «beste ardi batzuk» biltzeko eta bere herriaren parte izateko (Ap. 7:9; Joan 6:44, 65; 10:16).

17 Hau horrela dela argi ikusten da, askotan, predikatzean Jainkoari gida eskatzen ari diren pertsonak aurkitzen ditugulako. Ikus dezagun predikatzen ari ziren bi Lekuko eta haur bati gertatutakoa. Eguerdi aldera, bi Lekukoak predikatzeari uzteko zorian zeuden. Baina, orduan, haurrak hurrengo etxeko atea jotzeko ezohiko irrika izan zuen, eta bere kabuz jo zuen! Neska batek ireki zuen atea eta bi Lekukoak berarengana gerturatu ziren hitz egiteko. Lekukoak harrituta gelditu ziren neskak otoitz bat egin berri zuela esan zienean. Otoitz horretan, Jainkoari Biblia ulertzen laguntzeko norbait bidaltzeko eskatu zion. Beraz, Biblia ikastaro bat onartu zuen!

«Jainkoa, nor zaren ez dakit, baina lagundu, mesedez»

18. Zergatik ez dugu predikazioari diogun estimua galdu behar?

18 Kristau guztiek bezala, zuk ere ohore paregabe bat duzu: aingeruekin batera mundu mailako predikazioan parte hartzea. Ez ezazu inoiz galdu ohore horri diozun estimua. Beraz, segi gogotsu predikatzen eta, besteei «Jesusen berri onei buruz» hitz egitean, poz handia sentituko duzu (Eg. 8:35).

a Hau ez da Felipe apostolua. Liburu honen 5. kapituluan ikusi dugun bezala, «izen oneko zazpi gizon» aukeratu ziren Jerusalemgo kristau alargunentzako eguneroko janari banaketa antolatzeko. Aipatzen ari garen Felipe «zazpi gizon» horietako bat izan zen (Eg. 6:1-6).

b Dirudienez, garai hartako dizipulu berriek bataiatzen zirenean jasotzen zuten espiritu santua. Era horretara, etorkizunean Jesusekin zeruan errege eta apaiz izateko aukera zuten (2 Ko. 1:21, 22; Ap. 5:9, 10; 20:6). Baina, kasu honetan, dizipulu berriak bataiatzean, ez ziren gantzutuak izan. Horren ordez, espiritu santua eta horrekin lotutako dohainak Pedrok eta Joanek eskuak ezarri zizkietenean jaso zituzten.

c Etiopiarra ez zen azkarregi bataiatu, egiten ari zena ulertu gabe. Judu berria zenez, etiopiarrak dagoeneko Idazkiak ezagutzen zituen, Mesiasi buruzko profeziak barne. Orain, Jainkoaren helburuan Jesusen eginkizuna zein zen ulertzen zuenez, momentu hartan bertan bataiatu ahal zen.