8. KAPITULUA
«Kongregazioentzat bake garaia hasi zen»
Saulo pertsegitzaile krudela izatetik predikatzaile sutsua izatera iristen da
Eginak 9:1-43 pasartean oinarrituta
1, 2. Zer egin nahi zuen Saulok Damaskon?
GIZON batzuk Damaskora iristear daude eta ez dute batere intentzio onik. Hainbeste gorrotatzen dituzten Jesusen dizipuluak euren etxeetatik arrastaka atera, umiliatu eta lotuta Jerusalemera eraman nahi dituzte Sanedrinak zigortu ditzan.
2 Gizon taldearen buruzagiak Saulo du izena. a Gizon hau dagoeneko hilketa batean murgilduta egon da. Duela gutxi judu fanatiko batzuek Esteban, Jesusen dizipulu leiala, harrikatzen ikusi eta ekintza hau ontzat eman du (Eg. 7:57-8:1). Saulok ez du nahikoa Jesusen jarraitzaileak Jerusalemen pertsegitzearekin eta beste hiri batzuetan ere dizipuluak bortizki erasotzen hasten da. Zein da bere helburua? «Bidea» izenarekin ezaguna den sekta arriskutsua suntsitzea (Eg. 9:1, 2; ikusi « Zer autoritate zuen Saulok Damaskon?» taula).
3, 4. a) Zer gertatu zitzaion Saulori? b) Zer galdera erantzungo ditugu?
3 Bat-batean, argi distiratsu batek Saulo inguratzen du. Berarekin dauden gizonek argia ikusten dute eta, zur eta lur, hitzik esan ezinik gelditzen dira. Saulo, aldiz, itsututa lurrera erortzen da. Orduan, zerutik datorren ahots bat entzuten du: «Saulo, Saulo, zergatik pertsegitzen nauzu?». Nahastuta, galdetzen dio: «Nor zara, Jauna?». Saulo, seguruenik, harrituta gelditzen da erantzunarekin: «Jesus naiz, pertsegitzen ari zarena» (Eg. 9:3-5; 22:9).
4 Zer ikasi dezakegu Jesusek Saulori esandako lehen hitzetatik? Nola laguntzen digu Saulo Jesusen dizipulu egin zeneko gertakariak aztertzeak? Nola aprobetxatu zuen kongregazioak ondorengo bake garaia eta zer ikasten dugu horretatik?
«Zergatik pertsegitzen nauzu?» (Eginak 9:1-5)
5, 6. Zer ikasi dezakegu Jesusek Saulori esandako hitzetatik?
5 Jesusek Saulo Damaskora bidean gelditu zuenean, ez zion galdetu: «Zergatik pertsegitzen dituzu nire dizipuluak?». Horren ordez esan zion: «Zergatik pertsegitzen nauzu?» (Eg. 9:4). Argi dago, Jesusen jarraitzaileek sufritzen dutenean, Jesusek ere sufritzen du (Mat. 25:34-40, 45).
6 Beraz, zure fedearengatik pertsekuzioa jasaten ari bazara, ziur egon zaitezke Jehoba eta Jesus zure egoeraz konturatzen direla (Mat. 10:22, 28-31). Agian oraingoz ez da proba hori desagertuko. Gogoratu, Jesusek Saulo Estebanen heriotzan parte hartzen ikusi zuen, baita Jerusalemgo dizipuluak euren etxeetatik ateratzen ere (Eg. 8:3). Hala ere, Jesusek ez zuen une horretan pertsekuzio hori geldiarazi. Baina Jehobak, Jesu Kristoren bidez, Estebani eta beste dizipuluei leial mantentzeko indarra eman zien.
7. Zerk lagunduko dizu pertsekuzioari leial aurre egiten?
7 Zerk lagunduko dizu pertsekuzioari leial aurre egiten? Lehenik, gertatzen dena gertatzen dela, Jehobari leial izateko determinazioa izatea. Bigarrenik, Jehobari laguntza eskatzea (Flp. 4:6, 7). Hirugarrenik, mendekua Jehobari uztea (Erm. 12:17-21). Eta laugarrenik, proba kentzen dizun bitartean, Jehobak irauteko behar duzun indarra emango dizun konfiantza izatea (2 Ko. 4:7).
«Saulo, anaia, [...] Jesus Jaunak, zugana bidali nau» (Eginak 9:6-17)
8, 9. Nola sentituko zen Ananias bere asignazioa jasotzean?
8 Jesusek Saulori nor zen erantzun ondoren, honakoa agindu zion: «Altxa eta zoaz hirira. Han esango dizute zer egin behar duzun» (Eg. 9:6). Saulo itsu zegoenez, berarekin zihoazen gizonek Damaskoraino eraman zuten. Bertan, hiru egunez otoitz eta barau egin zuen. Bitartean, Jesusek hiri horretako dizipulu bati hitz egin zion Saulori buruz. Dizipulu horren izena Ananias zen eta «han bizi ziren judu guztiek ongi hitz egiten zuten berari buruz» (Eg. 22:12).
9 Imajinatu Ananiasek zer-nolako emozio nahastuak izango zituen! Berpiztutako Jesu Kristo, kongregazioko Burua, berarekin zuzenean hitz egiten ari zen eta bera aukeratu zuen asignazio berezi baterako. Hori bai ohore handia eta, aldi berean, eginkizun beldurgarria! Saulorekin hitz egin behar zuela entzun zuenean, Ananiasek honakoa erantzun zuen: «Jauna, jende askori entzun diot gizon honi buruz hitz egiten, Jerusalemeko zure dizipuluei zenbateko kaltea egin dien. Eta hemen apaizburuek autoritatea eman diote zure izenari dei egiten dioten guztiak atxilotzeko» (Eg. 9:13, 14).
10. Zer irakasten digu Jesusi buruz Ananias tratatu zuen moduak?
10 Jesusek ez zion Ananiasi errietarik egin bere kezka adierazteagatik. Horren ordez, jarraibide argiak eman zizkion. Gainera, duintasunez tratatu zuen ezohiko eginkizun hori egiteko arrazoia azalduz: «Gizon hau aukeratu dut nazioei nire izena eramateko, baita erregeei eta israeldarrei ere. Argi eta garbi erakutsiko diot nire izenagatik sufritu beharko duen guztia» (Eg. 9:15, 16). Ananiasek berehala obeditu zuen eta hainbeste anai-arreba pertsegitu zituen gizonarengana joan zen. Orduan esan zion: «Saulo, anaia, bidean zentozela agertu zitzaizun Jesus Jaunak, zugana bidali nau ikusmena berreskuratu dezazun eta espiritu santuz bete zaitezen» (Eg. 9:17).
11, 12. Zer ikasten dugu Jesus, Ananias eta Sauloren pasarte honetatik?
11 Zer ikasten dugu pasarte honetatik? Adibidez, Jesusek promestu zuen moduan, predikatze lana zuzentzen ari dela (Mat. 28:20). Egia da gaur egun ez duela zuzenean gizakiekin hitz egiten. Baina etxeko zerbitzarien kargu jarri duen morroi leialaren bitartez zuzentzen du lan hori (Mat. 24:45-47). Zuzendari Batzordeak gidatuta, berriemaile eta aitzindariek Jesu Kristo gehiago ezagutu nahi dutenak bilatzen dituzte. Aurreko kapituluan ikusi genuen moduan, horietako askok Jainkoari otoitz egin diote eta, ondoren, Lekukoen bisita jaso dute (Eg. 9:11).
12 Ananiasek Jesus obeditu zuen eta jasotako eginkizuna onartu zuen. Horregatik, Jehobak bedeinkatu egin zuen. Eta guk? Betetzen al dugu testigantza osoa emateko agindua, nahiz eta horrek urduri jarri? Etxez etxe joateak eta ezezagunekin hitz egiteak asko larritzen ditu berriemaile batzuk. Beste batzuentzat, aldiz, erronka handia da negozioetan, kalean, telefonoz edo gutun bidez predikatzea. Ananiasek bere beldurra gainditu eta Saulori espiritu santua jasotzen laguntzeko ohorea izan zuen. b Zerk lagundu zion Ananiasi bere asignazioa betetzen? Jesusengan konfiantza izateak eta Saulo bere anaia bezala ikusteak. Guk ere, Ananiasek bezala, gure beldurrak gaindituko ditugu hurrengoa egiten badugu: Jesusek predikatze lana gidatzen duen konfiantza izan, jendearengatik enpatia sentitu eta pertsonarik beldurgarrienak ere gure anai-arrebak izan daitezkeela gogoratu (Mat. 9:36).
«Berehala hasi zen [...] Jesusi buruz predikatzen» (Eginak 9:18-30)
13, 14. Biblia aztertzen ari bazara baina oraindik bataiatuta ez bazaude, zer ikasi dezakezu Sauloren eredutik?
13 Saulok berehala jarri zuen praktikan ikasitakoa. Sendatu orduko, bataiatu eta Damaskoko dizipuluekin elkartzen hasi zen. Ez hori bakarrik, «berehala hasi zen sinagogetan Jesusi buruz predikatzen, Jainkoaren Semea dela esanez» (Eg. 9:20).
14 Biblia aztertzen ari bazara baina oraindik bataiatuta ez bazaude, zer ikasi dezakezu Sauloren eredutik? Ikasitakoa praktikan jartzea oso garrantzitsua dela. Egia da, Saulok Jesu Kristoren mirari bat bere begiekin ikusi zuen. Eta horrek, zalantzarik gabe, ekinera bultzatu zuen. Baina beste pertsona batzuek ere Jesu Kristoren mirariak ikusi zituzten arren, ez zuten Jesus jarraitu nahi izan eta batzuk bera pertsegitzera ere iritsi ziren. Adibidez, fariseu talde batek Jesus eskua elbarri zuen gizon bat sendatzen ikusi zuen. Eta judu askok zekiten Jesusek Lazaro berpiztu zuela (Mar. 3:1-6; Joan 12:9, 10). Baina Saulo ez zen beraiek bezalakoa izan eta bere buru-bihotzak aldatzeko prest egon zen. Zergatik? Jainkoari gizakiari baino errespetu handiagoa ziolako eta bihotzez eskertzen zuelako Jesu Kristok erakutsitako errukia (Flp. 3:8). Saulo imitatzen baduzu, ezerk ez dizu predikatzea eta bataiorako prest egotea oztopatuko.
15, 16. Zer egiten hasi zen Saulo sinagogetan, eta nola erantzun zuten Damaskoko juduek?
15 Imajinatu jendearen erreakzioa Saulo sinagogetan Jesusi buruz predikatzen ikustean. Batzuk harrituta egongo ziren eta beste batzuk haserretuta. Izan ere, galdetzen zuten: «Ez al zituen gizon honek krudelkeriaz tratatzen Jesusen izenari dei egiten diotenak?» (Eg. 9:21). Saulok Jesusi buruz zuen jarrera zergatik aldatu zuen azaltzen zuenean, «modu logikoan frogatzen zuen Jesus hau Kristo dela» (Eg. 9:22). Baina logikaren giltzak ezin ditu pertsona guztien buru-bihotzak ireki, batez ere hauek tradizioengatik eta harrokeriarengatik itxita badaude. Hala ere, Saulok ez zuen amorerik eman.
16 Hiru urte ondoren, Damaskoko juduek bere aurka jarraitzen zuten eta bera hiltzea pentsatzen ari ziren (Eg. 9:23; 2 Ko. 11:32, 33; Gal. 1:13-18). Hortaz ohartu zenean, Saulok ezkutuan hiritik ihes egin zuen. Lukasek gauez saski batean harresiko zulo batetik jaitsi zutela azaltzen du. Nortzuk lagundu zioten? «Bere dizipuluek» (Eg. 9:25). Zer ondoriora iritsi gaitezke esamolde horretan oinarrituta? Damaskon Sauloren hitzak entzun zituztenetako batzuk bere mezua onartu eta Jesu Kristoren jarraitzaile egin zirela.
17. a) Nola erantzuten du jendeak Bibliako egiak entzutean? b) Zer egiten jarraitu behar dugu, eta zergatik?
17 Nola erantzun zuten zure familiakide, lagun eta ezagunek Biblia aztertzen hasi zinenean? Beraiei predikatzean, agian, Bibliako egia logikoak onartuko zituztela espero zenuen. Batzuek, beharbada, hala egin dute. Baina beste askok, aldiz, ez. Baliteke etxekoek zu etsai bezala ere tratatu egin izana (Mat. 10:32-38). Hala ere, arrazoitzeko gaitasuna hobetzen eta kristau jarrera mantentzen baduzu, zure aurka jartzen direnek euren jarrera aldatu dezakete (Eg. 17:2; 1 Ped. 2:12; 3:1, 2, 7).
18, 19. a) Zer gertatu zen Bernabek Saulo defendatu zuenean? b) Nola imitatu ditzakegu Bernabe eta Saulo?
18 Saulo Jerusalemera iristean, hango dizipuluek ez zuten sinesten bera Jesusen dizipulua zenik. Baina Bernabek defendatu zuenean, apostoluek onartu egin zuten eta Saulo beraiekin gelditu zen denbora batez (Eg. 9:26-28). Nahiz eta predikatzean kontu handiz aritu, Saulok ez zuen berri onak zabaltzeko lotsarik (Erm. 1:16). Ausardiaz predikatu zuen Jerusalemen, Jesu Kristoren dizipuluen aurkako pertsekuzioa hasi zuen toki berberean. Bestalde, euren heroia alderdiz aldatu zela ikustean, Jerusalemgo juduak sutan jarri eta Saulo hiltzen saiatu ziren. Baina, «anaiek honen berri izan zutenean, Zesareara eraman, eta handik Tarsora bidali zuten» (Eg. 9:30). Jesusek kongregazioaren bidez emandako jarraibidea obeditu zuen Saulok. Hau, bai Sauloren, bai kongregazioaren onerako izan zen.
19 Pasartearen arabera, Bernabek Saulo laguntzen aurrea hartu zuen. Zalantzarik gabe, ekintza polit horrek Jehobaren bi zerbitzari sutsu hauen arteko adiskidetasuna sendotuko zuen. Lagunduko al diezu, Bernabek bezala, kongregazioan berriak direnei beraiekin predikatuz eta espiritualki aurrera egiten lagunduz? Hala egiten baduzu, bedeinkapen asko jasoko dituzu. Bestalde, zu bazara berriemaile berria, onartuko al duzu, Saulok bezala, besteek emandako laguntza? Esperientzia handiagoko berriemaileekin lan egitean, predikatzean trebeagoa izango zara, poz handiagoa izango duzu eta betirako iraun dezaketen adiskidetasunak lortuko dituzu.
«Jende asko Jaunarengan sinesten hasi zen» (Eginak 9:31-43)
20, 21. Nola aprobetxatu dituzte iraganeko eta gaur egungo Jainkoaren zerbitzariek bake garaiak?
20 Saulo dizipulu egin eta Jerusalemdik onik ihes egin eta gero, «Judea, Galilea eta Samaria osoko kongregazioentzat bake garaia hasi zen» (Eg. 9:31). Nola erabili zuten dizipuluek «garai on» hura? (2 Tim. 4:2, NWT). Pasartearen arabera, kongregazioak «sendotzen joan ziren», «Jehobari errespetu handia [...] eta espiritu santuaren kontsolamendua» izanez. Zergatik gertatu zen hau? Apostoluak eta beste gizon arduratsu batzuk beste dizipuluen fedea indartzen eta kongregazioan aurrea hartzen ari zirelako. Adibidez, Pedrok Xaron lautadako Lida hirian bizi ziren dizipuluak indartzeko erabili zuen denbora. Bere ahaleginei esker, inguruan bizi ziren asko «Jaunarengana bihurtu ziren» (Eg. 9:32-35). Gainera, norbere kontuetan murgilduta egon beharrean, dizipuluak gogor aritu ziren lanean bata besteaz arduratzen eta berri onak predikatzen. Ondorioz, kongregazioak «handituz eta handituz joan ziren».
21 XX. mendearen amaieran, herrialde askotako Jehobaren lekukoentzat antzeko «bake garaia» hasi zen. Urtetan Jainkoaren herria zapaltzen aritu ziren gobernu asko bat-batean desagertu egin ziren, eta predikatze lanaren inguruko debeku batzuk kendu edo arindu zituzten. Milaka eta milaka Lekukok ezkutatu gabe predikatzeko aukera aprobetxatu zuten eta ondorioak txundigarriak izan ziren.
22. Nola erabili dezakezu ondo duzun askatasuna?
22 Ondo erabiltzen ari al zara orain duzun askatasuna? Erlijio askatasuna dagoen herrialde batean bizi bazara, Satanasek zuk Jehoba zerbitzatu beharrean, ondasunen atzetik ibil zaitezen nahi du (Mat. 13:22). Ez erori tranpan! Erabili ondo bake garaiak. Ikus itzazu testigantza osoa emateko eta kongregazioa sendotzeko aukerak bezala. Gogoratu, zure egoera une batetik bestera aldatu daiteke.
23, 24. a) Zer bi ikasgai atera ditzakegu Tabitaren pasartetik? b) Zer erabaki sendoa hartu behar dugu?
23 Ikus dezagun zer gertatu zitzaion Tabita edo Dorkas izeneko dizipulu bati. Emakume hau Jopen bizi zen, Lidatik gertu zegoen herri batean. Arreba leial honek bere denbora eta ondasunak ondo erabiltzen zituen. Izan ere, «gauza on asko egiten zituen besteen alde eta behartsuei laguntzeko ohitura zuen». Baina, egun batetik bestera, gaixotu eta hil egin zen. c Bere heriotzaren ondorioz, Jopeko dizipuluak oso triste zeuden, bereziki hainbeste lagundu zituen alargunak. Pedro gorpua hilobiratzeko prestatzen ari ziren etxera iritsi zenean, apostoluek inoiz egin ez zuten mirari bat egin zuen. Otoitz egin ondoren, berpiztu egin zuen. Gero, alargunei eta beste dizipuluei deitu eta bizirik zegoela erakutsi zien. A ze poza sentituko zuten Tabita ikustean! Dudarik gabe, mirari honek aurrerago izango zituzten erronkei aurre egiteko indarra emango zien. Ulertzekoa da ondoren honakoa gertatzea: «Jope osoan zabaldu zen honen berri eta jende asko Jaunarengan sinesten hasi zen» (Eg. 9:36-42).
24 Tabitaren pasarte animagarri honetatik bi ikasgai atera ditzakegu. Lehenik, gure bizitza bat-batean aldatu daitekeenez, oso garrantzitsua dela Jainkoaren aurrean izen on bat izatea ahal dugun bitartean (Ekl. [Koh.] 7:1). Eta, bigarrenik, berpizkundearen esperantza ziurra dela. Jehobak Tabitak egindako ekintza on guztiak ikusi zituen eta saritu egin zuen. Era berean, gure lan gogorra ere gogoratuko du eta, Harmagedon baino lehen hiltzen bagara, berpiztu egingo gaitu (Heb. 6:10). Beraz, garai txarretan nahiz bake garaian egon, jarraitu dezagun Jesu Kristori buruzko testigantza osoa ematen (2 Tim. 4:2, NWT).
a Ikusi « Saulo fariseua» taula.
b Normalean, apostoluek bakarrik zuten espiritu santuaren oparia emateko aukera. Baina egoera berezi honetan, Jesusek Ananiasi espiritu santuaren oparia Saulori emateko aukera eman zion. Kristau egin ondoren, Saulok denbora luzez ez zuen 12 apostoluekin kontakturik izan. Hala ere, badirudi denbora horretan zehar predikatzen egon zela. Dirudienez, horregatik eman zion Jesusek Saulori botere hori, predikatzeko behar zuen indarra izan zezan.
c Ikusi « Tabitak “gauza on asko egiten zituen”» taula.