Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

14. KAPITULUA

«Aho batez erabaki dugu»

«Aho batez erabaki dugu»

Lehen mendeko zuzendari batzordeak kongregazioak are gehiago batzen dituen erabaki bat hartzen du

Eginak 15:13-35 pasartean oinarrituta

1, 2. a) Zer galdera inportante erantzun behar izan zituen lehen mendeko zuzendari batzordeak? b) Zerk lagundu zien anaia horiei erabaki zuzena hartzen?

 UNE zirraragarria da. Jerusalemen bildutako apostolu eta adindunek batak besteari begiratzen diote. Badakite erabaki garrantzitsu bat hartzeko momentua iritsi dela. Zirkunzisioaren gaiak galdera inportanteak sortu ditu. Obeditu behar al dute kristauek Moisesen Legea? Desberdin ikusten al ditu Jehobak judu jatorriko eta jentil jatorriko kristauak?

2 Ardura duten gizonek informazio asko aztertu dute. Alde batetik, Jainkoaren Hitzeko profezia batzuei buruz hitz egin dute. Bestetik, hainbat lekukoren bizipenak kontuan hartu dituzte, Jehobak jentilak diren kristauak onartzen dituela frogatzen dutenak. Bakoitzak gaiari buruz pentsatzen duena adierazi du. Erabakia hartzeko informazio guztia dute, eta Jehobaren espiritua argi uzten ari zaie nondik jo behar duten. Jarraituko al dute gizon horiek Jehobaren gida?

3. Zer ikasiko dugu Eginak 15​etik?

3 Espiritu santuaren gida jarraitzeko, fedea eta ausardia beharko dute. Izan ere, erabakiak erlijio buru juduen gorrotoa areagotu dezake. Gainera, kongregazioko gizon batzuek kristau guztiek Moisesen Legea obeditu behar dutela sutsuki defendatzen dute. Beraz, zer erabakiko du zuzendari batzordeak? Hori ikusten dugun heinean, gizon horiek gaur egungo Zuzendari Batzordeak jarraitzen duen eredua nola ezarri zuten ere ikusiko dugu. Eredu horixe da kristau guztiok jarraitu behar duguna erabakiak hartzerakoan edo erronkei aurre egin behar diegunean.

«Hau bat dator Profeten hitzekin» (Eginak 15:13-21)

4, 5. Zer profezia aipatu zuen Santiagok gaia argitzeko?

4 Santiago dizipulua, Jesusen anaiordea, hitz egiten hasi zen. a Badirudi kasu honetan bera zela bilera zuzentzen ari zena. Antza denez, bere hitzek taldeak hartutako erabakia laburbiltzen zuten. Santiagok honakoa esan zion talde osoari: «Simeonek zehatz-mehatz kontatu digu nola Jainkoak, lehen aldiz nazioetan arreta jarriz, bere izena eramateko herri bat aukeratu zuen. Hau bat dator Profeten hitzekin» (Eg. 15:14, 15).

5 Simeonen (Simon Pedro), Bernaberen eta Pauloren hitzei esker, Santiagok gaia argitzen lagunduko zuten aipuak gogoratuko zituen ziurrenik (Joan 14:26). «Hau bat dator Profeten hitzekin» esan ondoren, Santiagok Amos 9:11, 12​ko hitzak aipatu zituen. Amosen liburua Hebrear Idazkietako «Profetak» deitzen zitzaion liburu multzoaren parte da (Mat. 22:40; Eg. 15:16-18). Santiagok egin zuen aipamena eta gaur egun Amosen liburuan aurkitzen ditugun hitzak ez dira guztiz berdinak. Zergatik? Ziurrenik Santiago Hirurogeita Hamarrena Biblia itzulpenetik aipatzen ari zelako, hau da, Hebrear Idazkien itzulpen greko batetik.

6. Nola lagundu zieten Idazkiek anaiei Jainkoaren nahia zein zen jakiten?

6 Jehobak, Amos profetaren bidez, «Daviden etxola» jasoko zuen garaia etorriko zela aurresan zuen, hau da, Erreinu Mesianikora eramango zuen errege lerroa sortuko zuen garaia (Eze. 21:26, 27). Esan nahi al du horrek Jehobak berriz ere Israelgo nazioari bakarrik emango ziola tratu berezia? Ez. Profeziaren arabera, «nazio guztietako jendea» izango zen deitua Jainkoaren izena eramateko. Gogoratu, gainera, Pedrok honakoa esan zuela Jainkoari buruz: «Gu [judu jatorriko kristauak] eta beraien [jentil jatorriko kristauen] artean ez zuen inolako desberdintasunik egin, izan ere, fedea erakutsi zutenez, bihotzak garbitu zizkien» (Eg. 15:9). Beste hitz batzuetan esanda, Jainkoaren nahia bai juduak, baita jentilak ere Erreinuaren oinordeko izatea da (Erm. 8:17; Efe. 2:17-19). Bibliako profeziek ez zuten inoiz esan jentilak zirkunzidatu edo judu berri egin behar zirenik kristau izateko.

7, 8. a) Zer proposatu zuen Santiagok? b) Zergatik dakigu Santiago ez zela bere erabakia inposatzen ari?

7 Profeziek emandako froga argiak eta Pedro, Bernabe eta Paulok esandakoa kontuan hartuta, Santiagok honakoa esan zuen: «Beraz, hau da nire iritzia: ez diogula trabarik jarri behar Jainkoa zerbitzatu nahi duen nazioetako jendeari. Aski dugu idatziz gauza hauek guztiz baztertzeko eskatzea: idoloek kutsatutako gauzak, sexu moralgabekeria, itotako animaliak eta odola. Izan ere, antzinatik hiri guztietan Moisesi buruz predikatu duten pertsonak egon dira beti, sinagogetan larunbatero-larunbatero bere liburuak ozen irakurtzen baitira» (Eg. 15:19-21).

8 Santiago bileraburua izanik, ari al zen bere autoritateaz aprobetxatzen bere erabakia inposatzeko? Inola ere ez! Santiagok «hau da nire iritzia» esatean, ez zuela talde guztiaren gain agindu nahi erakutsi zuen. Horren ordez, entzundako frogak eta Idazkiek gaiaren inguruan esaten zutena kontuan hartuz, zer egin zitekeen proposatzen ari zen, besterik gabe.

9. Zer onura ekarri zituen Santiagoren proposamenak?

9 Argi dago Santiagoren proposamena ona izan zela beranduago apostolu eta adindunek onartu egin zutelako. Zer onura ekarri zituen? Alde batetik, ez zien jentil jatorriko kristauei «trabarik» jarriko, ez zutelako Moisesen Legea jarraitu beharko (Eg. 15:19). Bestetik, judu jatorriko kristauen kontzientzia errespetatzen zuen. Izan ere, kristau horiek «sinagogetan larunbatero-larunbatero bere [Moisesen] liburuak ozen irakurtzen» entzun zituzten urteetan (Eg. 15:21). b Santiagok gomendatutakoak dudarik gabe judu eta jentil jatorriko kristauen arteko lotura sendotuko zuen. Baina guztiaren gainetik, Jehoba poztuko zuen bere helburuarekin bat egingo zuelako. Hori bai modu bikaina kongregazioaren bakea eta batasuna arriskuan jartzen zuen arazoa konpontzeko! Zein eredu paregabea gaur egungo kristau kongregazioarentzat!

Albert Schroeder nazioarteko biltzar batean hitz egiten 1998an

10. Nola jarraitzen du gaur egungo Zuzendari Batzordeak lehen mendeko zuzendari batzordearen eredua?

10 Aurreko kapituluan ikusi genuen bezala, lehen mendeko zuzendari batzordeak egiten zuen moduan, gaur egun ere Zuzendari Batzordeak Jehobaren, unibertsoko Subiranoaren, eta Jesu Kristoren, kongregazioaren buruaren, gida bilatzen du beti (1 Ko. 11:3). c Nola egiten du hori? Albert D. Schroeder Zuzendari Batzordeko kide izan zen 1974​tik 2006​ko martxoan hil zen arte, lurreko bizitza amaituz. Berak hurrengoa azaldu zuen: «Zuzendari Batzordea asteazkenetan elkartzen da. Bilera otoitz batekin hasten da Jehobaren espirituaren gida eskatzeko. Zuzendari Batzordeak jorratzen dituen gai eta hartzen dituen erabaki guztiak Jainkoaren Hitzarekin, Bibliarekin, bat datozela ziurtatzen du». Milton G. Henschel-ek antzeko zerbait esan zuen. Anaia hau Zuzendari Batzordeko kide izan zen urte askoz 2003​ko martxoan hil zen arte, bere lurreko bizitza amaituz. Berak Galaadeko 101. ikastaldeari galdera garrantzitsu hau egin zion: «Ba al dago munduan beste erakunderik, bere zuzendaritza-batzordeak erabaki garrantzitsuak hartu aurretik Jainkoaren Hitza, Biblia, kontsultatzen duenik?». Erantzuna argi dago.

«Gizon batzuk aukeratzea eta […] bidaltzea erabaki zuten» (Eginak 15:22-29)

11. Zer egin zuen zuzendari batzordeak bere erabakia kongregazioei adierazteko?

11 Jerusalemgo zuzendari batzordeak zirkunzisioari buruzko erabaki bateratua hartu zuen. Kongregazioko anai-arrebak elkartuta mantentzeko erabaki hau modu argi, positibo eta animagarri batean adierazi behar zuten. Baina nola lortuko zuten hori egitea? Pasarteak horrela azaltzen du: «Apostoluek eta adindunek, kongregazio osoarekin batera, beraien artetik gizon batzuk aukeratzea eta, Paulo eta Bernaberekin batera, Antiokiara bidaltzea erabaki zuten. Judas —Barsabas ere deitua— eta Silas bidali zituzten, anaien artean ardura handia zuten gizonak». Gainera, gutun bat prestatu zen eta gizon horiei eman zitzaien Antiokia, Siria eta Ziliziako kongregazio guztietan irakurtzeko (Eg. 15:22-26).

12, 13. a) Zergatik izan zen ideia ona Judas eta Silas bidaltzea? b) Zer lortu zuen lehen mendeko zuzendari batzordearen gutunak?

12 Judas eta Silas «anaien artean ardura handia zuten gizonak» zirenez, zuzendari batzordearen ordezkari izateko aproposak ziren. Lau gizon bidaltzeak argi utziko zuen zeramaten mezua ez zela kontsulta baten erantzun soil bat, baizik eta zuzendari batzordearen jarraibide zuzena zela. Judas eta Silas egoteak Jerusalemgo kristau juduen eta kongregazioetako kristau jentilen arteko harremana indartuko zuen. Zein erabaki zuhur eta maitekorra! Zalantzarik gabe, horrek Jehobaren herriaren bakea eta batasuna bultzatuko zuen.

13 Zer lortu zuen gutunak? Jarraibide argia eman zien kristau jentilei, bai zirkunzisioari buruz, baita Jehobaren onespena eta bedeinkapena jasotzeko egin behar zutenari buruz ere. Gutunaren zati garrantzitsuenak esaten zuen: «Espiritu santuari eta guri ongi iruditu zaigu zuei beharrezkoak diren gauza hauek baino zama gehiago ez jartzea: idoloei sakrifikatutako gauzak, odola, itotako animaliak eta sexu moralgabekeria guztiz baztertzen jarraitzeko. Ondo joango zaizue gauza hauek guztiz baztertzen badituzue. Ondo izan!» (Eg. 15:28, 29).

14. Nola da posible Jehobaren herria batuta mantentzea zatituta dagoen mundu honetan?

14 Gaur egun, munduan zehar 8.000.000 Jehobaren lekuko baino gehiago gara, eta 100.000 kongregazio baino gehiagotan biltzen gara. Hala ere, guztiok sinesmen berdinak ditugu eta batuta gaude. Baina bizi garen mundua justu kontrakoa da, gatazkaz beteta eta zatituta dago. Nola da posible gu batuta mantentzea? Alde batetik, Jesu Kristok, kongregazioko buruak, jarraibide argiak ematen dizkigulako «morroi leial eta zentzuduna[ren]» bitartez, hau da, Zuzendari Batzordea (Mat. 24:45-47). Bestetik, beraien gida jarraitzeko prest gaudelako.

«Poz-pozik sentitu ziren jasotako animoari esker» (Eginak 15:30-35)

15, 16. Nola erantzun zieten kongregazioek jarraibide berriei, eta zergatik?

15 Eginak liburuko pasartearen arabera, lau anaiak Jerusalemdik Antiokiara iritsi zirenean, «talde osoa elkartu ondoren, eskutitza eman zieten». Nola erantzun zuten anai-arrebek zuzendari batzordearen jarraibideei? Eskutitza «irakurri zutenean, poz-pozik sentitu ziren jasotako animoari esker» (Eg. 15:30, 31). Gainera, Judas eta Silasek «anai-arrebak animatu eta sendotu zituzten hitzaldi asko emanez». Bi gizon horiei «profetak» deitzen zaie —Paulo, Bernabe eta beste anaia batzuei bezala— Jainkoaren nahiari buruz besteei hitz egiten zietelako (Eg. 13:1; 15:32; Irt. 7:1, 2NWT).

16 Argi dago Jehobak zuzendari batzordearen erabakiak bedeinkatu zituela. Ondorioz, kongregazioak animatuta sentitu ziren. Zein izan zen gakoa hain emaitza positiboak lortzeko? Alde batetik, zuzendari batzordeak emandako jarraibideak argiak eta une egokian emandakoak ziren. Eta bestetik, espiritu santuaren gida jarraituz, erabakia Jainkoaren Hitzean oinarrituta zegoen. Horretaz gain, anaiak pertsonalki bidali zituzten erabakia komunikatzeko eta hauek mezua modu maitekorrean adierazi zuten.

17. Nola jarraitzen dute eskualde arduradunek Paulo, Bernabe, Judas eta Silasen eredua?

17 Eredu hori jarraituz, gaur egungo Zuzendari Batzordeak mundu osoko anaiarteari une egokian jarraibideak ematen dizkio. Erabakiak hartzen dituenean, kongregazioei modu argi eta zuzenean adierazten dizkie. Batzuetan, eskualde arduradunak erabiltzen ditu hori egiteko. Anaia sakrifikatu horiek kongregazio batetik bestera joaten dira jarraibide horiek ematen eta anai-arrebak animatzen. Paulo eta Bernabek bezala, denbora asko ematen dute «beste askorekin batera, Jehobaren hitzaren berri onak irakasten eta predikatzen» (Eg. 15:35). Eta Judas eta Silasen antzera, anai-arrebak animatu eta sendotzen dituzte «hitzaldi asko emanez».

18. Zer egin behar du Jainkoaren herriak Jehobaren bedeinkapena jasotzeko?

18 Zer esan dezakegu mundu osoan dauden kongregazioei buruz? Zerk laguntzen die bakea eta batasuna mantentzen zatituta dagoen mundu honetan? Gogoratu dezagun beranduago Santiago dizipuluak idatzi zuena: «Goiko jakinduria lehenik garbia da, gero baketsua, arrazoitsua, obeditzeko prest dago […]. Gainera, justiziaren fruitua egoera baketsuetan ereiten da bakea bultzatzen ari direnentzat» (St. 3:17, 18NWT). Ez dakigu Santiagok Jerusalemgo bilera gogoan izango ote zuen hori idatzi zuenean. Nolanahi ere, Eginak liburuko 15. kapituluaren gertaerak kontuan izanda, argi dago Jehobaren bedeinkapena lortzeko batasuna bultzatzea eta argibideak obeditzea beharrezkoa dela.

19, 20. a) Nola dakigu bakea eta batasuna itzuli zela Antiokiako kongregaziora? b) Zertan zentratu zitezkeen orain Paulo eta Bernabe?

19 Antiokiako anai-arrebek zuzendari batzordearen erabakia jakin ondoren, argi dago bakea eta batasuna kongregaziora itzuli zela. Izan ere, Jerusalemgo anaiekin eztabaidan hasi beharrean, Judas eta Silasen bisita eskertu zuten. Pasartearen arabera, bertan denboraldi bat pasa ondoren, anaiek agur esan edo «bakea opa zieten» eta Judas eta Silas Jerusalemera itzuli ziren (Eg. 15:33, oharra). d Seguru Jerusalemgo anai-arrebak ere Judas eta Silas entzutean asko poztuko zirela. Jehobaren merezigabeko eskuzabaltasunari esker, dena bikain atera zen!

20 Paulo eta Bernabe Antiokian geratu ziren. Zirkunzisioaren kontua konpondu zenez, orain predikazioa bultzatzean zentratu zitezkeen (Eg. 13:2, 3). Gaur egun, eskualde arduradunek gauza bera egiten dute kongregazioak bisitatzean. Ez al da opari bikaina horrelako anaiak izatea? Ikusi dezagun hurrengo kapituluan nola jarraitu zuen Jehobak bi berriemaile sutsu horiek erabiltzen eta bedeinkatzen.

Gaur egungo kristauok Zuzendari Batzordeak eta honen ordezkariek emandako gida espiritualaz gozatzen dugu

b Santiagok ondo egin zuen Moisesen idazkiak aipatzean. Izan ere, idazki horietan ez zen Moisesen Legea bakarrik adierazten, Legearen aurretik Jainkoak gizadiarekin izandako harremana ere adierazten zen. Gainera, Jehobak gizadiarentzat zuen nahia agerian uzten zuten pasarteak agertzen ziren. Adibidez, Hasiera liburuan argi ikusi daiteke Jainkoaren ikuspuntua odolari, idolatriari eta adulterioari buruz (Has. 9:3, 4; 20:2-9; 35:2, 4). Horrela, judu nahiz jentil izan, Jainkoak gizaki guztiek obeditu beharreko printzipioak azaldu zituen.

d Eginak 15:34​an, Biblia itzulpen batzuek —Jaime Kerexetaren Euskal Bibliak, esaterako— Silasek Antiokian geratzea erabaki zuela aipatzen dute. Baina, badirudi, hitz horiek Eginak liburua idazteaz amaitu ondoren gehitu zirela.