13. KAPITULUA
«Eztabaida asko sortu zen»
Kristauak zirkunzidatu behar ote diren aztertzen du zuzendari batzordeak
Eginak 15:1-12 pasartean oinarrituta
1-3. a) Zerk jarri zuen kristau kongregazioaren batasuna arriskuan? b) Zertan lagundu gaitzake Eginak liburuko pasarte hau aztertzeak?
PAULO eta Bernabe Siriako Antiokiara iritsi berri dira beraien lehen misiolari bidaiatik. Oso pozik daude Jehobak «nazioei fedearen atea zabaldu» dielako (Eg. 14:26, 27). Eta Antiokian gauza bera gertatzen ari dela ikusten dute. Berri onak zabaltzen ari direnez, jentil «asko» kristau egiten ari dira (Eg. 11:20-26).
2 Baina Judeako kristau guztiak ez dira pozik jartzen Antiokian jentil asko kristau egiten ari direla jakitean. Batzuek kristau guztiak zirkunzidatu behar direla pentsatzen dute eta beste batzuek, aldiz, ez dela beharrezkoa. Zer tratu izan behar dute elkarren artean judu jatorria duten kristauek eta bataiatutako jentilek? Obeditu behar al dute kristau jentilek Moisesen Legea? Kontu horiek eztabaida larriak sortzen ari dira anai-arreben artean eta, ondorioz, kristau kongregazioaren batasuna arriskuan dago. Nola konponduko dute arazo hori?
3 Pasarte honetan sakontzea oso baliagarria izango da. Izan ere, kongregazioaren batasuna arriskuan jartzen duen zerbaiten aurrean zer egin behar dugun ikasiko dugu.
«Zirkunzidatzen ez bazarete» (Eginak 15:1)
4. Zer irakasten ari ziren judu jatorriko kristau batzuk, eta zer galdera sortzen da?
4 Lukasek hurrengoa idatzi zuen: «Judeatik gizon batzuk [Antiokiara] jaitsi ziren, eta hau irakasten hasi ziren anaiei: “Moisesen ohituraren arabera zirkunzidatzen ez bazarete, ezin izango zarete salbatu”» (Eg. 15:1). Ez dakigu Judeatik joandako gizon horiek fariseuak ote ziren kristau egin aurretik. Baina fariseuek bezala pentsatzen zutela ematen du. Izan ere, fariseuak zorrotzegiak ziren Legea aplikatzean. Gainera, baliteke Jerusalemgo adindun eta apostoluen izenean hitz egiten ari zirela esatea (Eg. 15:23, 24). Jainkoak Pedrori 13 urte lehenago jentilak kongregazioan onartzen zituela argi utzi bazion, zergatik esaten ari ziren judu jatorriko kristau horiek zirkunzisioa hain garrantzitsua zela? (Eg. 10:24-29, 44-48). a
5, 6. a) Zergatik pentsatzen zuten judu jatorriko kristau batzuek zirkunzisioa oraindik beharrezkoa zela? b) Zirkunzisioaren ituna itun abrahamikoaren parte al zen? Azaldu (Ikusi oharra).
5 Arrazoi ezberdinak egon daitezke. Arrazoi horietako bat zirkunzisioa Jehobak berak ezarri zuela izan zitekeen. Izan ere, zirkunzisioak pertsonak Jehobarekin harreman berezia zuela irudikatzen zuen. Hasiera batean, Abrahami eta bere etxeko gizonei agindu zien zirkunzidatzeko eta, beranduago, Moisesen Legean ere ezarri zuen (Leb. 12:2, 3). b Ez hori bakarrik, Legearen arabera atzerritarrak ere zirkunzidatu behar ziren Pazkoa bezalako ospakizunetan parte hartzeko (Irt. 12:43, 44, 48, 49). Beraz, juduentzat zirkunzidatu gabeko gizona kutsatua zegoen eta ezin zuen Jainkoa zerbitzatu (Is. 52:1, oharra).
6 Hortaz, kristau egiten ziren juduek fedea eta apaltasuna behar zuten euren pentsaera Jehobaren pentsaerara moldatzeko. Itun berriak Legearen ituna ordezkatu zuenez, judu bezala jaiotzeak ez zuen norbait automatikoki Jehobaren herriaren parte egiten. Judu jatorriko kristau asko oraindik juduen artean bizi ziren. Horregatik, ausardia handia behar zuten Jesusen dizipuluak izateko eta zirkunzidatu gabeko jentilekin batera Jehoba adoratzeko (Jer. 31:31-33; Luk. 22:20).
7. Zer ez zuten ulertzen Judeatik etorritako gizon batzuek?
7 Noski, Jainkoaren arauak ez ziren aldatu. Izan ere, Moisesen Legearen oinarrizko printzipioak itun berriaren barne zeuden (Mat. 22:36-40). Adibidez, beranduago Paulok zirkunzisioari buruz honakoa idatzi zuen: «Benetako judua barrutik da eta benetako erdainkuntza [zirkunzisioa] bihotzekoa, Espirituak egiten duena eta ez idatzitako legeak» (Erm. 2:29; Deu. 10:16). Judeatik zetozen gizon batzuek ez zuten hori ulertzen, eta Jehobak bere zerbitzariei zirkunzidatzea exijitzen ziela esaten zuten behin eta berriz. Prest egongo al ziren beraien pentsaera aldatzeko?
«Eztabaida asko» (Eginak 15:2)
8. Zergatik eraman behar izan zen zirkunzisioaren gaia zuzendari batzordearengana?
8 Lukasen arabera, «eztabaida asko sortu zen» Paulo eta Bernabe ez zeudelako Judeatik etorritako gizonekin ados. «Orduan, gai honi buruz galdetzeko, Paulo, Bernabe eta beste batzuk Jerusalemen zeuden apostolu eta adindunengana igotzeko prestaketak egin ziren» (Eg. 15:2). c Antiokiako kongregazioko anaien artean «eztabaida asko» zegoen. Guztiek arrazoi zutela pentsatzen zutenez, ez ziren ados jartzen. Bakea eta batasuna mantentzeko, kongregazioak «Jerusalemen zeuden apostolu eta adindunengana» jotzea eta horiei galdetzea erabaki zuen. Azken hauek zuzendari batzordea osatzen zuten. Zer ikasi dezakegu Antiokiako adindunengandik?
9, 10. Zer ikasten dugu Paulo, Bernabe eta Antiokiako anaiengandik?
9 Ikasi dezakegun gauzetako bat Jainkoaren erakundearengan konfiantza izan behar dugula da. Pentsatu honetan: Antiokiako anaiek bazekiten zuzendari batzordea osatzen zuten anaia guztiek judu jatorria zutela. Hala ere, ziur zeuden anaia haiek zirkunzisioaren arazoa Idazkietan oinarrituz konponduko zutela. Zergatik? Bazekitelako Jehobak espiritu santuaren eta kongregazioko buru den Jesu Kristoren bidez gauzak zuzenduko zituela (Mat. 28:18, 20; Efe. 1:22, 23). Gaur egun gai zailak sortzean, imita ditzagun Antiokiako kristauak eta jarraitu dezagun Jainkoaren erakundearengan eta Zuzendari Batzordearengan konfiantza izaten.
10 Ikasten dugun beste gauzetako bat apaltasunak eta pazientziak duten garrantzia da. Pentsatu dezagun Paulo eta Bernaberengan. Espiritu santuz izendatuak izan ziren nazioetara predikatzera joateko. Hala ere, ez zuten pentsatu zirkunzisioaren arazoa euren kabuz konpontzeko eskubiderik zutenik (Eg. 13:2, 3). Gainera, Paulok Jerusalemera «goi-agerpen batek eraginda igo» zela idatzi zuen beranduago. Horrela, Jainkoak gidatzen zuela erakutsi zuen (Gal. 2:2). Gaur egun, kongregazioaren batasuna hautsi dezaketen gaiak sortzean, adindunak apaltasuna eta pazientzia erakusten saiatzen dira. Eztabaidatzen eta beraiek arrazoia dutela behin eta berriz esaten egon beharrean, Jehobak zer pentsatzen duen jakin nahi dute. Horregatik, Bibliak eta morroi leialak esaten dutena aztertzen dute (Flp. 2:2, 3).
11, 12. Zergatik itxaron behar dugu batzuetan?
11 Batzuetan, agian, itxaron egin beharko dugu Jehobak gai bat argi ulertzen laguntzeko. Gogoratu Kornelio K.o. 36. urtean izan zela gantzutua. Baina anaiek K.o. 49. urtera arte —hau da, 13 bat urte— itxaron behar izan zuten jentilek zirkunzidatu behar zuten ala ez Jehobak argitzeko. Zergatik itxaron zuen Jehobak hainbeste? Agian, bihotz oneko juduei aldaketa handi horretara moldatzeko nahiko denbora eman nahi zielako. Izan ere, zirkunzisioaren ituna Jehobak Abrahamekin egin zuen, hainbeste maitatzen eta errespetatzen zuten arbasoarekin. Gainera, itun hori 1.900 urtez egon zen indarrean. Beraz, izugarrizko aldaketa zen! (Joan 16:12).
12 Gure zeruko Aitak pazientziaz eta maitasunez gidatzen eta moldatzen gaitu. Zelako ohorea daukagun! Irakasten diguna beti da gure onerako (Is. 48:17, 18; 64:7 [64:8, NWT]). Beraz, ez genuke inoiz harroak izan behar guk pentsatzen duguna zuzena dela behin eta berriz esanez. Eta ez genuke inoiz kritikatu behar erakundeak aldaketak egin edo ulermen berriak ematen dituenean (Ekl. [Koh.] 7:8). Noizbait horrela pentsatzeko joera dugula ikusten badugu, hausnartu Eginak 15. kapitulutik zer ikasi dezakegun, eta eskatu Jehobari ikasitakoa praktikan jartzeko laguntza. d
13. Nola imitatu dezakegu Jehobaren pazientzia predikatzerakoan?
13 Pazientzia erakutsi behar dugu Bibliako ikasleei sinesmen faltsuak edo Bibliaren aurkako ohiturak uztea zaila egiten zaienean. Horrelakoetan, espiritu santuari ikaslearen bihotzean eragina izateko nahiko denbora eman behar diogu (1 Ko. 3:6, 7). Gainera, ikaslearen alde otoitz egin dezakegu. Modu batera edo bestera eta momentu egokian, Jehobak ikasleari laguntzeko modu onena zein den argi ikusten lagunduko digu (1 Joan 5:14).
Esperientzia animagarriak kontatzen zituzten «xehetasun guztiekin» (Eginak 15:3-5)
14, 15. a) Nola erakutsi zien ohorea Antiokiako kongregazioak Paulo, Bernabe eta beraiekin zihoazenei? b) Nola animatu zituzten Paulo eta bere bidelagunek Fenizia eta Samariako anai-arrebak?
14 Lukasek honela jarraitzen du: «Kongregazioak bidearen zati bat beraiekin egin zuen. Gero, gizon hauek Fenizia eta Samarian barrena jarraitu zuten, eta nazioetako jendea Jainkoa nola adoratzen hasi zen xehetasun guztiekin kontatzean, izugarrizko poza eman zieten anai-arreba guztiei» (Eg. 15:3). Kongregazioak Paulo, Bernabe eta beraiekin zihoazenekin bidearen zati bat egin zuen. Horrela, anai-arrebek maite eta errespetatzen zituztela erakutsi zuten, baita Jainkoaren bedeinkapena desiratzen zietela ere. Antiokiako anaiek berriro ere eredu bikaina jarri ziguten! Erakusten al diegu ohorea gure anai-arreba espiritualei, bereziki irakasterakoan gogor lan egiten duten adindunei? (1 Tim. 5:17).
15 Jerusalemgo bidean, Paulo eta bere bidelagunek Fenizia eta Samariako kristauei jentilak kristau egiten ari zirela kontatu zieten «xehetasun guztiekin», eta honek asko animatu zituen. Baliteke entzuten ari zirenen artean, Estebanen hilketaren ondoren toki horietara ihes egindako judu jatorriko kristauak egotea. Gaur egun ere asko animatzen gaitu Jehoba predikazioa nola bedeinkatzen ari den entzuteak, bereziki zailtasunak pasatzen ari garenean. Txosten animagarri horiek gure bileretan eta biltzarretan entzuten ditugu, baita gure aldizkarietan eta jw.org webgunean argitaratzen diren esperientzia eta biografietan ere. Ateratzen al diegu probetxua txosten horiei?
16. Zerk erakusten du zirkunzisioa arazo larria bihurtu zela?
16 Hegoaldera 550 kilometro inguru bidaiatu ondoren, Antiokiatik zetozen anaiak Jerusalemera iritsi ziren. Lukasek ondorengoa idatzi zuen: «Jerusalemera iritsi zirenean, kongregazioak, apostoluek eta adindunek ongietorri beroa eman zieten. Beraiek, berriz, Jainkoaren laguntzaz egindako gauza guztiak kontatu zizkieten» (Eg. 15:4). Hala ere, «Jesu Kristorengan sinetsi zuten fariseuen sektako batzuk, beraien eserlekuetatik altxatu eta esan zuten: “Beharrezkoa da hauek zirkunzidatzea eta Moisesen Legea obeditzeko agintzea”» (Eg. 15:5). Argi dago zirkunzisioaren gaia arazo larria bihurtu zela eta konpondu beharra zegoela.
«Apostoluak eta adindunak […] elkartu ziren» (Eginak 15:6-12)
17. Nortzuk osatzen zuten zuzendari batzordea Jerusalemen, eta zergatik zeuden agian adindunak talde horren barne?
17 «Jakinduria aholkua bilatzen dutenekin dago», esaten du Esaera Zaharrak 13:10ak (NWT). Beraz, printzipio hori jarraituz, «apostoluak eta adindunak gai hau [zirkunzisioaren gaia] aztertzeko elkartu ziren» (Eg. 15:6). Zuzendari Batzordeak gaur egun egiten duen bezalaxe, apostoluek eta adindunek erabakiak hartzen zituzten kristau kongregazio osoaren alde. Baina apostoluez gain, zergatik izan ziren adindunak ere zuzendari batzordearen parte? Gogoratu dezagun Santiago apostolua exekutatua izan zela eta, denbora batez behintzat, Pedro apostolua kartzelaratua izan zela. Antzeko zerbait gertatu ahal zitzaien beste apostoluei? Horrelako zerbait gertatzen bazen, garrantzitsua izango zen anaia gantzutu gehiago egotea lana zuzentzeko.
18, 19. Zer hitz boteretsu esan zituen Pedrok, eta zer ondoriotara iritsi behar zuten bere entzuleek?
18 Lukasek horrela jarraitu zuen: «Luze eta zabal eztabaidatu ondoren, Pedro zutitu eta esan zien: “Anaiok, badakizue Jainkoak hasieratik zuen artetik aukeratu ninduela, nazioetako jendeak berri onaren mezua nire ahotik entzuteko eta, horrela, sinesteko. Eta bihotza ezagutzen duen Jainkoak, espiritu santua emanez, onartu zituela erakutsi zuen, gurekin egin zuen bezalaxe. Gu eta beraien artean ez zuen inolako desberdintasunik egin, izan ere, fedea erakutsi zutenez, bihotzak garbitu zizkien”» (Eg. 15:7-9). Kontsulta liburu baten arabera, 7. bertseteko «luze eta zabal eztabaidatu» itzultzen den hitz grekoak adindunek galderak egin eta gaia kontu handiz ikertu zutela adierazi dezake. e Nahiz eta anaia horiek gaiari buruz iritzi ezberdinak izan, sentitzen eta pentsatzen zutenari buruz hitz egiteko prest egon ziren.
19 Kristo ondorengo 36. urtean, Kornelio eta bere etxekoak gantzutuak izan ziren, nahiz eta zirkunzidatu gabeko jentilak izan. Eta Pedroren hitz boteretsuek une hori bere begiekin ikusi zuela gogorarazi zieten. Beraz, Jehobak juduen eta juduak ez zirenen artean dagoeneko bereizketarik egiten ez bazuen, zer eskubide zuen gizaki batek bereizketak egiteko? Ez hori bakarrik, Pedrok bere hitzekin argi utzi zuen Jehobak ez duela norbaiten adorazioa Moisesen Legea obeditzeagatik onartzen, baizik eta Jesu Kristorengan fedea erakusteagatik (Gal. 2:16).
20. Nola ari ziren «Jainkoa proban jartzen» zirkunzisioaren alde zeudenak?
20 Jainkoak esan zuena eta bere espiritu santua nola ari zen erabiltzen ikusita, Pedrok honela amaitu zuen: «Orduan, zergatik ari zarete Jainkoa proban jartzen dizipuluen lepo gainean zama astuna jarriz? Zergatik, ez gu, ezta gure arbasoak ere, eramateko gai izan ez baginen? Baina fedea dugu, Jesus Jaunaren merezigabeko eskuzabaltasunari esker garela salbatuak, beraiek salbatuak diren bezalaxe» (Eg. 15:10, 11). Pedroren arabera, zirkunzisioaren alde egiten zutenak «Jainkoa proban jartzen» ari ziren, edo beste modu batera esanda, Jainkoaren pazientzia probapean jartzen ari ziren. Judu horiek jentilak Moisesen Legea obeditzera behartu nahi zituzten. Baina beraiek ere ez ziren gai Legea guztiz obeditzeko eta, ondorioz, heriotzara kondenatuta zeuden (Gal. 3:10). Horren ordez, Jainkoak Jesusen bitartez erakutsitako merezigabeko eskuzabaltasuna eskertu behar zuten.
21. Zer kontatu zuten Bernabek eta Paulok erabaki on bat hartu zedin?
21 Badirudi Pedroren hitzek bere helburua bete zutela. Izan ere, «den-denak isilik geratu ziren». Gero, Bernabe eta Paulok «Jainkoak, beraien bidez, nazioen artean egindako mirari eta gauza harrigarri guztiak» kontatu zizkieten (Eg. 15:12). Azkenik, informazio guztia aztertu ondoren, adindun eta apostoluak prest zeuden Jehobaren ikuspuntuarekin bat egiten zuen erabaki bat hartzeko.
22-24. a) Nola imitatzen du gaur egungo Zuzendari Batzordeak lehen mendeko zuzendari batzordea? b) Nola erakusten dute adindunek Jainkoak ezarri duen antolaketa errespetatzen dutela?
22 Gaur egun ere, Zuzendari Batzordeko kideak elkartzen direnean, Jainkoaren Hitzeko gida bilatzen dute eta Jehobari espiritu santua emateko erregutzen diote (Sal. 119:105; Mat. 7:7-11). Jainkoaren ikuspuntuarekin bat datozen erabakiak hartzeko, aurrez aztertuko dituzten gaien zerrenda bat jasotzen dute, era horretara horiei buruz otoitz egin eta hausnartu ahal izateko (Esa. 15:28). Gero, bileran, anaia gantzutu horiek beraien ikuspuntua beldurrik gabe, baina errespetuz, adierazten dute eta Biblia erabiltzen dute sarritan.
23 Kongregazioko adindunek eredu hori imitatu behar dute. Baina zer gertatzen da bilera batean gai garrantzitsu bati buruz adostasun batera heltzen ez badira? Sukurtsalari edo honen ordezkari bati galdetu ahal diote, esate baterako, eskualde arduradunari. Eta, beharrezkoa bada, sukurtsalak Zuzendari Batzordeari idatzi diezaioke.
24 Zalantzarik gabe, Jehobak berak ezarritako antolaketa errespetatzen dutenak eta apaltasuna, leialtasuna eta pazientzia erakusten dutenak saritzen ditu. Hurrengo kapituluan ikusiko dugun bezala, hori egitean Jehobak bedeinkatu egingo gaitu. Horri esker, batasuna eta bakea izango ditugu eta kongregazioa espiritualki haziko da.
a Ikusi « Gezurrezko anaien irakaspenak» taula.
b Zirkunzisioaren ituna ez zen itun abrahamikoaren parte; itun abrahamikoa gaur egun indarrean dago. Azken itun hori K.a. 1943an sartu zen indarrean, Abrahamek —garai hartan Abram deitzen zenak— Kanaanera bidean Eufrates ibaia zeharkatu zuenean. Orduan, 75 urte zituen. Bestalde, zirkunzisioaren ituna beranduago egin zen, K.a. 1919an, Abrahamek 99 urte zituenean (Has. 12:1-8; 17:1, 9-14; Gal. 3:17).
c Dirudienez, Jerusalemera igo zirenen artean Tito zegoen. Tito zirkunzidatu gabeko kristau grekoa zen eta, denborarekin, Pauloren konfiantzazko laguntzaile bihurtu zen (Gal. 2:1; Tit. 1:4). Anaia honen eredu onak argi utzi zuen zirkunzidatu gabeko jentilak espiritu santuz gantzutuak izan zitezkeela (Gal. 2:3).
d Ikusi « Beraien sinesmenak eta jarduerak Biblian oinarritzen dituzte» taula.
e Vine’s Complete Expository Dictionary of Old and New Testament Words, W. E. Vine, Merrill F. Unger eta William White Jr.