Lagundu al zaitzake Bibliak droga menpekotasuna gainditzen?
Urtero milioika pertsona hainbat substantzia zuzenean edo zeharka erabiltzearen ondorioz hiltzen dira, besteak beste, drogen gehiegizko erabileragatik. COVID-19 pandemian zehar, arazo hau areagotu besterik ez da egin. Bibliaren jakinduriak jende askori droga menpekotasuna gainditzen lagundu dio. Arazo honekin borrokan bazabiltza, jakinduria honek lagundu zaitzake. a
Artikulu honetan honakoa ikusiko duzu:
Zergatik jo dezakezu Bibliara laguntza bila menpekotasuna gainditzeko?
Ikertzaileen arabera, menpekotasun mota hau, askotan, oso errotuta dauden beste gaiekin lotuta dago, esaterako, bakardadea, estresa, antsietatea eta depresioarekin. Menpekotasunean erortzera bultzatu gaitzaketen sentimenduei aurre egiteko, Bibliak gure fedea indartzen laguntzen digu. Gainera, Jainkoarekin adiskidetasun estua izaten ere laguntzen digu (25. Salmoa 14). Laguntza honi esker, gure kabuz konpontzea ezinezkoa diruditen arazoak gainditu ditzakegu (Markos 11:22-24).
Menpekotasuna gainditzeko Biblian oinarritutako lau urrats
1) Jainkoa, Jehoba b, ezagutu (Joan 17:3). Bera Sortzailea eta botere amaigabearen Iturria da. Are gehiago, zure zeruko Aita maitekorra da. Zurekin adiskidetasun estua izan nahi du eta, gainera, bere boterea zure alde erabili nahi du (Isaias 40:29-31; Santiago 4:8). Horrez gain, etorkizun zoragarria promesten dizu bere maitasunarengandik jaso ditzakezun onurak aprobetxatzen badituzu (Jeremias 29:11; Joan 3:16).
2) Jehobari laguntza eskatu. Jainkoari otoitzean eskatu menpekotasuna gainditzeko laguntza. Era horretara, «santu [edo garbi] eta Jainkoarentzat atsegingarri» izango zara (Erromatarrei 12:1). Bere espiritu santua, edo indar eraginkorraren bidez, behar duzun «honenbesteko indarra» emango dizu (2 Korintoarrei 4:7; Lukas 11:13). Bere indarraren laguntzarekin, drogez abusatzeari utzi ahalko diozu eta Jainkoaren nahiarekin bat datorren izaera berria garatu ahal izango duzu (Kolosarrei 3:9, 10).
3) Izan gogoan Jainkoaren pentsamenduak (Isaias 55:9, NWT). Berak zure «pentsaera berritzen», hau da, pentsatzeko modua aldatzen lagunduko dizu eta, horrela, menpekotasuna gainditu ahal izango duzu (Efesoarrei 4:23, NWT). Jainkoak pentsatzen duena Biblian dagoenez, ezinbestekoa da hau irakurtzeko ohitura izatea (1. Salmoa 1-3). Askok Bibliak irakasten duena ulertzeko laguntza jasotzean, probetxu atera diote ikasitakoari (Eginak 8:30, 31). Jehobaren lekukoek doako biblia-ikastaro interaktiboa eskaintzen dute. Gure bileretara joatera ere gonbidatzen zaitugu. Bertan, Bibliak dioena aztertzen dugu eta bere irakaspenak gure eguneroko bizitzan praktikan nola jarri ditzakegun ikasten dugu.
4) Lagun onak aukeratu. Menpekotasunari aurre egiterako orduan, zure lagunek eragin handia izan dezakete zugan, bai onerako, bai txarrerako (Esaera Zaharrak 13:20). Jainkoa adoratzen dutenen artean lagun onak aurkitu ditzakezu. Izan ere, Jainkoak zuk lagun onak izan ditzazun nahi du, zugan eragin ona izatea nahi duelako (119. Salmoa 63; Erromatarrei 1:12). Ondo aukeratu zure entretenimendua, ikusi, entzun edo irakurtzen dituzun pertsonaiekin denbora pasatzen ari zarelako. Bestalde, ondo dagoena egiten zailduko zaituen edozer gauza saihestu (101. Salmoa 3; Amos 5:14).
Menpekotasuna gainditzen lagundu ahal dizuten biblia-aipuak
27. Salmoa 10: «Aita-amek zapuzten [“uzten”, NWT] banaute ere, Jaunak berekin hartuko nau».
«Inoiz ez nuen nire aita biologikoa ezagutu eta, ondorioz, hutsik sentitzen nintzen. Jehoba ezagutu nuenean, benetako Pertsona zela ikusi eta maite ninduela sentitu nuen. Nire bizitzari zentzua aurkitu nion eta menpekotasuna gainditzeko gai izan nintzen» (Wilby, Haiti).
50. Salmoa 15: «Dei egidazu larrialdian: libratu egingo zaitut eta ohoratu egingo nauzu».
«Aipu honek behin eta berriz aurrera jarraitzeko indarrak ematen dizkit, tentaldian erorita ere. Jehobak bere promesa betetzen du» (Serhiy, Ukraina).
Esaera Zaharrak 3:5, 6: «Izan bihotzez Jaunarengan konfiantza eta ez fio izan zeure adimenaz. Zeure jarduera guztietan, izan Jauna gogoan, eta berak eramango zaitu bide zuzenetik».
«Bertset hauek Jehobarengan konfiantza izaten lagundu zidaten, eta ez neure buruarengan. Bere indarrari esker, nire bizitza guztiz aldatzeko gai izan nintzen» (Michele, Italia).
Isaias 41:10: «Ez izan beldur, zeurekin bainauzu; ez larritu, zure Jainkoa bainaiz. Neure laguntzaz ahaltsu egiten zaitut, neure esku garaileaz eusten dizut».
«Drogak eskuragarri ez nituenean, sekulako antsietatea nuen. Aipu honek Jainkoak nire antsietatea gainditzen lagunduko zidala konbentzitu ninduen, eta hala izan zen» (Andy, Hego Afrika).
1 Korintoarrei 15:33: «Ez zaitzatela inork engaina! Lagun txarrek ohitura onak usteldu egiten dituzte».
«Lagun txarrek drogak hartzera eraman ninduten eta, ondorioz, menpekotasunean erori nintzen. Menpekotasuna gainditzeko gai izan nintzen adiskidetasun horiek baztertu nituenean eta bizitza garbia zeramatenen lagun egin nintzenean. Asko estimatzen nuen lagun berri hauen bizimodua» (Isaac, Kenya).
2 Korintoarrei 7:1: «Garbi gaitezen gorputzeko eta espirituko zikin guztietatik».
«Hitz hauek, zailtasunak izan arren nire gorputza garbitzeko, menpekotasuna atzean uzteko eta neure burua ez kaltetzeko indarrak eman dizkidate» (Rosa, Kolonbia).
Filipoarrei 4:13, Biblia, José Antonio Uriarte, euskara batura egokituta: «Sendotzen nauen harengan guztia dezaket».
«Banekien nire kabuz drogak hartzeari uzteko indarrik ez nuela. Horregatik, Jainkoari otoitz egin nion laguntza eske. Berak eman zidan behar nuen indarra» (Patrizia, Italia).
Bibliaren laguntzarekin menpekotasuna gainditu zutenen bizipen gehiago
Joseph Ehrenbogen biolentziaz inguratuta hazi zen eta alkohola, tabakoa, marihuana eta heroinaren menpeko bihurtu zen. Behin baino gehiagotan, gaindosia zela eta, hilzorian egon zen. Biblia-pasarte zehatz batek aldatzeko gai izango zela konbentzitu zuen. Bere bizipena «Aprendí a respetar a las mujeres y a respetar mi vida» edo «J’ai appris à respecter les femmes et à me respecter» artikuluan irakurri dezakezu.
Dmitry Korshunov-ek alkoholari menpekotasuna gainditzeko borrokan hainbat berrerortze izan zituen. Hau nola gainditu zuen jakiteko, ikusi «Nire bizimoduaz nazkatuta nengoen» bideoa.
Debekatzen al du Bibliak menpekotasuna gainditzeko tratamendu medikoa jasotzea?
Ez. Bibliak honakoa dio: «Jesusek entzun eta esan zien: –Ez dute osasundunek behar sendagilea, gaixoek baizik» (Mateo 9:12). Era berean, Estatu Batuetako Droga Abusuei Buruzko Institutu Nazionalak dio: «Droga menpekotasuna gaixotasun konplexua da, eta hau uzteko, intentzio ona edo gainditzeko nahia izatea baino gehiago behar da». Noski, Jainkoak eskaintzen digun laguntza norberak izan dezakeen autokontrola edo determinazioa baino handiagoa da. Hala ere, Bibliaren aholkuak jarraituz, substantzien menpekotasuna gainditu duten askok tratamendu medikoen laguntza ere behar izan dute. c Allen izeneko gizon batek honakoa gogoratzen du: «Alkohola uzten ari nintzenean, min fisiko handia sentitu nuen. Orduan, laguntza espirituala jasotzeaz gain, tratamendu medikoa ere behar nuela konturatu nintzen».
Debekatzen al du Bibliak drogen erabilera sendagai moduan?
Ez. Izan ere, gaixotasunen tratamendurako edo hilzorian norbaiten mina baretzeko alkohola erabiltzen zela dio Bibliak (Esaera Zaharrak 31:6; 1 Timoteori 5:23). Hala ere, alkoholarekin gertatzen den bezala, mina baretzeko erabiltzen diren medikamentuek menpekotasun handia eragin dezakete. Beraz, errezetatutako analgesikoak kontu handiz erabiltzea komeni da eta hauen arriskuak ezagutzea (Esaera Zaharrak 22:3).
a Artikulu hau drogen menpekotasuna gainditzeari buruz ari den arren, honetan agertzen diren biblia-printzipioak beste gauza batzuen menpekotasunari aurre egiteko lagungarriak izan daitezke, esaterako, alkohola, tabakoa, janaria, jokoa, pornografia eta sare-sozialak.
b Bibliaren arabera, Jehoba da Jainkoaren izena (83. Salmoa 18, NWT). Ikusi «Nor da Jehoba?» artikulua.
c Tratamendu zentro, ospitale eta menpekotasuna sendatzeko programa askok laguntza eskaintzen dute. Norberak aukerak arretaz aztertu eta tratamendurik onena zein den erabaki beharko du (Esaera Zaharrak 14:15).