Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

Parte hartu behar al du erlijioak politikan?

Parte hartu behar al du erlijioak politikan?

 Munduan zehar, kristau direla esaten duten asko politikan oso murgilduta daude. Batzuek euren sinesmen erlijiosoak eta balio moralak bultzatzen dituzte alderdi edo hautagai politiko baten alde eginez. Bestalde, politikariek askotan bor-bor dauden gizarte arazo eta gai moralei buruz hitz egiten dute pertsona fededunen laguntza jasotzeko. Ez da arraroa erlijio-buruek postu politiko bat izaten saiatzen ikustea. Gainera, herrialde batzuk estatu konfesionalak dira, euren erlijio ofiziala «kristau» talde bat izanik.

 Zer uste duzu zuk? Politikan parte hartu beharko lukete Jesusen jarraitzaileek? Erantzuna jakiteko, Jesusek zer egin zuen jakin behar dugu. Berak esan zuen: «Ikasbide eman dizuet, zuek ere, nik zuekin bezalaxe, joka dezazuen» (Joan 13:15). Loturarik izan al zuen Jesusek politikarekin? Ikus dezagun zer eredu utzi zuen Jesusek arlo honetan.

Parte hartu al zuen Jesusek politikan?

 Ez. Jesusek ez zuen mundu honetako politikan parte hartu.

 Jesusek ez zuen botere politikorik bilatu. Satanasek «munduko erreinu guztiak» eskaini zizkionean, Jesusek giza-gobernuen agintari izateari uko egin zion (Mateo 4:8-10). a Beste batean, jendeak Jesusek agintari izateko ezaugarri onak zituela ikustean, politikan parte hartzera bultzatu zuen. Baina Jesusek «errege egiteko indarrez eraman nahi zutela ikusirik, mendira alde egin zuen berriro berak bakarrik» (Joan 6:15). Jesusek ez zuen pertsona hauek espero zutena egin eta politikan parte hartzeari uko egin zion.

 Jesusek ez zuen gai politikoetan parte hartu. Adibidez, Jesusen garaian, judutarrak Erromako gobernuak eskatzen zituen zergak ordaintzeagatik haserre zeuden; hau bidegabekeria bat zela pentsatzen zuten. Jendeak Jesusi zergak ordaintzearen alde edo kontra jartzeko eskatu zionean, bera ez zen eztabaida politiko horretan sartu. Horren ordez, honela erantzun zuen: «Eman Zesarrena Zesarri eta Jainkoarena Jainkoari» (Markos 12:13-17). Jesus neutral mantendu zen, baina Erromako gobernuak, hau da, Zesarrek, eskatzen zituen zergak ordaindu behar zirela azaldu zuen. Hala ere, agintariei zor zieten obedientzia mugatua zela argi utzi zuen. Ezin zioten Jainkoari zegokiona gobernuari eman, adibidez, adorazioa eta debozioa (Mateo 4:10; 22:37, 38).

 Jesus zeruko gobernu baten alde jarri zen, Jainkoaren Erreinua, eta honi buruz hitz egin zuen (Lukas 4:43). Jesusek ez zuen politikan parte hartu, bazekielako Jainkoak lurrarentzat duen nahia Jainkoaren Erreinuaren bidez beteko duela, ez giza gobernuen bidez (Mateo 6:10). Gainera, bazekien Jainkoak ez zituela giza-gobernuak erabiliko, baizik eta hauek ordezkatuko zituela (Daniel 2:44).

Politikan parte hartu al zuten lehen mendeko kristauek?

 Ez. Jesusek munduaren parte ez izateko agindu zien bere jarraitzaileei eta hauek agindu hau bete zuten (Joan 15:19). Jesusen eredua jarraitu zuten eta ez zuten mundu honetako politikan parte hartu (Joan 17:16; 18:36). Horren ordez, Jesusek emandako lana bete zuten, hau da, Jainkoaren Erreinuari buruz predikatzea eta irakastea (Mateo 28:18-20; Eginak 10:42).

 Lehen mendeko kristauek Jainkoa obeditzeari ematen zioten lehentasuna, baina bazekiten agintariak ere errespetatu behar zituztela (Eginak 5:29; 1 Pedro 2:13, 17). Legeak obeditu eta zergak ordaintzen zituzten (Erromatarrei 13:1, 7). Nahiz eta ez zuten politikan parte hartzen, gobernuak ezarritako legeez eta zerbitzuez baliatzen ziren (Eginak 25:10, 11; Filipoarrei 1:7NWT).

Kristauen neutraltasuna gaur egun

 Bibliak argi uzten du Jesusek eta bere jarraitzaileek ez zutela politikan parte hartu. Horregatik, mundu osoko Jehobaren lekukoak, kristauak direnez, guztiz neutral mantentzen dira. Lehen mendeko kristauek egin zuten bezala, beraiek ere, Jesusek agindutako «Jainkoaren erregetzaren berri on hau» predikatzen dute (Mateo 24:14).

a Jesusek Satanasen eskaintzari uko egin zionean, ez zuen zalantzan jarri Satanasek eskaintza hori egiteko eskubiderik zuenik. Beranduago, Satanasi «mundu honetako buruzagia» deitu zion (Joan 14:30).