Babestu zaitez informazio faltsutik
Gaur egun inoiz baino informazio gehiago dugu eskuragarri. Honek gure osasuna zaintzen eta seguruago egoten lagundu gaitzake. Baina horrenbeste informazioren artean, honako gauzak ere aurkitu ditzakezu:
Albiste engainagarriak
Txosten faltsuak
Adibidez, COVID-19 pandemian zehar, Nazio Batuen Erakundearen idazkari nagusiak epidemia arriskutsu bati buruz ohartarazi zuen: informazio faltsuarena. «Geroz eta sendabide miragarri eta osasun aholku kaltegarri gehiago dago», esan zuen berak. Honakoa ere aipatu zuen: «Komunikabideak gezurrez josita daude eta Internet teoria konspiratiboz beteta dago. Gorrotoa birala egin da, pertsonak eta taldeak estigmatizatuz eta difamatuz».
Noski, informazio faltsua ez da gauza berria. Bibliak gaur egun hau gertatuko zela aurresan zuen: «Gizaki gaizto eta gezurtiak, berriz, gero eta okerrago ibiliko dira, besteak eta beren buruak engainatuz» (2 Timoteori 3:1, 13). Internet dela eta, inoiz baino errazago eta azkarrago jasotzen ditugu berri faltsuak. Ondorioz, nahi gabe zabaldu ere egin ditzakegu, eta honengatik, emailak, sare sozialak eta gailuetan jasotzen ditugun berriak manipulatutako gertaerez eta egia erdiez bete daitezke.
Nola babestu zaitezke informazio engainagarria eta teoria konspiratiboetatik? Ikusi ditzagun lagungarriak diren biblia-printzipio batzuk:
Ez sinetsi entzuten edo ikusten duzun guztia
Bibliak esaten duena: «Esaten den guztia sinesten du heldugabeak, nondik ibiliko aztertzen zentzudunak» (Esaera Zaharrak 14:15).
Engainatuak izan gaitezke kontuz ibiltzen ez bagara. Pentsatu adibidez biralak egiten diren bideo motzetan eta mezu bat daramaten irudi horietan. Hauei meme deitzen zaie eta umore kutsua izaten dute. Baina irudi eta bideo motz horiek erraz manipulatu eta testuingurutik atera daitezke. Pertsonek inoiz egin edo esan ez dituzten gauzak egiten edo esaten agertzen diren bideoak ere egiten ditu jendeak.
«Ikertzaileek Interneteko plataformetan aurkitutako informazio faltsu gehiena testuingurutik kanpo aterata dauden irudi eta bideo laburrak direla ikusi dute, esaterako, memeak» (Axios Media).
Galdetu zeure buruari: «Informazio hau egiazko berri bat ala meme bat da?»
Aztertu iturria eta edukia
Bibliak esaten duena: «Gauza guztiez ziurtatu» (1 Tesalonikarrei 5:21, NWT).
Gertaera bat sinetsi edo besteei bidali aurretik, nahiz eta ezaguna izan edo berrietan agertu, ziurtatu egia dela. Nola?
Iturria ziurtatu. Komunikabideen eta beste erakundeen interes politiko eta komertzialek eragina izan dezakete informazioa aurkezten duten moduan. Konparatu ezazu komunikabide batek esaten duena beste iturri batzuekin. Batzuetan, zure lagunengandik ere informazio faltsua jaso dezakezu, mezu edo sare sozialen bidez. Hortaz, ez sinetsi berri batean iturria ziurtatu arte.
Ziurtatu edukia eguneratuta dagoela eta zehatza dela. Egiaztatu daitezkeen data eta datuetan arreta jarri. Froga sendoak aurkezten al diren aztertu. Kontu handia izan batez ere gai konplexu bat errazegi azaltzen denean edota informazio bat erantzun emozional konkretu bat sortzeko prestatuta dagoenean.
«Informazioa egiaztatzea eskuak garbitzea bezain garrantzitsua bihurtzen ari da gaur egun» (Sridhar Dharmapuri, Nazio Batuen Erakundeko elikagai-segurtasuna eta elikaduraren ofizial nagusia).
Galdetu zeure buruari: «Albiste honek iritzi bat egia bat bezala azaltzen al du? Edo gertaeraren alderdi bat bakarrik erakusten al du?»
Egiaztatutako informazioan konfiantza izan, ez zure bihotzean
Bibliak esaten duena: «Bere buruaz fidatzen dena zentzugabea da» (Esaera Zaharrak 28:26).
Normalean sinetsi nahi dugunarekin bat datorren informazioan konfiantza izaten dugu. Interneteko enpresek gure interes eta egindako bilaketetan oinarritutako informazioa aurkezten digute. Baina entzutea gustatzen zaiguna ez da beti komeni zaiguna.
«Guztiok pentsatzeko eta arrazionalak izateko gai gara. Baina gure desio, itxaropen, beldur eta motibazioek zerbait egia bezala onartzera bultzatu gaitzakete guk sinesten dugunarekin bat badator» (Peter Ditto, psikologo soziala).
Galdetu zeure buruari: «Informazio honetan konfiantza al dut soilik sinetsi nahi dudana delako?»
Ez bidali informazio faltsurik
Bibliak esaten duena: «Ez zabaldu funsgabeko esamesarik» (Irteera 23:1).
Gogoratu besteei bidaltzen diezun informazioak beraien ekintza eta pentsaeretan eragina izan dezakeela. Nahiz eta informazio faltsua nahi gabe bidali, honek ondorio txarrak izan ditzake.
«Araurik garrantzitsuena gelditzea eta geure buruari honakoa galdetzea da: “Egia den ziurtasun nahiko al dut hau bidaltzeko?”. Hau egingo bagenu, askoz ere informazio gutxiago egongo litzateke Interneten» (Peter Adams, News Literacy Project-aren senior lehendakariordea).
Galdetu zeure buruari: «Informazio hau bidaltzen ari al naiz egia dela ziur nagoelako?»