NOLA ERABILTZEN DIRA ZURE DOHAINTZAK?
Bilera aretoak seguruak egiten COVID-19 pandemian zehar
2022KO URRIAK 1
«Asko pozten gaitu esateak Zuzendari Batzordeak kongregazio guztiek aurrez aurreko bilerak apirilaren 1eko astetik aurrera berriro hasteko baimena ematea erabaki duela, herrialdeko agintarien murrizketek posible egiten badute behintzat». Mundu osoko Jehobaren lekukoak oso pozik jarri ziren iragarki hau 2022ko martxoan webgunean argitaratu zenean. Baina COVID-19 pandemia oraindik amaitu gabe zegoen. a Zer aldaketa eta ekipamendu behar izan dira bileretan anai-arrebak birusetik babesteko? Prest egongo al ziren gure bilera aretoak, bi urte inguru eta gero aurrez aurreko bilerarik izan gabe?
Gure anaiak hilabete askotan zehar lan egiten aritu dira bilerak presentzialki berriro egin ahal izateko.
Behar desberdinak, konponbide desberdinak
2020an bilerak eten eta hilabete batera soilik, Warwick-eko (New York) Mundu Mailako Diseinu eta Eraikuntza Departamentua COVID-19ak bilera aretoetan zer-nolako eragina izango zuen eta bilera aretoak seguruak izateko zer beharko zen aztertzen hasi zen.
Baina beharrak desberdinak izaten dira tokiaren arabera. Mundu Mailako Diseinu eta Eraikuntza Departamentuan lan egiten duen Matthew De Sanctis-ek honakoa esaten du: «Leku batzuetan eskuak garbitzeko toki bat izatea erronka bat da. Bilera aretoetan urik ez dagoenean erosi edo bertako ibai edo putzuetatik jaso eta eraman behar da. Beste herrialdeetan, gobernu batzuek aire girotuekin, aireztapen sistemekin, eta osasun eta higieneari buruzko kartelekin lotutako jarraibideak egokitu zituzten».
Nola egin zieten aurre gure anaiek erronka hauei? Matthew-k honakoa dio: «Konponbide sinple eta merkeak oso eraginkorrak izan ziren». Adibidez, Papua Ginea Berrian txorrotak edo iturriak zituzten hogei litroko plastikozko ontziak erabili ziren konketa moduan eskuak garbitzeko. Landa eremuko ohiko bilera areto bakoitzerako, 40 € bakarrik behar izan ziren eskuak garbitzeko behar zen guztia prestatzeko. Afrikako bilera aretoetarako, kalitate oneko 6000 konketa baino gehiago erosi ziren Asiako hornitzaile baten bidez.
Bilera aretoen aireztapena hobetzeko hainbat aldaketa egin ziren, besteak beste, haizagailuak eta aire berriztatze sistemak instalatu, edo zeudenak hobetu. Kongregazio askok, mikrofonoentzako makilak erosi zituzten hauek eskuz esku ez pasatzeko. Esfortzuak egin ziren askotan ukitzen diren gauzak, esaterako, ateetako heldulekuak eta txorrotak, maiz desinfektatzeko. Kongregazio batzuetako komunetan, ukitu gabe funtzionatzen duten txorrota automatikoak ipini ziren. Txilen, adibidez, beharrezko aldaketak egiteko, batez beste 1400 € erabili ziren bilera areto bakoitzeko.
Bilera aretoak seguruak izateari lehentasuna eman arren, anaiek dohaintzak ondo aprobetxatzeaz ere arduratu ziren. Herrialde batzuetan, adibidez, konketa eta mikrofonoentzako makilentzat eskuragarri zeuden zerga salbuespenak aprobetxatu zituzten. Sukurtsalak elkarlanean aritu ziren artikuluak kopuru handietan erosteko, eta horrela, dirua aurrezteko. Artikulu hauek merkeago erosteko eta azkarrago iristeko, sukurtsalek eta Mundu Mailako Erosketa Departamentuak hornitzaileei zuzenean erosi zizkieten.
«Seguru sentiarazi ninduen»
Bilera aretoak seguruagoak egitearen antolakuntzari esker, bileretara aurrez aurre joaten hasi zirenak babestuago eta lasaiago sentitu ziren. Dulcine izeneko Peruko arreba batek bilerak berriro aurrez aurre izango zirela jakin zuenean «beldur pixka bat» izan zuela onartzen du. Berak honakoa dio: «Pandemia hasi eta gutxira, COVID-19a harrapatu nuen. Beraz, deseroso sentitzen nintzen bilera aretora joateagatik, birusa berriro harrapatzearen beldur nintzelako. Baina bilera aretora iritsi nintzenean, adindunek hainbat segurtasun neurri ezarri zituztela konturatu nintzen, besteak beste, eskuak desinfektatzeko gel banagailuak jartzea, mikrofonoentzako makilak erabiltzea, eta bilera aurretik eta ondoren bilera aretoa desinfektatzeko programa antolatzea. Honek guztiak seguru sentiarazi ninduen». b
Zambian bizi den Sara izeneko arreba batek beste erronka mota bati aurre egin behar izan zion. Berak honela azaltzen du: «Duela hilabete batzuk, nire senarra COVID-19aren ondorioz hil egin zen. Bera gabe bileretara aurrez aurre joatean nola sentituko nintzen kezkatzen ninduen». Nola sentitzen da orain bileretara aurrez aurre joatean? Berak dio: «Bileretara presentzialki joateak Jehoba azken egun hauetan gurekin dagoela frogatu dit. Orain lehen baino gehiago behar dudan animoa, maitasuna eta laguntza sentitzen dut adindun eta beste anai-arrebengandik».
Mundu osoko gure anai-arreba maiteak oso eskertuta daude beraien bilera aretoetara itzultzeko aukera izateagatik. Mila esker zuen dohaintzengatik. Hauetako asko donate.pr418.com bidez egiten dira. Dohaintza hauek Jehoba adoratzeko bilera aretoak erosoak eta seguruak izaten lagundu dute.