NOLA ERABILTZEN DIRA ZURE DOHAINTZAK?
Larrialdietarako laguntza lanak 2022an: Anai-arreben arteko maitasun ekintzak
2023KO URTARRILAK 1
Gaur egun gerrak, lurrikarak, izurriteak eta beste «gauza ikaragarri» batzuk gertatuko zirela aurresan zuen Bibliak (Lukas 21:10, 11). Hitz profetiko hauek 2022ko zerbitzu urtean ere bete dira. a Adibidez, Ukrainako gerrak jarraitu du eta milioika pertsonen bizitzan eragina izan du. Honetaz gain, munduko herrialde asko COVID-19aren pandemiatik errekuperatzen zebiltzan. Eta gainera, jende askok hondamendi naturalak jasan ditu, esaterako, lurrikarak Haitin eta ekaitz bortitzak Erdialdeko Amerikan, Filipinetan eta Afrikako hego-ekialdean. Nola lagundu diete Jehobaren lekukoek pertsona hauei?
2022ko zerbitzu urtean zehar, gure erakundeak 200 hondamendi natural inguru jasan dituztenei lagundu die. Guztira, laguntza hauetan 11,2 milioi euro inguru erabili dira. Ikusi dezagun nola erabili ziren dohaintzak hurrengo bi hondamendietarako biktimei laguntzeko.
Lurrikarak Haitin
2021eko abuztuaren 14an Haitiko hegoaldean 7,2 magnitudeko lurrikara bat izan zen. Zoritxarrez hiru Lekuko hil ziren, bi arreba eta anaia bat. Bizirik irten zirenek, lurrikarak egindako min fisiko eta emozionalei aurre egin bihar izan zieten. Stephane izeneko anaia batek dio: «Hirian jende asko hil zenez, bi hilabete baino gehiagotan astero hainbat hileta egon ziren». Beste anaia batek, Éliézer-ek, dio: «Lekuko askok ez zuten etxerik, arroparik, oinetakorik ezta oinarrizko beste gauzarik ere. Hilabetetan zehar pertsona asko beldurtuta bizi izan ziren etengabeko lurrikarengatik».
Gure erakundeak azkar lagundu zuen. Haitiko sukurtsalak 53 tona janari baino gehiago eman zituen, denda, toldo, koltxoi eta mugikorrentzako eguzki kargagailuekin batera. Baita ere, 2022ko zerbitzu urtean zehar 100 etxe baino gehiago berreraiki edo konpondu ziren. Laguntza lan hauetan 930.000 bat euro baino gehiago erabili ziren.
Gure anai-arrebak oso eskertuta daude. Lorettek dio: «Lurrikarak gure etxea eta negozioa txikitu zituen. Ez geneukan jateko ezer. Baina Jehobaren erakundea gure ondoan egon zen eta behar genuen guztia eman zigun». Michelinek dio: «Lurrikarak nire bi semeekin batera bizi nintzen etxea apurtu zuen. Otoitz egiteaz gain, ez nekien zer gehiago egin, eta Jehobak bere erakundearen bidez erantzun zidan. Orain etxe sendo batean bizi gara. Ahal dudan guztia egingo dut Jehobari nire esker ona erakusteko».
Gure laguntza lanek bertako agintariak harritu zituzten. L’Asileko udaletxeko zuzendariak esan zuen: «Zorionak hain azkar etortzeagatik laguntzera. Agintariei erakutsitako errespetuagatik txalotzen zaituztet. Asko pozten nau, zuen lehentasuna dirua izan beharrean, jendea laguntzea dela ikusteak. Benetan maitasunez jokatzen duzue».
Ana ekaitz tropikala Malawin eta Mozambiken
2022ko urtarrilaren 24an, Ana ekaitz tropikalak Mozambiken lur-jauziak eragin zituen. Gero, mendebaldera mugitu eta Malawi erasotu zuen. Zikloiak sekulako eurite eta haizeteak ekarri zituen, 100km/h baino gehiagokoak. Poste elektriko eta zubiak txikitu eta uholde handiak eragin zituen.
Ekaitzak Malawi eta Mozambiken 30.000 Lekuko baino gehiagori eragin zien. Charlesek, laguntza lanetan aritu zen anaia batek, dio: «Anai-arrebek zenbat sufritzen ari ziren eta galdu zuten guztia ikusteak bihotza apurtu zidan, ez nekielako nola lagundu». Gauzak okertzeko, beraien janari eta uzta guztia hondatu zen. Asko etxerik gabe gelditu ziren. Zoritxarrez, gure anaietako batek bere emaztea eta bi alabatxoak galdu zituen erreskateko ontzia irauli zenean.
Ekaitza beldurgarria izan zen. 1:00etan Nchalo-ko, Malawi, Sengeredo familiak uraren izugarrizko soinua entzun zuen. Bi ibaiek gainezka egin zuten! Sengeredo anaiak etxetik joan behar zutela erabaki zuen. Erabaki zuhurra hartu zuen, laster etxea urez bete zelako. Beraien ondasun guztiak ere hondatu egin ziren. Familiak bilera aretora joatea erabaki zuen, normalean oinez 30 minutu behar zituzten hara heltzeko baina oraingoan bi ordu izan ziren. Blai eginda eta nekatuta iritsi ziren baina seguru zeuden.
Malawi eta Mozambikeko sukurtsalek segituan antolatu zituzten laguntza lanak. Eskualde arduradun eta adindunei sufritzen zeuden anai-arrebek behar zuten laguntza espiritual eta emozionala aztertzeko eskatu zieten. Larrialdietarako laguntza batzordeek laguntza lanak gainbegiratu zituzten, eta anai-arrebek behar zituzten janari eta oinarrizko gauzak lortzen lagundu zieten. Laguntza humanitarioetan 30.000 euro baino gehiago erabili ziren eta etxeak berreraiki eta konpontzen 280.000 euro baino gehiago.
Larrialdietarako laguntza batzordeek dirua zentzuz erabili zuten. Hau egitea oso garrantzitsua zen inflazio altua zegoelako. Adibidez, laguntza lanen lehenengo zazpi hilabeteetan arto irinaren prezioa % 70 inguru garestitu zen, eta hau Malawin oinarrizko janaria da. Erregaien prezioek ere gora egin zuten. Dirua aurrezteko, anaiek janaria eta eraikuntza materialak bertako dendetan eta kopuru handietan erosi zituzten. Modu honetan, deskontuak lortu eta garraio kostuak gutxitu zituzten.
Laguntza lanek, anai-arreben bihotza ukitu zuten. Felisbertok, Mozambikeko anaia batek, dio: «Ez dut sekula ikusi hainbeste gauza eman dituen erakunde bat: eraikuntza materialak, garraioa, langileak, janaria eta gida maitekorra. Emandako laguntza hau Jesusek Joan 13:34, 35ean aipatutako maitasunaren adibide bikaina izan da». Malawiko Ester izeneko alargun baten etxea guztiz suntsitua izan zen eta berak dio: «Oso atsekabetuta nengoen beste etxe bat eraiki ahal izateko oso diru gutxi nuelako. Beraz, anai-arrebak etorri zirenean eta niretzat etxe bat eraiki zutenean, paradisuan nengoela sentitu nuen».
Promestutako mundu berrira hurbiltzen garen heinean, larrialdi gehiago egotea espero dugu (Mateo 24:7, 8). Hala ere, zure dohaintza eskuzabalei esker, ziur gaude Jehobaren herriak behar duen laguntza jasoko duela. Dohaintzak egiteko moduak donate.pr418.com-n azaltzen dira. Eskerrik asko zure eskuzabaltasunarengatik.
a 2022ko zerbitzu urtea 2021eko irailaren 1ean hasi eta 2022ko abuztuaren 31n bukatu zen.